Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk Habanako akordioak Cartagenan sinatzean, jende andana pilatu zen Bogotako Bolívar plazan. Batukadak, mozorroak, kolorea, ilusioa. Sinaduraren ostean, kontzertuak eta parranda ere izan ziren bertan. Festa hori urriaren 2an gainditu egingo zela uste bazen ere, ez da hala izan.
Plebiszituaren ondorioz alkohola edatea debekatzen duen “Lege lehorra” indarrean egon arren asteburu osoan, Bolívar plazan biltzeko deialdia egina zuten, baietzaren garaipena ospatu asmoz. Halakoa zen konbentzimendua, bestela ezin ulertu espektakulu bilakatu zuten sinadura plebiszituaren aurretik egitea. Habanako akordioei Kolonbiak baiezkoa emango ziela zen pentsamendu orokorra. Horrenbeste non, ezezkoaren buru Alvaro Uribek berak esan baitzuen oso nekez irabaziko zutela.
Ezustea iritsi zen ezezkoak bozen %0,46ko aldeaz irabaztean: %50,23 eta %49,77. Dena prest zegoen baietzak irabazi ondoren aurrera egiteko, ezer ez ezetzak irabazi osterako. Orain, zer?
Etsipena eta tristura zabaldu dira kolonbiar askoren artean. Sare sozialak borborrean ziren, baietzaren aldekoen arteko eztabaidak, lotsaren adierazpen etengabeak, itxaropenik eza.
Lau urte luzeko negoziazioen ostean, hainbat gai jorratzen zuen akordioa lortua zuten gobernuak eta FARC-EPk: nekazaritza-erreforma, parte hartze politikoa, gatazkaren amaiera, legez kanpoko laborantza (drogak) eta biktimen gaiak.
Adostutakoa indarrean jartzea besterik ez zegoen –nahiz eta hori izan erronka handiena, hitz egindakoa errealitate bilakatzea–. Koska txiki bat besterik ez zitzaion geratzen, txikikeria bat, plebiszitua. Gobernua eta FARC-EPren komandanteek, hots, gutxi batzuek adostutakoak kolonbiar guztien zilegitasunarekin blindatzea zen helburua. Bazekiten plebiszitua ez zutela erraz gaindituko, baina irudikatutako mehatxua ez zen izan ezezkoaren aldeko bozka, baizik eta abstentzioa. Horregatik, plebiszitua baliogarri izateko gobernuak erroldaren %13an jarri zuen gutxieneko parte-hartzea.
Horrenbesteko garrantzia duen gai bati langa hain baxua jartzeak erakusten du gobernuaren beldur nagusia zein zen. Erroldaren %13 horrek 4,5 milioi bozka esan nahi du, eta azkenean, 13 milioi inguru izan ziren, uste baino dezente gehiago. Hala ere, erroldaren %37,43k bozkatu du soilik.
Santos presidentearenak dira hurrengo esaldiak: “Ez bada onartzen [akordioa plebiszituan] ez da ezer egingo akordioak gauzatzeari dagokionez. Eta zer egin behar dut nik? Jaun hauek oihanera itzuli eta duela sei urte egiten genuenera itzuli”, edo “Ez nago behartuta, baina nire hitza beteko dut, ezezkoak irabaztekotan amaitu da akordioa”. Gobernuko negoziatzaileen buru Humberto De la Callek esana: “Herriak ezetz badio, amaitu da prozesua”. Eta azkenik, Carlos Antonio Lozada gerrillaren negoziatzailearen hitzak: “Ez dago Habanan adostutakoa birnegoziatzeko inolako aukerarik”.
Horixe zen ezkertiarren arteko beldurra, ezezkoak irabaztekotan, uribismoaren itzulera ote? Hots, azenarioa baztertzekotan, makila ote erantzuna? Hori ulertzeko, jakin beharra dago Santos Defentsa Ministroa izan zela Alvaro Uriberen gobernuan (2002-2010) eta beraz, uribismoak Kolonbiako ezkertiarren artean sortutako izuaren itzulera ez dela erokeria, Santos bera izan baitzen izu horren erantzule zuzena, nahiz eta orain kontrako papera jokatu. 2000. urtean FARC-EPren soldaduak 20.000 ziren, eta ELNrenak 7.000, 2010ean, 7.000 ingurura murriztu ziren FARC-EPrenak, eta 2.000ra ELNrenak gobernuaren erasoen ondorioz besteak beste; Uriberen gobernuak lotura nabarmenak izan ditu egitura paramilitarrekin, eta horiek 1995 eta 2005 bitartean (gatazkak 50 urte baino gehiago iraun ditu) 3.500.000 pertsona desplazarazi dituzte, eta gatazkako sarraskien %58 eragin zuten.
Paramilitarren artean erabilitako esamolde batek adierazten du Santos eta Uriberen politika: “Arraina hil ahal izateko, urarekin amaitu behar da”. Hau da, gerrillak deuseztatzeko bere oinarri diren mugimendu ezkertiarrak ezabatu behar dira. Lema horrek adierazten du iragandako hamarkadan Kolonbiako gizarte zein mugimendu politiko ezkertiar, feminista, indigena, nekazari, langile, ekologista, giza eskubideen aldeko, ikasle, gazte eta abarrek jasandako oldarraldia, eta ondorioz, izua.
Horrexegatik plebiszituaren osteko etsipena. Kolonbiako gatazka sozialak, FARC-EP eta ejertzitoko soldaduetatik harago, heriotza ugari eragiten jarraituko du, zoritxarrez. Abuztuaren 27tik (akordioa prest zegoela iragarritako eguna) irailaren 21era bitarte gutxienez 22 ekintzaile, nekazari eta indigena hil zituen eskuinak hilketa selektiboekin.
Eta orain zer?
Emaitzak jakin ostean, Rodrigo Londoño Echeverri, FARC-EPko buruak, Santosek eta Uribek su-etenarekin, negoziazioekin eta akordioekin jarraitzeko nahia adierazi zuten. Horrek esan nahi du inork gutxik duela, itxuraz bederen, Kolonbiako gerraren gordinenera itzultzeko gogoa.
Lehen biena ulergarria da, baina Uribe zergatik agertu da prest orain akordioei berrekiteko, kanpaina guztian akordioen aurka azaldu denean?
Bada, geroz eta argiagoa da azken bake prozesu honek –herrialdeko historian hamaikagarrena– Kolonbiako jokaleku politikoa eta militarra eraldatu dituela. Badirudi prozesu honek oinarri sendoak aurkitu dituela herrialdeko gizartean. Mende erdi luzearen ostean, armek Kolonbiako gatazkari irtenbidea ekarriko diotela uste dutenak geroz eta gutxiago dira, baita uribisten artean ere.
Jada 2010ean, bake prozesu bat hastearen inguruko iritziak Uribe eta Santos bereizi zituen. Lehena, lur-jabe handiek osatutako oligarkia tradizionalaren buru da, “etsai komunista” kosta ahala kosta ezabatzearen aldekoa. Santos berriz, oligarkia “modernoaren” buru da, zeinak uste duen Kolonbian gatazka armatua amaituz gero, negoziazioak medio badira ere, askoz errazagoa izango dela eredu neoliberala txertatu eta herrialdearen ondasunak ustiatzea.
Habanako akordioak garatu ahala, atzera egin ezinezko bilakatu dira eta denak ohartu dira akordioen osteko Kolonbian bakoitzak edukiko duen pisua eta indar-harremana akordioetan edukitako paperak baldintzatuko dituela. 2018an izango dira presidentetzarako hauteskundeak.
Ikuspegi horretatik, Habanako akordioetako garaileak Santos eta FARC-EP ziren, eta Uribe berriz, beti ezezkoan dagoen marmartia. Plebiszituak aukera ezin hobea eskaini dio, ordea, azken horri. Ezezkoak irabazita, Santosek eta Timochenkok eskua luzatu diote Uriberi Habanan parte hartzeko. Uriberen diskurtsoa FARC-EPren kontrako gupidagabetasunean oinarritu bada ere, zer axola zaio gerrillari batzuek beteko dituzten kartzela urteak, jokoan dagoena Kolonbia gobernatzea bada?
Uribek aukera paregabea jaso du Habanako mahaian kolpea eman, bere hitza eta irudia bertan txertatu, eta berriz ere Kolonbiako eszenatoki politikoko erdigunean kokatzeko.
Timochenkok esan zuen Cartagenako diskurtsoan hitza izango dela hemendik aurrera Kolonbian gatazka politiko-soziala konpontzeko arma; hori baieztatzea gehiegi esatea da, nabarmen, eta Habanako akordioek Kolonbiako gatazka konponduko dutela gezur hutsa. Hala ere, eta gatazkaren eboluzioa nolakoa izango den esatera ausartu gabe, egia da egun Kolonbian entzuten diren tiro hotsak geroz eta gutxiago direla, eta Habanan adostutakoak, eta batez ere, bakoitzak bertan izandako paperak eratuko duela, hein batean, etorkizuneko Kolonbiako jokaleku politikoa.
Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.
Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena
Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.
Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.
Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki
Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]
Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.
Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.
Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]
Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]