Diru-sarrerak eta hauteskunde promesak


2016ko urriaren 02an

Hauteskunde kanpainak, finantza krisien erdian, gero eta gehiago ardazten dira promesa sozio-ekonomikoen inguruan, boto-emaileen interesa hortxe baitago. Euskal hauteskundeetako kanpainan ere gai horiek izan dira protagonista. Baina ia inork ez du kuantifikatu –eta hori oso larria da– promesok ekonomikoki zer ekarriko duten, eta zehazki nola lortuko dituzten horiei erantzuteko diru-sarrerak.

Ezkerretik eskuinera, alderdi politiko guztiek hitz eman dute enplegua sortu eta langabezia gutxitzea; enplegu duina prekarietateari aurre egiteko, enplegu publikoa lantaldeak bizi-berritzeko. Zenbaitek agindu dute langabezia %10etik jaistea, eta beste zenbaitek milaka lanpostu sortzea. Batzuk eta besteak gazteen arteko langabezia borrokatzearen alde agertu dira; Lanbide Heziketa eguneratzea izan da promesetako bat, baita emigratu behar izan dutenei etxera itzultzeko bideak irekitzea ere.

Berdintasuna prometitu dute emakume eta gizonen artean. Ekonomia produktiboa izan dute ahotan, espekulazioa madarikatuz. Ongizate eredua hobetzeko odontologia eta podologia Osakidetzan sartzea ere proposatu du inork. Denek diote iruzur fiskalari gogor egin behar zaiola eta paradisu fiskaletan dagoen dirua laguntza sozialetarako bideratu behar dela. Pentsioak ziurtatu eta handitzearen alde daude denak, mila eurotik gorako gutxieneko diru-sarrera ezarriz gainera.

Bada, orain lurrera jaitsi eta agindutako politika sozio-ekonomiko horiek praktikan jartzeko ordua dute. Eta batez ere, promesak lortzeko diru-sarrerak eta iturri fiskalak bilatu beharko dituzte, batzuk gobernutik, besteak oposiziotik. Ez diezaiotela gero berriz ere Montorori edo dena delakoari errua bota.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude