Castor zor ustela: gaur 1.350 milioi, 2044ra arte 4.730

  • Futbolariekin akaso bai baina Castor gas biltegiarekin negozio txarra egin duenik ezingo dio inork aurpegiratu Florentino Perezi. Espainia gasez hornitzeko azpiegitura bikaina izan behar zuena antolatu, Estatua sartu inbertsioan eta alferrikako gastua dela ikusitakoan kalte-ordain galantak kobratu. Zor publiko handiak lapurretaz egiten dira.  

Tjerk Van der Meulenek egin eta Ara egunkariak plazaratutako argazkian, Castor hobia, Castello probintziako Vinaros, Benicarlo eta Peñiscola aurrean. Ustez hartu zitzakeen 1.300 milioi metro kubikoen hamarrena ere sartzera iritsi gabe hasi zen lurrikarak
Tjerk Van der Meulenek egin eta Ara egunkariak plazaratutako argazkian, Castor hobia, Castello probintziako Vinaros, Benicarlo eta Peñiscola aurrean. Ustez hartu zitzakeen 1.300 milioi metro kubikoen hamarrena ere sartzera iritsi gabe hasi zen lurrikarak eragiten kostako herrietan. Kataluniako Globalizazioaren garaiko Zorraren Behatokiak (ODG) eta Kontsumitzaileen Erakundeak (OCU) kalkulatu dute 2044a arte herritarrek 4.700 milioi euro pagatu beharko dituztela agintariek eta energia korporazioek eskuz esku antolatu eta porrota jotako inbertsio batengatik. “Une larri honetan, langabezia goraka eta laguntza sozialak beheraka ari direnean, energia txirotasunak familien %17 harrapatzen dituenean, herritarrek ikusiko dituzte beren fakturak are gehiago garestitzen. Castorrengatiko kalte-ordainak gehitzen bazaizkio gasaren fakturari, zein egoeratan utzi behar dituzte horietako familia asko?”.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europako Arartekoak ikertu behar du zer gertatu den Tarragona eta Castellóko uretan, Ebro ibaiaren deltaren parean, Castor gas hobiarekin Espainiako Estatuak bereganatu duen zor erraldoiarekin.

Berdeen taldeko Ernest Urtasun europarlamentariak defenditurik, Europako Legebiltzarrak maiatzaren 3an gehiengoz onartutako erabakiak dio: “Eskatzen diegu Europako Batzordeari eta Europako Inbertsioetarako Bankuari neurriak hartu ditzatela  Espainiako herritarrek pagatu behar izan ez ditzaten 1.300 milioiko kalte ordainak, defizit publikoa handituta edo energiaren prezioak garestituz, penagarri ebaluatutako proiektu batengatik”.

Real Madrideko presidente izateak munduan ospetsu bilakatu duen Florentino Perez eta bere ACS eraikuntza eta energiako korporazioa dira iruzur handi honen protagonista nagusiak. Legez ondo apaindutakoa, bai, baina gertutik erreparatuz gero iruzurra.

%66,6an ACSrena den Escal UGS konpainiari 2014ko urriaren 3an 1.350 milioi euroko kalte-ordainak aitortu zizkion Madrilgo gobernuak, ministro zelarik Jose Manuel Soria. Hilabete eta hamar egun beranduago, Escal UGSk kobratu zituen sosak eta... aio, Pelaio!.

Asko dira 1.350 milioi euro –antzinako 225.000 milioi pezeta inguru– ezertarako balio ez duen obra baten kalte-ordaintzat. Baina herritarren zergekin 2044a arte luzatuko den ordain epean, interesak kontatuz, 4.700 milioi bihurtuko dira, gaiaren inguruan adituen kalkuluetan. Dirutza itzel hau zergekin eta energiaren fakturetako propinarekin pagatuko dute herritarrek.

Orain Castor izenez deitua urte luzez Amposta deitzen zen, bertatik petrolioa ateratzen zuten garaietan, Ebro ibaiaren delta aurrean. Espainiaren erregai kontsumoa bermatzeko primerako azpiegitura  izatekoa zen. Itsas hondoaren azpian, 1.800 metroko sakoneran, bertatik hustutako petrolioak utzi lekuan 1.300 milioi metro kubiko gas metatu ahal izango zen, urrutietatik ekarririk, gero hemendik Mediterraneoko kostaldean banatzeko.

Hasi ere hasi ziren gasa injektatzen zorupean, harik eta inguruetan lurrikarak gertatu artean. Hasieran katastrofisten beldurrak omen zirenak, azkenerako zientzialariek berretsi zituzten: Castor hobia gasez bete ahala ugaritzen ziren lurrikarak. Ehunka lurrikara –700– egun gutxitan, batzuk Richter eskalan 4,7 gradukoak, sismologoen esanetan horrelako fenomenorik kasik ezagutzen ez den lurretan.

Hiru erreaktore nuklear daude Castorren inguruko 100 kilometroen barruan. Gehi Tarragonako petrokimika usina handiak. Ahaztu gabe turistaz mukuru betetako hondartza eta hiriak. Azkenerako, bertan behera geratu zen Castor operazioa.

Dardarak amaiturik aferaz ahaztu ziren herritar gehienak. Ez ordea Escal UGS eta Florentinoren ACS. Europak estrategikotzat jotako inbertsio batean sartzeko berme handiak eskatu zituztenez, horiek exekutatu dituzte: negozioa ondo baldin badoa etekinak, eta negozioa edozer dela ere eten egin behar baldin bada, kalte-ordainak. 1.350 milioi. Dardarka jartzeko moduko zor publiko berri bat bereganatu dute herritarrek.          

‘Project bonds”: zorpetze berria

Castorrek ezkutatzen duen eskandalua salatu du Counter Balance - Challenging Public Investment Banks (Kontrapisua, inbertsio banku publikoei hortzak erakutsi) koalizioa. Zor publikoaren mekanika aztertzen duen taldearen kideen artean dago Kataluniako Globalizazioaren garaiko Zorraren Behatokia (ODG katalanezko sigletan).

Counter Balancek erakutsi du Castorrena dela finantzen krisi garaian inbertsioak egiteko Europar Batasunak asmatu duen ildo berriaren lehen adibide eta lehen porrota. Lehentasunezko inbertsio estrategikoetarako bankuetatik nekez lortzen denez dirua, proiektuak bonu jaulkipenez finantzatzen dira, zor publikoa jaulkiz. “Kiebran sartuz gero, aginte publikoei dagokie inbertsiogile pribatuek hartutako arriskuak amortizatzea. Adibide espainiarrak [Castor] atzean gordetzen du finantza europarren mekanismo eskandaluzko bat”.

Lisboako 2007ko Itunak dio “energiazko horniduraren segurtasuna” dela Europar Batasunak energiaren alorrean dauzkan helburuetan bigarrena. Europa atzerriko inportazioen oso menpe bizi da: kontsumitzen duen gasaren %60 eta petrolioaren %80. Atzerritiko horniduraren etenak arrisku handia dira Europarentzako. Horregatik lehenetsi du erregai fosilak metatzeko hobi eta biltegiak antolatzea.

Castor izan da Europar Batasunak project bonds sistemarekin sortzen lehena. Europak berriro hazkunde sendo batera itzuli nahi du autopistak, trenbideak, energi sare eta gas hodiak, sare digitalak eta abar eraikiz, baina aldi berean administrazio publikoen aurrekontuetan austeritateari heltzen jarraitzea erabaki duenez, azpiegitura handiak finantzatzeko inbertsiogile pribatuetara jotzen du (pentsio funtsak, inbertsio funtsak, aseguruak...) obligazioak jaulkiz. Hots, uko eginez estatuen diru sarrera berriak sortzeari –zergak barkatuz aberatsei eta korporazioei– epe luzerako zor publiko handiagoetan murgilduz.

Horri gehitu behar zaio proiektuen bideragarritasuna bermatu behar duten adituen utzikeria batzuetan eta ustelkeria beste askotan. Politikatik enpresarako eta alderantzizko bidean revolving doors ate birakarietan espezialista direnen esku dago sarri proiektuon ebaluazioa.

Castorrez ari garela, hedabide handiek proiektua jendeari saldu ostean, hobiak lurrikarak ekar zitzakeela ziotenei iseka eginda, promotoreak saiatu ziren Banco Santander sartzen operazioan. Honek uko egin zion, oharturik inbertsioa pagatzeko etekinik ez zutela izango. Orduan promotore pribatu eta publikoek Europako Inbertsioetarako Banku publikora jo zuten. Honen 500 milioi euroko maileguaren bermea lorturik, 2013ko uztailean jaulki zituzten inbertsiogileen merkatura bono edo obligazioak, azkenerako 1.400 milioi saltzea lortuz, %60 pentsio funts, inbertsiogile eta aseguru korporazioei.

1.300 milioi metro kubiko gas metatu behar zituen hobi erraldoian lehen 100 metro kubikoak sartu orduko hasi ziren lurrikarak. Lanak geldiarazi zituzten 2014ko urrian. Fitch eta Standard & Poor’s agentziek project bond famatuak junk bond izendatu zituzten, zabor, deusen baliorik gabeko.

Espainiako Estatuko herritarren seme-alabek Castorren gas hornidura bermatuaren ordez zor erraldoia edukiko dute. 2044a arte ordaintzekoa... alferrikako AHT, autopista, errauskailu, aireportu eta abar luzearekin batera.


Azkenak
Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Teknologia
“Bestea”

Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.

Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?

Zapalduen... [+]


Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan

60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita... [+]


Salbuespenak

Hainbeste jainko, arima, teontzi… beren izatea frogatu ezinik, eta jendeak ez ditu sinesten zientziak, kazetaritzak… ahal bezala, baina geure espezieaz harro egoteko moduan, frogatutakoak. Batzuek Lurra laua dela diote, eta debekatuta dagoela Antartikara... [+]


Zein ama ospatu?

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea,... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Sodomia zigortua

Ascension uhartea, 1725eko maiatzaren 5a. “Holandar ontziteriako komandantearen eta kapitainen aginduz, ni, Leendert Hasenbosch, uharte bakartu honetan lehorreratu naute, nire zorigaitzerako”.  

Herbeheretar marinela, 1695ean Hagan jaioa, Ekialdeko... [+]


Eguneraketa berriak daude