"Garai interesgarriak bizi ditugu, kazetari izateko"


2014ko otsailaren 06an

Garai gogor hauetan indartzen du bere zentzua kazetaritzak: Pertsonen bizi baldintzak eta bizitzak jokoan daudenean inoiz baino beharrezkoagoa da sakon informatzea, gauzen zergatia arakatzea. Garai interesgarriak dira, beraz, kazetariontzat. Garai gogorrak elitetik kanpoko gainerako herritarrontzat.

Zorionez, momentu latzenetan ateratzen dugu askotan pertsonok barruan dugun onena. Eta orduan esaten dugu “uf, eskerrak!” Eskerrak trantze edo ataka horien aurrean jauzi egin dugun. 2013ko ataka hauek azpimarratu nahi nituzke, eta emandako jauziak eskertu:

- “Kazetaria naizela!” oihuak ofizioa duintasunarekin lotu zuen apirileko egunsenti hartan. Donostiako Herri Harresiko gertakizun haietatik Argiako lankideak izandako erreakzioa azpimarratuko nuke: kazetarion kaiola bihurtutako Boulevarreko kioskotik salto egin eta albistearen muinera sartu zen. Eskerrak salto egin zuen! Horri esker lortu zuen gertakari haien testigantza, dokumentu inportanteena grabatzea (nazioartera zabaldu zen bideoa).

- Erraustegiaren itxiera Argiaren azalera ekarri genuen. Eskerrak prozesu osoari jarraipena egin genion besteak beste Zero Zabor blogean. Bertan xehetu genituen erraustegi proiektuaren informazioak, datuak eta ondorioak.

- Eskerrak! sentitzen dugu kazetariok Interneteko itsaso zabalaren aurrean. Mezudun botilatxoak bota eta inoiz Argia irakurri ez zuten milaka pertsonengana iristen direla ohartu gara (horietako asko, gainera gazteak dira). Beranduegi eta Damutuko Zaizuteren moduko programekin esperimentatzeko eta ze arraio! primeran pasatzeko aitzakia ere ematen digu Internetek.

- Epe ertainera eskerrak! esango dugula konfiantza dugu. Izan ere, murrizketen eta itomen testuinguruan sortutako Hekimen elkartea ari da administrazioko erakundeekin elkarrizketan. Eta zorionez, erakundeen eta herri ekimeneko hedabideen artean lantzeko elkarlan bideak ikusten dira.

- Eta mila esker! ezagunena beste ataka batek eragin du Euskal Herrian. Konponbiderako blokeoaren aurrean eta giza eskubideetan, ataka estu horien aurrean, alderdien gehiengoak aurreranzko pausoa eman zuten urtarrilaren 11n. Ea bada Madrilek jarritako ataka hura gainditu ondoren begi aurrean dugun joko-zelai zabalean bidea egiten asmatzen dugun.

- Zenbat eskertzen diren jende desberdina lotzeko gaitasuna duten pertsonak, pitzadura handiak direnean. Euskarazko komunikazio proiektu baten bueltan jende diferentea batzea, gaitasun hori zuten aurten agurtu gaituzten Joxan Lizarribar eta Ramon Maria Labaienek. Eskerrik asko biei, emandako guztiagatik.

- Ataka txikiak egunero daude enpresan. Batek halako patxada goxo bat, eta esker bero bat sentitzen du goizero erredakziora joan, eta Hego Amerikako Aimara herriak bezala norberaren arbasoak atzean ez, baizik eta aurrean dituela ikustean. 25 urteotan Argian izandako hiru zuzendariak hantxe aurrean ikustean, ereduzko kazetari lanetan. Agian izango da karguei benetan duten pisua baizik ez diegulako ematen, eta agian urteetako esperientzia metatzea delako gure aberastasun handietako bat.

- Bukatzeko, pozgarria da gogoratzea gaurko eguna bera ere ataka baten aurrean sortu zela. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren eta Argiaren arteko harremanak gaiztotuta zeuden eta Argia Sariak sortzea aukera bat izan zen, batzen gaituenetik elkartzeko. 25 urte geroago, gorabeherak gorabehera, alde ederrean gaude denok ere harremanetan! Beraz, gaurko azken eskerrak hemen bildu zaretenontzat dira. Beste 25 urtean izan dadila Argia Sariak, euskal kulturaren eragile nagusiek festa giroan elkartzeko duten egun bat.

Garai gogor bezain interesgarriotan zentzu betea hartzen duelako, egin dezagun kazetaritza. Kalitatezko kazetaritza, kazetaritza independentea, kazetaritza eraginkorra. Gure egungo babesle, laguntzaile eta harpidedunek eskertzen digute. Eta bizirauteko behar beharrezkoak zaizkigun babesle, laguntzaile eta harpidedun gehiago lortzeko balio dezala! Hala espero! n

Argia Sariak banatu aurretik emandako hitzaldiaren zatiak dira honakoak. Hitzaldi osoa webgunean aurkituko duzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude