ARGIA.eus

2020ko uztailaren 07a

Kontraesanetan

Joxerra Aizpurua Sarasola
2020ko martxoaren 15a

Lan egiten dudan enpresari maiz egokitu zaio Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia den SPRIn diru-laguntzak eskatzea, bai beretzat, baita bezeroentzat ere.

Eskaerak beti edo ia beti euskaraz aurkeztu izan ditugunez, gauza bitxi asko gertatu izan zaigu. Adibidez, duela hamar edo hamabost urte, SPRIko teknikariren batek adierazi zigun gure proiektuak itzulpen zerbitzura bidaltzen zituztela, eta horrek atzerapenak sortu zitzakeela ebazpenen garaian. Urteek aurrera egin ahala, SPRItik eskertu izan digute proiektuak euskaraz aurkeztu izana, baina baita aitortu ere, oso espezie arraro batekoak izaten segitzen dugula, hain zuzen horregatik.

Gero eta gehiago dira SPRIn euskara ulertzen duten teknikariak, eta beraz, gero eta normalagoa beharko luke proiektuak euskaraz aurkeztea, baina benetan espezie arraroa gara, nonbait.

Izan ere, aurten hainbat proiektutan laguntzaile gisa egokitu zaigu azaltzea eta hara non, nire harridurarako, proiektu liderrak enpresa euskaldunak izanik ere proiektuak gaztelaniaz idatzi diren. Enpresa liderrei adierazi izan diegu, proiektuak euskara ez den beste hizkuntzetan idaztean, ez garela ongi ari euskararen defentsan, baina horren aitorpena jaso ondoren hurrengorako utzi izan da euskararena.

Begien bistakoa da industriaren alorrean euskara ulertzen eta ezagutzen duten pertsonak gero eta gehiago direla, baina gauza “serioei” buruz hitz egin behar dugunean gaztelaniara, frantsesera edo ingelesera jotzen dugu berehala. Ildo horretan, lorpen gisa hartzen dut hainbat bilera teknikotan bakoitza nahi duen hizkuntzan aritzea, hau da, nirea euskaraz esaten dut eta beste batek gaztelaniaz erantzun, eta hari, hirugarren batek, berriro ere euskaraz, adibidez.

Egoera hori gaztelaniaz idatzi diren proiektuen segimendu bileretan pozarren bizi izan dudala aitortzen badut ere,  euskararen normalizaziorako bidean urrats asko emateke daude oraindik. Laguntza deialdietan oso normala da puntutxo batzuk ematea ingurugiroaren errespetua, genero ikuspegia edo euskararen inguruko enpresa politika azaltzen dituzten idazkiengatik, baina horiek justifikatzeko idazten ditugun lerroak erdaraz baldin badaude, zertan ari gara?

Azken 20 urteotan enpresetan lagundutako euskara planak milaka onuradun izan ditu. Ezin uka horiek beharrezkoak direnik, baina orain norberaren euskararen kontzientzia astindu beharra dago. Ea aurten burutu behar den Euskaraldiak ohitura aldaketa eragiten laguntzen digun. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara lan munduan  |  Gipuzkoa

Azkenak

ASTEKARIA
2020ko martxoaren 15a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude