"Krisi humanitarioaz ari denean, Europak gehitu beharko luke betebehar legala ere baduela"

  • Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko gatazkek behartuta, milaka biztanlek ihes egiten dute lurralde seguruagoen bila, baina asiloa emateko garaian, errezeloz begiratzen ditu Europar Batasunak, dituen betebehar etiko eta legalei sarri muzin eginez. II. Mundu Gerraz geroztik bizi dugun exodo masiboenaz galdetu diogu Agustin Unzurrunzaga migrazioan aditu eta SOS Arrazakeriako kideari.

Agustin Unzurrunzagaren esanetan, errefuxiatuen eta gainerakoen arteko bereizketa egitea “antzua da: jendeak emigratzen du jaioterrian gaizki dagoelako. Batzuetan gerra dagoelako, bestetan premia larrian delako, etorkizunik ez duelako... Faktore ugariren
Agustin Unzurrunzagaren esanetan, errefuxiatuen eta gainerakoen arteko bereizketa egitea “antzua da: jendeak emigratzen du jaioterrian gaizki dagoelako. Batzuetan gerra dagoelako, bestetan premia larrian delako, etorkizunik ez duelako... Faktore ugariren nahasketa da”.

Errefuxiatu kopuruagatik larrialdi egoera deklaratu du berriki Mazedoniak, ACNUR eta NBEren arabera, Europar Batasunera bidean aurten 180.000 errefuxiatu inguru iritsi dira Serbiara eta beste 265.000 Mediterraneoko kostaldera. Egungo egoerari dimentsioa emate aldera, zenbateraino da ezohikoa hau guztia?

Krisi handi baten aurrean gaude. Baina Europaren joera da esatea krisi humanitario baten aurrean gaudela eta laguntza humanitarioa ematea dagokiola, eta horri gehitu beharko litzaioke betebehar legala ere baduela, Europak akordio ugari dituelako sinatuak eta onartuak nazioartean. Konpromisoak hartuak ditu Giza Eskubideen Deklarazioan, 1951ko Genevako akordioan… nazioarteko asilo eta babes sistemari lotuta, eta askotan ez ditu betetzen.

Europar Batasunak Dublin II arautegia darabil, baina ez du asiloa emateko sistema baturik eta hori arazo potoloa da. Aspalditik salatu dugu Dublin II sistema, ez duelako jendearen borondatea errespetatzen: giza eskubideen aldarrikapenak dio norberak eskubidea duela asiloa non eskatu erabakitzeko, baina sistema bateraturik gabe, aipaturiko arautegiaren barruan errefuxiatuak asiloa eskatzen du iristen den herrialdean, eta adibidez Greziara iristen bada han geratu eta itxaron beharko du, jakinik administrazio kontuak urtetan luzatzen direla, eta herrialde bakoitzeko prozedurak oso ezberdinak direla epetan eta erabakitan (baiezkoa edo ezezkoa ebazteko orduan, esaterako). Egun, iristen denak ez du segurtasun juridikorik EB barruko herrialde guztietan berdin tratatua izango dela bermatzen dionik.

Hain juxtu, Merkelek eta Hollandek politika bateratua aldarrikatu dute. Arduraz, errefuxiatuak birkokatzeko kuoten beharraz… ere mintzatu dira, baina joan den apirilean Mediterraneoan 1.400 migratzaile hil ostean gauza berdinak entzun genizkien agintariei, eta ondoren adostu zutena ordea mugen kontrola areagotzea eta pertsonen mugikortasunari trabak gehitzea izan zen; herrialde bakoitzak hartu beharreko pertsonen kuotak ezartzea ere ez zuten lortu azkenean.

Bai, urteak daramatzate berdina errepikatzen. François Hollanderen 2009ko artikulu bat irakurri dut eta asilo sistema bateratua, segurtasun juridikoa eta abar eskatzen zituen, baina presidentetzara iritsi ostean ez du ezertxo ere egin. Horrelako krisi bat bizi behar izan dugu berriz ere urak astintzeko. Alemania aztoratu egin da jende gehienak bertan nahi duelako asiloa, eta kezkatuta daudenez badirudi Frantzia eta Alemania inplikatu egin direla eta aurrerapausoak eman daitezkeela.

Krisiari erantzuteko nahikoa aurrerapauso?

Ziurrenik motz geratuko dira, kontuan hartuta erabakiak hartzen hasi direla arazoak eztanda egin duenean, aldez aurretik neurriak hartu beharrean. Dublin II hankaz gora jarri eta sistema bateratuaren aldeko apustua egin beharko da, eta Europak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta, bizpahiru urte iraungo ditu prozesuak.

Erregistro zentroak sortzea nahi dute Merkelek eta Hollandek, “baldintzak betetzen ez dituztenak” euren jatorrizko herrialdeetara lehenbailehen itzultzeko.

Bai, asiloa edo babesa behar dutenen eta gainerakoen artean bereizketa garbia egin nahi dute, eta bertako biztanleriaren zati baten aurrean ondo geratzeko diskurtsoa da hori, “babesa behar dutenak hartuko ditugu, gainerakoei egurra”, baina praktikan sarri hori ez da batere erraza. Gerran dagoen leku batetik badator argiagoa da, baina miserian gelditu den alboko herrialderen batetik badator zer?

Bidezkoa da bereizketa hori egitea?

Ez. Jendeak emigratzen du jaioterrian gaizki dagoelako. Batzuetan gerra dagoelako, bestetan premia larrian delako, etorkizunik ez duelako… Faktore ugariren nahasketa izan ohi da eta bereizketa egitea antzua da, nahiz eta egia den legearen arabera nazioarteko asiloa egoera jakin baten barruan eskatu behar dela.

Europako 26 estatutan batetik bestera libre mugitzeko askatasuna zehazten du Schengengo Hitzarmenak. Askatasun hori murriztea aipatu da eta halakorik ukatu egin du Europar Batasunak, baina ez dirudi mugitzeko askatasuna guztientzat berdina denik, muga batzuetan jartzen dituzten trabak ikusita.

Bai, Bulgarian 14 kilometroko harresiak eraiki dituzte Turkiako mugan, Hungaria horretan ari da… Gauza bat da libre zirkulatzeko aldarrikapen orokorra, eta kapitalak eta merkantziak ez dute horretarako inongo arazorik, baina pertsonei trabak jartzen zaizkie, jaioterriaren arabera. Eta gainera, Europako Batzordeak esan arren Schengengo Hitzarmena ez dela ukituko, aldatzeko presioak daude, Sarkozyren hauteskunde programan, Fronte Nazionalaren eskaeretan, Europako eskuin muturraren aldarrikapenetan…

Hitz egin dezagun egin beharko litzatekeenaz. Errefuxiatuak birkokatzeko kuotez asko hitz egin da. Nola inplikatu herrialdeak zeregin honetan?

Jendea babestea da abiapuntua. Europako Batzordeak 40.000 lagun Europan berfinkatzeko jarri zituen irizpideak egokiak iruditzen zaizkit; horrekin batera, jendearen borondatea kontuan hartzea ere oso inportantea da. Jakina, 40.000ko kopurua izugarri motz geratzen da gaur egun, eta aurreko esperientzia ikusita, prozesua estatuen borondatearen esku lagatzen denean hauek ez dutenez jendea hartzeko inongo asmorik, birkokatzea betearazteko neurriak ere hartu beharko lirateke.

Bidean (bereziki Mediterraneoan) heriotzak saihesteko baliabide gehiago jartzea eskatu dute, besteak beste, ACNUR edo Mugarik Gabeko Medikuek.

Hala da. 2013an Italiak Mare Nostrum sistema jarri zuen martxan Mediterraneoan eta barkuek bizitza ugari salbatu zituzten, baina 2014an Mare Nostrum pikutara bidali eta Frontex segurtasun sistemaren baitan Triton jarri zuten indarrean: Tritonek baliabideen erdiarekin egiten du lan eta bere betebehar nagusia ez da bizitzak salbatzea, mugak babestea baizik. Diferentzia izugarria da eta hiltzen den jende kopuruan antzematen da hori.

Europan sartzeko bide legalak irekitzea, bide alternatiboak eskaintzea ere aldarrikatu dute.

Asiloa eskatzen da Europara iristean, zergatik ez eskatu aldez aurretik abiapuntuko herrialdean edo ingurukoan, Europako (edo europar estaturen bateko) enbaxadan? Hala, asiloa lortu eta bideak zabalduko lirateke Europara modu onean iristeko, lehenengo bizitza arriskuan jarri behar izan gabe.

Askoren ustez, Afganistan, Irak, Siria, Libia, Yemen… bezalako herrialdeak egonkortzera baliabideak bideratu beharko lituzke Europak, jakinik hein batean Europaren esku-hartzearen ondorioa dela herrialde horietan bizi duten egoera.

Europa ez da herrialde horietan dauden kontraesan guztien erantzule bakarra, baina egia da izugarrizko eragina izan duela Europaren jarrera praktikoak. Libiakoa izugarria izan da, aurretik Irakekoa… Mendebaldeak itxurazko demokraziaren teoria argudiatu zuen Iraken, Libian sartzeko berriz arrazoi humanitarioak eman zituen, baina Kadafi kendu eta estatua desegin ostean ez du inongo irtenbiderik eskaini, ez daki zer egin. Egindakoa desastre bat izan da eta gertaturikoan erantzukizuna dauka Europak. Horregatik, Sirian, Libian eta beste hainbat lekutan irtenbidea bilatzeko inplikatu egin beharko litzateke, nahiz eta konponbidea oso zaila den.

AEBen erantzukizuna ere ez da samurra. Zein neurritan inplikatu beharko lirateke estatubatuarrak, errefuxiatuen krisiari erantzuteko orduan?

Maila berean. Kontua da asilo eskatzaileentzat urrun geratzen direla AEBak. Dena den, Patrick Weil politikariak nazioarteko konferentzia bat proposatu du errefuxiatuen aferari irtenbidea aurkitzeko, ez bakarrik Europan, baita beste estatu batzuk inplikatuz ere, bereziki AEBak.

Aurrekariei kasu eginez, zein izan ohi da errefuxiatuen joera, euren herrialdetako gatazka amaitu ondoren?

Adibide bat jartzearren, Bosniako gerra garaian akordioa egin zuten Europan, jendea birkokatzeko, eta Euskal Herrian ere izan genituen ugari. Urte gutxira, gerra amaitu ostean, gehientsuenak bueltatu egin dira, apenas geratzen den inor hemen. Gerra luze joaten denetan, aurreko gizartea desegin egiten da, eta hainbatek ez du itzultzeko asmorik izaten, ez zaiolako jaioterrian ezer geratzen. 1936ko Gerran hemen emandako mugimenduak begiratzen baditugu, Irunen erreketeak sartu zirenean eta jendea Iparraldera joaten hasi zenean, handik urte batzuetara poliki-poliki etortzen hasi ziren batzuk, beste batzuk Frantzian, Mexikon edo Venezuelan geratu ziren, leku horretan bizitza egina zutelako.

Frantziatik Ingalaterrara hainbatek muga zeharkatu nahi izan duela medio, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak immigrazio lege berria agindu du irailerako. Zenbait gobernu egoera baliatzen ari al dira, migratzaileen aurka legeak zorrozteko?

Bai, argi eta garbi, eta herritarren aurrean gainera populismo merkea eginez. Arazoa betikoa da: eskuin muturraren eremuan sartzen banaiz, ni ere eskuin muturtzen naiz, eta hauteskundeetarako errentagarria izan litekeen arren, epe ertain eta luzera porrota izan ohi da. Frantzian ikusi dugu: Sarkozy Fronte Nazionalaren eremuan sartu zen, haien aldarrikapen batzuk bere eginez, baina azkenean espazio horretan Fronte Nazionala atera da garaile; epe luzera eskuin muturra da indartzen dena. Eta jakina, joko politikotik harago, legeak gogortzeak izugarrizko eragin ezkorra du atzerritar guztientzat, eta urte luzez.

Migrazioaren kudeaketa onak onurak ekartzen dizkio gizarte hartzaileari?

Bai, zalantza barik. Azken 200 urteotako migrazio prozesuak aztertzen baditugu, horiek hartu dituzten herrialdeentzat onuragarria izan da epe ertain-luzera. Ezinezkoa da New York, Holandako portuak, Bartzelona edo Bilbo migrazio barik irudikatzea. Une honetan, ia 1.000 milioi pertsona daude munduan migratzen, gehienak estatu barruetan (750 milioi); migrazioa beti egon da eta egongo da.


“Eragin handia izan du Europaren jarrera praktikoak: Libiakoa izugarria izan da, aurretik Irakekoa… Egindakoa desastre bat izan da eta gertaturikoan erantzukizuna dauka. Horregatik, Sirian, Libian eta beste hainbat lekutan irtenbidea bilatzeko inplikatu egin beharko litzateke”. (Argazkian, Agustin Unzurrunzaga)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude