Maletan bidaiatu zuen haurra

“Je m’apelle Abou”, “Abou dut izena”. Horixe erantzun zuen zortzi urteko Saharaz beheko haurrak, Tarajal mugako (Ceuta) kontroleko eskanerrak maleta barruan arropa artean aurkitu zuenean. Badirudi haurraren aitak gazte bati ordaindu ziola maleta hura eramateko. Helburua Kanarietan bizi diren gurasoekin biltzea zen. Aita pertsonen trafikoan aritzeagatik salatu dute. Joan den astean gertatu zen, hauteskunde kanpaina bete-betean, baina ez betiko alderdiek, ezta sortu berri direnek ere, jarri dute immigrazioa –ekonomikoa eta politikoa– eztabaidagai, nahiz eta milaka heriotza eragiten ari den.

Maleta sinbolo bat da sentsibilitaterik ez duen eta berekoia eta indibidualista den jendarte honetan. Maletan sartuta haur bat uzkurtuta ikusten den argazki hori urteko irudia izan daiteke, aurre egiten baitio Mendebaldearen larderiari. Honek, bere mugen barruan bizitzeko baimena ematen dio apartamentu bat erosten duen atzerritarrari, baina ez gosetik eta pertsekuzio politikotik biziraun nahian ihesean datorrenari. Globalizazio kapitalistak kapitalen mugimendua baimentzen du, askotan ustelkeria, arma trafikoa eta derrigortutako prostituzioa ezkutatzen duen arren. Baina aldiz, ez du onartzen euren bizitza salbatu nahi duten pertsonen mugimendurik.

Sarkasmo handiz eta lotsa gutxirekin, “Justiziak” haur horren aita kriminalizatu nahi du, “pertsonen trafikoa” leporatuta. Horrelaxe erakusten du Justiziak bere izaera kapitalista. Kapitalaren zerbitzura dauden alderdi handiek eratzen dituzte kode penalak. Eta hala, zigortu daiteke haurra berarekin batzeko edozer egiteko gai den aita, eta ez ordea hori lortzeko maleta batean sartu behar izanaren erantzuleak. Eta erantzule horiek badakigu non dauden: Europako parlamentuetan eta gobernuetan, kasu honetan Espainiako Estatukoan.

 


ASTEKARIA
2015eko maiatzaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude