"TV3 eta Catalunya Ràdioren bila joango dira"

“Kataluniako garai erabakior hauetan, hainbat medio erabakitzeko eskubidearen aurka ari direla argi ikusten da, eta beraz, mugimenduak gertatzen ari dira: jendea hedabidez aldatzen ari da, El País gisako hainbat mediotan zutabegileak zentsuratzen edo joaten ari dira, medio berriak sortzen ari dira... Kataluniako gizartea berkokatzen ari da, eta hedabideak horren isla dira”. La Directako kazetari David Bou eta Jesús Rodriguezekin bildu gara, hedabideen prismatik abiatuta, egoera aztertzeko.

Hedabide publiko eta pribatuak bereizten dituzte analisirako. Pribatuen alorrean, prozesuaren beroan hainbat medio digital sortu edo aurretik existitzen zirenak indartu dira. Hor aipatzen dituzte El Mon, Nació Digital eta Vilaweb adibidez. “Hedabide hauek  diru-laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta albisteak sortu eta sortu ari dira, asko biralak, proiekzio handia emanez soberanismoaren kontakizunari”, dio Bouk. Hedabide hauek harpidedunak irabazten ari dira beren hitzetan.

Txanponaren beste aldean, papereko egunkariak. Rodriguezen hitzetan, azken sei urteetan Bartzelonako kioskoen erdia inguru itxi dute, eta egun, paperak ez du hainbesteko eraginik: “Egunkariak medio digital bilakatzen ari dira, eta egunkarien salmenta ia %70 jaitsi da”. Bere hitzetan “prentsa idatzia hilzorian dago”, eta El Periodico eta El País gisako egunkariak ez badituzte itxi, batzuek hori gerta ez dadin dirua jartzen ari direlako da. La Vanguardiari negozio arazo bat ikusten diote: bere irakurlegoa prozesuan sartuta dago, zuzendaritzak berau suntsitu nahi duen bitartean. Hortik hitzak neurtu beharra, milaka harpidedun galdu nahi ez badituzte.

Herri mugimenduei eta protesta sozialei arreta handiagoa jartzen dien La Directako kideak pozik daude. Harpidetzetan gora ari dira, eta jende berria proiektura erakartzeko aukera ikusten dute egoera politiko honetan. Erreferendum eguna jorratzeko, aurretik greba orokorretan hasitako bidetik, hemeretzi kolektibo eta herri hedabidek indarrak batu zituzten Agència UO (Urriak 1 Agentzia) sortzeko. Guztira 150 lagun aritu ziren lanean egun horretan. Zer hobetua ikusten badute ere, halako ekimenen potentziala argi dute: lanera jende berria aktibatu eta bertan trebatzeko aukerak handiak dira. Aurrera begira, beren lekua berregiten ari direla diote, makro-politikak hartu duen dimentsioa ikusita, eta beste hedabide batzuekin albiste kopuruan ezin dutela konpetitu jakitun, beste eztabaida batzuk mahai gainean jartzeko arrakalak irekitzeko egin nahi dute lan. “Orain gizartea oso harbera dago eta zer gertatzen ari den ulertzeko iturri eta ikuspuntu berriak bilatzen ari da. Aukera bikaina da gurea bezalako proiektuentzat, ehunka milaka lagun daude burua zabalik”.

Hedabide publikoak jo-puntuan

TV3 eta Catalunya Ràdiok albistegien esparruan duten nagusitasuna oso esanguratsua iruditzen zaie Rodriguez eta Bouri: “Albistegien kulturak erabakitzen du gertatzen ari denaren eta ez denaren marko mentala. Horregatik joango dira, goiz edo berandu, TV3 eta Catalunya Ràdioren bila”. 155 artikulua aplikatu eta autonomia bertan behera utzita, aginte-kate eta egitura politiko kontuagatik, Lehendakaritza kontseilaria erori ostean, honen azpian TV3 eta Catalunya Ràdioko buruak daudela gogoratzen dute. “Denaren bila joango dira”.

Herritarrek orokorrean TV3 ez dutela arriskuan ikusten uste dute. “Ez naiz inoren gainetik jarriko moralki, baina batzuetan inozentzia puntua dagoela iruditzen zait. Halere, esan behar dut oso harrituta nagoela ikusita mobilizazioak zein puntutara heltzen ari diren, jendea eskolen atarietan egon baitzen eta jipoituta atera asko. Dena den, uste dut ez garela kontziente zer nolako tamaina hartzen ari den guztia. Gure belaunaldia ez gara hain egoera zailean sekula egon, ez ditugu imajinatu ere egiten gertatuko diren gauzak, gertatzear dago”, dio Bouk.

“Nora doa hau?” galderari erantzun gordina eman dio Rodriguezek: “Hemen unionistek ez dituzte hauteskundeak irabaziko. Katalunia indarrez hartu beharko dute. Zazpi urteko prozesuaren nekea neke, azken hilabetean gertatu den guztiarekin harri bat bezain gogor dago bi milioi pertsonatik gorak osatzen duten blokea, eta 155. artikulua aplikatuta, gehiago. Alderdi independentista guztiak ezin dituzte ilegalizatu, hori egiteko, estatu kolpe bat fundamentuz ematen duzu. Halere, errepresio maila traumatikoak aplikatzeko gai dira”, dio kazetari zailduak. Bere ustez, hildakoak badaude baliteke klase ertainek borroka utzi nahi izatea, baina kontrakoa ere gerta daitekeela dio. “Nik ez dut garbi ikusten nola kontrolatuko duten lurraldea. Agian Bartzelona kontrolatzera hel daitezke indar guztia horretara jarrita, baina Katalunia osoa?”.


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude