Emakumeak borrokan

Hedabide handiek zentsuratu zituzten eta bere garaipena azaltzen duten Trumpen zazpi proposamen

  • Ignacio Ramonetek artikulu mamitsua argitaratu du Donald Trumpek hauteskundeak irabazi berritan. Bertan azaltzen du hedabide nagusiek Trumpen hainbat adierazpen lau haizetara zabaldu dituztela, baina beste hainbat isilean pasarazi dituztela, AEBetatik kanpoko herritarrei ez jakinaraziz.

Ignacio Ramonet
2016ko azaroaren 20a

1- Kazetariek ez diote barkatzen, hasteko, botere mediatikoari eraso egin izana aurrez aurre. Mitinetan jendea hedabide “desonestoei” txistu egitera etengabe animatzea aurpegiratzen diote. Trumpek esan ohi zuen: “Ez naiz Hillaryren aurka lehiatzen ari, hedabide ustelen aurka ari naiz lehiatzen”. Orain gutxi idatzitako txio batean adibidez, hauxe zioen: “Hedabide ustel eta nazkagarriek modu zintzoan jasoko balute niri buruzko informazioa eta ez baliete nire hitzei esanahi faltsurik txertatuko, Hillaryri %20ko aldea aterako niokeen”.

Beren jarraipen mediatikoa injustua edo partziala iruditzeagatik hautagai errepublikarrak ez zuen dudarik egin eta hainbat hedabide garrantzitsuri prentsa kredentzialak kendu zizkien: The Washington Post, Politico, The Huffington Post eta BuzzFeed. Fox Newsi eraso egiten ere ausartu zen, eskuin panfletarioaren telebista kate nagusiari, nahiz eta honek erabat babestu.

2- Trumpek globalizazio ekonomikoa salatzen du, uste baitu honek amaitu duela klase ertainarekin. Bere hitzetan, ekonomia globalizatua geroz eta jende gehiagori ari zaio huts egiten. Gogoratu du azken hamabost urteetan, 60.000 fabrikatik gora itxi direla AEBetan eta ongi ordaindutako ia 5 milioi industria-lanpostu desagertu direla.

3- Protekzionista sutsua da. Inportatutako produktu guztiei tasak igotzea proposatzen du. “Herrialdearen kontrola berreskuratuko dugu, berriz ere AEB herrialde handi bat izatea lortuko dugu”.

Brexit-aren aldeko pertsona honek argitu izan du, behin presidente hautatuta, AEBak NAFTA hitzarmenetik aterako dituela (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Hitzarmena). TTPen aurka ere egin izan du. “TTPa kolpe hilgarria litzateke AEBetako eskulangileen industriarako”. Ipar ekialdeko Rust belt edo gerriko oxidatuan mezu hau indartsu sartzen ari da, non deslokalizazioek eta eskulangileen fabriken itxierek langabezia maila handiak utzi zituzten.

4- Gizarte segurantzan murrizketa neoliberalen aurkako jarrera ere erakutsi izan du. 2008ko krisi ekonomikoaren biktima diren hautesle errepublikar askok edo 65 urtetik gorako herritarrek behar dute Barack Obama presidenteak garatutako eta beste lider errepublikarrek kendu nahi duten Social Segurity (jubilazioa) eta Medicare (osasun segurua). Trumpek hitz eman du hori ez duela ukituko, medikamentuen prezioak jaisten saiatuko dela, etxerik gabekoen arazoak konpontzen saiatuko dela, zergadun txikien fiskalitatea erreformatzea eta 73 milioi etxe xeheri eragiten dion zerga federala kenduko duela.

5- Wall Streeten harrokeriaren aurka, Trumpek proposatu du dirutzak irabazten dituzten hedge funds korredoreei zergak nabarmen igotzea. 1933ko Depresioan onartutako Glass-Steagall Legea berrezartzea defendatzen du. Lege honek banka tradizionala eta inbertsioak egiten dituen banka bereiztea dakar, lehenak arrisku handiko inbertsioak egitea ekiditeko. Finantza sektore osoa, noski, neurri hau berrezartzearen aurka dago erabat.

6- Nazioarteko politikan, Trumpek aliantza egin nahi du Errusiarekin Estatu Islamikoa eraginkortasunez borrokatzeko. Horretarako Washingtonek aitortu behar badu ere Errusiak Krimea anexionatu izana.

7- Trumpek uste du, zor erraldoiarekin, AEBek ez dutela nahikoa baliabiderik nazioarteko politika indiskriminatua egiten jarraitzeko. Dagoeneko ezin dute bakea inposatu edozein preziotan. Bere alderdiko hainbat kazikek ez bezala, Guda Hotzaren amaieraren ondorio logiko gisa, NATO aldatu nahi du: “NATOko herrialdeek ez dute babes automatikoaren bermerik sekula gehiago izango”.

Proposamen hauek guztiek ez dituzte arintzen hedabide handi dominatzaileek lau haizetara zabaldu dituzten adierazpen ez-onargarri, gorrotagarri eta batzuetan higuingarriak. Baina bere arrakastaren arrazoiak hobeto azaltzen laguntzen dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Donald Trump  |  AEB

Donald Trump kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude