Komunikabideetara gutxitan ekarritako herrialdea da Mali (Afrikako ipar-mendebaldean). Nekez bertako bizimodua edo miseria azaltzeko, maizago azken urteetan izandako gatazkak azaleratzeko, iazko Bamakoko hoteleko bahiketa edo 2012ko tuaregen matxinada deiturikoa kasu. Osalde da bertan lanean diharduen euskal erakunde bakarra eta guztiak bizi izan ditu, nahiz eta bere jardunean gehiago eragin duen azpiegitura faltak bestelako gertaerek baino.
“Bikote bat kontsultara dator gaixorik dagoen haurrarekin, anemia duela eta transfusio baterako inguruko herri batera eraman behar dela esan, eta hiru ordu geroago, kontsultatik irtetean, parean jarraitzen dutela ikusten duzu, haurra nola eraman ez dakitela, negarrez. Ez dute eramateko baliabiderik, eta familiari dirua eskatuz gero, haien egoera baldintzatuko dute”. Halakoak sarritan bizi izan ditu Maite Lopezek, Osalde osasunaren aldeko erakundearen baitan garapenerako lankidetzan ari den kideak.
Erakundeak ia sei urte daramatza Malin. Ordurako Hego Amerikan lantzen zituen osasungintza garatzeko proiektuak, elkartearen sorreratik onartu baitzuten kideek osasunak ezin zuela euskaldunon eskubidea soilik izan. Miseriak jotako herrialdeetara joateko premia sentitu zuten eta Malik betetzen zuen ezaugarri hori: Nazio Batuen Garapenerako Programak egindako Giza Garapenaren Indizean azken bigarren zegoen –2014koan azken hamargarren ageri da–. Haurren heriotza tasa oso altua du: bizirik jaiotako 1.000 umetatik 120 hiltzen dira urtea bete aurretik, eta nekazaritza eremuetan kopurua bikoitza da.
Herrialdeko eskualde pobreenean jarri zuen egoitza Osaldek, Koulikoro-n, eta 34 herri txikiz osatutako komuna batean garatzen ditu proiektuak, 35.000 herritarrengana helduta. “Oso konplexua da osasun garapenean asmo handiak lortzea oinarrizko gauzetatik hasi gabe, larrien dagoen eta gutxien duen jendeari eman behar zaio aukera”, azaldu du elkarteko presidente Juan Luis Uriak.
Maliko egoerak behartuta hainbat lan lerro jorratu ditu Osaldek, nahiz eta osasuna izan duen beti abiapuntu. Arlo horretan, azpiegiturak hobetu eta berreraiki ditu: osasun etxe eta kirurgia unitate bana eta amatasunerako bi etxe sortu, eta zentro publiko bat berreraiki eta handitu. Lopezek honela dio: “Eraikitako zentro guztiek eguzki energia eta argia dituzte, lehen erditzeko ere ez zuten argirik. Ura ere badago, eta lehen gaixoak artatu ondoren eskuak garbitzeko ere ez zegoen urik”.
Herritarrei sendagaiak emateko erabili dute aurrekontuaren zati handi bat azken bi urteetan, izan ere, kostuak berreskuratzean oinarritzen da Maliko osasun sistema, beraz, dena ordaindu behar da, horrek dakartzan osasunerako mugekin. “Haur bat gaixotzen bada, familiako buruak erabakitzen du hura medikuarengana eraman edo ez. Ume horrekiko duen loturaren, etxeko egoeraren edo haur kopuruaren arabera erabakiko du zer egin, agian gainerako umeak jan gabe utzi beharko dituelako hura sendagilearengana eramateko”. Doakotasun politika ere ez ei da betetzen: Gobernuak doan eman beharko lituzke sendagaiak bost urtetik beherakoen paludismo, haurdunen paludismo eta malnutrizioa duten bost urtetik beherakoen kasuetan.
Bertan erizainak, erdi mailako teknikariak eta osasun eragileak prestatzen ere erabili ditu Osaldek bere baliabideak, hamar bat urteren buruan, Mali uzten dutenean, orain hasitako lana ezerezean gera ez dadin.
Bizimoduak osasunean duen eraginaren jakitun, hasiera batean osasun garapenari lotuta ez zuten lerro bat ere landu behar izan du erakundeak: ur edangarria lortzeko putzuak egitea, gaixotasun asko ur edangarri eta janari faltagatik baitziren. Duela bost urte herritarren %20ak zuen ur edangarria eta gaur egun %90ak du komunitateko lekuren batean lortzeko aukera.
“Emakume musulmana ez zen aintzat hartzen Maliko gizartean eta hori izan da gure hirugarren lan lerroa”, azaldu du Uriak. Hasieran kosta zitzaien eurengana heltzea, baina beraien parte-hartzea eskatu ondoren, elikagaien segurtasuna landu dute emakumeekin. Lurrak utz diezaieten herrixkako nagusiarekin –zaharrenarekin– hitz egin eta emakumeen baratzeak jarri dituzte, sei herrixkatan banatutako bi hektareako baratze eremua, baita karitearentzako –hala izena duen bertako zuhaitz mota batentzako – bi errota ere.
Osaldek ureztatzeko sistemak jarri eta ereiteko eta biltzeko moduaz hainbat azalpen eman dizkie eta orain bertako emakume elkarteek kudeatzen dituzte baratzok. Bakoitzean ehun eta berrehundik gora emakume artean aritzen dira eta etxe bana ere badute, bilerak egiteko, aleak gordetzeko edo laborantzako tresnak biltzeko.
Emakumeen alfabetatze eta ahalduntzean ere aurreratu dute. 370 emakume banbareraz alfabetatu dira: irakurtzen, idazten eta oinarrizko matematikak ikasi dituzte. Osalde heldu zenerako bazegoen alfabetatutako emakume talde bat eta Bamakoko Hizkuntza Nazionaleko Institutuko irakasle batek beharrezko formazioa eman ondoren, Bamakora (hiriburura, alegia) joan ziren ziurtagiria ateratzera. Senarraren baimena behar izan zuten horretarako eta bakarra geratu zen etxean. Joandako guztiek atera zuten banbareraz alfabetatzeko ziurtagiria eta eurak arduratu dira gainerako emakumeei irakasteaz. “Bamakora bakarrik joatea kontrol sozialetik askatzeko modua izan zen beraientzat, noiz itzuliko garen galdetzen didate oraindik”, aitortu du Lopezek.
Horrez gain, lidergoa lantzeko bi emakume talde eratu dira. “Ehun bat emakume batzen dira, familian, gizartean eta komunitatean dituzten arazoez eta gizartean duten presentziaz aritzeko. Emakumeen autoestimua landu da, baita arazoei aurre nola egin ere”.
Azken urteetan Malin izandako gertaerek ez dituzte Osalderen proiektuak gerarazi. 2012an izan zen gatazkarik gogorrena, Azawaden Nazio Askapenerako Mugimenduak (MNLA) eta hasieran hauei babesa eskaini zieten zenbait islamista taldek iparraldeko Azawaden independentzia aldarrikatu eta eremuko hiri nagusiak (Gao, Kidal eta Tonbuktu) menderatuta, estatu kolpe militarra izan zenean Bamakon.
Tuaregen eta islamisten arteko gatazka hasi zen gero, bigarrenek tuaregen esku zeuden lurrak nahi zituztelako estatu islamista bat sortzeko. Hegoaldera hedatzen joan ziren eta arrazoi hori erabilita, atzerriko indarrek esku hartu zuten, tartean Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak eta Frantziako armadak –gertaera hauen guztien berri irakur dezakezue argia.eus/azawad kanalean–.
Lopezek eta Uriak argi dute Frantziaren esku-hartzearen atzean interes ekonomikoa zegoela. Hau idatzi zuen Lopezek garai hartan Osalderen berripaperean: “Jean Ziegler Elikagaietarako NBEko errelatore izandakoak zioen bezala, Frantziaren helburua, besteak beste, Areva enpresa frantsesaren interesak babestea da. Energia nuklearrean munduko liderra da enpresa hori eta Mali eta Nigerko uranioa ustiatzen ditu”.
Egoera latz hartan iparraldean lanean zebiltzan hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek, Munduko Medikuek edo Gurutze Gorriak adibidez, Bamakora alde egin zuten, proiektuak bertako jendearen esku utzita. Osaldek, bere kokapenagatik normaltasunez jarraitu ahal izan zuen lanean, eta Uriak azaldu duenez, gaur egun Osalde da Malin dagoen euskal erakunde bakarra. Ordutik atzerritarrek ezin dute iparraldera joan ordea, gatazka oraindik ere bizirik dagoelako. “Harremana daukagu hemengo maliarren elkarteekin eta behin eta berriro eskatzen digute sendagaiak eta profesionalak eramateko Gao eta Tonbuktuko ospitaleetara, baina ezinezkoa da, gerra eta kontrol militarrak daude alde guztietan”, azaldu du Uriak.
Badakite hango egoera ez dela egonkorra, baina oraingoz, nahikoa da boluntarioek zenbait neurri hartzea segurtasuna bermatzeko, adibidez, gehiegi ez mugitzea, garraiobide publikoak ez erabiltzea, lagunduta joatea uneoro eta Bamakora ahalik eta gutxien hurbiltzea. Hiriburuko Radisson hotelean iaz jazotako bahiketaren ondoren ere, bi boluntario bidaltzeko asmoa zuen erakunde euskaldunak.
Gerraren ondorioz, 250.000 desplazatu baino gehiago izan dira Malin eta bertako bizi baldintzek ere emigratzea beste irtenbiderik ez diete uzten. Hori da Europako agintarien kezka, Uriak gogoratu duenez: “Frantzia, G8 eta oro har Europarentzat Malin ez zatekeen arazorik izango migrazioagatik eta interes ekonomikoengatik ez balitz. Europari ez zaio interesatzen ezegonkortasunik bere mugetatik hurbil, gatazka armatuek eta ezegonkortasun politikoak jendeak inguruko lurretara alde egitea dakarrelako. Potentzia nagusiek lehengaiak kontrolatzeko sustatutako ezegonkortasuna ez datorkio ongi Europari, ezin du gehiago”.
Horregatik, elkarteko presidenteak oso garrantzitsua deritzo Europak eta gainerako herrialdeek beraien politika sozialak berraztertu eta nazioarteko garapenerako dirua behar bezala banatzeari. Euskal erakundeei ere luzatu die deia: “Harrigarri zaigu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzetan Latinoamerikak proiektuen ehuneko handi bat izatea, herrialde haiek dutenean azken urteetako ahalduntze eta hazkunde ekonomiko handiena. Bitartean, Afrikarako laguntza areagotzea aurreikusi bada ere, ez dira horretan ari”.
Gose, desplazatu eta aukera krisiaren aurrean, garapenerako proiektuak laguntza humanitarioko proiektu bihurtzea aztertzen ari da Osalde, programa laburragoak baina intentsiboak osasun eta elikagaien arloan.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]