Emakumeak borrokan

Bilbo Hiria irratiak lizentziarik gabe segituko du

  • Patxi López lehendakari zuen EAEko Gobernuak irrati-lizentziak esleitzeko lehiaketa abiatu ostean, bertan behera utzi zuen. Irregulartasun zantzuak ziren tarteko. Zazpi urte geroago, Iñigo Urkulluren Gobernuak gaiari heldu dio: hamazazpi lizentzia esleitu ditu behin betiko. Gaztelania hutsezko proiektuak nagusitu dira, eta Bilbo Hiria irratia, euskara hutsean ari den irratia, lizentziarik gabe geratu da. Euskara hutsezko bi proiektuk zuten lizentzia lortzeko aukera eta Naiz irratiak baino ez du lortu.

Gorka Peñagarikano @gorkap34
2019ko martxoaren 24a
Ane Zabala: “Lehiaketa bertan behera geratu zenez, pentsatu genuen horrek esan nahi zuela bestelako parametroak eta ezaugarriak izango zituen ganorazko lizentzia banaketa modu bat jarriko zutela martxan”. Argazkia: Aritz Loiola.
Ane Zabala: “Lehiaketa bertan behera geratu zenez, pentsatu genuen horrek esan nahi zuela bestelako parametroak eta ezaugarriak izango zituen ganorazko lizentzia banaketa modu bat jarriko zutela martxan”. Argazkia: Aritz Loiola.

22 urte daramatza Bilbo Hiria irratiak Bizkaiko hiriburuan euskarari hauspoa ematen; Kafe Antzokiaren ganbaratik, Bilbo inguruko euskal komunitatearengana iristen. Bilboko eta Bilborako euskal irrati bakarra da. Hirian euskara loratzeko asmoz lanean diharduen Zenbat Gara elkarteko kide da hedabide hau, eta Bilbon euskarak bere tokia duela eta izaten jarraituko duela aldarrikatzen dute. Ez dira baina, betiko garai onenak. Otsailaren azken astean heldutako berria ez dute esker onez hartu. Kolpe latza izan da, lizentziarik gabe geratuko direla jakitea. Irratiaren jarraipena airean dagoen arren, irribarretsu hartu gaituzte Ane Zabalak eta Jabi Zabalak. Argi dute proiektuak zutik jarraituko duela nola edo hala, komunitateari ekarpenak eginez, botere publikoek bizkarra ematen badiete ere. Arrazoi sinple batengatik: Bilboko euskaltzaleek merezi dutelako.

2012tik dator kontu hau. PSOEren Gobernuak EAEko irrati-lizentzien banaketarako lehiaketa publikoa deitu zuen. 34 frekuentzia banatuko ziren, sei urte lehenago Espainiar Estatuak irratien hedapena arautzen zuen dekretuak hala adierazita. Bilbon banatuko ziren frekuentzia modulatuetatik lautara aurkeztu zen Bilbo Hiria, eta horietatik bi, lehiaketaren oinarriek zehazten zutenez, euskara hutsezko proiektuentzat izango ziren. Puntuazioa emateko orduan bidegabekeria salaketak eta irregulartasunak egon ziren, eta PSOEren Gobernuak, legegintzaldiaren azkenetan zela, guztia bertan behera utzi zuen. Dena den, ordurako behin-behineko 34 esleipenak eginak zituen. Horietatik 17k helegitea aurkeztu zuten, lehiaketa ezerezean geratu izana salatuz –Auzitegi Gorenera iritsi ziren zenbait kasu–. Prozesu judizial luzeen ostean, helegitea aurkeztutako guztiei arrazoia eman zieten, eta lizentzia berme guztiekin eskuratu zuten. Orain, otsailaren azken astean publiko egin den dekretuan, behin-behinean esleituak izan eta helegitea aurkeztu ez zuten horiei aitortu zaie esleipena. Hortaz, Patxi Lópezen Gobernuak atzera botatakoa bere horretan berretsi du EAJren Gobernuak.

Argazkia: Aritz Loiola.

Azken 26 urteotan egindako irrati-lizentzien banaketarako lehiaketa bakarra izan da, eta tramitazio polemikoez zipriztinduta egon izana tristea dela uste dute Ane eta Jabi Zabalak. Lehiaketaren berri izan zuten unetik desadostasunak azaldu zituzten. Eskakizunak bidegabeak zirela diote biek, ez zegoela irrati txiki eta komunitarioen neurrira egina. Euskara atzean utzita, proiektuaren alde komertziala zen baloratzen zena Jabi Zabalaren esanetan: “Ez zen inolaz ere kontuan hartzen alderdi sozial eta kulturala; proiektua beraiek nahi zutenaren neurrikoa izan behar zen”. Ordurako uhinetan aritzea ere ez zen kontuan hartzen, hots, berdin zuen egitasmoak urteak zeramatzan emititzen edo ideia soila besterik ez zen. Hala ere, lizentzia lortzeko nahiak eta beharrak bultzatuta, lehiaketan parte hartu zuen Bilbo Hiriak, teknikoki eta komertzialki egitasmo garatua aurkeztuz.

Irregulartasunak irregulartasun, jarduneko gobernuak irrati-lizentzien gaia bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Gobernu aldaketarekin, itxaropentsu, oinarri bidezkoak eta zilegiak izango zituen beste lehiaketa bat egin zitekeela pentsatzen zuten irratiko langileek. Hala dio Ane Zabalak: “Lehiaketa bertan behera geratu zenez, pentsatu genuen horrek esan nahi zuela bestelako parametroak eta ezaugarriak izango zituen ganorazko lizentzia banaketa modu bat jarriko zutela martxan”.

Oinarriek zioten gutxienez euskara hutsezko bi proiekturi esleituko zitzaiela lizentzia, baina Naiz irratiari baino ez zaio eman. Bigarren lizentzia nori edo zertara bideratu den galdetu dute Bilbo Hiria irratiko langileek
Non du fokua Eusko Jaurlaritzak?

Ezin da aurreikusi noiz izan daitekeen datorren irrati-lizentzien lehiaketa publikoa, 26 urte igaro baitira azken bien artean. Horrek Bilbo Hiria irratiaren jarraipena mahai gainean jartzen du Jabi Zabalaren ustez: “Orain daukagun seinalea ez da nahi bezain ona, eta lizentziarik gabe ezin dugu hobetu. Potentzia hobetu eta berrikuntzak egiteko komeni da lizentzia edukitzea arazoak ekiditeko. Lege barruan egonda dena da abantaila”. Bilbo Hiria irratiak Zenbat Gara elkartean ditu oinak, eta horrek bizirauteko arnasa ematen dio momentuz. Dirulaguntzetatik sostengatzea ere ezinezkoa da, haietara aurkezteko eskakizunetako bat baita lizentzia edukitzea. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso ahal izateko beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak soilik eman dezakeen lizentzia edukitzea.

Dena den, arazoa are orokorragoa da. Irratia piztu, frekuentzia sintonizatu eta zenbat maiztasunetan entzun daiteke euskara, erakunde publikoek finantzatutako hedabideez gain? Irrati-lizentzien lehiaketaren oinarriek zioten gutxienez euskara hutsezko bi proiekturi esleituko zitzaiela lizentzia, baina Naiz irratiari baino ez zaio eman. Bigarren lizentzia nori edo zertara bideratu den galdetu dute Jabi eta Ane Zabalak.

“Ez zen inolaz ere kontuan hartzen alderdi sozial eta kulturala; proiektua beraiek nahi zutenaren neurrikoa izan behar zen"
Jabi Zabala, Bilbo Hiria irratiko langilea

“Botere publikoek gainerako hedabide handiak baimentzen dituzten heinean, gurea ere baimentzea nahi dugu”, dio Jabi Zabalak. Arazoa, Ane Zabalaren esanetan, botere publikoek bertako hedabideen ekarpenei garrantzia ematerakoan dago: “Guk ekarpen kultural eta soziala egiten diogu komunitateari, eta Bilboko euskal hiztunen komunitatearengana hurbiltzen gara. Hitzarmen anitzak ditugu hainbat eragilerekin, liburu bat ere argitaratu dugu… Euskaldungoari egindako ekarpena da gurea, eta komunitateak sentitu behar du injustizia dela botere publikoek babesik ez ematea”.

Publiko guztiarentzat eskuragarri izan behar lukeela dio Jabi Zabalak: “Diala eremu publikoa izanik, bidegabea da herritar ororentzat eskuragarri ez egotea”. Irekia izateak eduki aldetik proiektuen aniztasuna bultzatu behar lukeela, eta halakorik ez dela bermatzen uste dute; ez behintzat, proiektuak lehiaketara aurkezteko Eusko Jaurlaritzak ezarritakoaren neurrikoa izan behar badu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bilbo Hiria Irratia  |  Euskara  |  Euskarazko hedabideak

Bilbo Hiria Irratia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude