Argia eta ardi beltzak


2018ko uztailaren 01an
Milazuloak duen hypericina osagaiak sortzen du gaitza. Azienda guztiek sufritzen dute, gutxi gehiago: behor, ardi, eta batez ere behikundeak. Belarra jan ondoren, animaliaren azalean pilatzen da. Azalean delarik eguzkiaren argiak kalteak sortzen ditu. Björn S. via Wikimedia Commons.

Urte sasoi hau iristen den guztietan arreta erakartzen didan landare familia da Hypericum-tarrena. Eguzkia bere harroenean den egun hauetan haren antza nabarmena duten loreak erakusten dituzte, tente gora. Sendi horretakoen artean etxekoena milazuloa dut, Hypericum perforatum. Bere izen mordoak dio zenbateraino geurea dugun: milazilo, milasilo, milaxilo, ausiki-belarra, osto argal, epai-belarra, erle-belarra, likurusa, likurusna, bihoztxo, santio-belarra...

Erabilera ugari duen sendabelarra da: astenia psikikoa eta depresioa tratatzeko, lasaigarri gisa, zauriak eta ebakiak osatzeko... Ona da, bai, baina txar askoa izaten ere badaki, agidanean.

Ameriketan eta Australian ez dute ikusi ere egin nahi, aziendarentzako kaltegarria denez, inbaditzailetzat izendatua dute. Belar hori jaten duen aziendak fotosentikortasuna garatzen du. 1787an Cirillok aipatu zuen, eta “ardien pozoin azkarra” deitu zuen. 1833an Hertwigek abereen arazoa zela-eta bazka-gaitza-eguzkia lotura azpimarratu zuen. XX. mendean barrena frogatu dira kate honen begiak: Ray 1914, Bhum 1941 eta 1964 eta abar.

Milazuloak duen hypericina osagaiak sortzen du gaitza. Azienda guztiek sufritzen dute, gutxi gehiago: behor, ardi, eta batez ere behikundeak. Belarra jan ondoren, animaliaren azalean pilatzen da. Azalean delarik eguzkiaren argiak kalteak sortzen ditu. Alergia antzeko erreakziotik hasi; begi ondoan, belarrian eta muturrean hanturak ondoren, eta infekzioetaraino, eta, ez jateko ez edateko gauza ez dela, hil daiteke. Aste batzuk irauten du prozesuak.

Kalte handiena noiz egin dezakeen ederki neurtua dute: hamalau gradutik gora, bero eta lehor denean eta arratsaldeko zazpiak aldera. Urte sasoi txarrena ekain aldea da, lore pipilak sortzen ari denean. Kontuz ilea moztu berria duten ardiekin. Arabeek ez dute behor zuriekiko zaletasunik, eta kolore argiko edo pigmentua galdutako zatiren bat badu behorrak, tabako zukuarekin edo hennarekin ilunduko dute. Italiako Taranton, ardi beltz hutsez osaturiko artaldeak zituzten, landare madarikatu hori zela medio. Noski, milazuloa bera eguzkizalea da, eta karea duten lurrak maite ditu. Hezetasuna eta itzala ez zaizkio gustatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
2019-06-16 | Jakoba Errekondo
Bearri-karatsa

Bearri-karats esaten diogu hemen belar bati, Asarum europaeum. Lurretik binaka atera eta gehienez ere arrabete luzatuko den hostoak belarri itxura ederra duela ezin uka. Era berean, kirats edo karats nabarmena hedatzen du: mina, kanforra gogorarazten duena, ia okaztagarria. Izen... [+]


2018-03-25 | Jakoba Errekondo
Aitañi pixontzi

Udaberrieroko gogoari ezin eutsi aurten. Neguak gorritutako belaze batzuk berdetzen hasi ordurako urteko lehen soinekoa janzten dute, jantzi ikusgarria, hori-horia. Lore multzo borobil nabarmena irekitzen du txikori-belarrak (Taraxacum officinale) sasoi honetan. Jose Maria de... [+]


Eguneraketa berriak daude