Kooperatibak lurraldearen defentsarako lanabes

  • “Maseual identitatea bizitzeko modu bat da, sentitzeko modu bat, jokatzeko modu bat, nire bizitza da”. Horrela definitu du Maria Luisa Albórezek Tosepan Titataniske kooperatiben elkartea. 40 urteko ibilbidea duen mugimendua da Tosepan, kooperatibismoa, maseual identitatea eta lurraren defentsa oinarri dituena.

Maseual herria Mexikon dago, Puebla estatuko ipar-ekialdeko Cuetzalan herrian. Puebla hiriburua atzean utzi, eta behe-laino itxiak kolore berdez zipriztintzen dituzten mendiek, pinudiek eta belardiek Euskal Herria dirudite. Errepide estuek, kolorez betetako etxeek eta umiltasunez betetako irribarreek gogorarazten dute ordea, handik oso urrun dagoela. Cuetzalan herrira ailegatu eta 10 minutura dago Tosepan Titataniske kooperatiben elkartea.

Tosepan Titataniske: “Elkarrekin irabaziko dugu”

1980. urtean sortu zen Tosepan Titataniske Kooperatiba Elkartea (“elkarrekin irabaziko dugu”, nahuatl hizkuntzan): “1970eko hamarkadaren amaieran, azukrearen uzta oso urria izan zen eta asko garestitu zen; oinarrizko produktu hau herritarrek ezin zuten erosi. Orduan, San Miguel Tzinacapan eta Xeloxochilco komunitateetan nekazarien dendak sortu zituzten azukrea prezio baxuagoan lortzeko. Arroza, babarruna eta halako oinarrizko produktuak ere saltzen hasi ziren eta denda horiek kooperatiba bihurtu ziren. Cuetzalan herriko beste komunitateetan jarri zituzten martxan horrelako kooperatibak, eta kooperatiben elkartea sortu zuten”. Horrela bizi izan zuen hasiera hura Yolita Argueta Tosepan komunitateko irakasleak.

Kooperatiba horietan, herritarrek beren kontsumorako erosten zituzten produktuak, eta ondoren, nekazariak produktu horiek ekoizten eta saltzen hasi ziren. Hasieran, azukrea ekoizten hasi ziren, baina gaur egun, kafea, pipermina, eztia, kanela, platanoa, ardoa, likoreak eta eztiarekin egindako bestelako produktuak ere saltzen dituzte kooperatiben bitartez.

40 urtean asko hazi da Tosepan eta gaur egun 430 kooperatiba baino gehiago daude 29 herritan. Horiez gain, herrialde guztiko bazkideei zerbitzua eskaintzen dieten zortzi kooperatiba ere sortu dituzte; horien artean daude irratia, hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza lantzen duena, turismoaz arduratzen dena, kredituak eta aurrezkiak banatzen dituena, emakumeak elkartzen dituena eta banbua saltzen duena, besteak beste.

1998. urtean sortu zen aurrezkien eta kredituen kooperatiba. Bazkideek beren aurrezkiak gordetzen dituzte eta aurrezki horiek ematen dizkiete bazkideei, kreditu bidez: “Bazkide bakoitzak diru kopuru txiki bat ezarri zuen eta 630.000 peso bildu genituen. Gaur egun, 300 milioi peso lortu ditugu kooperatiba horren bidez”, azpimarratu du Aldegundo González Tosepan kooperatibako Formakuntza Zentroko arduradunak. Kooperatiba horren bidez funtzionatzen du etxebizitzaren programak: “Aurrezkien kooperatibak kreditua eskaintzen die etxebizitza eraiki behar duten bazkideei, eta interes-tasa oso baxua da. Programa horren bidez, 15.000 etxebizitza baino gehiago egin ditugu azken 10 urteetan”, azpimarratu du Gonzálezek.

“Lurra lantzea da herrialdea defenditzeko modu bakarra”

Maseual herriaren ezaugarririk handiena da ama-lurra zaintzea: “Tosepan komunitatean kooperatibismoaren balio unibertsalak landu ditugu urte horietan, baina 2013. urtean, maseual herri indigenaren mundu ikuskera definitzen duten balioak gehitu genituen: konfiantza, bihotz ona izatea eta lanean ari garen ingurua zaintzea, hurrengo belaunaldiei guk jaso dugun moduan itzultzeko”, azaldu du Aldegundok.

Gobernuaren proiektu hidroelektrikoari aurre egiteko eraikitako kanpamentua.

Azken urteetan, mehatxu handiak dituzte herrialdean. Peña Nietoren gobernuaren baimenarekin, proiektu hidroelektrikoak, meatzeak eta energia elektrikoa lortzeko azpi-estazioa eraiki nahi dituzte Pueblako ipar-ekialdeko mendikatean. “Badira hamar urte proiektu horien inguruko informazioa dutela, baina guri ez digute inolako informaziorik eman. Cuetzalan herrian goi-tentsioko lineak egin nahi zituztela ohartu ginen, baita lau meatze hidroelektriko ere. Presidenteak eta gobernuak esan ziguten proiektu horietatik lortutako energia komunitateentzat dela, baina herritarren gehiengoak energia elektrikoa dauka”, baieztatu du Isabel Bautista herrialdearen defentsan lan egiten duen kideak. Proiektu horiei aurre egiteko antolatzen ari dira komunitateak. “Proiektuaren berri jakin genuenetik hasi ginen informazioa biltzen, agintariekin bilerak egiten eta herrialdearen defentsaren inguruko asanbladak egiten”, azaldu du Bautistak, proiektu horietako bati aurre egiteko eraiki duten kanpamentuan. Helegitea sartu zioten proiektuari eta momentu honetan geldi dago.

 

 

Ez dira fio ordea: “Cuetzalan herriaren kanpoaldean, energia elektrikoa lortzeko azpi-estazioa egiteko proiektua dago. Azaroan, manifestazioa egin genuen gelditzeko eskatuz. Egun horretatik aurrera lanak has zitezkeela esan ziguten, eta momentu oro bertan egon behar genuela erabaki genuen. Lanak hasiz gero, herriari abisatzea da gure zeregina. Herriaren batasuna da indarra, eta indar hori komunitate guztiena da”, nabarmendu du Bautistak. 2013. urtetik aurrera, komunitate guztietako kideek asanbladak egin dituzte proiektuaren aurka. Hemeretzigarren asanblada egin zuten apirilaren amaieran, eta herri indigenetako kideek erabaki zuten energia burujabetzaren aldeko urratsak ematen hastea: “Helburua da energia elektrikoa ematen diguten kable horietatik deskonektatzea eta proiektu horiek egiteko arrazoiak gutxitzea”, azpimarratu du Gonzalezek.

20 urte maseual identitatea indartuz

Tosepan kooperatibako lurretan nahuatl hizkuntza hitz egiten dute eta ezagutza eta erabilera gutxitu egin zela ohartu ziren. 20 urte daramatzate identitatea indartzeko lanean: “Identitateaz ari garenean, hizkuntzaz, dantzaz eta ama-lurraz ere ari gara, eta horiek guztiak dira garrantzitsuak”, adierazi du Gabriel Vázquez irakasleak. 2006. urtean, Tosepan eskola sortu zen. Ez da beste eskolak bezalakoa, eta hori argi dute Tosepaneko kideek: “Nahuatl identitatearen espiritua, energia eta mundu-ikuskera lantzen ditugu eta hori da Tosepan metodologiaren bidez lantzen ari garena”, azaldu du Vázquezek.

Tosepan eskolako haurrak.

Nahuatl hizkuntzaren egoera oso delikatua da oraindik eta argi dute lanean jarraitu behar dutela: “30 urte dituen pertsona batek nahuatl hizkuntza hitz egingo du ziurrenik. Ikasleen adina jaisten den heinean, batzuek hizkuntza hori hitz egiten dute, baina beste batzuek ez. Hiru urtetik 30 urte bitarteko herritarren %28k ez du nahuatl hizkuntza hitz egiten”, azaldu du Gonzálezek.

Galera handiena haur eskolan dago eta urte hauetako zeregin handiena material didaktikoa sortzea izan da: “Asko sortu dugu urte hauetan. Hainbat proiektu jartzen ari gara martxan gure hizkuntzan lan egiteko materiala sortzeko”. Proiektu horien artean daude hiztegia eta Maseualpedia proiektua. Nahuatl hizkuntzaren dokumentazio lana hasi zuten eta 8.245 kontzeptuko hiztegia sortu. Kooperatibako ikerketa taldea herrialdeko zuhaitzen, landareen eta loreen inguruko informazioa lortzen aritu da, eta informazio hori guztia Maseualpedia izeneko webgunean biltzea da beren helburua, herritarrek nahi dutenean kontsulta dezaten.

Bizitza ona helburu

Hurrengo 40 urteetako helburua bizitza ona lortzeko urratsak ematea da, eta horrek gauza asko hartzen ditu bere baitan. Horrela azaldu du Paulina Garrido Tosepan Kooperatibako presidenteak: “Alde batetik, identitateari dagokion zatia dago: zein garen, nolakoak garen eta nola bizi nahi dugun ikusi behar dugu, baina era berean, kooperatibaren balioak zabaltzen jarraituko dugu, ekonomia solidarioa, lan komunitarioa eta elikadura burujabetza eta energetikoa oinarri dituzten praktikak indartuz”.

Pierre Beaucage antropologoak dioen moduan, pertsona txikiek gauza handiak egin ditzakete elkarrekin eta horren adibide garbia da Tosepan Titataniske kooperatiba.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maseual herria
Maseual herria, mexiko
Kooperatiba, lurraren eta hizkuntzaren alde borrokan

Tosepan Titataniske Kooperatiba Elkartea orain dela 42 urte sortu zuten. Maseual herri indigenako kideek abiatu zuten. Mexikoko Puebla estatuko ipar-ekialdeko Cuetzalan udalerrian ari dira garatzen erresistentzia egitasmoa. Ez da kasualitatea izango, Tosepan dagoen lurretan bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude