Antikapitalista, abertzalea eta independentea

Liburu dokumentatu, ausart eta polemikoarekin, Joxe Elorrietak bere burua eta bere sindikatua erretratatu ditu. Bide horretan, ELAko idazkari ohia konbergentzia sindikalaren aldekoa da. Elorrieta antikapitalista da, eta badaki zein den garaitu beharreko etsaia: neoliberalismoa. “Bere-berea duen gaiztakeria” aitortu behar diogu aurre egiteko, bere esanetan. Neoliberalismo hori ez da soilik patronalean ikusten, baita EAEko eta Nafarroako gobernuetan ere, eta haren kudeatzaileekin oso kritiko da egilea: EAJrekin, murrizketa sozialak egin eta jarrera antisindikalista duelako; Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Erekin, “ekonomikoki eta sozialki oso bide motza izan duen aldaketa” ekarri dutelako.

Abertzalea izaki, ELA eta LABen arteko konbergentzia proposatzen du Elorrietak, “prozesu independentista egituratzen lagunduko duen ardatz sendo bat” edukitzeko. Bere ustez, euskal gehiengo sindikalak ordezkaritza maila ia hegemonikoa duenez, izaera aldarrikatzaile eta nazio eraikuntzarekin konprometitua baliatu beharko luke: “Oportunitatea dauka ‘erregimenaren’ agorraldia  agerian uzteko, neoliberalismoa eta estatutismo debaluatua bihurtu baititu bere izateko eta egoteko arrazoi bakar”. Testuinguru horretan, deigarria da Maltzaga-ren kontra duen jarrera. Metafora horrek indar abertzaleek –euren epe luzerako helmuga, ideologia eta gizarte eredua zein diren kontuan eduki gabe– elkarrekin egin beharreko bideari jartzen dio azpimarra. Praktikan, dio sindikalistak, erakunde abertzale guztiek gutxieneko izendatzaile komuna bilatzea “antzua izateaz gain, arrisku handia ere badakar”. Liburuaren hitzaurrean Elorrietak hauxe idatzi du: “EAJren zalantzarik gabeko aukera neoliberalak urrundu egiten du indar soberanisten arteko batura ekar dezakeen ezein agertoki”.

Nazio subiranotasunarekin konprometiturik dagoen arren, egungo alderdiengandik independentea da ELAko idazkari ohia. LABekin egin beharreko konbergentziarentzat, honek Sorturekin eta ENAMekin dituen loturak zama handia direla uste du. Hala, bere iritzian ENAMek emandako bira –autodeterminazioaren aldeko Lizarra-Garaziko baturatik, PSOErekin zeharkako kontsentsu bat izatera igaroz– “akats estrategikoa izan zen, ez baitzuen ibilbiderik nazio subiranotasunari begira”. Orain subiranotasun hori ez omen da lehentasunezkoa ENAMen, bere aburuz.

Ika-mika eta eztabaida sortuko ditu liburuak, ezker zein eskuin, eta ea egia den, Elorrietaren “begirada sindikal” eta politikoa korrontearen kontrakoa den seinale.

Juan Mari Arregi


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


Animalien askapena akademiatik aztertzen

Ertz askotatik landu dute antiespezismoa Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresuan; hala nola literatura, intersekzionalitatea, komunikabideak, zinema eta historia ikertu dituzte. Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay eta Surama Lázaro Terol ikerlariek literaturari... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude