Askatasun haizea

Joxi Ubeda Goikoetxea
2017ko urriaren 01a
Kalima. Glaukoma. Bonberenea Ekintzak, 2017

Glaukomak beste urrats bat egin du aurrera Kalima hirugarren lan luzearekin. Disko bikoitza da, lan bikaina, Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Joseba Ponceren diseinuarekin ederki osatua. Betiko Glaukoma dela antzeman daiteke kantuetan, baina helduagoa, zuzenagoa, gordinagoa, gogorragoa.

Reggae eta rap erritmoak eta doinuak dira nagusi, dancehall eta raggamuffin aireak ere ageri dira, beren kantuetan ohi den bezala, eta rock ukituak ere antzeman daitezke, aurreko lanetan baino nabarmenago.

Haien bidez, bidegabekeriak eta jendartearen gaixotasunak dituzte hizpide, boterea, faxismoa, kapitalismoa, ustelkeria, zapalkuntza, arrazakeria, errefuxiatuen tragedia, gerrak, historiaren manipulazioa, generoaren eraikuntza soziala, ongizate espejismoak, lan eta bizimodu eskasa, maitasun faltsua, indibidualismoa, itxurakeria... Eta begirunea, berdintasuna, adierazpen askatasuna, memoria historikoa, nor den bezala izatea eta bere burua onartzea, eta nork bere buruarekin pentsatzea eta erabakitzea aldarrikatzen dute.

Besteak beste, hauxe diote: “Migranteen hilobi Mare Nostrum, bitarten magnate baten yatea Pasaiako portun; Siriako esklabuk ez al du zuk daukezun jabe bea?” (Fire –they’re commin–), “Kale bazterretan miseria Historia jaten ai da; itsu-mutu-gor-en garaia, galdera gabeko mende baten kronika” (Kalima), “Eztao generoik genitaletan, egitura mentala da; nortasunen banaketan, zu woman eta ni man, bakoitza bere ziegan; kapitalai halaxe komeni zaio, dominazio sistema bereizketan jaio da” (Gure kaiola), “Artalde honen parte izan baino lehen izango naiz nere Jaungoikoa” (Intro).

Kalima-k hesiak eta mugak gainditzen ditu. Protesta, salaketa eta aldarrikapen oihuak biltzen dituen lanbroa da, beroa, eta askatasun haizeak mugitzen du.

Bonberenea gainezka zegoela aurkeztu dute irailean, eta hurrengo emanaldietara ere lagun ugari bilduko da: Arrasateko gaztetxean urriaren 5ean, Bilboko Stage Live aretoan urriaren 7an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan urriaren 28an, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean azaroaren 4an, Bartzelonako Apolo aretoan azaroaren 18an eta Ondarroako Beikozini aretoan azaroaren 25an. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Disko kritikak  |  Disko kritikak

Disko kritikak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude