Hizkuntza guztiek berdin komunikatzen dute?

  • Mikel Mendizabal Ituartek galderak egiteko dohain preziatua du. Hasteko, bere buruari galdetu ohi dio: “Zergatik hitz egiten da horren gutxi euskaraz? Zergatik hainbeste euskaldun ez da euskaraz ia inoiz mintzatzen? Zergatik jotzen dugu horren maiz erdarara euskaraz ari garenean?”... Erantzun bila, azalean bertan galdera dakarren liburua ondu du egileak: Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa ala errealitatea? (Utriusque Vasconiae, 2014). Lau adituk erantzun diote galderari.


2014ko uztailaren 02an
Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariaren ustez hiztunak munduko hizkuntza guztietan komunika daitezke berdin, Australiako hizkuntza aborigen batean edo ingeles modernoan.
Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariaren ustez hiztunak munduko hizkuntza guztietan komunika daitezke berdin, Australiako hizkuntza aborigen batean edo ingeles modernoan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lanaren atarikoan Mikel Mendizabal Ituartek (Donostia, 1963) dioenez, hizkuntza irakaslea eta euskaltzalea den aldetik hainbat galdera egin dizkio bere buruari hizkuntzen izaerari eta funtzionamenduari buruz. Horrekin batera, dio euskararen egoera diglosikoa aztertu nahian hainbat teoria irakurri ditugula, egoera ulertu eta irauli nahian, beharbada. Mondragon Unibertsitateko Hizkuntzen Psikopedagogia ikasketak amaitzeko egitasmoa den Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: Mitoa ala errealitatea? honetan, Mendizabalek berrikuntza erantsi nahi izan die orain arteko ikuspegiei, eta horretarako, oinarri-oinarrizko galderak eginez abiatu da: “Hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera al dute? Modu inplizitu edo esplizituan aipatzen den hizkuntzen parekotasun komunikatiboa, errealitatea ala mitoa da? Errazagoa al da zenbait hizkuntzatan hitz egitea? Eta hau horrela bada, zergatik?”.

Lau hizkuntzalari begiz jo eta hainbat galdera egin dizkie. Honakoak ditugu hizkuntzalariok: Miren Azkarate Villar, Euskal Filologian doktore eta katedraduna, eta euskaltzain osoa; Bernard H. Bichakjian, Holandako Radbour unibertsitateko frantses irakasle ohia; Juan Carlos Moreno Cabrera, Filosofia eta Letretan doktorea eta hizkuntzalaritza katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan; eta Jesus Rubio Peña, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea, estatistika irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean.

Mendizabalek hainbat galdera zuzendu dizkie, nork beretik erantzun dezan: “Nola definituko zenuke lengoaia? Ba al da hizkuntza zailagorik, hitz egiterakoan nahiz idazterakoan? Zein da hizkuntza ideala? Halako hizkuntza batean, ba al dira komunikazioa zaildu edo trabatzen duten elementuak?... Tartean, jakina, lanari ematen dion galdera da nabarmen: “Hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun maila berdina al dute?”.

Potentzialtasun bera

Miren Azkarate irakasleak hizkuntzen gainean izan diren zenbait uste berrikustera jo du galderaren erantzunean. XVIII. mendean Larramendik Diccionario Trilingüe lanaren hitzaurrean nahiz El imposible vencido gramatikaren atarikoan idatziak dakarzkigu gogora. Azkaratek dioenez, Larramendi, Joanes Etxeberri Sarakoa eta gainerakoak garaiaren ondorio ziren, eta orduko usteak zituzten: euskara Babelgo nahastearen ondoren sortu ziren hizkuntzetako bat zela sinesten zuten. Horren froga litzateke, euskarak bestelako hizkuntzekin ahaidetasunik ez berdintasunik izatea. Mendizabalek egindako galderari erantzuteko puntura heldurik, Patxi Baztarrikak Babeli gorazarre liburuan idatzi zuenera jo du Azkaratek. “… hizkuntzen komunikazio gaitasunaren eta garapenaren neurria mugatzen duena ez da hizkuntza bera, hiztunek hizkuntzari urteetan eman dioten erabilera eta funtzionaltasunaren nolakoa baizik. Lizardik euskararako aldarrikatu zuen hizkuntzaren noranahikoaren irudiaz baliatuz, zenbat eta noranahikoago izatea lortu, orduan eta era guztietako errekurtso gehiagoz eta aberatsagoz jabetzen da hizkuntza, edozein delarik ere. Abiapuntuan, bada, potentzialtasun berekoak dira hizkuntza guztiak”. Hizkuntza guztiek, potentzian besterik ez bada ere, berdintasun komunikatibo bera dutela pentsatu beharko dugu.

Erantzun gabe utzi beharreko galdera

Bernard H. Bichakjianen iritziz, zaila da galdera. “Hizkuntza guztietako hiztunek beren mezuak zabaltzen dituztenez gero, hizkuntza guztiek gaitasun komunikatibo bera dutela esan beharko genuke”, dio erantzunaren hasieran. Sakonera joz, ordea, besterik esango digu: “Hiztun guztiek beren mezuak zabaltzen dituztenez gero, hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera dutela esatea, zera esatea da: hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera dutela, kontzeptualizatzen dutena kontzeptualizatzeko gaitasuna dutelako. Jakina, hau non sequitor bat da”. Esan nahi baita, falazia bat, edo are, gezurra.

Bichakjianen iritziko, hizkuntzek hiztunei kontzeptualizazio ahalmen bera ematen ote dieten da hil ala biziko galdera. Eta erantzunik ez du hizkuntzalari honek. “Esaterako, adjektiboak dituzten hizkuntzek, adjektiborik ez duten hizkuntzek baino kontzeptualizatzeko ahalmen handiagoa ematen diete hiztunei?” Edo, sintaxiari loturik, “perpaus konplexuak dituzten hizkuntzek gehiago laguntzen dute sarrera eta irteera mezuen egitura hierarkikoa antolatzen, oraindik gisa horretako perpausak eraikitzen ez dituzten hizkuntzek baino?”. Dena den, adjektiborik ez duten hizkuntzek, eta perpaus konplexuak baliatzen ez dituztenek, bestelako baliabideak dituzte, “alabaina, alternatiba horiek aurrekoak bezain eraginkor dira? Zilegi da galdera hauek eta antzekoak egitea eta erantzuna merezi dute”.

Azkenean, Charles Ferguson hizkuntzalari estatubatuarraren hitzak bere eginez ariko da Bichakjian: “Hizkuntzalaritzari buruzko ikastaroetan, askotan egia zientifikotzat hartu izan da hizkuntza guztiak bai konplexutasunez, bai adierazkortasunez guztiz berdinak izatea, baina, nik dakidanez, ez dago horren frogarik batere”. Bichakjianek eransten duenaren arabera, politikoki zuzena izan beharrak oraindik pisu handia du, eta horregatik, bere horretan irauten du hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera dutelako usteak. Horrek, inondik ere, ezinezko egiten du ikerketan abiatzea bera, hau da, gaia irizpide zientifikoz ikertzeko saioak zapuzten ditu. Ondorioz, hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera duten galdera erantzun gabe utzi behar da.

Gaitasun komunikatiboa, hiztunek

Juan Carlos Moreno Cabrerak hasieratik joko du iltzea buruan: “Gaitasun komunikatiboa ez da hizkuntzek duten propietatea, hiztunek dutena baizik. Hizkuntzak ez dira gaitasunak dituzten entitate autonomoak. Ez dira kortxo-kentzeko edo zorrozkailu bat bezalako objektuak. Hizkuntza, izan, ahoz edo keinu bidez aktibitate komunikatibo espezifiko eta berezien multzoari esaten diogu. Hizkuntzak ez dira hizkuntz komunikazioa gauzatzeko bitartekoak, hiztun komunitate baten hizkuntz aktibitate komunikatibo berezia baizik”. Moreno Cabreraren iritziz hizkuntz aktibitatea behagarria eta egiaztagarria da; aldiz, hizkuntz gaitasuna, egiaztagarria da, nahiz eta ez zuzenki behagarria. Hizkuntzak, berriz, ez dira ez bata ez bestea, ez dira entitate edo gauza autonomo, isolagarri eta egiaztagarriak. “Hizkuntzak, ulertzen ohi dugunez, zenbait kulturaren sorkari idealizatuak dira, demokrazia, espiritualtasun, gizarte, kultura eta horrelako beste kontzeptu asko bezalakoak”. Hizkuntzen berdintasun komunikatiboari buruzko galdera, hau da, halako hizkuntza batek beste batek baino gaitasun komunikatibo handiagoa duen –edo ez duen–, galdetzea zentzugabekeria litzateke Moreno Cabreraren irudiko.

Hizkuntzalari honek ez du ukatzen hizkuntza ezberdinek, formalki, osagai ezberdinak erabiltzen dituztela. Besterik da horrek hizkuntzen hiztunen gaitasun komunikatiboa nola edo hala eragiten duen. Adibidera joko du Moreno Cabrerak. “Badira hizkuntza batzuk genero gramatikala dutenak, eta beste batzuk, aldiz, ez dutenak. Horra gaztelania eta euskara. Gaztelaniaz mintzo garenean, erabiltzen ditugun substantibo guztien generoa zaindu behar dugu formalki, euskaraz ari garenean ez bezala. Horrek esan nahi du euskara hiztun natiboak gaztelania hiztun natiboak baino komunikatiboki mugatuago daudela?”. Moreno Cabrerak galdera, eta berak erantzuna: “Uste dut argi dagoela ez dagoela gisako muga komunikatiborik. Euskaldunek gaztelania hiztunek duten gaitasun komunikatibo bera dute sexuari buruzko gorabeherak komunikatzeko; ez dirudi inork urritasuna aurkitu duenik horretan”. Adibidez ari da, baina beste koska bat ere estutu du auzia, esanez ez suomierak, ez hungarierak, ez turkierak dutela genero gramatikala, eta hizkuntza horietako hiztunetan ere ez da ikusi generoaz edo sexuaz hitz egiterakoan gaitasun komunikatibo urriagoa dutenik.

Hizkuntza batzuk garatu duten gaitasun komunikatiboa

Jesus Rubiok darabilgun galderari eman dion erantzuna baino lehen, esan beharko da Euskal Herriko Unibertsitateko estatistika irakasle honek bere gisa eraiki duela hizkuntz sistema, edota, besteak beste, Euskararen garabideak (Alberdania, 2002) liburuan proposatu zituen aukera prepositivoen bidetik jo duela. Liburuko galderari, berriz, honelaxe erantzun dio Rubiok, hitzez hitz: “Kontua da ze hizkuntza guztiak ahal dute adierazi nola edo hala edozein mezu, baina segituan esan behar da ze hor ez da amaitzen afera, zeren badira hizkuntzak zein duten garatu valiabide eta estruktura sintaktiko berezituak zeinekin iritzi helburu komunikativo konplexuak an modu erosoa. Zentzu horretan badira hizkuntzak zein duten garatu gaitasun komunikativo finduagoa, aberatsagoa…”. Garabideak garabide, estimatuko genuke hizkuntza zelaiagoa elkar komunikatzekotan. Jesus Rubiok proposatzen duen ereduari buruzko eztabaidarako, dena den, sustatu.com-era joan besterik ez dago, eta liburua argitaratu zuen garaian Joxe Aranzabalek, Pruden Garziak, Josu Lavinek eta Jesus Rubiok berak izan zuten iritzi trukea irakurri.

Iritziak alde banatan

Lanaren egile Mikel Mendizabal Ituartek berak laburtzen duenez, Miren Azkaratek eta Juan Carlos Moreno Cabrerak uste dute hiztunak munduko hizkuntza guztietan komunika daitezkeela berdin, “esaterako, ingeles modernoan edo Australiako hizkuntza aborigen batean, eta horrela egiten ez bada, ez dela, hain zuzen, hizkuntza bat bestea baino osatuagoa edo errazagoa delako, baizik eta beste zenbait arrazoirengatik, politikoak, historikoak, ekonomikoak, eta abar”. Beste bi hizkuntzalariei dagokienez, Bernard H. Bichakjiani eta Jesus Rubiori, alegia, hauek uste dute errazagoa dela zenbait hizkuntzatan hitz egitea. Egitura desberdinekoak diren hizkuntzak aztertu ondoren, ikus daitekeela, adibidez, badela garabide sintaktiko bat, gomendio eta aukera linguistikoak proposatzean kontuan hartu beharko litzatekeena. “Hizkuntza batzuk –edota hizkuntza jakin baten ezaugarri batzuk–, beste batzuenak baino komunikatiboak izan daitezke, eta elebidun den hiztunak beti izango du joera –alderdi afektiboak alde batera utzita–, bi hizkuntzetatik bat aukeratzeko: komunikatzeko errazen egiten zaion hura, alegia”, egileak berak bi hizkuntzalarion hitzak laburtzen asmatu duenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
2024-06-25 | Euskal Irratiak
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


Mañeruibarko haur euskaldunak sarituko dituzte Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak

Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.


Maitena Duhalde hizkuntzalaria
“Lapurdiko itsas hegian egun 80-90 urte duen belaunaldiaren hizkera deskribatu dut”

Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
“Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna”

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


2023-07-20 | Cira Crespo
Anik Nandi, soziolinguista
“Uste zen hizkuntza sartzen bazenuen hezkuntza sisteman jendeak hitz egingo zuela, baina ez”

Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Mikromatxismo, egia berdadero, afariketan… Euskaltzaindiaren Hiztegiak 646 forma berri jaso ditu

Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]


Itxaropen-zerrenda

Bikotea osatzen duten bi lagunekin topo egin, haiekin hizketan hasi, eta haietako batek itxaropen-zerrenda esan du, nahastuta, itxaron-zerrenda beharrean. Haren bikotekidea konturatu da, konturatu denez, baina ondo disimulatu du. Hiztripuaren autorea euskara ikasten ari da, eta... [+]


Elena Martínez de Madina. Egiazko izenen bila
“Toponimia aberastasun ikaragarria dugu Araban eta zer gutxi errespetatzen den!”

Bizialdia darama Gasteizko toponimia ikertzen. Bateko eta besteko toki izenak jasotzen, forma zuzena eskaintzen... Eta toponimiaz galdezka hasi, eta bizi-historia kontatu digu, Gasteiz eta Nuarbe (Azpeitia) loturik, Alizia ahizparen eta Anjel Otaegiren ama Maríaren... [+]


2023-06-09 | Eta Kitto
Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal
“Federico Krutwig Mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen”

Nabarralde Fundazioak Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du. Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabal eibartarrak. Hain zuzen ere, bi hauek egongo... [+]


Esti Blanco-Elorrieta. Tartekoari adi
“AEB-etako hezkuntzan, jendeak uste du hobe dela elebakarra izatea elebiduna baino”

Hizkuntzaz zein garunaz ari dela, Esti Blanco-Elorrieta ikertzailearen ikuspegian fluidotasunak leku nabarmena du. “Gizakiok kategorizatzeko konpultsio itzela daukagu, eta teoria oso modularrak egiten ditugu, denean”. Baina tarteko prozesuak daude, eta dena ez da A... [+]


Eguneraketa berriak daude