Gladys del Estal hil zuen guardia zibilari beste domina bat eman zioten zigortua izan eta bi hilabetera

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Aktibista hil zuten uneko irudian, lurrean ageri da guardia zibilez inguratuta.

José Martínez Salas guardia zibilari 18 hilabeteko gutxieneko kartzela-zigorra ezarri zion Iruñeko Lurralde Auzitegiak 1981eko abenduan, bere arduragabekeriak Gladys Del Estalen heriotza eragin zuelako –Espainiako Auzitegi Gorenak 1984an berretsi zuen kondena–. Ez dakigu kartzelan egonaldirik egin ote zuen, baina ARGIAk jakin duenez, zigortua izan eta bi hilabete eskasera kondekoratu egin zuten.

Bagenekien Martínez Salasek sari bat jaso zuela 1992an, zehazki Meritu Militarraren Gurutzea, Tuterako alkate sozialistaren eskutik jarria. Erabaki hori oso kritikatua izan zen eta kondekorazio bidegabeen adibide gisa aipatu izan da sarritan. José Luis Corcuera Barne ministroak Madrilgo kongresuan azalpen publikoak eman zituen: guardia zibil horrek kondena beteta zuen ordurako eta 1987tik aurrekari guztiak bertan behera utzi zizkioten “tatxarik gabeko” jokabidea izan zuelako; hortaz, ordainsari hori jasotzeko eskubidea zuen.

Baina Larrun honetako ikerketan deskubritu dugunez, Martínez Salas guardia primero-ak beste domina edo gurutze bat jaso zuen askoz lehenago. 1982ko martxoaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri da bere izena: Guardia Zibilaren Merituaren Gurutze Zuria eman zioten 1982ko otsailaren 15ean, Juan José Izarra del Corral Barne idazkariordeak sinaturiko erresoluzio baten bidez. Hau da, zigortua izan eta bi hilabete eskasera.

Corcueraren justifikazioa hankaz gora jartzen du domina horrek, 1982an agenteak oraindik ez baitzuen zigorra beteta, eta legezkoa den argitu beharko litzateke. Epaiketaren ondorioz emandako kalte-ordain baten antza dauka bederen.

Legitimitatea ere oso zalantzagarria da, are gehiago Gurutze Zuria jasotzeko baldintzak irakurrita. Dekretu aurre-konstituzional batean oinarritzen da, eta guardia zibilak “aparteko gaitasun profesional nahiz gizalegezkoak” erakutsi behar ditu eta “jokabide eredugarria” izan.

 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude