"Salvini pelikulako gaiztoa da, baina Europa du atzean"

  • Turkiako kostaldetik gertu, indarkeriatik ihesi datozen milaka pertsonentzat Europarako atea da Greziako Lesbos uhartea. Atea, ordea, itxita dago, Europak mugak blokeatu zituenetik. Egun, errefuxiatuen krisiak eztanda egin eta lau urtera, milaka pertsona daude preso irla horretan, ez aurrera ez atzera. Han egiten du lan SC Natzab (1964, Iruñea) aktibistak, faxismo kutsua hartzen dien politikei aurre egiten, krisiaren aurrean herritarrek zeresan handia dutela konbentzitua.

"Bakoitzak indarkeria mota bat dakar, baina denak datoz ihesi bizi nahiko luketen herrialde batetik. Eta hala iristen dira Greziara" (Argazkia: Josu Santesteban)

Zer da Lesbos gaur egun?

Kartzela da, handik atera nahi eta atera ezin duen jende ezagunez betetako kartzela. Han gelditu nahi dugunok atera gaitezke, eta atera nahi dutenak han geratzera behartuta daude. Moriakoa (Lesbos) kontzentrazio esparru bat da, ez du beste izenik merezi.

Zuk Grezian daramatzazun hiru urteetan, aldatu al da egoera?

Aldatu da, txarrera. Grezia, historikoki, Europarako igarobidea izan da: errefuxiatuak irletatik sartu, Pireoko portura iritsi eta han bidaiarako poltsa bat ematen zitzaien, eta bi-hiru egunetan Europara zihoazen. 2015eko krisia ere hala hasi zen, Europak mugak ixtea erabaki zuen arte. Moriako kanpalekua 3.000 pertsonentzako harrera kanpaleku gisara egokitu zuten, baina 10.000 izatera iritsi ginen. Jendeak lurrean egin behar izan du lo, ur fekalen arten, 70-80 pertsonentzako dutxa bakarrarekin. Barne zaintzarik gabeko kontzentrazio esparrua da, eta indarkeria piztu da, hainbeste jende pilatzeak gainbehera ekarri dituelako arau sozialak. Gauzak txarrera doaz: lehen hilabeteetako tramiteak zirenak egiteko urteak ematen dituzte orain. Eta gobernu berriak, gainera, harrerarako zentro guztiak itxiak izatea nahi du, alegia, prozesu osoa -eta urteez ari gara- espetxe batean eman dezatela. Indarkeriatik ihesi datorren jendea espetxeratzen ari dira, epaiketarik gabe, eta giza eskubideei jaramonik egin gabe.

Zenbat jende dago egoera horretan?

Lesbosen 11.000 inguru dira, eta horietatik ia 9.000 daude Moriako kanpalekuan. Hazkunde nagusia azken hilabetean eman da: Turkiak gas-prospekzio batzuk egin ditu Zipreko lurralde okupatuan,  Greziak Europar Batzordearen aurrean salatu du hori, eta hark Turkia zigortu du. Turkiak txanpon truke gisara erabili du hori: “Ikusiko duzue, errefuxiatuak pasatzen utziko ditut”. Ondorioz, orain arte Lesbosen astero 200-300 errefuxiatu inguru sartzen baziren, orain egunero ari dira kopuru horiek sartzen. Ez badira hasten jendea kontinentera eramaten, 18.000 edo 20.000 pertsonekin iritsi gaitezke negura, eta hemengo baldintza ankerrak ikusita, matxinada bat egon daiteke. Honek eztanda egin dezake, baina Europari berdin zaio.

Argazkia: Josu Santesteban

Zein da jende horren historioa?

Historio asko dira. Hasieran Siriako gerratik ihesi zetozenak ziren, guk eta gure euskal arma enpresek sortutako gerratik ihesi. Yemengo gerratik datozenak ere badira, eta baita Turkiako aurkari politikoak ere, Birmaniakoak, Bangladeshkoak, Afrika beltzekoak. Gutxiengo bateko kide izateagatik jazarritakoak ere badira, gutxiengo erlijioso —yazidiak, adibidez— zein kolektibo gutxituetakoak, LGTBI kolektibokoak, adibidez. Badira indarkeria heteropatriarlaketik ihesi datozen emakumeak ere. Bakoitzak indarkeria mota bat dakar, baina denak datoz ihesi bizi nahiko luketen herrialde batetik. Hala iristen dira Greziara.

Espero dute halako harrerarik?

Guk hondartzan ematen diegun ongi etorria da espero dutena, baina ez dute espero Europak baztertzea. Europa askatasunen itsasargia dela, eta behin hona iritsita indarkeria atzean utzi dutela pentsatzen dute. Eta bat-batean, preso ikusten dute beren burua. Ez dute haiekiko kriminalizazioa ulertzen. Errefuxiatuak ez zaizkigu iragana, oraina eta etorkizuna duten pertsona gisara aurkezten; terrorista islamiarrak dira, lana kentzera, emakumeak bortxatzera eta beloa inposatzera datozenak. Segurtasun gisara saldu digute mugen kontrola, baina ideia faxistak ikusten ditut nik. Eta, hain zuzen ere, eskuina botoak irabazten ari da Europa osoan, ahotsa altxatuta.

Ez da Salvini bakarrik.

Salvini aho-handi bat da. Lau oihu bota, giza eskubide guztiak urratzen dituen araudia ezarri eta barrabilak jartzen ditu mahai gainean. Baina Europak nahi duena egiten ari da Salvini, bestela geldiaraziko lukete. Europan badira neurri administratibo nahikoak giza eskubideak urratzen dituen dekretu bat atzera botatzeko. Salvini pelikulako gaiztoa da, baina Europa du atzean.

Zer babesten dute mugek?

Lau enpresa eta enpresari, gerran zein bakean aberasten direnak. Berdin zaie armak ekoiztea edo kartzelak eta kontzertinak eraikitzea. Goian ez gauden guztiak aparte uzten gaituen sistema kapitalista da babesten ari direna. Europako estatutuetan badira lerro sozial interesgarriak, baina berez, merkatu komun gisa jaio zen, eta arrasto hori indarrean da. Merkantzien zirkulazioa askea da, baina pertsonena ez.

Bizi duzuen egoeran, nola eusten zaio indarrari?

Frustrazio handia dago, irribarre bakoitzaren atzean sufrimendua dagoelako, ezin direlako atera. Baina gauza eder asko ere badira. Hondartzan jasotzen ditugunean, gau osoa uretan itzal baten bila pasa ostean, eta kantatzen hasten direnean... Neke handiz baina maitasun handiarekin lan egiten dugu. Krisi batetik datozen pertsonak dira, eta trauma bat dakarte; ezin diegu gure trauma erantsi. Eta beraz, gure irribarrerik handiena ateratzen dugu, sinesten dugulako honetan; gero, etxean, negar egiten dugu. Nik ez dut sekula hainbeste negar egin.

Urrats berri bat aktibismoan
“SC Natzab nire aktibista izena da, ez benetakoa, ezta jaiotzean eman zidatena ere, hura izen maskulinoa baitzen, gerora aldatu nuena. Lorezaina eta erizain laguntzailea naiz. Nekazari izatea gustatuko litzaidake. 18 urtetatik ari naiz aktibismoan, hasieran ekologian, eta gero feminismo eta transexualitate gaietan. Soldaduskari intsumisoa egin eta zigorra bete nuen Langraitzeko espetxean. Greziara orain hiru urte joan nintzen, Atenasko SQUAT eraikin okupatuetara hasieran, lehen aldiz herriak krisi humanitarioan esku hartzen zuela ikusita. Azken urtea Lesbosen eman dut, No Border Kitchen taldean: janaria banatzen dugu, eta horrek jendearen arazoak ezagutu eta horiek konpondu ditzaketen zerbitzuekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude