Aberatsa maite dut!

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gurean, gurearekin gustura, gauzak osorik adierazteko erdaratara jotzeko premiarik sentitu gabe, hitzen bila eta haiek ekarri ezinda jardun ordez hitz-jario oparoz… Mihia dantzan jarri orduko, etorri marduleko hizketa jaiotzen zaigunean sentitu liteke euskara eroso gurekin. Eta kontua ez da hitz egiten ari denarena soilik, nor dugun entzuten ere erabakigarria da geu gustura eta eroso senti gaitezen, hartzaileak eta emaileak sortzen baitute harremana. Minetik aitortzen dut, behin baino gehiagotan itzali dudala irratia elkarrizketatua euskaraz hain moldakaitz aritzea eraman ezinda; eta esatariaren euskara traketsagatik ere... Hori larriagoa da. Larriegia da!

Denak behar du bere denbora, alferrik galtzen ez bada behintzat! Eta denborapasa bagabiltza? Nafarroan zer suma dabiltzan betiko horiek pailazo euskaldunen zenbat emanaldi kenduko digute?

Horregatik hasi behar dut euskararen aberastasunak azaltzen ea horrek ere laguntzen duen aberatsago sentitzen eta izaten. Esate baterako, lehengo batean entzun nuen: “Atzo izan al zen hori?”. Eta erantzuna: “Ez atzo baino bi atzo lehenago”. Bada, begira zeinen hurrenkera ederra dugun: gaur, atzo, herenegun eta herenegun antxetik. Alderantzizko bidean joateko berriz: gaur, bihar, etzi eta etzidamu, gutxienez. Eta ñabardura moduan, gauari bagagozkio “bart” esango dugu azken gauari edo hurbilenari buruzko zernahi adierazteko eta horren aurreko gauean esateko “atzo gauean”. Joan zen astean entzun nuena ere bada belarriak tente jartzeko modukoa, amak semeari arroz esnea eman zion katilua lepo beteta eta han zihoan semea ontzia dariola zeramala, gainezka alegia, eta hala bota zuen “piska bat gehiegi eman dit”. Zenbat eman dizu piska bat ala gehiegi? Zeren horiek biak ongi egon daitezke esaldi berean baina, “asko samar...” edo “gehiegi eman dit” lirateke aproposak. “Ilea luze samar daukazu eta piska bat moztu behar zenuke”. Handi samar daukazu atorra eta ez “piska bat handi” baina argi dago handitxo daukazula atorra. Beraz ator hori zuretzat handiegia da!

Gaur goizean perretxikotan izan naiz eta dozenerdi bat onddorekin batera beste nikalo mordoska bat ekarri dut saskian. Adiskide batek galdetu dit “non hartu dituzu perretxiko horiek denak? Inon ez. “Perretxikoak basoan edo mendian bildu egiten dira!”. Eta horiekin tortila bat egiteko arrautzak, “oiloek egin egiten edo erruten dituzte”, eta ez jarri!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude