Jose María Cirarda gotzaina (Bakio 1917, Bilbo 2008) pertsonalki ezagutu nuen Derioko seminarioko okupazioan. Gotzain horrek okupazioan izan zuen papera nabarmendu nahi nuke, itxialdian zeuden abadeen bi bozeramaileetako bat izanik –bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz– berarekin jardun bainintzen.
Geroztik ez nintzen inoiz gehiago berarekin egon, baina pentsatzen dut ez zituela sekula nire hitzak ahaztu, are gehiago irakurrita askoz geroago, 1996ko azaroan, bere “azken konfesio pertsonala”. Erbestean nintzenean, hilzorian zegoen gure aita bisitatzera joan zen 1971n Basurtoko ospitalera, eta hori ere bada beste arrazoi bat lehen esan dudana pentsatzeko.
Gogoan dut Derioko seminarioko okupazioaren azken egunetako batean Cirardari esan niona. Itxialdiari amaiera emateko asmotan etorri zen, Pablo Gurpide otsagabitarra gaixotasunak jota hil zenean administradore apostoliko izendatu baitzuten.
Seminarioko areto batean geunden bilduta abade guztiak Cirarda monsinorea agertu zenean. Saiatu zen okupazioa utz genezala konbentzitzen, eta orduan hitza eskatu nuen. Isiltasun handi bat egin zen eta zera esan nion: “Gotzain jauna, gure herriak jasaten duen errepresioa, atxiloketak eta tortura salatzeagatik Jesukristo bezala gurutzera igotzeko prest bazaude, euskal herritarren eta pertsona gizatiarraren eskubideak defendatzeko prest, ziur egon gu guztiok zure atzetik joango garela, zurekin. Baina Elizaren ohiko isiltasun konplizea mantentzen baduzu, borrokan eta salatzen jarraituko zaitugu”.
Agian nire lotsagabekeria eta ahotsaren indarrak harrituta, Cirarda begira jarri zitzaidan adi entzunez. Baina ez zuen ezer esan. Hilabete gutxi batzuk geroago bai, etorri zen erantzuna. Ez zegoen prest gurutzera igotzeko, ez baitzen ausartu 1969ko maiatza arte atxilotutako ehunka pertsona laikok jasandako torturak salatzera, ezta bere abadeek jasandakoak ere. 1969ko apirilean errepresio gogorra izan zen, batez ere Bizkaian eta abadeok ere kolpatu gintuen. Batzuk atxilotuak izan ziren eta haietako gehienak Zamorako konkordatu-kartzelan giltzapetu zituzten. Beste batzuk, nire kasuan bezala, Frantziako Estaturantz egin ahal izan genuen, erbestera.
Abade horietako bat, Martin Orbe, modu basatian torturatu zuten. “Beldarra”, “paseilloa”, “kirofanoa”… Denetarik egin zioten. Cirarda espetxera joan zen Orbe ikustera. Honek torturaren arrastoak erakutsi nahi izan zizkion eta prakak jaisten hasi zen, baina gotzainak esan zion ez halakorik egiteko, berak esandakoa sinesten zuela. “Nola ez dut nire abade bat sinetsiko?”, esan zion.
Agian nire lotsagabekeria eta ahotsaren indarraz harrituta, Cirarda begira jarri zitzaidan adi entzunez. Baina ez zuen ezer esan. Hilabete batzuk geroago bai, etorri zen erantzuna: ez zegoen prest gurutzera igotzeko
Hilabetea igaro ondoren, Cirardak eta Jacinto Argaya Donostiako gotzainak –honek ere Jon Etxabe bere abadeetako batek jasandako torturen lekukotza bazuen– pastoral bateratua zabaldu zuten: “Datua [torturarena] objektiboa balitz, autoritate agente batzuen partetik biolazio injustuak egin direla esan nahiko luke. Asmaturiko edo nahita puztutako datua balitz, ordea, autoritatearen kontrako propagandan biolentzia injustu bat egongo litzateke. Ez da erraza egia zehatza jakitea, batzuek baieztatu eta besteek ukatu egiten baitute, eta gertakari horien izaeraren ondorioz ere sekretuak indar handia baitauka…”.
Bere memorietan, Cirarda jauna saiatzen da idatzi hori justifikatzen: “Ez zen koldarkeria izan. Tortura horien frogak ez izateak geldiarazi gintuen”.
Ez, Cirarda monsinorea, ez zenituen arrasto edo froga horiek ikusi nahi izan, ezta konpromisorik hartu ere, ez zinelako inoiz gurutzera igotzeko prest egon!
Juan Mari Arregi
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]