Legebiltzar berrituan ere, aldaketarako aukera lausoak?

  • Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta batu ditugu EHUko ikus-entzunezko komunikazio eta publizitate sailean irakasle den Estitxu Garai Artetxe (Gordexola, 1985) eta Aztiker soziologia ikerguneko kide Asier Etxenike Ugarte (Orereta, 1979). Elkarrekin Ahal Dugu indar politikoaren sarrerak Eusko Legebiltzarra aldatuko du eta honenbestez, akordio berriak ikusteko aukera izango da.

Aztiker soziologia ikerguneko kide Asier Etxenike Ugarte eta EHUko ikus-entzunezko komunikazio eta publizitate saileko irakasle Estitxu Garai Artetxe. (Argazkia: Aritz Loiola)
Aztiker soziologia ikerguneko kide Asier Etxenike Ugarte eta EHUko ikus-entzunezko komunikazio eta publizitate saileko irakasle Estitxu Garai Artetxe. (Argazkia: Aritz Loiola)

Nola ikusi duzue kanpaina?
Estitxu Garai: Kanpaina oso laburra egin zait, uda tarteko eta hauteskundeak aurreratuta, aurre-kanpainarik ia ez da egon. Oso zaila izan da Espainiako agendatik askatzea eta kanpaina abiatu denean, orduan hasi da hemengo gaiei buruz hitz egiten.

Asier Etxenike: Espainiako Kongresuko saltsa guztia urtebetez luzatu da, orain markoa aldatu eta inoizko epe laburrenean jendeak bere burua berriro kokatu beharko du. Hori berria da. Boto dualaz –hauteskunde motaren arabera botoa aldatzea– hitz egiten da, Euskal Herrira iristen ari dela Katalunian ohikoa izan dena. Dualitate horretarako ere marjin txikiagoa eman digute. Eraginak ikusteko daude.

Jendea nekatzen ari da hauteskundeekin ala galdetuak izatearekin pozten gara?
A. Etxenike: Jendea nekatuta dago, bereziki Espainiako Estatuan urtebetez gauza beraz hitz egiten aritu beharraz: presidentea egongo den ala ez. Halere, erabakiak hartu behar direnean jendeak behar demokratiko hori sentitzen du. “Ni ez banaiz joaten beste batzuk joango dira” moduko ideiek indarra hartzen dute eta azkenean aukera txar guztietatik onena bozkatzera joaten da lagun asko.

E. Garai: EAEn askok ez dakite hauteskundeak direnik ere, bereziki gazteen artean. Badirudi politikaz asko hitz egiten dugula, baina gero zer neurritan ez ote da oso eremu konkretuko jendea? Interesak ez ote daude beste toki batean? Ez dakit lortu den hauteskundeak bereiztea, orain bozkatuko dena beste kontu bat dela ikusaraztea. Abstentzioaren datuak oso garrantzitsuak izango dira.

Inkestek eragin handia dute kanpainan eta arma gisa erabiltzen dira. Azken aldian zenbait inkesten oso iragarpen okerrek mesfidantza sortu dute askorengan.
A. Etxenike: Gauza bat dira inkestak, beste bat estimazioak eta beste bat publikatzen dena. Estimazioak ez dira zientifikoak. Inkesta elektoraletan jende askok berez ez dizu egia esaten edo ez dizu erantzun nahi. Zailtasun handia dauka eta bakoitzaren interpretazioak pisu handia du.

Publikatzen dena eraikuntza soziala da eta sekulako indarra dauka. Azken hauteskunde europarren ostean bi urtez izan ginen hauteskunderik gabe, tarte horretan sekulako gorakada ematen zitzaion Podemosi eta denok egiatzat hartu genuen, maila batean ala bestean. Argitaratu zenetik errealitatera jauzi handia zegoela argi geratu zen gerora. Estimazio puntual batek eduki dezakeen manipulaziotik harago, nahiz eta zintzotasun guztiarekin egin, ezin duzu inoiz ziurtatu hori benetan horrela izango denik. Nik nahiago nuke hiru hilero horrelako inkestak egin, joerak ikusteko, horiek dira eta garrantzitsuenak.

Asier Etxenike:
“Inkestei buruz publikatzen dena eraikuntza soziala da eta sekulako indarra dauka”

E. Garai: Inkestak arma politikoak dira gaur egun. Inkestei esker, besteak beste, barneratu egin da boto dual hori egon egongo dela. Orain hiru hilabete eztabaida politiko guztietan zalantzan jartzen zena, orain jada barneratuta daukagu. Ez da kasualitatea inkestak ugaltzea. Inkestek duten sukalde lan horri buruz, soziologoek atzean egiten dutenaz ezjakintasun handia dago.

Kanpainetako beste zutabeetako bat hedabideak dira. Nola ikusi duzue beren jarrera, eta bereziki hedabide publikoena?
E. Garai
: Gauza txar guztiak hedabideei egoztea ez litzateke zuzena, baina panorama mediatikoak eragin handia dauka euskal gizartean. Espainiako hedabideek gurean dituzten audientziak ikustea besterik ez dago. Ezkerreko erreferenteak ere hortik sortu dira azken aldian. “Telebista = manipulazioa” eskema barneratua zuten zenbait sektoretan orain mezu batzuk filtro barik barneratzen ari dira.

Hedabide publikoek aniztasuna bereziki zaindu behar lukete eztabaida politiko guztietan, gizartearen ispilu izaten saiatu, iritzi-emaileen kopuru eta izaera aldetik. Tranpak badira, noski, eta kazetarien profiletan, adibidez, desoreka handia dago.

Emakumeen presentzia kanpainan handitu da. Itxura ala lorpena?
E. Garai: Borroka feministaren ondorioa da. Egiteko asko badago ere, herri honetan zorionez gero eta zentralitate handiagoa hartzen ari da feminismoa eta horrek alderdi politikoetan ere eragiten du. Halere, alderdi politiko gehienen erreferente nagusiak gizonezkoak dira. Hauteskundetako EAJren kartelak ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

A. Etxenike: Emakumeen bozka irabazi nahiagatik, erreferentzia berriak sortzeko gogoagatik edo feminismoan sinesten dutelako, edozelan ere, borroka feministaren lorpena da. Halere, alderdien benetako bizitza ez da karteletan ikusten dena. Ardura politikoak, aholkulariak eta beste aztertuz gero, gizarteko beste egituretan baino desoreka handiagoak daude alderdietan.

Estitxu Garai:
“Emakumeen presentzia kanpaina honetan borroka feministaren ondorioa da”

Gatazkaren ondorioek eta identitatearekin lotutako gaiek kanpainan presentzia galdu dutela dirudi lana edo justizia sozialaren mesedetan.
A. Etxenike: Etiketak jartzea eta sailkatzea korapilatsua da. Horren arabera badirudi talka dagoela kontu identitarioen eta sozialen artean. Nire ustez, dikotomia hori faltsua da neurri handi batean. Beste arrazoi batzuen artean, Euskal Herrian ezkerreko mugimendurik handiena identitarioa delako eta hauteskunde hauetan ere indarra izango duelako.

Krisiak eta neoliberalismoak ziklo politiko berri bat ekarri dute, eta burujabetzarekin lotutako gaiek pisua irabazi dute. Termino demokratikoetan dago kokatuta eztabaida, baina horren azpian elementu identitarioak, kulturalak, linguistikoak, nazionalak eta bestelakoak daude. Nolabaiteko konfiantza dago horiek berez bide onetik doazela, ezer egin gabe gauzak hobetuko direlakoan. Hizkuntzaren berreskurapena da adibiderik esanguratsuena, eta beraz, gai horietan gatazka gutxiago ikusarazten da. Hor nahasmendua eta noraeza dago, baina ez da gai horiek pisu txikiagoa dutelako.

E. Garai: Ados Asierrekin. Akats handia litzateke alderdi abertzaleen partetik, ardatz identitarioa galtzea. Diskurtsoa termino demokratikoetan planteatzea zentzuzkoa da eta jendeak ikustea erabakitzeko eskubideak euskaldunei hobeto bizitzea ekar diezaiekeela, baina horrek ez du esan nahi izaera, hizkuntza, edo bertako kulturarekin lotutako funtsezko aldarrikapenak alboratu behar direnik. Ikusten dut badagoela tentazioa diskurtsoa handik urruntzeko. Euskal Herrian ezkerrekoa edo iraultzailea eta euskaltzalea izateak, adibidez, guztiz egiten du bat.
“EAEn Espainian baino hobeto gaude” ikusmoldeak zenbateko pisua du?

A. Etxenike: Alderaketa hori da estatu egiturarik ez edukitzearen adierazlea. Datu ekonomikoek etengabe marko horretan kokatzen gaituzte, Espainiaren barruan erkidegoka banatuta. Nahiz eta kudeaketan daudenek hori azpimarratu nahi ez izan, berez etortzen zaizkigu. Etengabe marko horretan mugitzen gara. Horrek badu guretzat autokonplazientzia puntu bat. Besteak baino hobeto ei gaudenez, lasaitasuna ematen du eta borrokatzeko grina apaldu. Hemen boterea dutenek oso ondo kudeatzen dute hori. Podemos eta EH Bildu ideia horri eraso egiten saiatu dira eta EAJ orduan hasi da Europako bataz bestekoarekin alderatzen. Horrek ere ez du zentzu handirik, estatu zehatzekin alderatu beharko bailitzateke. Datuek komunikatiboki kriston pisua daukate eta politikariek ere gustuko datuak baino ez dituzte erabiltzen.

E. Garai: Espainiarekin konparatzean datuak positiboak izan ohi dira. Europako beste herrialde batzuekin erkatuta, ordea, azpitik gaude. Hor tranpa dago. Ikuspuntu independentista batetik badu potentziala, arlo sozialari dagokionez. Hau da, hemen gauzak beste modu batean egin daitezke eta egun ez dira egiten estatu egitura batek galarazten duelako. Alderaketa horiek badute indar diskurtsiboa. Beste kontu bat da gure erreferente bakarra Espainia izatea. Hori kaltegarria iruditzen zait.

Estitxu Garai:
“Pena da kanpainan ez egotea presenteago gobernu aldaketa eman daitekeela, ilusioa sor zezakeen”

Araban eta Gipuzkoan alderdien arteko leiha biziagoa da, baina Bizkaian, aurreko hauteskundeetan Podemos garaile izan bazen ere, EAJk berriz aise irabaziko duela dirudi.
A. Etxenike: EAJko buru batek behin esan zidanarekin erantzungo dizut: EAJ oso kudeatzaile ona da, zerbitzuen ikuspegi batetik. Eta herritarra ohitu da administrazioari hori eskatzen. Hori ongi egiten duzun bitartean, hor egongo zara. EAJk gaitasuna du fokuak baretzen komunikatiboki min handia egin gabe, eta horri erantzuten diote Bizkaiko emaitza onek. Gatazkarik ez da sortzen, gehiengoak status quo-aren, egonkortasunaren eta lasaitasunaren alde egiten du. Beste herrialdeetan alternantziak egon direnez, balizko aldaketek ez dute beldur hori sortzen, eta gainera, gatazkak eta higadura sortzeko aukera gehiago dago. Bizkaian Espainiako hauteskundeetan ez dago arazorik Podemos bozkatzeko, beste zerbait erabakitzen zelako, baina hemengo hauteskundeetan EAJ bozkatuko du askok.

E. Garai: EAJk oso ongi daki hitz egiten bere boto-emaile potentzialei. Kudeaketa eta egonkortasunaren ideiak oso hedatuta daude. Egonkortasuna erakundeetan zerbait positibo gisa proiektatzen da. EAJk ongi kudeatzen duela dio, Espainiaren antitesiaren gisara. Alternatiba proposatu nahi duten guztientzat erronka da hemen ere injustizia handiak daudela erakustea eta horien ordezkaria instituzioetan EAJ dela, bere kudeaketa modua. Hor egon liteke gakoa Bizkaian eta hirigune handietan jendearekin konektatzeko.

Espainiako estatuan Podemosek sortu zuen aldaketaren ilusioa gainbeheran datorrela dirudi. Nola eragingo du hemen?
E. Garai
: EH Bilduren “hemen bai” leloak hori ordezkatzen zuen, Espainian ezin dela aldaketarik eman, eta hemen bai. Desilusio horrek eragina izango du hauteskunde hauetan. Podemosen fenomenoa marka parametroetan aztertu behar da. Politikan dagoen joera orokorra da: erabakiak ez dira hartzen hainbeste mezuak aztertuta, baizik eta sentsazio orokorren bidez. Podemosen horrek eragin handia izan du. Nik uste higatuta heldu direla. Pablo Iglesias etorri zen eguna kenduta, oso jende gutxik hartu du parte Ahal Duguren kanpainako ekitaldietan.

A. Etxenike: Podemosen bat egin dute gauza askok. Oso bozka emozionala izan da. Egun osoa pasatzen dugu haserre, lanean nekatuta... horregatik futbolak du arrakasta, noizean behin irabazle sentiarazten zaituelako. Politikan ere horrek asko funtzionatzen du eta Podemosekin lerrokatzea erraza zen. Espainiako hauteskundeetan PP kentzeko aukera zela zabaldu zen gainera. EAEko hauteskundeetan, ordea, beste gako batzuk sartzen dira: ez da PP kendu behar eta emozionalki ere behera etorri da Podemosek beste herrialdeetan izan dituen emaitzengatik. Gainera, hautagaiarekin ez dute asmatu. Helburu zuten ezker abertzalearen bozka kopuru handi bat bereganatzea, eta horregatik hautatu dute Pili Zabala, baina nire ustez, ez du funtzionatu. Ikusteko dago ea mobilizatzeko gai diren beste boto mota bat, ez hain politizatua edo humanistagoa dena. Orain erakutsiko da neurri handi batean Podemosen oinarria zein den. Nire ustez, sabaia jo dute, gehien bat EAEn.

Asier Etxenike:
“Espainiarekin erkatuz, besteak baino hobeto ei gaudenez, lasaitasuna ematen du eta borrokatzeko grina apaldu. Hemen boterea dutenek oso ondo kudeatzen dute hori”

EH Bildu eta Podemosen arteko ituna posible al da? EAJ eta PSE-EE baino gehiago izatea lortuko dute?
E. Garai: Nire ustez aukera bat galdu da. EH Bildu eta Podemos, EAJ eta PSE-EE baino gehiago izan ahal izatea diskurtsiboki lantzeko aukera ere galdu dute. Posibilitate hori bazterrera eramatea EAJren abilezia iruditzen zait. Podemos eta EH Bildu elkarren lehian sartzea, eta beste eremuak umezurtz uztea akatsa da. Pena da kanpainan ez egotea presenteago gobernu aldaketa eman daitekeela. Ilusioa sor zezakeen. Askotan Podemos Estatuaren tresna gisa ikusten dut, Katalunia eta Euskal Herriari begirako tresna, gose soberanista eta independentistari alternatiba atsegin bat.

A. Etxenike: Nafarroan ozta-ozta gertatu zen aldaketa eta neurri handi batean nafarrek aldaketa mahai gainean jarri zutelako, baina hemen ezinezko ikusten dut. Ez da EH Bilduk nahi ez duelako, baizik eta Madrildik hemengoa kudeatzen ari direnez, oso zaila delako. Nola irudikatuko duzu EAJ erditik kentzea, EH Bildurekin ezer egin gabe? Hemengo Podemosentzat aukera galdua izan dela uste dut.

E. Garai: Iker Casanovak telebistan aipatu zuen EH Bilduk zentralitatea hartuko duela. Batetik, herri proiektua partekatzen du EAJrekin, eta bestetik, ezkerreko ardatz soziala Podemosekin eta zenbait gaitan PSE-EErekin. Legegintzaldi honetan ere akordio batzuetara heldu dira. Interesgarria litzateke emaitzak estuagoak balira EAJren jarrera nola aldatuko den ikustea. Gaur dagoen egonkortasuna ona da EAJrentzat.

Duela bi legegintzaldi EAJri Gasteizko Gobernua “kendu” zioten PSE-EEk eta PPk. Orain EAJren makulu nagusiak izango direla dirudi.
A. Etxenike
: EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo absolutua lortuko, orain arte inoiz ezagutu gabeko egoera da. Gutxiengoan gobernatuko dute eta parean legebiltzarkide mordoa izango dute kontrako posizioan. Ez alderdi bakarra, bigarren eta hirugarren indarrak baizik. EAJ ona da egoera berrietara moldatzen eta Podemosek zer jarrera hartuko duen ezezaguna da. Ez dakigu ea PSE-EEren ordezkoa izango den ala bestelako politika batzuei lehentasuna emango dieten.

Panorama asko aldatuko da. Aukera berriak sortuko dira. EAJk egonkortasun itun bat egitea PSE-EE eta PPrekin, aurrean EH Bildu eta Podemos izanda, oso ezberdina da.

EAJ eta PPren arteko elkarlana posible al da?
A. Etxenike:  Egun nik ez dut ikusten PP EAJ babesten, zentralizazio politiketan murgilduta daudelako. Rajoy gobernuburu jartzeko saioan ez dute EAJren babesa bilatu, Senatuko mahaiaren harira gertatu zena gertatu zela. PP Estatua zentralizatzera doa, berrantolaketa berri batera, eskumen gutxien aitortzera, eta beraz, zail ikusten dut EAJ babestea. Ez dut ikusten harreman horretan egonkortasunik.

E. Garai: Ezinezkoa ematen zuen egoeretan ere ikusi izan ditugu elkarren artean konpontzen. EAJk eta PPk aurkitu izan dute modua akordioak bien gustura irudikatzeko. Ezin dugu pentsatu azken hamarkadetan ezer gertatu ez balitz bezala.

A. Etxenike: Nik ez diot EAJk ez duela gaitasunik edo gogorik, baizik eta PPk ez diela aukerarik emango horretarako. PPri ongi doakio, bipartidismoak alternatibak erditik kendu ditu eta koroarekin egin bezala, aldatu eta aurrera egin dute.

Alderdien indargune eta ahulguneak

Modu labur batean, alderdi bakoitzean zein indargune eta ahulgune ikusten dituzten galdetu diegu Garai eta Etxenikeri. Hemen emaitza.

EAJ
Jarraikortasuna, kudeaketa eta egonkortasunaren kontzeptuetan ikusten du Estitxu Garaik jeltzaleen indargunea. Etxenikek “neurri handi batean berez etorri zaizkien” adierazle ekonomikoen kudeaketa aipatu du. Biak bat etorri dira jeltzaleen ahulguneaz galdetzean: hauteskunde programa ez bete izana. “Erreferenduma agindu zuten 2015erako, ez dute bete eta ez dute azalpenik eman”, dio Garaik. Kontu hau gainerako alderdiek aurpegiratu ez izana ulergaitza egin zaie biei. Etxenikeren ustez, inoiz baino lege gutxiago onartu dira eta ezberdinekin adostasunetara heltzearen leloak funtzionatzen badie ere, neurri batean ez dela bete dio.

Elkarrekin Ahal Dugu
Espainiako marka eta hango erreferentziak dira bere indargunea Garairen ustez. Alderdiaren sorreran hedatu zen olatu horretatik zerbait geratzen zaiela uste du Etxenikek, “horri eusten ahaleginduko dira”. Ahulgunetan hautagai indartsu baten gabezia aipatu dute biek. Bertako egiturak, mezu eta proposamen propioen falta ikusten du Garaik.

EH Bildu
“Mezu politikoa argitzen ari dira eta hautesleriarekin berriz konektatzeko aukera” ikusten dio Etxenikek EH Bilduri. Aurreko hauteskundeetako emaitza txarrak eta hauek utzitako egoera animikoa dira koalizioaren ahulgunea soziologoaren ustez. Garairen ustez indargune da “aurpegi berrien freskotasuna, Otegi kartzelatik atera izana eta zentralitatea irabazi izana”. Halere, ahulgune gisa ikusten du ezker abertzalearen zailtasuna panorama politiko berrian alternatiba Euskal Herrian eta ez Madrilen sor daitekeela ikusarazteko.

PSE-EE
Kanpainaren ardatza Espainian kokatu eta han gerta litekeenean arreta jartzea da sozialisten indargunea Garairen ustez. Halere, gaineratu du hautesleriak ez duela alderdi sozialista ikusten EAJren makulua ez den beste eginkizun batean. Podemosen jaitsieratik agian zerbait arrantzatu dezaketela uste du Etxenikek, baina azken urteetako gainbeherari buelta nekez emango diotela. “Bada azpiko joera bat, soziologikoa, eta ez dute sektore berririk lotzen beren proiektura”.

PP
Inkesta guztiek popularren emaitza txarrak aurreikusten dituzte eta zaila egin zaie biei PPri indarguneren bat bilatzea “Espainiako identitatea eta bandera espainiarra goraipatzetik harago”. Ahulgunetan, Madrildik datorren Alfonso Alonso hautagai zigortua aipatu du Etxenikek. “San Antoneko kasua dela-eta Araban asko mugitu dira gauzak, eta hori gilda baten truke estali nahi izatea, zaila da”. Garaik uste du PPren mezuak Espainiako gizartearekin konekta dezakeela, baina Euskal Herriko errealitatetik oso urrun dagoela. “Inposizioaren eskematik kanpo ezer gutxi dute eskaintzeko eta horrek hemengo joerekin ez du konektatzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
Aste politikoaren kronika
Orokorkerien Euskadi

Hilabete baino gutxiago falta da hauteskundeetarako eta bi aste baino ez kanpaina ofizialki abiatzeko. Lehen bi kolpe kanonikoak eman dituzte dagoeneko. Bata administrazioak, egin baitute zozketa, hauteslekuetan eguna botako duten herritarrena; eta alderdi politikoek bestea, 48... [+]


2024-03-24 | Anuntxi Arana
Barbie hauteskundeetan

Arropa bera luzaz eramatea ez da ongi ikusia, eskasa-edo dateke. Behin, lagun irakasle bati lizeoan ohartarazi zioten bazela ordua jaka berria eros zezan. Aspaldiko joera hori indartuz joan da. Telebistako esatari eta berriemaileek jantzi desberdinak luzitzen dituzte egunero... [+]


Aste politikoaren kronika
Bejondeiela

Pandemia aurretik mugarria ezarri zuena, geurean, Berri Txarrak izan zen; azken kontzerturako sarrerak mila hilabete lehenago ipinita, F5 tekla guztiak izorratu eta webgunea kolapsatu zituena. Pandemia aroan, gero, ugaldu zen txartelak online hartzeko moda, eta ordu luzez ilara... [+]


Aste politikoaren kronika
Infiltratua

Zikindu da aurre-kanpaina. Ertzaintzaren jardun polemikoak hartu du fokua eta, pasa den asteko kronikan iradoki moduan, herritarren eguneroko beste hainbat arazo, norbanakoaren poltsikoari edota osasunari zuzenki loturikoak, alboratu dira beste behin ere. Egia esan, ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude