"22 urterekin batzokietako zaraman arakatzeko ohitura nuen"

  • Ikerketa kazetaritzaren ordezkaririk nabarmenetakoa da gurean Ahoztar Zelaieta bilbotarra. Egin-eko ikerketa taldean ibilia, ondoren Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan. Geroztik hiru liburu argitaratu ditu: Jóvenes burukides bizkainos (2013, Txalaparta), La casta vasca (2014, autoekoizpena) eta Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria (2015, autoekoizpena). Orain Gabe aldizkari digitala prestatzen ari da Txisko Espinosa eta Nuño Santillanarekin batera.

Pepe Reirekin batera prentsaurreko bat ematen, 1998an.
Pepe Reirekin batera prentsaurreko bat ematen, 1998an.andoni canellada –Ahoztar Zelaietak utzia–

Egin-en hasi zinen kazetari, ikasketak utzita, 1995ean. Ikerketa taldera zuzen?

Garai hartan hautagai gutxi zeuden prest. Ausardia sobera nuen 22 urterekin. Ordurako batzokietako zaraman arakatzeko ohitura nuen. Lanposturako aproposa izango nintzela pentsatu zuen Pepe Reik. 

Egin itxi ostean Ardi Beltza sortu zenuten. Hura 2001ean itxi zuten, eta ondoren sortutako Kalegorria-k ez zuen aurrera egin. 

Egin-en kriminalizazioak, Ardi Beltzaren aurkako ekimenak eta Pepe Rei gaixotzeak Kalegorria-ren bidea ahuldu zuten. Harpidedunak eta lankideak buruan eta bihotzean ditut beti. 

Tentsio handiko urteak izan ziren Egin-en itxieratik Ardi Beltza-ren itxierara artekoak. Nola eragin zizuten tentsio horiek?

Faktura pertsonala oso handia izan da. Umore azidoarekin desdramatizatzen genuen: horren testigu izan zen Guardia Zibila, kasu, topaketa bitxiak izan baikenituen. Garai hartan makarra xamarra nintzen, Arnaldo Otegiri barkamena eskatu behar diot horregatik. 

Kriminologia ikasi zenuen ondoren.

Kazetaritza aktiboa utzi ondoren, kriminologiak ikerkuntzarako tresna eta iturri berriekin jokatzeko aukera eman zidan. Eta lagun handiak egin nituen, “maderoak” eta Basta Ya elkartekoak barne. Euskadiko lehen kriminologo elkartearen jaiotzan parte hartu nuen.

Putetxeen inguruko ikerketa egin zenuen garai hartan.

Mapa de la prostitución en Gipuzkoa (Prostituzioaren mapa Gipuzkoan) egin nuen. Prostituten %90 esklaboak dira. Langile liberala salbuespena da. Gehienek kuota pagatu behar dute eta familia atzerrian dute, mehatxupean.

Azken bi liburuak zuk zeuk ekoiztuta argitaratu dituzu. Hala hautatuta, edo behartuta?

Txalapartarekin ez dago “dibortziorik”, emantzipazioa besterik ez da autoekoizpena. Hincapié eta Fueralacasta proiektuekin lankidetzan ibili naiz. Eta aurrerantzean Gabe izeneko proiektuan ibiliko naiz buru-belarri.

Zertan da egun ikerketa kazetaritza gurean?

Gabe proiektuak, hain zuzen, galdera hori egin dio Euskal Herriari. Ardi Beltza-n nuen helburua kartzelan bukatzea zen, ustelkeriaren aurrean zegoen adierazpen askatasun gabezia nabarmentzeko. Gabe aurrera badoa, nire helburua Urkulluren irribarrea lortzea izango da, haren“miseriak” salatzen ditudan bitartean. Utopietan sinesten dut oraindik. 

Pepe Reik utzitako arrastoa non dago?

Pepe Reiren ikasle fina izan zen gure “sandalio”, David Fernández, CUPeko kidea. Hori baino arrasto arrakastatsuagorik? Hain zuzen, Gabe proiektuan Peperen sendiko “Dalton anaiak” gabiltza Lucky Luke tirokatzeko asmoz. Peperi omenaldia zor zaio, atoan.

Zergatik ez dago ikerketa sailik egun euskal prentsan? Garestia dela esan ohi da baina, ba ote da bestelako arrazoirik?

Tokian tokiko kazetaritza ikerkuntza piloa dago. Baita ikerketak egiten dituzten kazetariak ere. Berria-n eta Argia-n orain gutxi irakurri ditut lan batzuk. Galdetu euskal prentsaren patronalari zer ondorio –ekonomiko eta politiko– ekar ditzakeen ikerkuntza kazetaritza sail batek. Galdetu ikerkuntza egiten duten kazetariei zer nolako presioak jaso dituzten, kanpotik eta barrutik. Galdetu zure buruari. 

Ikerketa, ikerketa-salaketa, muckracking... Zein izendapenekin egiten duzu bat?

Nik “zehaztasun kazetaritza” delakoa nahikoa dut. Filtrazio ikerkuntza gehiegi dago. 

Espainian ustelkeria kasu ugari azaleratu dira azkenaldion. Euskal Herrian ez hainbeste. Gutxiago gertatzen dira?

Euskal Herrian eraso sexista gutxiago dago? Euskaldunak ez gara matxistak? Epaileek eta medioek erregistratutako ustelkeriaz ari gara? Euskadiko Fiskaltzako nagusiak eta Kontu Auzitegiko lehendakariak EAJren ustelkeria azaleratzeko ezintasuna salatu dute. 

Euskaldun ondradua mitoa da, beraz?

Hemendik laburrera EAJko hainbat alkateren kontrako sententziak helduko dira. Beraientzat espresuki egin beharreko kartzelak –ironia da– ate irekiak izatea proposatuko nuke. Bere ardura onartzean ateak zabalik sartzeko eta kalteak ordaintzen bukatzean ateak irekita irteteko. 

Ezker abertzalea libre dago ustelkeriatik?

Obsesio hori zuen Roberto Uriartek, Ahal Duguko buru ohiak, eta nire erantzuna beti berdina da: milaka milioiko aurrekontuarekin dabiltza ehunka kazetari ezker abertzalea ikertzen. Edo profesional kaxkarrak dira edo ustelkeria gutxi dago hor. Nik gutxi lantzen diren esparruak betetzen ditut.

Wikileaks garaia da egun. Zertan aldatu du muckracking-a sareak?

Wikileaks eta halako filtratzaile interesdunekin ez naiz fio. Tantaz tanta ematen den informazioa eta legitimazio patriotiko-demokratikoa ez ditut gustuko. Manuel Castells kazetariaren Poder y Comunicación liburua gomendatu nahi nuke, sare sozialen, hedabideen eta indar politiko-ekonomikoen arteko harremanak ulertzen laguntzen du. Patronal mediatikoaren ahotsak (Iñaki López, Jordi Evole, Wyoming eta halakoak) desmitifikatzeko balio du.

Bihurria

“Apaiz izateari utzitako idazle baten semea, gaztetatik burubero eta bihurri xamarra izan nintzen. Izena Gabriel Arestiri zor diot, aititak Sabino jartzeko asmoa zuen baina berak Ahoztar jartzea lortu zuen. Zentsura garaietan izen germanikotzat hartu zuten erregistroan, eta onartu zuten. Prostitutak, poliziak, konfidenteak eta lapurrak izan ditut bidelagun eta batzuetan lagun. Rap musikari buruzko 121 la voz de los sin voz saioa egiten nuen Tas-Tas irratian. Gizarte salaketarako musika egokia da rap-a. Egunen batean Nik rap euskaraz, zuk zergatik ez liburua idatziko dut”.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 03a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude