Siria, Myanmar... inoizko errefuxiatu krisi larriena oraintxe

  • Milioika iheslari bizi dira miseriara kondenaturik II. Mundu Gerraz geroztik gertatu den lekualdatze krisirik larrienagatik. Amnesty International erakundeak eman ditu egoeraren xehetasunak txosten beldurgarri batean, zeinetan kritikatzen baitu munduko liderrek gai honetan darabilten utzikeria. 50 milioi pertsona kasik laguntzarik gabe abandonaturik.

NBEren Errefuxiatuen Agentziarentzako (UNHCR ingelesezko sigletan) N.Daoudek egindako argazkian, emakume eta haurrez osatutako taldea Siriako gerratik ihesi Libanorako bidean. Libano, Turkia, Jordania eta Iraken lau milioi siriar babestu dira; Sirian bert
NBEren Errefuxiatuen Agentziarentzako (UNHCR ingelesezko sigletan) N.Daoudek egindako argazkian, emakume eta haurrez osatutako taldea Siriako gerratik ihesi Libanorako bidean. Libano, Turkia, Jordania eta Iraken lau milioi siriar babestu dira; Sirian bertan ia zortzi milioi dabiltza etxetik urrun. Mundu osoan 50 milioi pertsona errefuxiatu gisa egoera larrian dagoela eta, Amnesty Internationalek eskatu du nazioarteko konferentzia antolatzea NBEren Errefuxiatuentzako Ituna berretsi, iheslarien erantzukizuna estatu denen artean banatu eta horiei laguntzeko egin beharreko gastuak ere elkarrekin partekatzeko. AIk eskatu dituenak azalpenik behar ez dutenak dirudite: ihesi doazenen biziak bermatzea lehenestea, NBEk beharrezkotzat jotako errefuxiatu kopuruak mundu guztiak onartzea, errefuxiatuentzako funts bat sortzea... Horien zain ez dira egongo Europako ateetan daudenak.

Imajinatu 624.800 errefuxiatu  dauzkagula Euskal Herrian azken hiru urteotan iritsiak, zazpi probintziotan bizi garen 3.124.259 lagunetatik bostetik bat. Gipuzkoan sartu 142.000 errefuxiatu kolpetik. 213.000 errefuxiatu Bizkaian. Edo 128.000 Nafarroan, 65.000 Araban, Iparrraldean 56.000... Proportzio horretako eromena bizi dute gaur Libanon, non pilatzen baitira Siriako gerrari ihesi joandakoetatik asko. Bonba bat Europako atarian.

Datuok eta askoz gehiago eskaini ditu Amnesty Internationalek (AI) bere “The Global Refugee Crisis: A Conspiracy of Neglect” (Mundu mailako errefuxiatu krisia: utzikeriaren konspirazioa) dossier gordinean. Munduan etxetik ihes eginik noraezean dabiltzan 50 milioi jendeen tragedia kontatzen du, II. Mundu Gerraz geroztik planetak ezagutu duen exodo masiboenaren kopuruak, zergatiak eta ondorioak aurkeztu ditu AIk eta hauek arintzeko berehala hartu beharreko neurriak proposatzen.

Txostena krisiaren epizentroan, Beiruten, aurkeztu du Salil Shetty  Amnesty Internationalen idazkari orokorrak: “Geure begiz ikusten dugu aro honetako errefuxiatu krisirik okerrena, milioika andre, gizon  eta ume bizirauteko borrokan gerra izugarrien, pertsonekin trafikatzen duten sareen eta gizalegezko errukia erakusteko ordez interes politiko berekoiak  zaintzen dituzten gobernuen artean”.

Une honetan larrialdi nabarmenena Siriatik ihesi joandako lau milioi errefuxiatuek bizi dute. Horiek dira muga zeharkatu duten herritarrak, zeren eta mugen barruan lekualdatu direnak kontaturik siriarren erdia omen dabil oraintxe bertan nor bere sorterritik alde eginda.

Atzerriratutako siriarren %95 inguruko herrialdeetan dago blokaturik. Libanok gaur dauzkan bost biztanletik bat siriar errefuxiatua da. Libano, Turkia, Irak, Jordania eta Egiptok beren gain daramate jendeok nola edo hala aterpetzeko zama zeren eta, ekainaren 3ko datuak kontatuz, AIk dioenez Nazio Batuen Erakundeak ezin izan du %24an baino gehiagotan ase errefuxiatuontzat eskatu zaion laguntza eskea.

Munduko gainerako herrialdeek soilik 8.442 siriar hartzeko eskaintza egin dute... NBEn errefuxiatuen babeserako erakundeak zentsatuta dauzkan eskarien %2,2! Nazioarteak iheslarion behar humanitarioak konpontzen aski lagundu ez dutenez, jendetza izugarri hori etxean hartu duten estatuak hasi dira horiei sarbidea oztopatzen.

Baina beti dago gauzak okerragotzeko aukera. 2015 honetan NBEren elikadura programak herrialde horiei %30ean murriztu die laguntza. Libanon 1,2 milioi  siriarren artean egoera ahulenean bizi diren 900.000 iheslarietako bakoitzak orain hilean 19 dolarreko laguntza jasotzen du, lehen eskuratzen zituzten 27en ordez. Jordaniako hirietan babestutakoei hileko 14 dolarretara jaitsi diete janaritarako laguntza. Bizirauteko, goseak gelditzeaz gain, herrialdeotan aurkitu ditzaketen lanik txar eta arriskutsuenetan jardun beste biderik ez dute. 

Errefuxiatuen Itunak porrot

Afrika da AIrentzako bigarren kezka iturri nagusia. Hiru milioi errefuxiatu dabiltza noraezean Sahararen hegoaldean. Horietako asko azken urteotako gerretatik ihesi joanak dira: Hego Sudan, Nigeria, Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo, Somalia... Munduko errefuxiatu kanpaleku handiena Keniak dauka, Daab izenekoa.

Hala ere, Afrikako iheslariek ez dute mundu aberatsaren arreta handirik pizten, ez behintzat ez badira iristen patera eta antzeko ontzietan itsasoz Europako itsas hegiraino. NBEk errefuxiatuak direlakoan proposatutako babes eskaeretatik oso gutxi lortzen ditu, %10 inguru. Iheslariok Afrikan bertan eraso xenofoboak jasan dituzte.

Ahal izan duten iheslari afrikarrak Mediterraneo itsasoraino heldu eta hau zeharkatzen ahalegindu dira, azken hilabeteotan famatuak egin diren txalupetan. AIk argi eta garbi dio Mediterraneoan gertatu diren hondoratze eta itotze masiboen erantzukizuna dagokiola Europak eta Italiak itsasoan galduentzako zeukaten Mare Nostrum operazioa ezabatu eta operazio txikiago batez ordezkatzeari.

Afrikako eta Siriako krisiekin alderatuta kopuruetan txikia dirudien arren Asian Bengalako golkoan 2015ean gertatzen ari dena, AIk hau ere nabarmendu nahi izan du gaur mundu osoko agintariek erbesteratuen aterpetzeko derrigortasuna zangopean zein erraz erabiltzen duten adierazgarri. Rohingya etniako 25.000 jende ibili dira Myanmar eta Bangladeshetik ihesi Tailandiara iritsi nahian, itsaso zabalera kondenaturik, inork ez zituelako etxean hartu nahi.

Maiatzean bertan oraindik 8.000 zeuden Tailandiako kostako parean txalupetatik lehorreratzea galarazita. Batean 800 pertsona bapore zahar batean, bestean 300, ez janaririk, ez urik, ez erregairik, are gutxiago sendagairik. Tailandia, Indonesia edo Malaisiako armadek gehienez ere bizirauteko jan-edanak eman dizkie, baina kostara hurbiltzeko baimenik ez. Migrazioen Munduko Erakundeak sarkasmoz maritime ping-pong bataiatu duen taktikaz.

Amnesty Internationalek dossierrean nabarmendu du Mediterraneoan, Afrikan eta Bengalako itsasoan gertatzen diren heriotza ikusgarriak ez direla inolako gatazkaren ondorio, nazioarteko erakundeek eta estatuetako agintariek aurreikusi eta prebenitu zitzaketen gertakizunak baizik.

“Errefuxiatuen krisi handi hau –dio AIren txostenak– ezin da aurkeztu giza trafiko eta kontrabando arazo bat bailitzan, beren huts egiteak ezkutatzeko gobernuek egiten duten moduan”. Gatazken garrantzitik harago, nazioartea ari da huts egiten arriskuan dauden iheslariei babesa emateko orduan.

“II. Mundu Gerraren amaieran nazioarteak antolatu zuen NBEren Errefuxiatuei buruzko Ituna, etxera itzultzerakoan jazarpena eta desmasiak jasan zitzaketen herritarrak laguntzeko”. AIren ustean Itun horrek babesa eman die dozenaka milioika jenderi geroztik. Itunak oinarritzat dauka nazioartearen erantzukizuna eta kosteen konpartitzea, ulertuz errefuxiatu krisiak ez dituela bere bizkar hartu behar herrialde bakar batek edo bakan batzuek. “Itunaren oinarri honi gaur egun ezikusia egiten zaio, horrek dakartzan ondorio beldurgarriekin. Iheslarientzako nazioarteko babes sistema txikituta dago gaur”.

2020a artean urtero 300.000 errefuxiatu aterpetu beharko omen dira. Aurretik nazioarteko itunak biziberritzen ez badira, legez ezinean legez kontra sartu beharko dute. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude