"Nik ikastolan nahi nuen, euskaraz erakutsi, euskal munduan lan egin"

  • 1963ko abenduaren 4an ume apur batzuek Gasteizen, Zerkabarren kaleko 9. zenbakiko eskailerak igo zituzten beren gurasoen eskutik helduta. Laugarren solairuan, ezkerreko atean, zain zuten Izaskun Arrue andereñoa. Gasteizko lehen ikastola.
    Eskaileretan gora abiatu zen egun hartan Itziar…

Itziar Lopez de Lacallek Irakasle ikasketak egin zituen Gasteizen: 1979ko ekainean bukatu eta Duranako Ikastola ireki berrian zen irailean, lanean.
Itziar Lopez de Lacallek Irakasle ikasketak egin zituen Gasteizen: 1979ko ekainean bukatu eta Duranako Ikastola ireki berrian zen irailean, lanean. Zaldi Ero

1963ko hartan 6 urte zenituen. Lehenengo ikastola-egun hartako oroitzapenik batere baduzu?

Oroitzapen argirik ez, baina han izango nintzela uste dut. Gainerakoan, oroitzapen pila! Azken finean, hura nire haurtzaroa izan zen. Oso gogoan dut aita-amekin joan nintzela Zerkabarren kaleko etxe hura ikustera. Izan ere, eskolara hasita nengoen ni ordurako, gure auzoko Florida eskolara. Han eman nituen Izaskunen [Arrue] etxera hasi aurreko bizpahiru hilabeteak. Gogoan daukat Izaskun ezagutzera eta tokia ikustera joan ginela. “Hauxe izango da zure eskola berria” esan zidaten, “eta hauxe zure andereñoa”. Gogoan ditut hitz horiek. Gelatxo bat ikusi nuen, hutsik. Izaskun, berriz, pertsona atsegina iruditu zitzaidan. Handik bi egunera, edo astebetera, eskola hartara hasi nintzen. Hasieran haur gutxi ginen han. Argazki bat badut garai hartakoa, eta han gara Rafa –Izaskunen semea–, Arantza Aranzabal, Iñaki Arriola, Jabi Ugarte, Pedro Elosegi, beste Arantza bat han denbora gutxi egin zuena, Idoia Yoldi, besteren bat eta ni. Horiek ginen hasierakoak. Gero, ume berriak ere etorri ziren, eta lehendik zeuden batzuek, berriz, utzi egin zioten joateari.

Zertan zen eskola ematea, pedagogia, didaktika, metodologia?

Izaskunek esaten ziguna: “Eseri, eseri lurrean indioen moduan!”. Eta hantxe, lurrean jarrita, ematen genuen eskola. Oso oroitzapen polita da. Irakurtzen eta idazten ikasteko, Martin Txilibitu genuen kartila. Oso polita! Han ezer idatzi ordez, Izaskunek zotzak eramateko esan zigun, koloretako zotzak ziren, eta haiekin letrak osatzen genituen lurrean. “Orain egingo dugu A... Orain, T... Orain, M…”. Lehenengo, letrak irakurtzen ikasi genuen. Gero, hitzak. Ondoren, kartilatik irakurtzen hasi ginen. Zenbakiekin, gauza bera. Arbeltxoak ere bagenituen, eta hantxe idazten genuen. “Lurrean jarri duguna kopiatuko dugu arbeltxoan”. Matematikako zenbakiak, berriz, barbantzuak, babarrunak eta botoiak manipulatuz osatzen genituen. Edo kartetan jokatzen genuen, “eskobara”, eta kartetan batuketak lantzen genituen! Hiztegia lantzeko, berriz, Izaskunek bazuen loto moduko bat. Batean irudiak, bestean hitzak. Batak hitza ateratzen zuen, irakurtzen zuen, eta besteok irudia “kantatzen” genuen: “Nik, nik!”…

Irakasle zara zu zeu gaur egun.

Bai, irakaskuntzan ari naiz aspaldi, eta aurrerakoia iruditzen zait orduko sistema, Izaskunek gurekin erabiltzen zuena. Batere tradizionala ez. Mojetan, han aritzen ziren ikasleak, sekulako kaligrafia pila egiten. Guk aldiz ez, modu naturalean ikasi genuen. Gogoratzen naiz ez genuela kalera jaisterik. Hura klandestinitatea zen. Goizeko hamaiketan ezin, bada, ume koadrila bat kalera irten! Ordainetan, hantxe bertan izaten genuen atsedena, hantxe jolasten ginen, edo kartetan edo beste zer edo zertan.  

Euskaraz bazenekien garai hartan?

Eeez, gure etxean inork ez zekien! Gasteiztarrak nituen gurasoak, Lopez de Lacalle Añarbe. Amaren aldetik tolosarra genuen aitona, oso gazterik Araiara bizitzera etorria. Gure aita, osaba eta beste zenbait, Andoni Urrestarazu “Umandi”rekin hasi ziren euskaraz ikasten. Eskola batzuk eman zituzten, baina ez luzaro, Umandi erbestera joan zen-eta. Oraindik etxean daukat haren gramatika, zahar-zaharra. Gurasoak abertzaleak ziren, eta apustu horixe egin zuten. Lagunekin jolasean gu, eta galdetzen zigutenean bagenekin zer esan behar genuen: “Zer eskolatara joaten zarete zuek?”, haiek. Eta guk: “Eskola txiki batera”. “Zer ikasten duzue?”, “bada, euskara”. “¿Y el vasco para qué?”, haiek, harrituta. Horregatik diot, ausartak izan zirela iruditzen zaidala, garai hartan, Gasteiz hartan, gu ikastolara bidaltzeagatik. Bost urte egin nituen Zerkabarren kaleko etxe hartan, eta 10 urterekin, institutura, Batxiler lehenengo maila egitera. Nire ahizpa Zerkabarrenen hasi zen, eta Estibaliz hiribideko ikastolara joan zen gero. Neba gazte biak, berriz, Estibaliz hiribidetik Olabide ikastolara. Ni, ordea, Zerkabarren kaletik institutura zuzen.

Gurasoak abertzale zirelako eraman zintuzten Izaskun Arrueren etxera, euskaraz eskolatzera.

Gogo horixe zutela esango nuke nik. Gainera, beraiek ez zuten euskararik, eta horixe eman nahi seme-alabei! Bestalde, hemen bazen eskola bat, ikastunen eskola, nonbait, eta hantxe jarri ziren harremanetan Maria Teresa Urrestarazu, Ramon Narbaiza eta enparauekin. Ikastun eskola hura, nonbait, gaur egun elizbarrutiaren eskola dugu, lanbidea ikasteko eskola. Gazte ziren, hamaseiren bat urte. “Asteburuetan mendira joaten ginen, kanta batzuk ere ikasten genituen…”, horrelakoak esaten zituen gure aitak. Nik uste giro horretan egosi zela haren abertzaletasuna, Ramon Narbaiza apaizak kutsatuko ziela gogo hori. Argazkiak ere baziren gure etxean. “Hemen Gorbeia gailurrean gaude”, esango zigun aitak. Eta ikastun eskola hartako koadrila zen. Uste dut apaiz haren bidez hasi zela talde txiki bat Andoni Urrestarazuren etxean, euskara ikasten.

Martin Txilibitu aipatu diguzu lehen, euskaraz irakurtzen ikasteko erabilitako liburua.

Irakurtzen ikasi genuen, baina Izaskunek bazuen kezka: “Ume hauek, gero institutura behar dute. Erdaraz ere ikasi behar dituzte gaiak”. Eta Enciclopedia erosi genuen, orduko ikasle guztiek erabili zuten liburu famatua. “Biharko halako eta halako ikasi behar dituzue buruz”, agintzen zigun Izaskunek. Etxeko lanak agintzen zizkigun, alegia. Etxera joan, gaztelaniaz ikasi, eta biharamunean euskaraz azaldu behar genion Izaskuni. Lan bikoitza zen, baina, aldi berean, bietara ikasten genuen, eta ondo! Ipuinak ere kontatzen zituen Izaskunek, eta nire gusturako, arratsaldeak zoragarriak izaten ziren: kantatu egiten genuen! Liburuxka bat zuen: kantuen hitzak eta notak ageri ziren bertan. Melodika jo, doinua atera eta kantatzen hasten ginen. Niri asko gustatzen zitzaidan kantatzea, eta horretan pasatzen genuen arratsalde zati bat. Betiko kantuak ziren, herrikoiak: Itsasoa laino dago, Triste bizi naiz eta, Isil-isilik… Nik ikasiak ditudan kantu herrikoi guztiak hantxe ikasi nituen.

Kristau-ikasbidea ere bazen han…

Bai, dotrina ere eman behar genuen, katekesira joan behar genuen Gasteizen, eta Izaskunen etxean euskaraz errezatzen ikasi genuen. Handik kanpoko katekesian, gaztelaniaz zen dena, baina beharbada Izaskunek berak gauzatxo batzuk erakutsi zizkigun gaztelaniaz, dotrinari buruzkoak. Ostiral arratsaldeetan, lehiaketa txiki bat egiten zuen. Korru txiki batean jartzen gintuen, galderak egiten zizkigun, eta denak zuzen erantzuten zituenari txanpon txiki bat ematen zion. Ez dakit erreal bikoa edo zer izango zen, baina hura poza ostiralean txanpon hura etxera eramaten zuenak! Gauza polit-politak gogoratzen ditut. Familia bat ginen guztiok. Ume gutxi, eta denok lagunak. Patiorik ez genuen, baina, batzuetan, irteeran, denok batera irten –neska-mutil guztiak kalean zebiltzan garaian, gu nabarmentzeko arriskurik ez zegoenean–, eta Izaskunen etxepeko igarobide moduko batean jolas egiten genuen. Hantxe askatzen ginen!

Eskolaz kanpoko jarduerarik bazen, nonbait…

Bai. Gogoratzen naiz, nik bederatziren bat urte, udalekuak antolatu zituztela eta Lekarozera joan ginela, talde txiki batean. Nik, egia esan, betikoak gogoratzen ditut: Aranzabal, Arriola, Elosegi eta Rafa Pikatoste. Ez dakit astebete edo hamabost egun egin genituen han. Gure lehenengo udalekua! Euskara ez galtzeko, edo indartzeko saioa. Gauza asko antolatzen ziren… Eibarren ere izan ginen, Arraten, lehiaketa batean, betiko bostok. Hizkuntzarekin lotzeko jolasak ziren. Komiki bat zen, baina hitzik ez zuen, eta guk hitzak jarri behar genizkion. Edo ipuin baten amaiera asmatzea zen ariketa… Nik uste gure hizkuntza maila neurtzeko ariketak zirela.

Urte asko geroago Peli Martinek ere idatziko zuen Arrateko horretaz. Ondo antzean jardun zenutela eta pozik zirela gurasoak.

Bai, postu ona atera genuela uste dut. Auto batean joan ginela gogoratzen naiz, eta aldizkaritxoak eman zizkigutela sari. Nik uste Kili-kili izango zela. Behin izan zen hori… Neguan, Gabon kantak ikasten genituen, Brigiden elizara joan eta, egun batean, arratsaldez, kantatzen genuen. Ez dakit gure aita-amentzat beste inorentzat kantatzen ote genuen, kanpokorik etortzen ote zen gu entzutera. Baina elizara joan eta kantatzen genuela, bai. Jaunartzea, bestalde, auzoko elizan egin nuen nik, gaztelaniaz, eta hura prestatzen ari ginela, gaztelaniaz galdetzen zigun apaizak, baina nik euskaraz besterik ez nekien!

Eta orduan?

Orduan?... Behin, apaizak dotrinako galdera bat egin zidan. Nik ez nekien gaztelaniaz erantzuten, baina euskaraz bai: “Badakit erantzuten, baina beste hizkuntza batean”. “A, bai?”, apaizak, “eta zein hizkuntzatan?”. “Euskaraz”, nik. “Bada, esan”. Eta hasi eta buka esan nuen. Ez dakit zen Sinisten det, edo zer, baina osorik esan nuen, behintzat. Eta ume guztiak niri begira. Eta ni lotsatan! “¿Pero tú de dónde eres? ¿Eres vasca?”, “¡Sí, pero de Vitoria, como tú!”, nik, lotsati. Institutuan ere gertatu izan zitzaidan, arbelera irten eta han, biderketak, edo zatiketak. Ni euskaraz trebatuta nengoen, ordea! Eragiketak egiten nituen, euskaraz nire baitan, eta gaztelaniara itzultzen nituen nire hitzak gero. “Hiru lauko… hamabi”, hori banekien, baina gero “tres por cuatro, doce” esaten ikasi behar izan nuen. Horrelakoak hamaika! Gogor xamarra izan zen hasieran… Nik jaunartzea gaztelaniaz egin nuen, baina nire atzetik etorri ziren Pedrok, Iñakik eta Mendizabal batek, esaterako, euskaraz egin ahal izan zuten, Brigidetan. 1967ko argazkia dut…

Institutuan ere nabarmendu zinen, beraz.

Disimuluan pasatzen saiatu nintzen. Hango irakasle asko Francoren Erregimenekoak ziren. Ahoa itxita edukitzea komeni zen. Ez nuke esango beldurra sentitu nuela, baina banekien, etxean gurasoek esanda, ikastolako zenbait gauza ez nuela kontatzerik. Ez zen komeni esatea. Egokitu nintzen arren, hasieran aldapa gora egin zitzaidan. Bakarrik nengoen han. Pedro eta Iñaki elkarrekin joan ziren, bata bestearekin zeuden. Ni bakarrik. Eta Arantza ere bakarrik joan zen. Institutuan, gainera, alde batetik neskak eta bestetik mutilak geunden. Bi institutu ziren. Gure gelan 42 neska ginen, eta ni, ordu arte, gela txikian eta dozena lagunen artean ohituta nengoen. Eta, gauza guztien gainetik, nik erreferentziazko pertsona bat izan nuen beti: Izaskun, nire bigarren ama! Institutuan, aldiz, gai bakoitzak bere irakaslea zuen, eta señorita zen hango tratamendua.

Dakigunez, institututik irten eta Estibaliz hiribideko ikastolara joan ohi zineten, euskarari eusteko, eta etxeko lanak egiteko. Maria Jesus Arriolaren eta Rafa Etxegarairen laguntza omen zenuten…

Bai, euskara galduko ote genuen kezka zuten gurasoek. Gure etxeetan ez zen euskaraz hitz egiten, ez genuen norekin euskaraz hitz egin. Izaskunen etxean euskaraz hitz egiten nuen, kalera irten eta gaztelaniaz. Hala esango nuke. Dena dela, arestian esan dut, Izaskunen etxetik institutura joan nintzen ni zuzen, Estibaliz hiribideko ikastolatik igaro gabe. Tarteka joan izan nintzen, hala ere, ni institutuan oporretan eta artean ikastolan eskolan ari ziren egunetan. Gainera, nire neba-ahizpak ere han ari ziren. Bai, hango gelatxoetan ere ibili nintzen. “Etorri Itziar, jarri horren ondoan eta lagundu irakurtzen”. Patiora irteten ginenean ere, txikiekin jolas egiten genuen, edo zaintzen genituen. Ordudanik gustatu zitzaidan irakaskuntza. Txikitan, Izaskunenetik irten eta etxera joaten nintzenean, panpinak atera, lurrean jarri eta jolas egiten nuen, panpina haiek umeak zirela eta neu nintzela Izaskun.

Irakasle izan nahi zenuen, txikitandik.

Zalantzarik ez nuen. Ikastola batean irakasle izan nahi nuen nik. Irakasle ikasketak egin nituen eta lan bila abiatu nintzen 1979an. Garai hartan, oposaketak egitea zen lanerako bidea, baina oposaketak eginez gero, gaztelaniazko eskolara zindoazen erakustera! Nik ez nuen edozein ikastetxetan lan egin nahi, nik ikastolan nahi nuen, euskaraz erakutsi nahi nuen, euskal munduan lan egin. Eta, zorionez, uda hartan bertan jaso nuen Duranako Ikasbidea ikastolan lan egiteko deia, eta bertan egin nituen 33 urte. 2013-14an etorri nintzen Salburuako ikastetxera.

Nortasun agiria: Itziar Lopez de Lacalle

Itziar Lopez de Lacalle Añarbe (Gasteiz, 1959), Gasteizko lehen ikastola hartara, Izaskun Arrue andereñoaren etxean hasi zen haurretan zaharrena. Arantza Aranzabal, Iñaki Arriola, Pedro Elosegi, Rafael Pikatoste… izan zituen kide, Olabide Ikastolaren hazia erein zuten gelatxoan. Irakasle ikasketak egin zituen Gasteizen: 1979ko ekainean bukatu eta Duranako Ikastola ireki berrian zen irailean, lanean. 33 urte egin zituen han, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Salburuako Lehen Hezkuntza Ikastetxean ari da iaztik, gustura. Mordoxka ditu garai bateko bizipenak, eta ezpainetan irribarrea duela kontatu ohi ditu duela 50 urteko gorabeherak. Inondik ere, ez zen sasoi txarra izan.

Izaskunek presioa

"Beharbada, presio handia izango zuen Izaskunek, une jakin batean gaztelaniazko eskolara joan behar genuelako, eta, hara sartu ahal izateko, azterketa bat gainditu behar genuelako. Baina nik, ume nintzenez, lasai bizi nuen hura, nahiz eta ni lotsatia izan eta berak galderak egiten zizkigunean ni larritu. Gurea lagun giroko eskola zen, ez zen ohikoa. Zenbat aldiz gelditu ote ginen Izaskunen etxean bertan bazkaltzen".

Atzo eta gaur

"Orduan Izaskunen etxean beste inon ezin nezake euskaraz hitz egin. Kito. Institutuan hasi nintzenean, berdin, gaztelaniaz ziren harreman guztiak. Gero, irakasle eskolan, euskararen gogoa pizten hasi zen. Izaskunek berak Euskara irakatsi zuen -hautazko ikasgaia zen-, aldi batez 1978 inguruan. Pare bat aldiz joan nintzen haren saioetara, eta ikasleek betikoa: 'Hara gasteiztarra' Eta nola hitz egiten duzu euskaraz?". Piztia arraroa nintzen. Gero, pixkanaka-pixkanaka euskara leku askotara sartu zen. Gaur egun, ia-ia leku guztietan dago. Alde oso handia da".

Azken hitza: Zerkabarren 50 urte

“Kale honetara etorri eta iruditzen zait berriro igoko naizela, eskaileretan gora, txirrina joko dudala eta Izaskunek irekiko didala atea. Gelatxora sartu, lurrean jarri eta laster hasiko garela kantari… Ondoren, Xabiertxo irakurri eta halakoak egingo ditugula”.

Gurasoen ilusioa

“Batez ere, aitaren nahia zen guk euskaraz ikastea. Gazterik hil zen, ordea, nik zortzi urte nituela, eta, orduan, amak
itsu-itsuan jarraitu zion aitaren nahiari. Gurasoek ez zekiten euskararik, baina horixe nahi zuten guretzat. Uste dut ilusio handia izango zutela guk euskaraz ikasi genuela ikustea”.


ASTEKARIA
2014ko abenduaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude