Frackinga Erromatar Inperioan

Las Médulas ingurua (León, Espainia). Antzinako erromatarrek Metulae esaten zioten eta egungo frackingaren antzeko metodoa erabiliz ustiatu zuten urrea erauzteko. Jarduera horren ondorio da paisaia ikusgarria.David Pérez-CC By

Metulae (Hispania), K.a. 26. Oktavio Augusto enperadoreak diru premia larria zuen Iberiar penintsularen iparraldeko tribuen aurka egiten ari zen kanpaina finantzatzeko, eta egungo León probintziako Bierzo eskualdean meatze-eremua ahalik eta modu eragingarrienean ustiatzeko agindua eman zuen. Horretarako ruina montium edo mendiak behea joarazteko metodoa erabiliko zuten, meatzaritza sistema tradizionala baino askoz azkarragoa.

Meatokiaren kokalekua zehaztu ondoren, hainbat zulo eta tunel hondeatu eta, ibaien ibilgua desbideratuz, hobi haietan barrena ur-emari bortitzak isurtzen zituzten. Hobi-sareko airea konprimituta, eztanda egiten zuen. Lurra berehala hondoratzea eragiten zuen horrek eta, hala, metal preziatuak agerian eta askoz eskuragarriago geratzen ziren. Sistema hori erabiliz, erromatarrek 1.500 tona urre erauzi zituzten gaztelaniaz Las Médulas izena duen eremuan.

Ruina montium metodoak ingurumenean zuen eraginak ez zituen antzinako erromatarrak kezkatzen eta, gainera, meatzaritza-teknika horrek eragindako lurrikarak ez zituzten zuzenean jarduerarekin lotzen; jarduera sismikoa jainkozko fenomenoa zen haientzat. Dena den, kalteak ez ziren inola ere egungo frackingak eragiten dituenaren parekoak. Zulo kopuru handiagoa induskatu arren, askoz sakonera txikiagoa zuten. Eta zuloetan barrena ura besterik ez zuten isurtzen, hau da, substantzia kimiko toxikorik ez zuten botatzen eta, hortaz, akuiferoak ez zituzten kutsatzen.

Ezin da ukatu estetikoki paisaia bakan eta berezia izan zela jardunaren emaitza; 1997an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Las Médulas. Paisaia ederra, ordea, ez zen soilik naturaren sakrifizioz zizelkatu, meatokian milaka esklabo hil baitziren. Plinio Zaharrak (K.o. 23-79) Naturalis Historia lanaren 33. liburukian jaso zuen metodoaren ausarkeria: “Itsas hondoan perlak eta purpura bilatzea baino arriskutsuagoa da lur hauetatik urrea ateratzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude