Arrazoirik badago Jaizkibel zurrupatzeko?

  • Jaizkibelgo lurpeko akuiferoak ustiatzeko azpiegitura jadanik eraikita dago. Ekologistek diote ez dela horren beharrik, eta salatu dute Txingudiko mankomunitateak “lehorteak asmatu” dituela plubiometriak faltsutuz eta ubideak txostenetatik desagerraraziz.

Jaizkibelgo putzuen azpiegiturak 8 milioi euroko kostua izan du.
Jaizkibelgo putzuen azpiegiturak 8 milioi euroko kostua izan du.Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Jaizkibelgo iparraldeko hegian 75 eta 120 metro arteko sakonera duten sei putzu eraiki zituzten Txingudi Zerbitzuak (Txinzer) mankomunitateak eta Gipuzkoako Aldundiak 2011n, mendi hartako lurpeko ura zurrupatzeko. Halaber, 14 kilometroko hoditeria sartu zuten ura Bidasoaldeko herrietara garraiatzeko, elektrizitate sarea muntatu, energia transformazio zentroak eta biltegiak eraiki... Guztira 8 milioi euroko kostua. Erakunde publiko horien esanetan, lehorte handi baten aurrean –1990ekoa bezalakoa– Bidasoaldeko ur hornidura sistema ez legoke prestaturik herritarren eskaerari aurre egiteko, eta hori bermatu nahi zuten azpiegitura berriarekin.

Talde ekologistek gogor kritikatu dute obra. Jaizkibel mendia Natura 2000 Sarean babesturik dago, besteak beste, eta balio handiko ezaugarri naturalak gordetzen ditu, errekastoetatik hasi eta iratze paleotropikaletaraino. Lur azpiko ura zurrupatzeak arriskuan jarriko luke hori guztia, haien esanetan.

Endara edo San Anton urtegiaren maila %80tik jaisten denean Txinzerrek Jaizkibelgo putzuak erabili ditzake. Putzu horiek Irun eta Hondarribiko ur eskaeraren %60 asetzeko adina gaitasun omen daukate, baina legearen arabera ezin da ur baliabideen %25 baino gehiago ponpatu. Hain justu, ekologistek salatu dute Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak emandako baimenak kopuru hori orotara gainditu egiten duela, ez baita kontuan hartzen putzuetatik ez ezik, errekastoetatik ere ura jasotzeko dagoen emakida.

EHUko Hidrogeologia eta Ingurumen sailak eta Hydrolur elkarteak egindako ikerketa baten arabera –Munibe aldizkari zientifikoan argitaratua 2014ko azaroan–, Jaizkibelgo sabelak elkarrengandik bananduta dauden hainbat akuifero dauzka. Ikerketak dio egindako ponpaketa-saioak oso laburrak izan direla ondorioztatzeko kalterik eragingo ote duten epe luzeagoan.

Ura harearrizko geruza porotsuetan gordetzen da batez ere, eta harriari erauzten zaio: “Motzean esateko, spontex moduko bat da”, dio Angel Alkain Jaizkibel Mendia Babes Dezagun (JMBD) taldeko kideak. Talde horrek urteak daramatza Bidasoaldeko ur hornidura sistema ikertzen. Beren esanetan, ingurumenari egingo dion kalteaz gain, bada beste arrazoi garrantzitsu bat Jaizkibelgo putzuak ez erabiltzeko: ez dago ur beharrik.

Irundar eta hondarribiarrek etxeetan eta enpresetan fakturatutako ur kopuruaren urteko batez bestekoa ez da 6 hektometro kubotik igaro azken bi hamarkadetan; kontsumoa gainera, beherantz doa urtetik urtera hamarkadatan –2013an 4,4 Hm3 baino ez ziren izan–. Ubideetatik ihes egin dezakeena kontuan edukita JMBDeko kideek kalkulatu dute ur eskaera 6,5 Hm3 ingurukoa dela. Bada, Bidasoaldeko ur erreserba nagusiena den Endara errekako arroan hori baino ia hiru aldiz ur gehiago dago eskura.

Endarako ura nahasita dator

Nemesio Echaniz bideetako ingeniariak Endara errekako San Anton urtegia diseinatu zuenean, uste zuen Irunek 1993an 126.000 biztanle izango zituela eta herritar bakoitzak eguneko 350 litro beharko zuela. Egun, 116 litrora ez da iristen kontsumoa eta Irunek uste zena biztanleriaren erdia dauka. Urtegia Nafarroako lurretan dago, Lesakan, eta 5,5 Hm3 ur biltzeko gaitasuna du. Osotara baina, urtegiaren arroak 10,5 kilometro koadro ditu eta hortik 17,7 Hm3 ur ateratzen dira urtean. Izan ere, plubiometria maila oso altua da bertakoa, Euskal Herriko altuenetakoa: 2.400 mm-tik gora euri egin dezake zonalde horretan.

Baina Endarako plubiometria neurketa ofizialek mesfidantza handia sortu dute. JMBDek salatu du Txinzerrek 2007 eta 2012 arteko datuak faltsutu zituela, euri gutxiago egin zuela azaltzeko. Hala, mankomunitateak bere memorietan emandako datuek ez dute bat egiten Nafarroako Gobernuak dituenarekin. Adibidez, 2007an metro koadroko 2.492 litro ur erregistratu zituen Meteo Navarrak, Txinzerrek aldiz 1.916 litro egin zituela jarri zuen, hau da, ia 600 gutxiago; 2008an 700 litrotik gorakoa da aldea, eta hurrengo urteetan ere diferentzia antzekoak aurki daitezke; 2011n esaterako metro koadroko 1.000 litro ahaztu zitzaizkion apuntatzea Txinzerri. Ostera, 2013ko memorian Txinzerrek berak datuak zuzendu eta egiazko kopuruak jarri zituen beste azalpenik eman gabe.

Zer dela eta gorabehera horiek plubiometriarekin? Txinzerrek bere webgunean hala du idatzita: “Etorkizunean lehorteak ustez latzagoak izango direnez eta eskualdeko biztanleen kopuruak gora egiteko joera duenez, behar-beharrezkoa da Jaizkibel aldeko zorupeko uren ustiakuntza emendatzea”. JMBDren ustez manko- munitateak sinetsarazi nahi izan du Endara arroan ur gutxiago dagoela Jaizkibelgo putzuen eraikuntza justifikatzeko, “lehorteak asmatu nahi dituzte” diosku Alkainek irmo. Areago, txostenetan azpiegiturak ezkutatu dituztela diote talde ekologistakoek, helburu berarekin.

Zer ari da gertatzen Hirugurutzetako zentralean?

Domiko urtegi txikia bailaran gorago joanda aurki liteke eta Endarakoa eraiki aurretik bertatik edaten zuten Irungo herritarrek. Urtegitik ura desbideratzen da kanal baten barrena Hirugurutzeta izeneko zentral hidroelektrikora eta hortik zuzenean Bidasoara isurtzen da, beste aprobetxamendurik gabe. Bada, Txinzerrek baliabide horren berririk ez zuen eman 2006an Jaizkibelgo putzuen beharra arrazoitzeko txostenean.

2013ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik eta URA agentziako zuzendari Iñigo Ansolak azalpenak eman zituzten Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko Dani Maezturen eskariz. Ansolaren esanetan Domiko urtegiak 0,36 Hm3-ko gaitasuna dauka eta horrek ez du “bermatzen” ur hornidura. Hau da, ur kopuru txikiaz ari garela kanal horretatik isurtzen denaz hitz egitean.

Ez daude ados JMBDko kideak, honela azaldu du Jose Ramon Enparanek: “Domiko arketa moduko bat da, ez da soilik zenbat pilatzen den urtegiaren barruan, zenbat ur bideratzeko gai den baizik”. Datu ofizialen arabera, 2013. urtean 6,2 Hm3 ur turbinatu zituen zentralak; Bidasoaldeko herritarren kontsumorako aski litzateke kopuru hori.

Ekologisten ustez Hirugurutzetako zentralean gertatzen ari dena klabea da, kasu honetan ere Txinzerrek helarazitako datuak arras ezberdinak baitira esku artean dituztenekin alderatuta. Esaterako, Txinzerrek dio 2008. urtean 1,8 milioi kWh argindar sortu zuela zentralak, baina Ikaur ingeniaritza enpresak Gipuzkoako Aldundiarentzat egindako ikerketa batean publikatu zuenez 3,9 milioi kWh produzitu zen urte hartan, halako bi baino gehiago alegia. Konpainia elektrikoen itzala ikusten dute JMBDkoek atzean eta behin baino gehiagotan eskatu dute Espainiako Energiaren Nazio Batzordeak zentral horri dagozkion datu errealak eman ditzala.

Salaketa horiek argitzeko Argia harremanetan jarri da Txinzerreko arduradunekin, baina Leire Zubitur mankomunitateko kudeatzaileak ez die astekariaren galderei erantzun nahi izan. Zubitur gerentzian hasi berria da, bere aurretik urte askoan ibilitako Miguel Angel Muñagorrik erretreta hartu ondoren. Txinzerreko administrazio kontseilua, halaber, PSE eta EAJren esku dauden Irun eta Hondarribiko udal hautetsiek osatzen dute.

Hain justu EAJko legebiltzarkide den Maria Eugenia Arrizabalagak “konspiranoia” egotzi zien JMBDko kideei Eusko Legebiltzarrean iaz egin zuten agerraldian. Arrizabalagaren esanetan Jaizkibelgo putzuak egiteko arrazoi “bakarra” lehorte kasuetan biztanleriak ur hornidura bermatua edukitzea da: “Ezagutu genuen 90ean zer lehorte jasan genuen. Ni akordatzen naiz Zumaiara nola etortzen ziren egunero-egunero kamioiak zisternetan ura ekarriz”.

Alkainen iritzitan 1989-90eko egoera eta oraingoa ez dira konparagarriak. Urte haietan San Anton urtegiaren eraikuntza bukatuta zegoen “baina hodia oraindik jarri gabe zegoen, orduko argazkietan ere ikus daiteke hori”, dio hondarribiarrak. Enparanentzat ere lehortearen kontuak ez du justifikaziorik, urterik lehorrenetan euri kopurua ez delako 1.600 mm-tik jaitsi, nahikoa ur eskaera asetzeko. Bestalde, larrialdirik izanez gero Jaizkibelgo errekastoetara ere jo dezakete, “beti egin izan den moduan”, dio Alkainek; bertotik 4,4 Hm3 ateratzeko baimena du Txinzerrek.

Auzitegiek zigortuta

Ekologistek behin baino gehiagotan jo dute auzibideetara mankomunitatearen kudeaketa txarra dela eta. 2013ko azaroan Eguzkik salaketa jarri zuen Endara errekak ur gutxi zeramalako. Argiak argitaratu zuen moduan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak 3.000 euroko isuna jarri zion Txinzerri, ura Domikoko kanalera desbideratu eta Endarak behar duen emari ekologikoa ez errespetatzeagatik.

Ingurumen-inpaktuaren txostena ere epaitegietan ibili dute. Jaizkibelgo putzuak egiteko proiektuaren ebaluazio “sinplifikatua” onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta ekologisten ustez prozedura zehatzagoa behar luke. Ingurumen fiskaltzak ordea atzera bota du eskaria.

Nolanahi ere, JMBDko kideek babes gehiago lortu nahi dute Bidasoaldeko uraren kudeaketaz dituzten zalantzak argitu eta Jaizkibel mendiko akuiferoak ukitu ez ditzaten. Esaterako, Gipuzkoako Aldundiarengana joko dute, uste baitute erakunde honek baduela erantzukizunik.


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude