ARGIA.eus

2021eko maiatzaren 06a
Euskal instituzioa

Euskal Kosta-Aturri hirigunea gotorleku bihurtu dute Herri Elkargoaren aurkakoek

  • Ipar Euskal Herriko lurralde instituzio politikoa eginbidean dago. Martxoaz geroztik, egunez egun, Herri Elkargo bakarraren proposamena bozkatzen ari dira herriko etxeetan. Berau onartzeko, gutxienez, herri guztien erdiek –158tik 79k– alde bozkatu behar dute. Halaber, alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia –295.993 biztanletik 147.997– ordezkatu behar dute. Euskal Kosta-Aturriko herriko etxeek munta handia dute,  beren boz kopuruengatik eta hirigune eraginkorrena delako. Baionako Herriko Etxeak baietz bozkatu du, Bidartek, Miarritzek eta Angeluk ezetz. 

Mikel Asurmendi @masurmendi
2016ko apirilaren 24a
Ezkerrean, Claude Olive. Angeluko auzapez eta EKAHko presidenteak Metropoli poloa lehenesten du. Argazkia: Isabelle Miquelestorena
Ezkerrean, Claude Olive. Angeluko auzapez eta EKAHko presidenteak Metropoli poloa lehenesten du. Argazkia: Isabelle Miquelestorena

Euskal instituzioa eratzeko eztabaida urte berrian abiatu zen. Herriko Etxeak Herri Elkargoaren “alde”edo “aurka” bozkatzen ari dira astez aste. Pirinio Atlantikoetako CDCIk (Herriarteko Lankidetzarako Departamendu Batzordea/ HLDB) kudeatzen du ekimena. Alabaina, herriko etxeen emaitzak bildu ondoren, Pirinio Atlantikoak departamenduko prefetak (Pierre-André Durand) emanen dio segida ekimenari.

Auzapezen eta hautetsien arteko lehen diferentziak urtarrilean agertu ziren. Adibidez, Lukuze herriko Barthelemy Aguerre hautetsi zentristak (Modem) Amikuze eskualdea Biarnorekin elkartzea proposatu zuen. Proposamena ez zen onartua izan.

Metropoli hirigune-poloa

Otsailean, Herri Elkargo bakarraren kontrakoek Metropoli hirigune-poloa aurkeztu zuten. Euskal Kosta-Aturri Hirigunea (EKAH) osatzen duten Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko hainbat auzapez Herri Elkargo bakarraren aurka dira. 158 herriak erakunde bakar batean (HELEP) bildu ordez, egungo hamar herri elkargoen egiturak egokitzea eta Metropoli bat (MPA) sortzea proposatzen dute. Horien helburua ere, Euskal Herria, Biarno eta Landak lotzea da. Arestian aipatutako Barthelemy Aguerrek ez du amore eman nahi eta Baigorriko auzapez ohi Jean Baptiste Lambertekin bildu zen Donapaleun: 17 auzapez elkargo bakarraren kontra agertu ziren. Euskal Herria defendatzen omen dute, baina HELEP hori handia eta nahasia dela diote: “Erakundearen izaera neurtzeko xehetasunak eskas ditugu”, argudiatu zuten.  

Batera plataforma

Batera Karabana desmartxaren balorazioa egin zuten antolatzaileek martxoaren hasieran. 146 herrietatik pasa zen karabana. Herritarren harrera ona azpimarratu zuten. Elkargo bakarraren aurkariei “nahasmena” sortu izana leporatu zien.

Martxo erdialdean, Angeluko auzapez Claude Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu zuten. Baionako auzapez Jean-René Etchegarayren kargua hartu zuen. Etchegarayk otsailean aurkeztu zuen dimisioa. Arrazoia, besteak beste, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezek haren kontrako frentea osatu izana.

Baionako Herriko Etxeak bai

Martxoaren 19an, udaberriaren atarian, 200 hautetsi bildu ziren Kanbon. Elkargoari buruzko xehetasunez eztabaidatu zuten. Proposamenak aitzina egiteko bi baldintza bete behar ditu: biztanleriaren erdia ordezkatzen duten herriak alde egotea, eta herrien erdiak ere bai. Martxoaren 24an, Baiona hiriburua elkargo bakarraren alde agertu zen: 43 hautetsietatik 28k alde. Aste batean, 75.000 biztanleek aldeko jarrera eman zuten. Aste horretan ere, tentsioa areagotu zen Euskal Kosta-Aturri Hirigunean. Iparraldeko Hirigune nagusiko   herriko etxeak gobernatzen dituzten hamabost hautetsi –aurka dauden auzapezen gobernuetan daude– elkargo bakarraren alde agertu ziren: “Kostaldeak ezin dio Euskal Herriari bizkarra eman”, adierazi zuten.

 Miarritzek ez bozkatu du

Apirilaren 1ean Donibane Lohizunek (14.332 biztanle) bai erran zuen. Bidartek kontra bozkatu zuen (6.566 biztanle). Espero zen bezala, Miarritzeko 22 hautetsi aurka paratu ziren eta 13 alde. Miarritzeko Herriko Etxearen ezezko jarrera arazoan aurreikusi zen (zenbait udalerrik kontsultazko boza eman zuten orduan), bozketa beraz ez zen ustekabekoa izan. Elkargo bakarraren aldekoek diotenez, Miarritzeko ezezkoak ez du herri elkargoaren aldeko joera baldintzatuko. Alta bada, ezezkoen aldekoak estrategia gogorra ari dira lantzen. Esaterako, Miarritzen, bozketa sekretupean egin zuten: 22 boz aurka eta hamahiru alde. Aldiz, beste molde bateko adibidea da Baionako bozketan ikusia: Jean-René Etchegaray auzapezak ez zuen parte hartu izan erabakitzeko eztabaidan. Michel Veunac auzapez miarriztarrak ordea, elkargo bakarraren kontrako alegatua egin zuen.     Durand prefetak proposatutako proiektua “txarra” dela erran zuen Veunacek. Bera lurralde elkargoaren alde dagoela, erran zuen. Auzapez miarriztarrak prozedura salatu zuen: “Lantzen ari den prozedura Frantziako Gobernuak elkargo bakarrari ezetza emateko ‘jukutria’ da”. Proiektu honentzako herritarren agindurik ez dutela entzun, argudiatu zuen bestalde.

Ildo beretik, François Amigorena Miarritz gobernatzen duen talde nagusiko hautetsiak, proiektuari “demokrazia eskasa” egotzi zion. Beste arrazoi bat ere azaldu zuen “EKAHk ordezkapen arras apala izanen du”. Oro har, EKAHren aurka daudenek Lurralde elkargoaren aldeko kanpainan parte hartu dutela diote. Baina, proiektua lantzeko tailerretan garatzen ari den prozedura ez omen dutela garbi ikusi. Adibidez, zerga sisteman arazoak izanen direla diote, xehetasun guztiak ez omen dira argiki emanak.

Les Républicans alderdiko Max Brissonen taldeko Maider Arostegi hautetsiak, elkargoaren aldekoak, horrela erantzun zion: “Tailerretan landu diren gaiak aurreikusitako lege aldaketan oinarritzen dira, eta xehetasunez aztertu dira”. Arostegik gezurtatu zuen prefetak eta legeak herri elkargo bakarra gauzatzea galaraziko dutenik.

Max Brissonek honela berretsi zuen aldekoen argudioa: “Hazparneko tailerretan planteatuko galdera gehienei arrapostu baikorra eman zitzaien. Elkargoa eraikitzeko jarduera politikoan sakondu behar da. Elkargo bakarra sortu ondoren ere, galdera berriak sortuko ditugu eta horiei erantzunen diegu. Michel Veunacek gehiengoa duen gobernuko kide Guillaume Barucq ere alde mintzatu zen. Ordea, hautetsi horrek iragan azaroko jarrera aldatu zuen: “Gure taldekook duda anitz genuen. Horregatik abstenitu ginen. Hazparneko tailerretan jaso ditugun arrapostuen ondoren, beste iritzi bat daukagu: “Miarritzek alde edo kontra egin, hirigune elkargo bakarra sortuko da. Ba ote du zentzurik elkarren aurka etengabe egoteak?”. Euskaraz amaitu zuen hitzartzea: “Euskal Herri Elkargoari bai!”.

Angelu ere aurka

Angelun lurralde elkargoaren kontra bozkatu dute hautetsi gehienek, uste eta espero bezala hemen ere. Bosgarren herria da jarrera hori hartzen. Egiari zor, Miarritze eta Angelu Ipar Euskal Herriko bi hiri handienetakoak dira, hartara, ezezkoak nabarmen egin du goiti apirilaren hasieran.

Miarritzeren antzera, Angelun 35 hautetsik egin dute Herri Elkargo bakarraren aurka, eta hiruk soilik alde. Hautetsi bakarrak zuri bozkatu du. Bozak eman aurretik gaia eztabaidatu zen, eta Claude Olive auzapeza irmo agertu zen elkargo bakarraren aurka. Besteak beste, honako argudioak azaldu zituen: “Elkargo bakarraren proposamenean irizpide demografikoak ez dira aintzat hartu izan”. Halaber, federazio baten aukera lehenesten duela esan zuen Olivek, “Metropoli poloa, adibidez”.   

  Angelu Herriko Etxeak irailean aurre-bozketa egin zuen, kontsultazkoa. Olive auzapezak oraingo honetan agertu duen jarrera tinkoak orduan baino boz gehiago bildu du Herri Elkargoaren aurka. Sandrine Derville, Sylvie Laplace eta Jean-Louis Dulace hautetsiek eman zituzten elkargo bakarraren aldeko boto bakarrak. Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu ondoren, kanpaina gogorrean ari da elkargo bakarraren aurka: “Proiektu bat abian jartzeko, promesa faltsu eta demagogiarik erabiltzen ez duen hautetsi izan nahi dut”, adierazi zuen.

Bozketak herriz herri jarraitzen du

Konparazionerako, Montorik (Zuberoa) eta Landibarrek (Baxenabarre) ezetz bozkatu dute. Haatik, aurkako bozak ez dira baiezkoaren gainetik jarri. Aldekoak. Arbona, Heleta, Ezpeze-Ürdürein, Mendibe, Lekorne, Duzunaritz eta Ainharbe herriak herri elkargoaren aldekoak dira. Baiezkoaren aldekoak, besteren artean.

Bozketetan ezuste handirik ez da izan, oro har, baina izan da aldaketaren bat edo beste. Lapurdiko Getariak, esate baterako, udazkeneko bozketan kontrako iritzia eman zuen, udaberrian, aldiz, emaitza aldekoa izan da modu nabarian: hamabost hautetsietatik hamabik egin dute HELEP bakarraren alde, bik bakarrik aurka. Aldeko botoa ematen duten herrien artean, gainera, aho batez bozkatu duten herriak izan dira, ez biztanle gutxikoak gainera. Hala nola,  Hendaia, Senpere, Ezpeleta, Hiriburu eta Saran egin dute hautetsi guztiek elkargoaren alde. Lapurdiko herriak horiek guztiak. Hala eta guztiz ere, udazkenean baino aurkako boz gehiago eman duen herririk ere izan da. Bidarte da horietako bat. Euskal Kosta-Aturriko (EKAH) hiriguneko partaidea hain zuzen ere. Eta emaitza argia izan da: aurkako 20 boz, aldeko zortzi eta abstentzio bat. Orain arte, aldeko boza aldatu duen herri handi bakarra da. Beste bi herritan ere horixe gertatu da, Etxebarren (Zuberoa) eta Irulegin (Baxenabarre). Nolanahi ere den, hautetsien kopuru orokorrak ez du garrantzirik zenbaketan. Baiezkoa edo ezezkoa ateratzen den hartzen da aintzat.

Baiezkoa oraingoz nagusi

Martxoaren erdiaz geroztik ari dira ematen herriko etxeetako bozketak. Emaitzetan joera orokorra antzeman da orainokoan. Bozkatu dutenen gehiengoa HELEPren alde agertu da, baiezko nagusia, herrien kopuruari zein biztanleriari dagokionean. Apirilaren erdialdean, 43  herri ziren elkargoaren aldekoak, eta 9 aurkakoak. Baiezkoek ordezkatzen duten biztanleriaren kopurua 135.132 zen. Herri Elkargoak gero eta hurbilago dauka helburua: baiezkoa lortu ahal izateko, gutxienez 147.967 biztanle ordezkatzen dituzten herriek eman behar diote oniritzia proiektuari.

Ipar Euskal Herriko elkargoaren aldeko eta aurkako bozketen mapa osatuz doa egunez egun: Lapurdiko Lehuntze, Makea, Arbona, Larresoro, Beskoitze eta Haltsu. Nafarroa Behereko Aiziritze, Azkarate, Baigorri, Arberatze, Donapaleu eta Bastida eta Behaskane. Zuberoko Berrogaine-Larüntze eta beste askok boza emanen dute apirila amaitu orduko. Arberatze, Bastida eta Haltsu izan dira, apirilaren 14an, azken herriak bozkatzen: hirurek alde eman dute. Herriko etxe bakoitzak bozkatze eguna erabakitzen du. Maiatza amaitu arteko epea dute, baina Herri Elkargoa onartzeko behar diren emaitzak lehenago ezagutuko dira. Hots, 147.997 herritar eta 79 herri kopurua gainditutakoan.

Batera plataformako eledun Nikolas Blainen aburuz, HELEPren aurkakoak “desinformazio kanpaina maltzurra egiten ari dira”. Alta bada, Herri Elkargoaren aldeko bozak nagusituko direla dio Blainek: “Iragan udazkenean alde bozkatu zutenek ez dute aurka bozkatzeko arrazoirik”. Egiari zor, alderantzizko jarrerak ere izan dira. Orduan aurka bozkatu zuten zenbaitek alde bozkatu dute orain. Ipar Euskal Herria historiako bihurgune politiko garrantzitsuan murgilduta dago. Euskal instituzioa subjektu bizi-bizia da uneon. Eguneroko gaia solastoki politikoetan.

Helep-erako eskumenak atelierretan sortzen ari

Herriarteko Lankidetza Elkargo Publikoak (HELEP) Hautetsien Kontseiluaren eskutik dihardu. Herri Elkargoaren eskumenak lantzen ari dira kontseiluak antolatutako atelierretan. Gobernantza eta fiskaltasuna bideratzeko eskumenak sortzea da korapilatsuena. Hirigintza, Ekonomia, eta Hizkuntza eta Kultura eskumenak dira orainokoan gehien landutakoak. Hauek ere korapilatsuak dira, hala ere.

Hirigintza-etxebizitza: Gaur egun hamar dira herri elkargoak. Elkargo bakarra osatuko balitz, egungo legeraren araberako hirigintza-eskumena baliatu lezake. Elkargo horietako batzuek eskumena badute, beste batzuek ez. Ongi bidean, Herriarteko Hirigintza Tokiko Planarekin (HHTP) aplikatu litzateke 2017ko urtarrilaren 1etik aitzina. Herriek eta elkargoek eginbidean dituzten hirigintza planekin segi dezakete: “Arazoa da 158 herrietarik batek nahiko balu bere hirigintza plana egin, nahitaez, horrek 158 herriak PLUI bakarrean sartzera behartuko lituzkeela”, azaldu du Lurraren Tokiko Erakunde Publikoko Arnaud Portier zuzendariak. Antza, horrek tirabirak ekar litzake. Ordea, prefetak dioenez, eskumena duen ministerioan atal hori aztertzen ari dira balizko arazoak gainditzeko.

Ekonomia: NOTRE legearen arabera, ekonomia atalaren eskumen nagusia eskualdeen (Erregioak) esku dago, alta, herriek ere eskumena landu dezakete. Adibidez, oraingo herri elkargoek badute lantegien lur eremua antolatzeko eskubidea. HELEPk atal hori garatu lezake, enpresen diru laguntzetan parte hartuz, besteak beste. Eskumena eskualdearen esku dago, baina HELEPk eskualdeko eta tokiko enpresen arteko hitzarmenetan parte har lezake. Mauleko auzapez Mixel Etxebestek –ekonomia tailerreko arduraduna– halaxe dio: “Hitzarmena izenpetu daiteke eta lantzen hasi ere bai. Eskumenaren gaitasuna eskualdearen esku izan arren, gu enpresek behar duten dirua negoziatzeko bitartekariak izan gaitezke”. Etxebesteren hitzetan, eskualdeak erabakia hartu ondoren, komunzki dirua heldu izaten da: “HELEPk eskumena balu, horretaz ardura gintezke”.

Hizkuntza eta kultura: HELEPk hizkuntza zerbitzua finka lezake oraingo euskara teknikarien sarean oinarritua, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) ekimenaren parte izan liteke. Erabakiak Herri Elkargoko hautetsien esku lirateke: “Garrantzizkoena da, eskumena sortzen den une beretik horiek argiak izatea. Herri Elkargoa sortuz gero, eskumen horiek garatzeko nahikaria nahikoa izanen dugu”, azaldu du Baionako hautetsi Jean Claude Iriartek. Bestalde, Kultura sailaren desmartxa ez da oraindik argitu. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) segituko lukeen ala berezko zerbitzua sortuko luketen HELEP berrian, eztabaidagaia da. Estatuak, Eskualdeak eta Departamenduak sostengatzen dute ekonomikoki EKE egun.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Lurralde Elkargoa

Azkenak

ASTEKARIA
2016ko apirilaren 24a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude