Enklabeak eta esklabeak

Bizimodu eta nortasun bitxiak

  • “Trebiñu Araba da eta Urduña zergatik ez?”, galdetu dezake norbaitek. Urduñak Erdi Aroan Arabako Busturia osatzen zuen. Zergatik gelditu ote zen Bizkaian eta ez Araban? Euskal Herrian hiru enklabe daude: Trebiñu, Urduña eta Villaverde Turtzioz. Esklabeak beste hiru dira: Ezkoze, Jeztaze eta Petilla Aragoi. Zer sentitzen dute eta nola bizi dira enklabe eta esklabe horietako bizilagunak?

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko uztailaren 15a

Enklabeak eta esklabeak herrialdeen historiaren bilakabidearen ondorio dira. Batzuen ustez, komenentziaren arabera osatu dira.

Espainiako Erresumaren egungo lurralde antolaketa oso kontserbadorea da. Alta, lege zaharreko banaketak errespetatu omen zituen. Probintziak egin zirenean, antzinako lurraldea aintzat hartu zuten. Frantziako Errepublikan, aldiz, kontrakoa egin zuten. Iraultzaz geroztik lurraldetasunaren banaketa berritu zuten, Departamendua egitura politiko gotorra finkatu zuten. Euskal Herriko hegoaldeko herritar gehienok Espainiako Estatuaren zentralismoa kritikatzen dugu gartsuki –egun bizitzen ari garen inboluzio zentralista izugarria aintzat hartuta betiere–, alabaina, Frantziako zentralismoa alimalea da.

Espainiako Estatuaren 1978ko Konstituzioak historiako enklabeak eta esklabeak errespetatu zituen bere horretan. Adibidez: Petilla Aragoi Nafarroaren esklabea da Aragoin. Bitxikeria gisa, Santiago Ramón y Cajal aragoitar-nafar sendagilea Petillakoa zen. Aragoitar sentitzen zen, ez nafar. Lurralde horietan identitatearen inguruan sortu zen kontraesanen adibide bat da. Omen, trantsizioaren ondoren Ramon y Cajali kale bat emango ote zioten eztabaidatu zuten Iruñeko Udaletxean. Alderdi politiko guztiek kontra bozkatu zuten, eskuinetik ezkerrera, espainolengandik euskal abertzaleengana, ez zelako nafar sentitzen.

Ekonomiak agintzen omen du historiaren bilakaeran. Eta aldian aldiko agintarien “lurralde honi identitate hau dagokio, guk esaten dugulako” maxima inposatzen dela diote zenbaitek. “Trebiñukoek arabarrak izan nahi dute, hobe delako arabarra izatea burgostarra baino, Urduñakoek berriz  hobeto ikusten dute beren burua Bizkaian, Araban baino”. Esaera horiek zer dute egiatik?

Trebiñu (Uda barrendegia)

Enklabe guztien artean lurralde zabalena eta ezagunena da Trebiñu, Uda ere deitua. Arabako enklabea da, bere administrazioa aldiz Burgosko probintziarena (Gaztela eta Leon Autonomia Erkidegokoa). Barrendegia bi udalerrik osatzen dute: Trebiñuk eta Argantzunek. Gaztelako Erresumak Araba indarrez konkistatu zuen 1200. urtean.Henrike II.a Gaztelakoak Trebiñu eta bere lurraldeak Pedro Manrique Lara kondeari dohaintzan eman zizkion 1366an, Arabako Anaiartea 1463an sortu zenean Trebiñu kanpo gelditu zen, eta XVI. mende bukaeratik Burgosi lotu zitzaion.

M. ELENA RAMIREZ,
Trebiñuko alkatea:
“Harremanak oso gogorrak dira, gaztelarrek ez dute Trebiñu Araba izaterik nahi”

Trebiñu Araban sartzeko eskaera anitz egin dute barrendegiko agintariek historian zehar. XX. mendetik aurrera, bertako biztanleek lurraldea Arabarekin batzea nahi dute. Bertako alderdi politiko nagusiez gain (PP, EH Bildu edota EAJ), talde independenteek dute berebiziko munta gobernuan. Ciudadanos del Condado de Treviñoko (CDC) M. Elena Ramírez Izquierdo da alkatea: “Gu Arabako lurraldearen barruan gaude. Bizitza soziala, laborala eta familiarrak batzen gaitu. Gehiengoa, definizioz, arabar sentitzen gara”. Bere hitzetan, edozein dela ideologia, logikak bultzaturik, denek defendatzen dute hori. Arabako PPk ere defendatzen du Trebiñuren arabartasuna. Uda barrendegia Arabako zatitzat hartzen dute denek.

Gaztela eta Leon Autonomia Erkidegoarekiko harremanez mintzatu zaigu: Ramirez “Harremanak oso gogorrak dira. Gaztelarrek ez dute Trebiñu Arabaren parte izatea nahi, euren lurraldearen zati bat kendu nahi diegula pentsatzen dute. Ez dira jabetzen hemen dagoen errealitate sozialaz. Gure eguneroko bizitza ez dago Burgosera begira, Arabara baizik”.

Alkateak dioskunez, Trebiñu udalerrian proiektatzen den guztia lupaz begiratzen dute gaztelarrek, hainbatetan udal akordioak atzera bota behar izateraino: zerbitzuak direla, dela garraioa, dela nekazaritza edota hezkuntza. Esaterako, lehen mailako eta kolegioko ikasketak gainditu ostean ikasleak Gasteizera doaz ikastea. Zergak, Gaztela eta Leon Autonomia Erkidegora doaz: “Haur eskola gure gain dagoenez, moldatzen gara Gaztelako Juntarekin negoziazioak zehatz eta tentuz eramaten”. Osasun arloan ez dute arazorik. Eusko Jaurlaritzarekin akordio markoa egina dute, anbulatorioak udalerrian dituzte. Mediku espezialistak Gasteizen.    

Auziari irtenbidea emateko bidea erreferenduma egitea litzateke:“Guk bultzatu behar dugu Espainiako Kongresuan eztabaidatu dadin, edo Lege Organiko baten bitartez probintziako mugak alda daitezen. Bestela, enklabe lege bat sortu edo mugei buruzko lege berri bat egin beharko litzateke. Guk udalerri bezala ez daukagu ahalmenik auzian indartsu eragiteko. Haatik, Arabako alderdi politikoak interpelatzen ditugu”, erran digu alkateak.

Argantzun udalerria

2007ko udal hauteskundeetan Agrupación Independiente Nueva Puebla hautes-elkarteak (AINP) udalerriko zazpi zinegotzietatik hiru eskuratu zituen. Roberto Ortiz Urbina alkatea talde horretakoa da. Aurreko alkate Alfredo Oraaren Agrupación Independiente Puebla de Arganzón hautes-elkarteak bi zinegotzi eskuratu zituen, EAE-ANVk eta PPk bana. Orduan, PPko zinegotzia salbu, gainerakoak Trebiñu Araban integratzearen aldekoak ziren.

R. ORTIZ DE URBINA, Argantzungo alkatea:
“Belaunaldi berriak arabarrak eta euskaldunak dira berez”

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, AINPko Roberto Ortiz de Urbina hautatu zuten alkate berriz ere, sei zinegotzi eskuratu zituen, PPk bat. 2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko udalbatzak eskatu zuen, aldeko bost botorekin eta abstentzio batekin. 2015etik, EAJk eta EH Bilduk zinegotzi bana dute, eta AINPk sei: “Gehiengoa arabarrak gara, lurraldea Arabari lotuta dago, Burgos gehienentzat arrotza da hemen”.  

Argantzungo ikastolak hiru aldiz antolatu du Araba Euskaraz jaia. Azkenekoz iragan ekainaren 17an, arrakasta handiz: “Belaunaldi berriak arabarrak eta euskaldunak dira berez”.

Roberto Ortiz de Urbinari Gaztela eta Leongo Juntaren harremanez ere galdetu diogu: “Ez dute harremanik nahi. Araban integratzeko gure eskaera iraunkorra da. 1977tik garapen kulturala, garraioa, osasuna Araban egin ditugu. Araban gaude, lana edo eskola direla eta. Jendeak erraztasuna nahi du, jendea Araban –Gasteizen bereziki– erroldatzen da. Auzi honek ez du alderdien botoetan hainbeste eragiten. Pertsonok egiten dugu politika, eta politika oso okerra egin ezean, auzi honek udal taldeen jarduera politikoa gainditzen du”.

Trebiñu eta Argantzun herriko alkateek auzokidetzat dute euren burua. Bi udalerriek osatzen dute enklabea, elkarrekin ari dira, biak independenteak izaki. Ortiz de Urbinak eta Ramírezek bat egiten dute politika egitean. Gaztela eta Leongo Juntarekiko harremanak bakoitzak bere aldetik lantzen dituzte, eta gaztelarrek ematen dizkieten baliabideak partekatzeko prest daude biak: “Dena den, barrendegiaren afera ez dago baliabide ekonomikoei lotuta. Auzia sinbolo bihurtu da. Herritarrei galdetu beharko litzaieke auziari buruz”.

I. AGINAKO ARBAIZA, Urduñako alkatea:
“Gure identitatea bizkaitarra da, dudarik gabe. Gainera, Bizkaiko hiri izendapen bakarra izatea harro daramagu”

Udalerriek badute bestelako kezkarik ere.  Gasteizen bizi diren askok bigarren etxea hartu dute Uda barrendegian: “Azken 30 urteetan jende asko etorri da bizitzera kanpotik. Hori arazoa da. Diru kopuru berarekin behar diegu aurre egin aurrekontuei, nahiz eta etxetiar berriek zergak ordaindu, bildutakoa ez da aski. Gaztela eta Leongo Juntak ez ditu erroldatu berrien gastuak bere gain hartzen. Dena den, guk ez diogu Burgosi deus ekartzen, ez kentzen”, diosku Argantzungo alkateak.

Trebiñukoak hauxe dio, berriz: “Guk atera behar dugu aurrera herria. 30 urtean hemengo egoera zeharo aldatu da, belaunaldi berriak gero eta gehiago lotu dira arabar eta euskal nortasunari. Guri gustatuko litzaiguke auziari irtenbide bat ematea, baina egoera politikoak ez du laguntzen, EAE, Nafarroa eta Kataluniako egoera politikoak ikustea besterik ez dago. Ez dago lasaitasunik horretarako”.

Urduña

Urduña Arabako enklabea da, Bizkaiko esklabea, bizkaitarrek administratua. Bizkaiko udalerririk hegoaldekoena da. Nerbioi ibarrean dago, Arabako eta Burgosko lurrez inguratua, Arabako Aiaraldea eskualdeko herritzat ere har daiteke, arrazoi geografikoak direla eta. Urduña da hiri titulua duen Bizkaiko biztanle gune bakarra.

EH Bilduko Idoia Aginako Arbaiza alkatea honela mintzatu zaigu: “Gure identitatea bizkaitarra da, dudarik gabe. Gainera, Bizkaiko hiri izendapen bakarra izatea harro daramagu. Aldiz, herriaren kokapena eramaten ez da samurra, Bizkaia urruti izatea harremanetarako traba da”.

J. PEREZ AGUIRRE, Villaverde Turtziozko alkatea:
“Gazteak ari dira
gero eta gehiago hurbiltzen Bizkaira”

Bizkaitar sentitzeko Bizkaia probintzia indartsua izateak eragin ez ote duen esan diogu: “Inola ere ez. Populazioa aintzat harturik Bizkaiko 95. herria gara, eta Araban 5.a ginateke. Ekonomiaren eraginean ikusgarriagoak ginateke. Araba izatea ez litzaiguke okerrago etorriko. Adibidez, azken urteetan Bizkaia eta Arabako administrazioekin gorabeherak izan ditugu,  A-625 errepidearen konponketa dela eta”.

Urduñarrak 4.163 bizilagun dira eta egunero 1.000 auto joan-etorrian dabiltza Amurriora bidean, hamar kilometrotara lanera joateko. Amurrion dago, besteak beste, Mercedesen lantegia: “Arrisku handia bizi izan dugu azken bi hamarkadatan, hogei bat hildako izan dira istripuz. Errepide proiektu sendoa egiteko dago, Bizkaiko Foru Gobernuak bete du hitza, baina artean Arabakoak ez. Eragozpen handiena errepide txarra izatea da. Industria ez da garatu behar bezala Urduñan eta hori traba handia da XXI. mendean”.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Urduñako alkate Bilduko Karlos Arranz hautatu zuten. 2015eko udal hauteskundeetan, Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk sei zinegotziak mantendu zituen, EAJ alderdiak bat gehiago eskuratu zuen (bost guztira) eta PPk zeukan zinegotzi bakarra galdu zuen. Emaitza horien ondorioz, EH Bildu koalizioko Idoia Aginako Arbaiza hautatu zuten alkate. Identitateaz berba egin digu alkateak: “Udaletxean ideologia guztietako ordezkariak gaude, eta denek bizkaitar dugu geure burua. EAJk gobernatu du 30 urte luzez, ezker abertzalea oposizioan izanik eta PSOEk eta PPk ere izan dute ordezkaritza”.

Enklabeetan azpienklabeak izaten dira. Urduñakoa La Cerca de Villano da. Burgos da. 5.000 metro koadro ditu, baina Araban dago. Bertako larreak gobernatzen zituztenek lanari utzi zioten aspaldi. Azpienklabea Urduñakoa da: “Behinola Bizkaiko PPk larreak erabiltzeko eskatu zuen, baina ukatu zioten. PPk, besteak beste, lurralde horretan haur bat jaioko balitz, urduñarra izatea nahi zuen”. Auziak bere horretan ez du munta handirik, baina Urduñako mendatea urteetan izan da Euskal Herritik Gaztelara joateko bide nagusia. Urduñarena da mendi askoren jabetza publikoa. Urduñako udalerriaren barnean, Belandia, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti eta Mendeika kontzejuak daude. Urduña da bere mugen barnean izaera administratiboa duten herrixkak dituen udalerri bakarra Bizkaian.

Urduñako haurrak eskola publikoan  ari dira D ereduan duela hogei urtetik. 27 haur publikoan eta 10 eskola erlijioso kontzertatuan. Ikastolarik ez dago. Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntza Amurrioko Institutuan osatzen dituzte, Araban alegia. Medikua Amurrion daukate. Larrialdiak eta ospitalizazioak, berriz, Basauri eta Galdakaon. Eliza kontuak Arabarekin zertzen dituzte. Telefonoaren aurrizkia 945 da, Arabakoa: “Egia da, batzuentzat ez da horren argi nongoak garen. ‘Zuek nongoak zarete?’, galdetzen digute”. “Nola biziko zinatekete, arabarrak bazinate?”, galdeturik: “Ez dakit. Arabako Batzar Nagusietan oso ongi hartzen gaituzte. Arabarrek ez dute Urduña lurralde galdutzat hartzen”.

Villaverde Turtzioz

Villaverde Turtzioz ofizialki gaztelaniaz Valle de Villaverde da. Kantabriako udalerria da. Berez Bizkaiko barrendegia da, eta horregatik Euskal Herrikotzat jo ohi da; zehazki, Bizkaiko Enkarterriak eskualdekoa. Bizkaiko enklabea, baina administrazioz Kantabriako probintziarena da. Adi! Ez da Bizkaiko Turtzioz herriarekin nahasi behar.

Javier Pérez Aguirre da Villaverde Turtziozko alkatea. 31 urte ditu. Partido Regionalista de Cantabriaren (PRC )eskutik hautatua. Independentea: “Gu kantabriarrak gara, Ogasuna Kantabrian baitugu. Egia esan, administratiboki Bizkaiko izan nahiko genuke. Hezkuntza eta Osasunaren zerbitzuak Bizkaiarekin itunduak ditugu eta”.

DANIEL VIGNEAU
Ezkozeko auzapeza:
“Gu xarnegu sentitzen gara, ez diogu euskaltasunari bizkar ematen, baina ez gara Euskal Herriko”

Javier Pérez Aguirrek hori esanda ere, ez dio kantabriar izateari uko egiten: “Ez da horren inguruan egundo inkestarik egin iritzia ezagutzeko. Trantsizio ostean anexioa egiteko ahalegina egin zenean ni jaio gabe nengoen. Nire belaunaldia ez da bizkaitarra. PRC alderdi kantabriarra da. Gazteak ari dira gero eta gehiago hurbiltzen Bizkaira”.

PRCk  sei ordezkari ditu eta PPk bakarra udaletxean. Miguel Angel Llaguno Altolachipi izan zen luzaz herriko alkatea. “Alkatea eta herriaren arima. EAJren hurbilekoa zen, haren ideien ildokoa nolabait. Erregionalista”.

Villaverde Turtziozen 2-12 urteko haurrek ikasten dute. Gero Balmasedara doaz. Euskarazko ereduan ikasten dute: “Gazteek eskolan egin dute euskaraz, baina Enkarterrietan euskara ez da hizkuntza bizia, eta hemen ez dute erabiltzen. Gutxi dira gainera. Hala ere, euren identitateak bizkaitarren aldera jotzen du. Enkarterrietan Athletic futbol taldearen aldeko joera izugarria da. Santander taldearekikoa, berriz, ez da horren sutsurik, beraz, gazteak Bilbora begira bizi dira”.

Osasunaren zaintza %90 Bizkaian jasotzen dute. Garraio publikorik ez dago. Ez omen da bideragarria. Ez dago komertziorik ere. Trena 20 kilometrora har dezakete. Castrora joan ohi dira, baina erosketak Bizkaian egiten dituzte: “Bizkaiarekin batzeko interesak beti daude, harreman ona dugu, baina PRC Kantabriako gobernuan dagoen bitartean, ondo gaude, herritarron interesak defendatzen baititu”.

PRCko Miguel Angel Revilla da Kantabriako presidentea. PSOErekin batera ari dira gobernatzen: “PP gobernuan egon zenean utzikeria erabatekoa izan zen guretzat. Laguntzak moztu zizkiguten. 290 biztanle inguru gara. Ez bagaituzte ongi gobernatzen, herritar batzuk beste udalerrietan erroldatzen dira. Egin kontu: gure herriak 20 kilometro koadro dauka eta horietako %70 mendia da”.

Esklabeak

Ipar Euskal Herrian bi esklabe daude, Ezkoze eta Jeztaze, biak Bearnon. Eskoze Baxenabarreko esklabe bat da eta Jeztaze Zuberokoa. Alabaina, bitxia da, Wikipedian euskaraz Ezkoze Euskal Herriko herri bezala ageri da, frantsesez Bearnokoa. Ezkoze eta Jeztaze Euskal Hirigune Elkargotik kanpo gelditu dira.

Ezkoze

Daniel Vigneau da Ezkozeko auzapeza: “Ezkoze historikoki Nafarroakoa izan zen, baina gaur egun ez da hala. Bearn de Gaves Herri Elkargoan kokatuta gaude, eta batez ere bearnes sentitzen gara”. Oloroe eta Paue hiriekin dute lotura gehien: “Gu xarnegu sentitzen gara, ez diogu euskaltasunari bizkar ematen, baina ez gara Euskal Herriko”.

MARYVONNE LAGARONNE, Jeztazeko auzapeza:
“Frantsesa nagusi da, horrela hezi gaituzte”

Euskal Elkargoko partaide izatearen aukeraz hauxe dio: “Herriko Etxeko hautetsien aldetik ez da eskaerarik izan, ezta herritarren aldetik ere. Euskaldunekiko lotura ekonomikoa basoaren bitartez dugu bereziki, hainbat lur-eremu partekatzen dugu, herritar bakoitzak badu egurra ustiatzeko eskubidea etxaldearen neurriaren arabera”.

Baxenabarreko Donapaleu hamabost kilometrora daukate, harremanak dituzte hango merkatua dela medio, baina besterik ez. Saliese edo Peirahorada herriekin lotura daukate: “Identitatearen bilakaera naturala da, ideologia sartzen ez den bitartean. XIX. mendean ideologiak agindu edo erabaki du. Nafarroako Henri IV.a ezkondu zenean pasa ginen Bearnoko parte izatera, Nafarroa utzi genuen. Denetarik gaude, batzuk euskaldunagoak, bestetzuk bearnesagoak, xarneguak, erran bezala, baina funtsean, egun gaskoiak garela erranen nuke”.

Jeztaze

Jeztaze Zuberoaren esklabea da Bearnon. Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargotik kanpo gelditu da. Maryvonne Lagaronne auzapeza eta laboraria mintzo da: “Aita zuberotarra eta ama bearnesa ditut, eta ni xarnegua naiz. Jeztaze pasabide bat da, lurralde mugen artekoa, ondoko herriekin muga egiten du. Donejakue bidean gaude. Zubiek egin dute posible bi aldeetan egotea, horregatik xarneguak garela diogu. Euskara eta bearnesa galdu ditugu, bi kulturen jiteen nahasketa gara. Frantsesa nagusi da, horrela hezi gaituzte. Etxeetan eta mendietan bi kulturen ezaugarriak agerikoak dira. Iraganean Donapaleuko kantonamendukoak izan ginen, egun Oloroeko arrondizamenduan gaude”.

Bitxia da, jendarmeriarekin harremanak Donapaleun dituzte. Ezkoze bezala, Bearn de Gaves Herri Elkargoan daude: “Alabaina Zuberoako sindikatuarekin edota komunekin harreman zuzenak ditugu. Maulerekin ur aferak trenkatzen ditugu, baita mendikoak ere Euskal Herriko erakundeekin. Aldi berean, Bearnoko Salbaterrari oso atxikiak gara, haiekin harreman azkarrak ditugu. 91 bizilagun gara eta Euskal Herriarekiko kultur harremanak gorde nahi ditugu. Euskal Herriaren parte sentitzen gara nahiz eta kanpoan egon. Gure haurrak eta gazteak Donapaleu eta Maulen ari dira eskolan. Beraz, ez dugu ukatzen Euskal Herriarekiko harremana eta beharra”.  

Euskal Elkargoko parte izatearen aukeraz galdetu diogu: “Ez dugu proiektu handi horren barruan egon nahi, oraingo elkargoan ongi gaude. Hobe gaude herri arteko elkargo tipi batean, ez handi horretan, metropoli handia bilakatuko baita. Gurean ez da alderdien edo ideologien kontua, kontua da zeinek eskaintzen digun bizitza kalitate hobea. Euskal lurraldean ez gara ukatuta sentitzen haatik. Zuberoan herri txiki anitz dira eta eurek eskatzen dute garraioa, bideak, ura eta landen zerbitzuak ontsa artatuak ukaitea, guk ere bai”.

Eskiula

Bestalde, aipagarria da Eskiula herria. Ez da enklabea edo esklabea, herri berezia da. Eskiula ez da inoiz Zuberoa izan, Bearno baizik. Maryse Artigau da auzapeza. Haren idazkariarekin mintzatu gara: “Euskaldunak gara, baina Oloroetik hurbil gara, sei kilometrora, populazioaren erdiak bertan lan egiten du, zerbitzu guztiak han ditugu. Bihotzez euskaldun gara, identitate azkarra dugu”.

Bizitzaren oinarria eta bailara Bearnon dago. Euskal Elkargoan sartzeko galdera izan da, baina Herriko Etxeak ezetz erran du: “Ez da arazorik izan. Egonkortasun eta egokitasun ona dago Eskiulan, egun bizi garen bezala ongi gaude”.

Petilla Aragoi

Petilla Aragoi Nafarroa Garaiko Zangozako merindadean dagoen udalerria da, geografikoki Zaragozako probintziako Cinco Villas eskualdean kokatuta badago ere. Herri txikia da, 35 biztanle ditu.

F. AGUAS ARILLA, Petilla Aragoiko alkatea:
“Hizkuntza askoren eragina dugu. Aragoiko, Berariko eta Esako hitzak eta euskal hitzak ere ageri dira gure mintzamoldean. Baina galduz joan dira”

Nafarroaren esklabea Aragoin. Florentino Aguas Arilla da alkatea 2015etik,  Agrupación de Petilla de Aragón taldearen izenean. Udalbatzak alkate eta bi zinegotzi ditu: “Petillak ez dauka inolako berezitasunik, errealitatean ez da inongo arazorik, administrazioaren aldetik  Nafarroakoak gara, zerbitzu guztiak, ura eta zaborra, medikua eta eliza ziurtatuta dauzkagu”.  

1231tik udal nafarra da. Zangozako mankomunitateko herrikidea: “Petillarrok harreman ona daukagu denekin. Bastanesko –azpiesklabea– larretan zereala eta ganaduarentzako ahala edo bazka lantzen dugu. Bertan dago San Antonino ermita.  Petillari dagokion finka da, eta han biltzen gara erromerian urtero.”

Eskolarik ez dago eta etorkizuneko arazoa da despopulatzea, herria erabat hustea. Haurrak Zangozara doaz ikastera. Hizkuntzaz galdeturik hauxe: “Hizkuntza askoren eragina dugu. Aragoiko, Berariko eta Esako hitzak eta euskal hitzak ere ageri dira gure mintzamoldean. Baina galduz joan dira”.

Santiago Ramon y Cajali buruz galdeturik, nafar edo aragoitarra ote zen...: “Auzi horretaz ez dakit deus ere. Dena den, Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitaleko plazan badago haren busto bat, eta haren izeneko kale bat ere bai”.

Euskal erlikiak

Euskal herrialdeetako mugak errege-erreginek eta jaun-andreek ezarri zituzten Erdi Aroan. Hein batean artifizialak dira: Eskiula euskalduna beti Bearno izan da eta Ozaraine-Erribareita gaskoiduna, Zuberoa. Enklabe-esklabeek ziriari zotza sartzen diote.

Ustez feudalismoaren hondarrekin bukatzearren, 1790ean Frantziako iraultzaileek Pirinio Behereetako Departamendua sortu zuten. Orduz geroztik, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa ez dira ofizialki existitu. Haien esklabeak ere ez: Ezkoze (Baxenabarrerena) eta Jeztaze (Zuberoarena), biak Bearnon. Iaz Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa osatu zen. Elkargoak hiru herrialdeak bildu ditu, baita Baiona eta Bidaxune ere, Lege Zaharraren garaian beregainak zirenak. Gainera, Gaskoinia zein Bearnoko bost udalerri sartu dituzte bertan: Bokale, Samatze, Akamarre, Erango eta Lixoze. Bi esklabeak kanpo gelditu dira.

Espainian ere departamenduak proposatu zituen baten batek (Matxitxako eta Bidasoa, gure kasuan). Alferrik. 1833an, probintziak sortu zituztenean, Hego Euskal Herriko lauretako mugak hain hertsiki errespetatu zituzten, ezen enklabe eta esklabe guztiak bere horretan utzi baitzituzten.

1840tik goiti zazpi kuadrillak osatu dute Araba: Gasteizek, Agurainek, Aiarak, Guardiak, Zuiak, Mendozak eta Añanak. 1996an Zortzigarrena Fundazioa eratu zen, Uda, Gaztelaren esklabea (Landazurik halaxe, “Uda”, zeritzon XVIII. mendean Trebiñuri; ez dakit zergatik ez duen onetsi toki-izen hori Euskaltzaindiak), Arabako zortzigarren kuadrilla bihurtzeko asmoz, udatar gehienek sostengaturik. Urduñan ez da inoiz antzeko mugimendurik izan Bizkaiaren esklabea bederatzigarren kuadrilla bilakatzeko. Eta, dakidala, inori ez zaio oraindik bururatu Arabako Busturia berreraikitzea, Aiarako Kuadrillaren barruan, Urduñaz eta Amurrioko mugapeko Delika, Artomaña, Aloria eta Tertanga herriez.

Enkartazioetan Billaberde dago, nahiz eta 1440tik goiti Gaztelako Erresumarena izan, gero Sanandereko Probintziarena eta, gaur egun, Kantabriako Autonomia Erkidegoarena. Hemen ez da liskarrik. XIX. mendean Trueba enkartaua izan zen enklabearen bizkaitartasuna aldarrikatu duen bakanetakoa.

Petri II.a Aragoiko erregeak Antso Azkarrarekin jokaturiko karta partida batean galdu omen zuen Petilla. Bertako bizilagunak nafar sentitzen dira. Batzuk euskal herritar ere bai. Salbuespen sonatuena Ramón y Cajal Nobel sariduna izan zen. Haren aragoitartasuna zela eta, zenbait zinegotzik haren izena ukatu nahi izan zioten Iruñeko kale bati.

Feudalismoa arroka gogorra gertatu da gurean.

Xabier Zabaltza
Historialaria
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
Euskaraz egiteko eskatzeagatik erantzun oldarkorra salatu dute Azpeitiko tren museoan

Irailean Azpeitiko Tren museoa bisitatu duen familia batek jarrera erasokorra pairatu duela salatu du tranbiako gidariaren partetik.


2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
Suitzan emakumezkoek gizonezkoen soldata bera izatearen alde protesta egin dute

20.000 pertsona atera dira Suitzako Berna hiriburuko kaleetara larunbatean, emakume langileek pairatzen duten zapalkuntza salatzeko, Democracy Now-k jaso duenez.


2018-09-25
"Oreina". Ibai batek izan ditzakeen adarrak

Almandozen aurreko lanekin alderatuta pelikula hau proposamen konbentzionalagoa izango zela irakurria nuen eta, izan, bada, baina ez zait iruditu horregatik asko gutxitu denik ikusleari eskatzen dion inplikazioa: Oreina-n, publikoak igarri behar ditu gauza asko, pantailan ikusten duenari beretik erantsi, eta hortaz, geruza ugariko lan baten aurrean gaude, ageriko interpretazioei ihes egiten dien pelikula baten aurrean.


2018-09-25 | Zero Zabor
Zubietako martxaren biharamunean, errausketaren aldeko jardunaldia antolatu du GHK

Kontraprogramazioa oraingoan egun batetik besterako tartearekin egin dute GHKko estrategek. Igandean izan bazen Zubietako erraustegirako martxa –hain irudi esanguratsuak utzi dituena–, biharamunerako zeukaten prestatua ‘Waste to Energy: Hondakinen kudeaketa Europan‘ jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean.


2018-09-25 | ARGIA
Aman Komunak Sarearen deia: "G7 hautsi, goazen borrokara!"

Aman Komunak sareak datorren abuztuaren 25etik 27ra Miarritzen iragarria dagoen G7 munduko gailurra dela eta borrokarako deia egin du. Jarraian irakurgai zabaldu duten oharra osorik.


2018-09-25 | ARGIA
250 eragile eta pertsona ezagunek OkupaTU Gasteiz Eguna babestu eta Udalaren "zentsura" salatu dute

Fermin Muguruza, Gorka Aginagalde, Irantzu Lekue, Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Juanito Oiarzabal, Blanca Urgell eta Green Valley dira, batzuk aipatzearren, datorren urriaren 6an egingo duten OkupaTU Gasteiz Eguna babestu duten pertsona ezagunetako batzuk. Jendea gonbidatu dute egunean parte hartzera eta Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleorrek eskainitako agertokia eskertzeaz gain, Udalaren debekua "zentsura" gisa definitu dute.


2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
"Esku Harriak: Oteizaren (h)aria" sormen lanaren bertsioa estreinatuko dute urriaren 3an

Iruñean egingo den Garaikide 2018 izeneko zikloaren baitan eskainiko dute MugMus laborategiaren emanaldi berria.


2018-09-25 | Uriola.eus
I˝igo Cabacasen familia eta lagunei babesa adierazteko manifestua

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egingo da goizeko 12:30ean Bilboko Kafe Antzokian.


2018-09-25 | Guaixe .eus
88 guardia zibil eta 27 ibilgailu azken 4 atxiloketak egiteko

“Ihes egiteko arrisku nabarmena” zegoelako, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioko agindua bete eta garagarrilaren 5ean Guardia Zibilak Altsasuko auziagatik epaitutako Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen atxilotu zituen.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude