Neokolonialismoa deitzen zaio Martinika eta Guadalupe osoki kutsatzeko hautuari

  • 1972tik 1993ra arte aritu ziren Chlordecone izeneko intsektizida Martinikako eta Guadalupeko banana plantazioetan hedatzen. Produktua minbizi-emaile eta nahasle endokrino zela jakinda ere, erabilpena baimentzeko hautua egin zuen Frantziako Estatuak. Gaur egun osoki kutsatuak dira Frantziaren menpe diren bi irla horiek: lurrak, urak eta herritarrak, guztiak kutsatuta. Borroka ekologista ikuspegi dekolonialistatik eramateko beharra argi uzten du eskandalu horrek.

Chlordecone deitu intsektizidaz pozoituak dira guadalupearren %95 eta martinikarren %92. Jaten eta edaten dutena kutsatua delako. Guadalupeko lurren erdiak dira kontaminatuak, Martinikan aldiz, bi herenak eta ia ez dago chlordeconearik ez duen ur eremurik. World Cancer Research Fund International fundazioak 2016an argitaraturiko txostenak dio munduko errekor tristea daukatela: 100.000 gizonen artean 227,2k dute prostatako minbizia urtero, mundu mailako batazbestean baino zazpi aldiz gehiagok. Toxikotasun handikoa zela jakinda ere, 1972tik 1993ra aritu zirelako Frantziako Estatuak baimenduriko produktu hori plantazioetan hedatzen. Lurraren arabera, 60 eta 700 urte artean beharko dira kutsadura desagertzeko.


Frantziaren iragan kolonizatzaileari eta esklabistari so egin behar zaio errealitate hori ulertzeko. Karibe itsasoko Antillen erdian kokaturiko irla horiek kolonizatu zituen XVII. mende erditsutan. Esklabotza garatu zuen, azukre kanaberaren pentzeetan barna. Orduz geroztik, Frantziako Estatuaren menpe bizi dira guadalupearrak eta martinikarrak. Parisen begietan, Karibe erdiko isla horiek Frantzia dira, hori bai, baina Antillak ez dira Metropolia. Hori horrela, Metropolian egin ez daitezken gauzak egin daitezke kolonia ohietan eta Antillako eta Metropoliko herritarrek tratamendu ezberdina jasotzea ez da eskandaluzkoa. Normala edo behintzat logikoa ere da ikuspegi kolonialista batetik so eginez gero. Horrela bakarrik ulertu daiteke chlordeconearen izaera arriskutsuaz osoki jakinean izanik ere, bananaren produkzioa lehenetsi eta biztanleria osoa kutsatzeko erabakia hartu izana. Horrela bakarrik azaldu daiteke azken berrogeita hamar urte horietan inolako barkamenik eskatu ez izana, arduradunak izendatzeko eta zigortzeko bide judizialak hartu ez izana, kutsatuei edo behintzat eriei zein bizia galdu dutenen senideei kalte-ordainik bideratu ez izana eta nola ez, kutsadura kentzeko plangintzarik gauzatu ez izana. Iazko otsailaren 1ean, oilarkeria osoz, Emmanuel Macron presidenteak adierazitakoa ere zentzu berera doa: “Ezin da erran minbizi-sortzaile denik. Frogatua da chlordeconea ez dela ona, zientifikoki baieztatua da, baina ezin da erran minbizi-sortzaile denik, hori egia ez den zerbait erratea eta beldurrak elikatzea delako”.


Lur suntsitu horietarikoa da Malcom Ferdinand ikerlaria, Martinikakoa zehazkiago. Bertakoen gisara gorputza kutsatua dukeena eta bizian horrekin aitzina egin behar duena. “Ekologia dekolonial bat. Karibetako mundutik pentsatuz ekologia” (Une écologie décoloniale. Penser l’écologie depuis le monde caribéen) liburua argitaratu berri du. “Ezin dugu planetaren egoera aztertu gaur egungo eta historian zehar izandako apurketak kontutan hartu gabe. Harritzen nau ikusteak nola gehiegitan kolonialismoaren gaia ez den arazo bat bezala planteatua; horrek dakar uste izatea planetaz gogoetatu dezakegula historia koloniala gaindituz edota bigarren mailan jarriz”. Ikuspegi dekolonialetik dabil chlordeconearen eskandalua plazaratzen.
Bi irlak esportaziorako bideratu bananaren ekoizpenari mugatu zituen Frantziako Estatuak, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, esklaboak lanean itoz garaturiko azukre-kanaberen ekoizpena poliki-poliki bigarren mailara eramanez. Monokulturarekin errimatzen dute  kolonialismoak eta neokolonialismoak, okupaturiko lur zatiak dakarrena bihotzgabeki xurgatzearekin. Bide horretan segitu ahal izateko, bananondoetan hedaturiko bananetako gurgurioa izeneko intsektuari aurre egin behar izan zioten bertako ekoizleek.


Jakina zen kutsakorra zela


1973an hasi ziren intsektizida hedatzen. Alta, 1979az geroztik minbizi-sortzaile gisa sailkatu zuen Munduko Osasun Erakundeak. 60ko hamarkadan zehar burutu ikerketa zientifikoen emaitza kezkagarriak ere hor ziren. AEBetan piztu alarma gorriak ere ez zuen eraginik ukan: 1976an debekatu zuten amerikarrek, urte bat lehenago Hopewell enpresan ehun bat langile zirelako chlordeconeaz intoxikatu, hurbileko James River erreka ere kutsatuz. 1977ko Snegaroff eta 1979ko Kermarrec txostenek ere arriskua plazaratu zuten baina berdin segitu zuten Frantziako agintariek. Ezin isilean utzi Frantziak berak isilarazi nahi duena: 1974ko otsailean banana ekoizleek egindako grebari emaniko erantzuna. Besteak beste, produktu toxikoen hedapenerako babes jantziak eta chlordeconearen debekua aldarrikatzeko jarri ziren greban. Errepresioaren bidez erantzun zuen Parisek, armak erabiltzeko baimena emanez jendarmeei. Mobilizazioetan zeuden bi hil zituzten: 55 urteko Renor llmany Sérier eta 19 urteko Georges Marie-Louise. Oroimenez, Kolo Barst artista martinikarrak sortu Fevrier 74 (74ko otsaila) kantuak kontatzen du gertakizuna: Sonjé, pa oublyé, pa oublyé rakonté ich-ou; di yo sa ki pasé an 74 (Ez ahaztu, ez ahaztu zuen historia kontatzea; esaiezue zer gertatu zen 74ko otsailean).


Guztiari bizkarra erakutsiz, 1972tik 1993ra arte baimendu zuen Frantziako Estatuak produktu toxiko hori, –okerrago, 1990etik 1993ra Metropolian debekatu eta Antilletan baimendu zuen, bananetako gurgurioari aurre egiteko beste biderik ez omen zelako–. Pozoi stock-ak gainetik kentzeko bide erraz gisa ikusten dute erabakia martinikar zein guadalupearrek.

Dekoloniala izan behar du irakurketa ekologistak

Mugimendu ekologista intersekzionalismotik eraikitzeko beharra azpimarratzen dabiltza geroz eta gehiago ahots, –munduaren Hegotik eta pertsona arrazializatuen partetik gehien bat–. Premia hori frogatzen duen adibide bat besterik ez da Martinika eta Guadalupeko errealitatea. Kritika eraikitzailea plazaratzen dabil Ferdinand bera: “‘Klima salbatzeko’ deiak bateratzaile dira, baina ez digute zehazten krisi ekologiko hori gutxiengo batek bideraturiko eta multinazionalek baliaturiko injustizia, zapalkuntza harreman eta naturaren ustiatzearen emaitza dela”. Kapitalismoaren eta horrekin errimatzen duen naturaren suntsipenaren oinarrian esklabotza eta kolonialismoa izaki, irakurketa ekologistan, –bai ala bai– kontutan hartu beharreko gertakizunak direla dio. Historia koloniala eta ingurumenaren historia bereiziz, Ferdinandek dio lurrarekilako harremanari kasurik egin gabe begiratzen zaiola esklabotzaren bukaerari. Argi utzi nahi du: “Esklabotzaren abolizioak ez du ‘ekologia kolonialaren’ bukaera ekarri”.  Funtsean, bi irla horietako banana ekoizpenaren %66 jabeen %19ak du eta hauetan gehienak dira lehen kolono eta esklabotzako jabeen ondorengoak. 


ASTEKARIA
2020ko otsailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude