Jende arraroa

  • Polemika ekarri du Rammstein-en kanta –”Deutschland”– berriaren bideoak. Edo, hobeki erranda, kanta berriaren bideoaren iragarkiak piztu du kalapita. 35 segundoz, taldeko lau kide ageri dira kontzentrazio esparruko uniformea jantzita, urka-bilurra lepoan, exekutatzeko agindua noiz ailegatuko. Melodia malenkoniatsu bat bertzerik ez da aditzen. CSUko politikari batek Dachau bisitatzera gonbidatu du taldea; gobernu federaleko antisemitismo auzietarako arduradunak “askatasun artistikoaren gustu txarreko erabilera” egotzi dio taldeari. Apalago, bertze zenbaitek azpimarratu dute Holokaustoa ez litzatekeela erabili behar amu komertzial gisa.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hori, amu hutsa, bertzerik ez baitzen iragarkia: bideoa argitaratutakoan, martxoaren 28an, argi gelditu da kontzentrazio zelaikoa pasarte bat bertzerik ez dela Alemaniako historiako zulo beltzei emandako errepaso luze batean. Errepaso posmodernoa, zinemako irudien galbahetik pasatua eta Rammsteineko kideen irudimenetik ateratako izugarrikeriekin zamatua. Inork ez du, halere, balizko nazismozaletasunaren arrastorik aurkitu.

Rammstein taldekideak 60ko hamarkadan sortu ziren –1971n, gazteena–, Ekialdeko Alemanian. Halere, bazekiten juduen uniformea janzte hutsa –bertzelako keinurik egin gabe, biktimei inolako burlarik egin gabe– probokazioa izanen zela, eta horrek jarraitzaileen jakin-mina piztuko zuela. Hain zuzen ere, erabilera makur hori leporatu diete. Halere, prentsa –FAZ, Der Spiegel, Die Zeit– gauza izan da taldearen asmoa kritikatzeko eta bideoan ikusten dena aztertu eta baloratzeko. Bada identitatearen auziaren gaineko ikuspegi ironikoa txalotu duenik, “identitateen inguruko politikak gogortzen ari diren garai honetan”. Inork ez du debekatzea eskatu. Inor ez da kartzelara joanen.

Jendea arraroa da Espainiatik kanpo.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...