Ikurrina betaurrekoetan

15M mugimenduak indar handia hartu zuen Bartzelonan ere, elite ekonomiko eta politikoaren aurkako protesta gisa.
15M mugimenduak indar handia hartu zuen Bartzelonan ere, elite ekonomiko eta politikoaren aurkako protesta gisa.

Fisika kuantikoak, fisikaren arloan egindako ekarpenez gain, subjektuaren eta objektuaren arteko egiturazko harremana utzi zuen agerian. Subjektuak objektua eraikitzen duela bistarazi, eta mundua ulertzeko erabiltzen zen gerturapen bakar eta absolutua zen metodo cartesiarra ezbaian jarri zuen.

Feminismoak aspaldi azaleratu zuen gure begiraden partzialtasuna; kontzienteki betaurreko moreak jantzi, eta munduari patriarkatuak sortzen dituen botere harremanetatik begiratzea proposatu zigun. Egun, badakigu betaurreko morerik gabe, patriarkatuaren zentzu komunak ematen diola izena izanari, ez baitago begiralearen begietatik at existitzen den errealitaterik. Begiraleak eraikitzen du begiratzen duen hori. Arre edo so.

Kataluniako prozesu independentistak estatuko taula politikoa irauli du: Ilusioa, gorrotoa, nahasmena eta lilura barreiatu ditu estatuko zein Europako alderdi eta eragile gehienen artean, bereziki, arrazoi bat dela edo bestea dela, emantzipazioa helburu duten mugimendu politiko edo lurraldeetan.

Nahasmena nabarmena da estatuko ezker estatalista zein euskal subirautzazaleen artean, eta nago, nahasmen honek, 78ko erregimena eraisteko ireki zaigun aukera bertan behera utzi, eta erreakzio zentralista demofobikoari ateak irekiko dizkiola, parez-pare.

Nahasmen honen iturburua bi esparru politiko hauek prozesuari begiratu eta ulertzeko erabiltzen dituzten betaurrekoetan dago, zehazki, betaurreko horien kristalek daukaten kolore gorri-hori edo berde-txuri-gorrietan, hau da, subjektuak, objektua begiratzeko orduan daukan kokagune aprioristikoan. Batzuentzat –ezker espainiarzaleentzat– arazo dena, besteentzat –euskal subirautzazaleentzat– ezinbesteko baldintza da, eta badirudi biek ala biek muturren aurrean daukaten aukera galtzen ikusiko dutela, bakoitzaren “errealismo magikoak” liluraturik, eta burgesia katalana prozesuan egotearen arrazoiak arazotzat edo ezinbestekotzat ulerturik.

Zer pasa zen 10.000 lagunek parte hartu zuten 2011ko Diadaren, eta milioi bat eta erdi bildu zituen 2012koaren artean?

Azken egunotan askotan entzun da “errealismo magiko” kontzeptua, batez ere Katalunian aldarrikatzen duten revolució dels somriures-aren inguruan aritzeko, eta batez ere, hain zabalduta dagoen uste horren ezinezkotasuna azpimarratzeko. Euskal Herrian ere errealismo magikoa oso hedatua dagoela dirudi, Katalunian gertatzen ari den independentzia prozesua ulertu eta bere alde egiteko garaian. Badakigu, jazotakoaren diagnostikoaren zehaztasuna dela ekiteko orduan gehien eragiten duen aldagaia. Eta nago, orain arte diagnostikoa egiterakoan elementu bakarra erabili dela, gure egitura politikoan nagusi dena: naziotasuna.

Galdetu al du inork zein den arrazoia 2002an “Independentzia kontzeptu zaharkitua eta oxidatua da” esan eta Espainiako monarkia defendatzen zuen Artur Masek eta bere alderdiak independentziaren bandera hartu, eta prozesu honen buruan jartzeko? Galdetu al du inork zer pasa zen 10.000 lagunek parte hartu zuten 2011ko Diadaren, eta milioi bat eta erdi bildu zituen 2012koaren artean? Galdetu al du inork zer dela eta egon zen prozesua pikutara joatear CUPek ez zuelako Artur Más “President” izendatu nahi? Eta zer dela eta egon zen prozesua pikutara joatear CUPek ez zituelako inora ez zihoazen aurrekontuak onartu nahi? Axola al du? Axola al zaigu? Galdetuko al diegu?

Artur Mas eta Nuria Gisbert helikopteroz iritsi behar izan ziren Parlamentura, murrizketen aurkako protesten ondorioz.

Euskal errealismo magikoa alde batera utzi, ikurrinaren koloretako betaurrekoak erantzi eta independentzia prozesu honen erraien oinarri materialak identifikatu eta aztertzeko garaia da; umiltasunez, ulertzen ez dugula aitortu eta galdetzen hasteko momentua da honako hau. Bihar baino, gaur hobe.

CUPeko militante Josep Manel Busqueta eta Pau Llonchek Crític egunkari digitalean argitaratutako hiru artikuluetan azaldu bezala, ekonomia kapitalistaren egiturazko krisi multidimentsional batean aurkitzen gara. Beren hitzetan, gure esparru geografikoan bederen, alternatiba liberal edo sozialdemokraten eskutik irteerarik ez duen krisi kapitalista da.

Azken urteotan krisi ekonomiko honen ondorio politikoak parez-pare agertu zaizkigu, bai Europan zein AEBetan: ordura arteko hitzarmen sozialaren deuseztea, austeritate politiken bidez gertatu den pobreziaren hedatze izugarria eta estatuen subirautzaren desagerpena eraginez –Grezia da erakuslerik argiena–. Honen guztiaren ondorio argiak ditugu ultraeskuinaren igoera beldurgarria, Trump, Le Pen, Brexit, Poloniako gobernu arrazista eta abar. Okerrena da krisiari langile klaseak emandako erantzuna izan dela hori guztia.

Katalunian ere krisi ekonomikoaren inpaktua oso latza izan zen –eta da–, hainbat faktoreren ondorioz: bere egitura produktibo desindustrializatua, kokapen geografiko periferikoa, estatu espainiarrean duen enkaje prekarioa eta bertako agintariek ezarritako politika neoliberal eta austerizidak. Azpimarratzekoa da CiUren gobernuak 2010eko hauteskundeak irabazi ondoren, krisiari erantzuteko hartu zituen erabakien norabidea. Murrizketak egin zituen ongizate estatuaren zutoin nagusietan, hala nola, hezkuntzan, osasunean, funtzionarioen soldatetan, eta hau guztia gainera, alderdiaren ustelkeria argitara ematen ari zen bitartean: Palau kasua eta %3-aren afera besteak beste.

Katalunia eta bereziki Bartzelona ezagutzen duen edonorentzat ez da harrigarria izango horrelako murrizketek eragin zuten borroka zikloaren tamaina irudikatzea, aipatutako sektoreetako langileek piztutako borrokei –langile publikoen grebak, medikuen desobedientzia ekintzak kontsultak itxarongeletan egiten, hezkuntzako langileen greba eta protesta gogorrak– M15 mugimendua gehitu zitzaiolarik. Maiatzaren 15eko mugimendua ere ezinbesteko mugarria da egungo prozesua ulertzeko: plazetan hilabete luze eutsi, indarrak metatu, eta erregimen politiko-ekonomikoari hortzak erakutsi zizkion, Kataluniako kasuan, aturem el parlament ekintza masibo zein erradikalean egikarituz, murrizketa basatiak onartu behar zituen parlamentuko saioa blokeatuz eta Mas helikopteroz sartzera behartuz. Honek guztiak, elite ekonomikoen mesedetan kudeatzen ari zen krisi ekonomikoa, boteredunen krisi politiko bihurtu zuen, eta Kataluniako harreman sozial kapitalisten birsortze dinamika egonkorra ezbaian jarri zuen.

Dominazio harremanen bizirauteak behar duen legitimitate politikoa bukatu zen. Diskurtso, promesa eta marko berriak ezinbestekoak bihurtu ziren ordura arteko botere harremanek jarrai zezaten. Dominazio nazionalari aurre egiteak eragingo lukeen espainiarren kontrako talkaren, eta krisi kapitalistak eragiten duen klaseen arteko talkaren artean Kataluniako botere egiturek, politikoek batez ere, hautua egin zuten: Independentzia. Edo, independentzia prozesua. Prozesua batez ere, Processisme bezala ezagutu dena. Honek ahalbidetu dio PDeCATi –eta Masi JxSI inposatuz– jendartean ez zuen ordezkaritza eta indarra, erakundeetan mantentzea. Orain ulertzen al da zer pasa zen 2011ko eta 2012ko Diaden artean? Orain ulertzen al da zergatik ez zuen CUPek Mas presidente izendatu? Orain ulertzen al da zergatik ez zituen CUPek lehenengo aukeran aurrekontuak onartu? Orain ulertzen al da CUPek prozesuari egindako ekarpena?

Duela 15 urte independentziazaletasuna %10aren bueltan zegoen herrialde honen independentzia prozesua hertsiki dago lotua krisi kapitalistak eragin dituen kontraesanekin, baita beroni eskaintzen zaizkion irtenbideekin ere.

Espainiar ezkerzaleek ikusi nahi ez badute ere, eta euskal subirautzazaleek arrazoi marjinaltzat hartzen badute ere, duela 15 urte independentziazaletasuna %10aren bueltan zegoen herrialde honen independentzia prozesua hertsiki dago lotua krisi kapitalistak eragin dituen kontraesanekin, baita beroni eskaintzen zaizkion irtenbideekin ere. Eta ez balizko etorkizun batean, baizik eta hemen eta orain, prozesuaren alde burutu diren bi greba orokorrek (eta bide mozketek...), CNTk, CGTk eta CDRek hartu duten protagonismoak erakusten duten moduan. Edonola ere, azken hilabeteotan agertu den espainiarzaletasun berriaren klase konposizioak erakusten duen moduan, JxSí-ren bidez PDeCATek mantendu duen lidergoak galga jarri dio independentismoaren hazkundeari, identitate espainiarra duen langileriaren zati handi bat kanpoan geldiarazi, eta independentismoak %48a gainditzeko duen zailtasuna egiturazkoa bihurtu baitu, antzina PSUCek lideratzen zuen Bartzelonako gerriko gorria, C’s-en gerriko laranjarekin aldatuz.

Hau guztia gurera ekarriz, atera ditzagun ikasgaiak eta aprobetxa dezagun muturren aurrean agertu zaigun aukera. Utz diezaiogun elkartasun keinuak egiteari, eta ireki diezaiogun bigarren frente bat erregimenari. Antagonismo politikoa egikaritzeko garaia iritsi zaigu, independentzia, “adierazle huts”en abstrakziotik –gazteleraz “significante vacío”–, errealitate materialetan konkretatzeko beharra daukagu. Demokrazian eta naziotasunean oinarritzen diren diskurtsoak garatu, sakondu eta gainditu ditzagun eta has gaitezen egunerokoan kolpatzen gaituzten dominazioei ematen dizkiegun erantzun praktikoak, subirautza esparru bihurtzen, askegune materialak eraikitzen. Subirautzaren ideia jendarte gatazketan kristalizatu, eta gehiengo sozialaren behar eta desioak hemen eta orain egi bihurtzen.

David Fernándezek dioen moduan, egun eta hemen ez dago Demokraziatik Askatasunera dagoen bidea egiterik, has gaitezen bada, Askatasunetik Demokraziara dagoen bidea arakatzen. Kataluniak erakutsi digun bezala, auzi nazionala eta soziala ez baitira txanpon beraren bi aurpegi, txanpon bakar baten, daukagun txanpon bakarraren, aurpegi bera baizik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude