“Ardura duten erakunde askok hizkuntza folkloretzat dute”

  • Udako egun eguzkitsu eta bero bat. Euskaldun bi eta galiziar bat Portugalgo Miranda do Douro udalerriaren alde zaharreko kaleetan bueltaka: katedrala, estatuak, museo etnografikoa, argazkiak. Azkenik, gure helmugara iritsi gara, mirandesa hizkuntzaren etxera. Bertan dugu zain Alcides Meirinhos, mirandesa hizkuntzaren aldeko aktibista.

“Portugalgo Errepublikak Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna sinatu eta berretsiko balu, hizkuntzak bultzada berria jasoko luke”. Argazkia: Txerra Rodriguez.
“Portugalgo Errepublikak Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna sinatu eta berretsiko balu, hizkuntzak bultzada berria jasoko luke”. Argazkia: Txerra Rodriguez.

Mirandesa Terra de Mirandan (Mirandako Lurraldea) hitz egiten da. Espainiako Estatuarekin Portugalgo mugan dagoen lurralde historikoa da. Mirandesa astur-leonesaren aldaera da. 27 herritan hitz egiten da. Lurraldeak ez dauka izaera juridikorik. Guztira 10.000 bat hiztun dira.

Kokatu, mesedez, Miranda do Douro irakurle euskaldunentzat.

Miranda do Douro –guretzat, Miranda, huts-hutsean– Bragantzako barrutian dagoen udalerria da. Portugalgo ipar-ekialdean kokatzen da, Espainiako Estatuarekin egiten duen mugatik gertu, Europako mugarik zaharrena denetik gertu. Ekialdean Douro ibaiarekin egiten du muga eta iparraldean Espainiako Zamorako Aliste eskualdearekin. Gutxi gorabehera 7.000 pertsona bizi dira, 487 kilometro koadrotan. Hemen populazio dentsitatea oso-oso baxua da eta, gainera, oso zahartuta dago.

Zein da mirandesaren egoera?

Egoera kritikoa bizi du gaur egun. Izan ere, eskualdea populazioa galtzen ari da eta horrek dakar hiztun kopurua asko jaistea. Beste alde batetik, portugesaren eta ingelesaren presioa –azken hau batez ere hedabideetan– oso handia da. Gainera, mirandesa beti ikusi izan da hizkuntza “txiki” bezala. Horrela ikusi izan dute eliteek eta tokiko agintariek. Hiztunei bazterketa eta gutxieste politikoa ekarri die; gutxiesteak karga negatiboa eragin du erabiltzen dutenengan eta, beraz, egunero erabiltzen dutenei gutxiagotasun sentimendua. Hala ere, egunero asko erabiltzen da mugatik gertuen dauden herrixketan, hain zuzen zahar gehien bizi den herrixketan.

Eskualdea –Miranda do Douroz gain, Vimioso udalerrian hiru herrixkatan mirandes hiztunak daude– eta diaspora kontuan hartuta, hiztunak gutxi gorabehera 8.000-10.000 dira. Mirandes hiztun komunitate handiak daude Bordelen (Frantzia), Porton eta Lisboan (Portugal).

Associaçon de la Lhéngua i Cultura Mirandesa (ALCM) elkartean egiten duzu lan. Zeinek osatzen duzue?

Mirandako kultura eta hizkuntza maite dugun pertsonok osatzen dugu. Zuzendaritzan hainbat gaitasunetako kideak gaude: hizkuntzalaritza, kudeaketa, informatika, hizkuntzen irakaskuntza, musikaren ikerketa... Erabakiak denon artean hartzen ditugu, kontsentsuz, nahiz eta zuzendaritzako kide batzuk Mirandatik kanpo bizi.

Idazkaritza lanak egiten ditut eta soldatapean dagoen pertsona bakarra naiz. Orain dela urtebete pasa hasi nintzen beharrean elkarteari bizitza eta ikusgarritasuna eman nahian. Ahalegintzen ari gara elkartea erreferente bihurtzen, hizkuntza, musika, kultura edo argazkigintza maite dutenentzako.

Zeintzuk dira ALCMren ekinbide nagusiak?

Ardatz nagusia hizkuntzaren dibulgazioa da, baita hizkuntza mantentzeko lana egitea ere. Horretarako, hainbat ekimen jarri ditugu martxan.

Batetik, mirandesa ikasteko ikastaroa dugu sarean, baita mirandesa ikastaroak ematen dituzten irakasleentzako prestakuntza programa ere. Bestetik, tokiko agintariei itzulpenak egiten eta terminologia arazoetan laguntzen diegu. Liburuak ere editatzen ditugu. Gaur-gaurkoz bi bilduma nagusi ditugu. Lhéngua izenekoan (hizkuntza mirandesez) mirandesari lotutako materialak argitaratzen ditugu eta Tierra izenekoan (lurra mirandesez) mirandesez idatzitako lanak, originalak eta itzulpenak, gaur egunekoak eta berrargitalpenak, argitaratzen ditugu.

Hedabideetan ere hartzen dugu parte. Jornal Nordeste astekarian orrialde bat idazten dugu mirandesez eta, hamabostean behin, Portoko unibertsitateko Casa comum ikastegiarekin elkarlanean, podcasta egiten dugu.

Beste alde batetik, mirandesa dokumentatzen ari gara eta Miranda do Douroko toponimia batzen. 24 herrixketatik hiru baino ez zaizkigu falta. Eta azkenik, baina ez du garrantzi gutxiago, sare sozialetan hainbat kanpaina egiten ari gara hizkuntzaren alde. Ahalegintzen gara pertsonak eta erakundeak ohartarazten hizkuntza babestearen eta mantentzearen garrantziaz, bereizten gaituen elementu positibo bat den heinean.

Zer jarrera dute tokiko eta Portugalgo erakundeek hizkuntzari buruz?

Bertako erakundeek hizkuntza ezagutzen dute, baina, hirian gutxi hitz egiten denez, erosotasunagatik edo ezjakintasunagatik ez dira ahalegintzen erabiltzen.

Portugalgo erakundeek, berriz, ezikusiarena egiten dute, batez ere, Lisboako gobernu zentralak eta unibertsitate gehienek. Hau esatea tristea da, baina egia da. Gaur egun, ardura duten erakunde askok, tokikoek eta nazionalek, hizkuntza folkloretzat dute eta ez dira konturatzen mundua ikusteko beste modu bat dela, gure modua, alegia.

Hamar urte barru zelan egongo da mirandesa?

Oso galdera zaila da, oso. Nire ustez, hiztunok gero eta gutxiago izango gara. Baina bada esperantza. Portugalgo Errepublikak Eskualdeetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna sinatu eta berretsiko balu, hizkuntzak bultzada berria jasoko luke eta “proua” (harrotasuna) indartu ahal izango genuke. Sinatuko ez balute, ondare hau gugana belaunaldiz belaunaldi ekarri dutenen begietara traizioa egingo lukete oraingo gobernuak eta etorriko diren gobernuek. Lisboako bulegoetan eroso daudenek, karta onartzen ez badute, ez dute inondik ere herri hau ordezkatzea merezi, gure herriak beti Portugalen alde dena eman badu ere.

Bere horretan amaitu da elkarrizketa, baina solasaldiak luze jo zuen Mirandako jatetxe batean eta mugako herrixketan barna. Gure solaskideak, beste gauza askoren artean, 'falar fidalgo' esamoldea erakutsi digu. Hau da, portugesez hitz egitea kaparearen edo hidalgoaren hizketa mailan jartzen zen eta horren ifrentzuan zegoen mirandesez berba egitea, modu basan hizketan egitea, alegia.

Hizkuntzaren etxeak eta habiak zutik iraun dezala opaz agurtu dugu elkar, hurrengora arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mirandesa
Eguneraketa berriak daude