"Energi trantsizioa gutxi batzuen esku utz dezakegu, edo aukera baliatu herritarrak ahalduntzeko"

  • Energiaren alorrean herritarren burujabetza sustatzen duen Ecooo enpresa atipikoko koordinatzailea da Cote Romero (Madril, 1968). Ardura bera du 2012an –Ecoooren ekimenez– jaiotako Energi Eredu Berri Baterako Plataforman. Bilbon egindako energi trantsizioari buruzko jardunaldi batzuetan izan da berriki, eta aukera baliatu dugu berarekin hitz egiteko.

“Lehenbiziko aldiz munduko herritarrek aukera dute, teilatuan panel fotovoltaiko bat ipiniz, transnazional handiekin lehiatzeko”.
“Lehenbiziko aldiz munduko herritarrek aukera dute, teilatuan panel fotovoltaiko bat ipiniz, transnazional handiekin lehiatzeko”. Unai Brea

Zer da Ecooo?

Rara avis bat. Hasteko, enpresa da baina irabazi asmorik gabekoa. Hamar urte daramagu energiaren esparrua jende arruntarengana hurbiltzeko ahaleginean. Energi eredua aldatzeko erronka mahai gainean dago, eta zenbaitzuek herritarrei bizkarra emanez gauzatu nahi dute. Baina jendeak parte hartu behar du. Energi ereduaren aldaketa abagunea da eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketa ere egiteko, argi geratu baita orain artekoa ez dela gai pertsona guztien beharrak asetzeko. Eta abagunea da lehenbiziko aldiz munduko herritarrek aukera dutelako, teilatuan panel fotovoltaiko bat ipiniz, transnazional handiekin lehiatzeko.  

Eredu aldaketa, abagunea ez ezik, premia ere ez al da?

Bada, eta egin egingo da, zalantzarik gabe. Konpainia handiak trabak jartzen ari dira orain, baina begien bistakoa da etorkizun hurbilean energia berriztagarriak izango direla nagusi. Aldaketaren batere zale ez diren erakundeak, Morgan Stanley nazioarteko aholkularitza edo Abu Dhabiko Banku Nazionala esaterako, euren bezeroei esaten ari zaizkie ez dezatela inbertsiorik egin erregai fosiletan. Arrazoi ekonomikoengatik eta ingurumenagatik energi trantsizioa egingo da. Trantsizio hori gutxi batzuen esku utz dezakegu, orain arte bezala, eredu zentralizatu baten barruan, edo aukera baliatu herritarrak ahalduntzeko.

Zer ezaugarri eduki beharko luke eredu berriak?

Lehenik eta behin, energia aurreztean, efizientzian eta energi kultura zuhurrean oinarritzea. Bigarrenik, iturri garbi eta hurbilekoak erabiltzean. Eredu hori, egia esanda, konpainia erraldoien menpe egon liteke, baina izan gaitezen buruargiak, eraiki dezagun eredu demokratiko bat. Argi dago berriztagarriak nagusi diren eredu batean beharrezkoak izango direla planta handiak (eguzkiaren energia termikoa aprobetxatzeko, hidraulikoa...), eta horiek herritarren esku egotea zailagoa dela, baina herritarren jabetzak garrantzi handia izan behar du. Eta zer esanik ez, ereduak soziala izan behar du. Energia ezinbestekoa da bizimodu duina izateko, ezin liteke gerta inork bizimodu hori ezin garatzea gutxieneko energia eskura ez izateagatik. Laburtuz, eredu garbia, demokratikoa eta soziala behar dugu.  

Esan duzu energia (eta ura, etxebizitza...) merkatutik kanpo egon beharko litzatekeela. Hau da, ez litzatekeela egon behar inoren irabazi asmoen menpe.

Hala da. Irabazteko asmoa duten enpresek ez dute bultzatuko sistema efizienteago bat, eta estatuak ere ez daki horri konponbidea ematen. Gure ikuspegia ez da merkatuaren araberakoa, ezta estatuaren araberakoa ere, publikoa eta kolektiboa baizik. Dagoeneko funtzionatzen ari diren gauzak errepikatu behar ditugu; Alemanian, esaterako, udalek protagonismoa daukate hornidura-sareetan, eta herritarrek udal kudeaketa kontrolatzeko bitartekoak dauzkate. Irabazteko asmoak, berriz, gero eta faktura garestiagoa ordaintzera garamatza. Horrek etekinak ematen dizkio elektrizitatearen oligopolioari, baina bestelako onurarik ez du. Eta oligopolio hori oso boteretsua da. Trantsizio energetikoaren eta, are gehiago, zentzu komunaren aurka doazen legeak diktatzeko gai da.  

Ecooo-n eta Eredu Energetiko Berri Baterako Plataforman sistema elektrikoaz hitz egiten duzue batez ere, baina guztizko energia kontsumoaren portzentaje txikia hartzen du horrek.

Bai, zoritxarrez gaur egun sistema elektrikoaz hitz egiten da gehienbat, baina beste arlo batzuetan ere lan egiten dugu: beroa, garraioa... Edozelan, sistema elektrikoari arreta emateak lagundu egiten du energiaren arazoa jendearengana hurbiltzen. Sektorea oso opakoa eta nahasia da, eta ia inork ez du ulertzen. Jendeak ulertzen duen gauza bakarra da zenbat ordaindu behar duen hil amaieran. Espainian, ingurumen kultura eta energi trantsizioari buruzko kontzientzia hain eskasa izanik, argindarraren fakturaz hitz egitea da bide zuzenena gai horiek lantzeko. Kontuan har dezagun faktura hori %73 garestitu zela 2007tik 2013ra.

2013an, Espainiako Gobernuak autokontsumoari buruzko dekretuaren zirriborroa idatzi zuenean, “eguzkiari zerga” izenez ezagutu dena barne, zuek Desobekientzia kanpaina abiatu zenuten. Azkenean erreforma ez zen gauzatu ordea.

Horri erantzun baino lehen, aurrekariak ezagutzea komeni da. Erreforma egiten hasi zen unean, Gobernuak agindua zeukan oso mekanismo onuragarria garatzeko: balantze garbiko autokontsumoa. Alegia, nik etxean instalatuta ditudan eguzki-panelek –esate baterako– energia ekoizten dute ni etxean ez nagoenean, eta energia hori zuzenean txertatzen da sare elektrikoan. Hala, une berean nire etxe inguruan kontsumi daiteke. Azpiko dendan, kalearen bestaldeko eskolan... Ez dago eraldatu eta milaka kilometrora eraman beharrik. Gero, ni etxera itzultzen naizenean, sare elektrikotik energia eskuratzeko eskubidea daukat, sare horretara bidali dudanaren truk. Sistema hori mundu osoan ari da zabaltzen eta mesedegarria da klima aldaketaren aurkako borrokan, mesedegarria da familien faktura merkatzeko... Edonor izan daiteke ekoizle, eta fluxu-trukea egin sarearekin. Gainera, ez duzu sortutako energia inon gorde beharrik; sareak berak egiten du bateriarena.

Baina...

Baina horren ordez Gobernuak aipatu duzun zirriborroa egin zuen, eta hura eskandalua izan zen. Atzerriko kazetarien dei mordoa jaso genuen, ez baitzuten ulertzen nola ezar zitekeen halako arau bat: norberak ekoitzitako energiari zerga. Arauak akats juridiko asko ditu, baina Gobernuak oso zuhur jokatu du bi urte hauetan: ez du indarrean jarri, baina zergaren mehatxu hutsa nahikoa izan da estatu osoan autokontsumoak atzerakada izugarria jasan dezan.

Beste zirriborro bat egin dute berriki.

Bai, noiz eta ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Eguzkiari zerga ez da ageri dagoeneko, baina badira beste neurri onartezin batzuk. Adibidez, Tesla enpresak apirilean iragarri zuen Powerwall bateria kaleratuko zuela, merkatuan dauden besteak baino hiru aldiz merkeagoa, eta jakinik hori oso tresna ona dela autokontsumoa sustatzeko, zirriborroak metatzea debekatzen du, hau da, bateriak edukitzea, eta egon badauden kasuetan zerga ezartzen du energia pilatzeagatik. Gainera, autokontsumoa galarazten die elektrizitatearen Bonu Soziala daukatenei, hau da, pobrezia energetikoa jasaten dutenei edo jasateko arriskuan daudenei. Administrazioak egin beharko lukeena kontrakoa da, hain zuzen: Europak efizientzia sustatzeko ematen dituen funtsak familia horien etxeetan panelak jartzeko erabili. Dekretua onartzen bada lau zuzentarau europarren aurkakoa izango da, hala nola Estatuko hainbat arauren aurkakoa, Konstituzioa barne. Juridikoki erraz deuseztatu ahal izango da, baina edozein kasutan argi adierazten du zein den Gobernu honen borondate politikoa. Konpainia handien menpe daude, eta ate birakariak ondo olioztatuta dituzte gainera.

Konpainia horiek hamar urte barru energia iturri berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuko dituztela esan duzu.

Lehenago ere bai. Horregatik esaten diogu jendeari azkarrak izateko eta nork bere elektrizitatea ekoizteko. Urte batzuk barru konpainia handi bat badatorkizu autokontsumoa finantzatzera, esan ezetz eta bilatu hurbileko enpresa txiki bat. Korporazio handien aurrean erresistentzia egiteko, sareak eraiki behar ditugu.

Zergatik ari dira konpainia handi horiek berriztagarrien garapena oztopatzen?

Iberdrolak eta abarrek, garai batean, inbertsio batzuk egin zituzten berriztagarrien alorrean, baina batez ere ziklo konbinatuko gas zentralak eraiki zituzten. 27 gigawatt guztira, hori oso potentzia handia da [energia mota guztiak batuta 100 gigawatt daude instalatuta Espainiako Estatuan]. Orain zentral horiek euren ahalmenaren %10ean ari dira lanean, berriztagarrien garapena dela eta. Beraz, garapen hori geldiarazi behar dute, inbertsioari etekina atera ahal izateko. Bestalde, sektore osoa suntsitzea lortzen badute, azkenean berriztagarriak gailentzen direnean –eta badakite hala izango dela– eurak izango dira arlo horretan ere jaun eta jabe. Horregatik eskatzen diogu jendeari GoiEener, Energia Gara eta halako konpainia txikiekin egitea argindarraren kontratua. Banatu dezagun pastela.


Azkenak
Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Aro ustez berri bat, bi liburu aurkezpen eta hiru jaka

Udaberriko azken egunean, ikusmin handia Gasteizko Legebiltzarrean. Nonbait juntatu bada jende frikia, hemen izan da. Baina aspaldian ez bezainbeste jende dago, eta zerbaitegatik da hori. Hedabideetako 300 profesional, ez alferrik. Hamabi urteren ostean, bi boxeolariak berriak... [+]


Nafarroako Gobernuak Microsoft enpresaren esku utzi du administrazioa digitalizatzea

María Chivite presidenteak lankidetza publiko-pribatua “beharrezkoa” ikusten du aurrerapen digitala lortzeko. Besteren artean, adimen artifiziala erabiliko du Microsoft Ibéricak, instituzioetako izapideak “arintzen laguntzeko”.


Baxoko ahozkoa ikasleei euskaraz egiten lagunduko diete ehun bat irakaslek

Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.


Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]


Eguneraketa berriak daude