Gazteluko Plazatik dator notizia

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lerro hauek irakurtzen dituzunerako zenbat aldiz errepasatuko ote zenuen aldizkaria, iraileko lehen zenbakian topatu ez zenuen “Gazteluko Plazatik” atal preziatua oraingoan aurkituko duzunaren esperantza txiki batekin. Imajinatzen zaitut, lagun, orriak alde batera eta bestera, urduritasun puntuari tristura gailendu zaion arte, bigarrenez; jabetu baitzara zenbaki honetan ere ez datorrela Letonaren analisirik.

Segarekin ez, baina igitaiarekin datorrenaren paperean jartzea tokatu zait, eta albistea eman behar dut: euskaldunok, “Gazteluko Plazatik” hil da. Tira, hil... agian bortitzegia da; atala bera bukatu da, baina Xabier Letonak bere zorroztasunez jarraituko du Larrunen ez bada elkarrizketa edo erreportajeren batean orri hauek bete eta irakurlea asetzen.

Sasi-kazetari gazteari beti iruditu zaio politikaz egindako analisiak idaztea ausarta, zaila, eta galdetu dio Letonari, jakin minez, berak nola lortu duen gai eta garai zakarrenetan ere arinkerian geratu gabe zorroztasunez idatzi eta aldi berean oreka mantentzea. Erantzunak datorren generazioari emandako gomendioa gehiago dirudi: norberaren askatasunean sinetsita, ingurukoen, lankideen ikuspegia kontutan hartuta, lehen helburua irakurlea izanda, eta noski, idatzita eta idatzita.

Gazteak irakurri ditu azken artikuluak eta badaki hamar urte hauetan berak hartu duela analisi politikoaren ardura ARGIAn. “Hori ez da konfiantzarekin bakarrik egiten”, pentsatu du. Letonak urteen poderioz lortu du askatasuna, baina baita informazioa ere. Garrantzitsuena lortu du, ordea, informazio hori guztia interpretatzen jakin eta irakurleari modu erosoan adieraztea.

Letonak aurreko kazetariren bati hartuko zion testigua, eta orain berari tokatuko zaio besteren baten eskuetara pasatzea. Karpeta hori itxi da. Baina fase horri agur baino fase berriari ongi etorria ematea tokatzen da orain.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude