"Gizartean indarrean dagoen joera orokorra herri txikietara ere zabaldu egiten da"

Mikel Artola Alegian jaio zen duela 24 urte, eta egun, bertan bizi da. Euskal filologian lizentziatua, soziolinguistikako masterreko ikasle da orain. Bertsozale Elkarteko kidea ere bada, eta bertan ari da lanean. Hizkuntzarekin eta haren egoerarekin arduratuta, Alegia bezalako herri euskaldunek duten arduraz gogoeta egin beharra dagoela dio.

Alegia Tolosaldeko euskararen arnasguneetako bat da. Hala bizi al duzue zuek?

Beti bizi izan gara euskaraz hemen. Umetatik, ni eta nire adineko jendea euskaraz aritu gara eskolan, eskolaz kanpoko ekintzetan, lagunartean, familian,... baina ez dakit arnasgunea izatearen kontzientziarik ote dugun. Nik esango nuke ez dugula asko hausnartu Alegiak euskararentzako duen garrantziari buruz. Natural bizi dugu euskaraz bizitzea.

Belaunaldiz belaunaldi natural transmititu dela euskara...

Zortea izan dugu, euskara gehien erabiltzen denetariko zonaldea da gurea. Natural transmititu da hizkuntza, gazteen artean mantendu egin da, eta alde horretatik ez dugu arazorik izan. Kontua da, ordea, orain, gauzak estutzen hasi direla, dirudienez. Hau da, orain ari gara konturatzen arnasgune izatearen kontzientzia hartu behar dugula.

Non, zertan ikusten duzu aldaketa hori?

Nik 24 urte ditut eta zaila da aldaketa handirik ikustea baina Xabier Bengoetxeak duela gutxi egin zuen azterketaren arabera, joera ez da ona.

Bestalde, ikusten duzu herrian zenbait tabernatan zerbitzaria ez dela euskalduna, edo kultura kontsumitzeko garaian erdaraz egiten dela asko. Tolosaldeko Atariaren harpidedun gutxi gara, Berria ez duzu ikusiko taberna guztietan... Nahiz eta euskaraz bizi jendearen ehuneko handi bat, ez da erabat erreala. Bengoetxearen azterketaren arabera, geroz eta erdara gehiago entzuten da, eta etxeetan ere bai.

Zaila da hori neurtzea, baina ikusten duzu nola guraso batzuek elkarren artean erdaraz egiten duten, nahiz eta gero umeari euskaraz egin. Haurrak ere entzuten dituzu elkarrekin erdaraz hizketan, eta seguruenik lehen ere gertatzen zen, baina, beraz, ez da egia denok euskaraz bizi garela. Joera aintzat hartu eta kontzientzia hartzen hasi beharko genuke.

Zergatik joera hori?

Zaila da jakiten, baina etxeraino sartu zaigu. Lehen herri handiagotan ikusten genituen joerak hemen gertatuko zirenik ez genuen usteko, baina gu ez gara mundutik aparte bizi. Hala, sartuta daukagu gaztelera, gure buruan eta gure barruan. Eta bizimodu mota batek, etxean gelditzeko bizimoduak, bihur ditzake herriak lotarako bakarrik, eta ondorioz, gizartean indarrean dagoen joera orokorra herri txikietara ere zabaldu egiten da.

Izan ere, azken urteetan ez da izugarrizko atzerapausorik eman, baina Jon Sarasuak esaten zuen bezala, kontua ez da botila betea dagoen edo ez, baizik eta botilak zuloa duela, eta erabat betetzen aritu behar da, ez bada hustuko. Beraz, eta joerak ez direnez onak, herri mailan kontzientzia hartu eta estrategia bat egin bat behar da naturalki datorren joera horri aurre egiteko. Epe laburrean diagnostiko on bat egin nahi dugu, helburuak jarri, eta pixkana-pixkana hori lortzeko ekintzak egin.


ASTEKARIA
2015eko urtarrilaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude