Lourdes de Leon

"Elebitasun orekatua ikusi dut Chiapasen, ez espainolak tzotzila ordezkatzen duela"

  • Hizkuntza maiak ditu aztergai Lourdes de Leon Pasquel mexikar hizkuntzalariak. 1983. urtetik Chiapasen ari da bertako tzotzil eta tzeltal hiztun komunitateak ikertzen.

Miel Anjel Elustondo
2014ko otsailaren 02a
"Giza eskubideen aldarrikapenak asko dira, baina norberaren hizkuntzan eskolatzeari dagokiona ez dago inplementatuta". (Argazkia: Zaldi Ero)

1978an hasi zen ikerketan, hizkuntzalaritza eta antropologiaren artean zangalatraba. Oaxacako mixtekoen artean jardun zuen lehenengo, eta Oregonera (AEB) lanera migratzen zuten mixtekoen bidean gero. Urte asko dira ordea, Chiapaseko haurren berriketei belarria jarrita dabilela. Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak egindako biltzarrak gonbidatu zuen joan den udazkenean eta Bilbon egin genion elkarrizketa.

Chiapasen diren tzotzil eta tzeltal hiztun komunitateen hizkuntza egoeraz ari zara lanean aspaldi. Zuk, dena den, “narratiba” duzu xede.

Bai. Jaiotzatik hiru urte bitarteko hizkuntza jabekuntzaz jardun izan dut ikerketan, eta bestalde, haurrak lau urte betetzen dituenetik nola garatzen duen narratiba aztertu dut. Hori egina dut, eta orain, berdinen taldeak –zuentzat, hemen, “kuadrillak”–, aztertu ditut, lagunarte horietan hizkuntza eta kultura zertan diren. “Berdinen taldeak” diot, baina esan beharra daukat talde senidetuak direla, hau da, anai-arreba dira, edo lehengusu-lehengusina gutiz gehienetan. Hor hainbat adin tarte dituzu, izan urtebeteko haurrak, izan hamabi urtekoak, denek batera egiten baitute jolas, anaia gehienaren ardurapean, hark begiratzen baititu txikienak. Berak agintzen du. Horixe gertatzen da familia ugaritan. Nik, hortaz, haurren mundua aztertu ohi dut, dela jolas eta jokoetan, dela eguneroko bizimoduan.

Non hitz egiten dira, Chiapasen, tzotzil eta tzeltala?

Mexiko hegoaldean, Chiapaseko estatuan –ezaguna, arrazoi asko direla tarteko–, hainbat hizkuntza maia hitz egiten dituzte, eta gehien hitz egiten direnak dituzu tzeltala eta tzotzila. Antz handia dute bi hizkuntzek ere. Gaztelania eta katalana balira bezala, eman dezagun. Batzuek eta besteek erraz ulertzen dute elkar, hiztun kopurua ere antzekoa dute, eta biak daude oso bizi. Mexikon badira hizkuntza gehiago ere. Horietarik askok, espainolaren antza hartu dute. Alabaina, Yucatan, Chiapas eta Guatemalan hitz egiten diren maia hizkuntzek bizi-bizi irauten dute. Are gehiago, Indoamerikako hizkuntza indigenen artean, haiek dira bizienak: komunitateetan ohikotasunez erabiltzen dituzte; haurrek, dudarik gabe, eta askotan, hiztunak elebakarrak dira tzotzil eta tzeltalen.

Bi hizkuntzak bizi-bizi direla esan duzu.

Komunitateek hitz egiten dutela, esan nahi dut. 300.000 dira tzotzilak, zertxobait gehiago tzeltal hiztunak. Bestalde, badira maia hizkuntza gehiago ere. Hala tzotzilak nola tzeltalak, komunitate trinkoak dira, batere ez barreiatuak. Handienak Chamula eta Sinakantan herrietakoak dira. Lehenengoan, 30.000 hiztun dira; bestean, 70.000. Bestalde, badira komunitate gehiago ere tzotzil hitz egiten dutenak, baina bestelako udalerri batzuetan dira. Izan ere, joan deneko hamarkada honetan migrazio handia izan da, jende asko joan da estatutik kanpora, eta harago. Chamulako asko, adibidez, AEBetara joan ohi dira. Horrek jakina, komunitatea barreiatzea dakar. Herrian pertsona nagusiak, emakumezkoak eta haurrak geratzen dira. Gizonezkoak dira Iparraldera –guk esaten dugun moduan, Iparraldera [AEB]–, lanera abiatzen direnak. Migrazio berria da, esango genuke, eta itzulera duena.

Zertan dira tzotzil eta tzeltal komunitateak gaztelaniarekin harremanetan sartzen direnean? Eskolaz ari naiz, jakina.

Chiapasen oso eskolaratze maila apala dugu. Bataz beste, Lehen Hezkuntzako bigarren mailara heltzen dira bertakoak… Eskolatzea, berez, derrigorra da, ofiziala. Mexikoko konstituzioak dio haur guztiek eskolara joateko obligazioa dutela, behartuta daudela. Komunitate hauetan, aldiz, jendeak ez bidaltzeko erabakia hartua du, esanez haurrek ez dutela ezer ikasten eskolan eta, gainera, ezgauza bihurtzen direla, ezgauza soro lanerako, ezgauza familia lanerako. Eskolak ez diela beraiek espero duten tresnarik ematen.

Zein iritzi duzu zuk?

Eskolak, besteak beste, ez ditu hizkuntza indigenan hezten, espainola ikasten dute, hori bai, eta irakurtzen –neurri batean bederen–, eta aritmetika eta gramatika hastapenak bereganatzen dituzte. Horra heldurik, ordea, gurasoek ikusten dutelarik beren seme-alaba etxera sartu den dokumentua irakurtzeko gai dela, nahikoa dute. Hartu eta beraiekin batera eramango dute ondoko herri nagusira erosketak egitera. Literazidade hori baliagarri zaio familiari, baina bigarren mailaz gero, gutxiengo dira eskola balioesten dutenak. Eskolan irauten dutenak, besteak beste, gobernuak egin ohi dituen sustapen kanpainei esker geratzen dira, gobernuak esaten baitie eskolak familiari on egiten diola. Jakina, bekak ere eskaintzen ditu, hilerokoak, eta horrela zenbait haur bigarren maila hori eta gero ere, eskolara lotzea lortzen du.

Irakaskuntza espainolez da betiere.

Espainolez. Komunitate tzotzil eta tzeltal hauetan, irakasleak ez du espainiera baizik egiten, metodoa espainolez da, liburuak eta ikasmaterialak, denak, espainolez dira. Kontua da, hala ere, zenbait kasutan irakaslea tokian tokiko hizkuntza eta espainola, biak hitz egiteko gai dela eta, orduan, liburuan espainolez datorrena hartu eta tzotzilera edo tzeltalera itzulirik ematen dizkiola argibideak ikasleari. Askotan, gobernuak, guztizko intentzioan, bertakoa ez bestelako hizkuntzaren bat hitz egiten duten irakasleak bidaltzen ditu komunitate hauetara, espainolez hitz egitera behartzeko denak. Diskurtso ofizialak esango dizu Mexikoko hezkuntzak gazteleratzea ardatz zuen hezkuntzatik –50eko hamarkadako sistematik, alegia–, hezkuntza elebidunera egin duela jauzi; elebiduna, eta kulturbiduna. 90eko hamarkadaz gero titulu horiexek eman zizkioten hezkuntzari: “elebiduna eta kulturartekoa”.

Baina zuk agertu duzunez, espainol hutsez irakasten diete eskolan.

Maia eskualdean, Chiapasen, esaterako, eskola ofizialak ez dira elebidunak. Esperientziak bai, badira, hezkuntza elebiduna eta kulturartekoa saiatzeko, baina horixe dira, esperientziak. Estatuaren hezkuntza proiektutik aparte egiten dira. Talde alternatiboak dira, beren curriculum propioa osatu dutenak, ama hizkuntzak abiapuntu dituztelarik. Eskola hauetarik asko “Eskola Autonomo Zapatista” izenekoak dira. 1994an bereizi ziren hezkuntza sistema ofizialetik eta beren eskolak sortu zituzten.

Gurasoek bere horretan onartzen dute gaztelaniaz irakastea?

Batzuetan bai, besteetan ez. Badira komunitate batzuk zalantzarik ez dutenak, eta diotenak: “Gure semeak espainola ikastea nahi dut. Etxean tzotzila hitz egiten dugu eta, hortaz, gure seme honek espainola ikastea behar dut”. Jarrera ezberdinak dira, alegia. Komunitate autonomo zapatistetan, berriz, bestelakoa da planteamendua. Hau da, ama hizkuntzan hasten da irakaskuntza, frogatuta baitago lehenengo ikaskuntzari dagokionez, irakurketa-idazketarako, adibidez, askoz egokiagoa dela ama hizkuntzan bideratzea. Gerora sartzen dute espainola.

Zein hizkuntzatan gauzatzen da “narratibaren garapena”, zuk aztertu duzun ikergaia, alegia?

Hiru urtean, haurren jarraipena egin nuen, tzotzila beren baitan nola sortzen den jaso nuen. Ondorioetan esan nuenez, tzotzil haurrek beste edozein hizkuntza eta kulturatako haurrek bezala, modu berean garatzen dute hizkuntza. Zerutik jakina zen hori, baina, beste gauza bat ez hain jakina, haur horiek ama hizkuntzak zehazten dizkien ildoak ere garatzen dituztela.

Zer esan nahi duzu: “ama hizkuntzak zehazten dizkien ildoak garatzen dituzte”?

Ildo ezberdinak garatzen dituztela, ingelesez ikasten duten haurrek garatzen ez dituztenak, adibidez.

Zein dira ildo horiek, gurean barrundatze aldera besterik ez bada ere.

Esaterako, psikologoek arreta handia ematen diote haurrak espazio harremanak eratzeko duen moduari. Horrela, objektu bat zerbaiten gainean dagoen, zerbaiten barruan, edo ondoan, aztertzen dute. Ingelesez zenbait preposizio erabiltzen ditugu, oso orokorrak, in, on eta gisakoak. Tzotzilen, aldiz, aditz bereziak dituzte espazio harreman horiek adierazteko. Honenbestez, era honetakoak bereizi, eta esango duzu: “objektu luzea, mahai gainean ezarria”, “objektu biribila, mahai gainean ezarria”, “objektu oinarriduna, mahai gainean ezarria”, “objektu luzea, edukiontzi biribilean sartua”… Eta hori hiru hots –kontsonantea, bokala, kontsonantea–, txikiren bidez egiten da. Haurrak hasiera-hasieratik ikasten du horrela hitz egiten, hau da, objektuaren eiteari eta objektu hori bera nola dagoen jarrita behaturik hitz egiten. Psikologoek, orduan: “Ezinezkoa da, objektuen ezaugarriei antzematea eskatzen du horrek, eta hori haurrak geroago garatuko duen gaitasuna da”. Haur tzotzilak, berriz, ingeles hiztunak ez bezala, hasiera-hasieratik hasten dira espazio harreman horiek adierazteko hitz eta aditz-erro bereziak erabiltzen.

Berezkotasunez...

Eta arazorik gabe. Eta, hein berean jokatzen dute haur korearrek. Horixe interesatu zitzaidan niri, eta horretan sartu nintzen buru-belarri: “Espazioaren semantika hizkuntza jabekuntzan” deritzo gaiari. Joan deneko bost urtean, haur haiekin batera hazi naizenez ni, jakin nahi izan dut zer gertatzen den beren etxe girotik eta zaintzaileetatik urrundu eta beren adin bereko neska-mutikoekin harremanetan hasten direnean, zer ikasten duten ondoko neska-mutikoengandik. Sozializazio iturri baita hori ere.

Ez dago esan beharrik ere…

Psikolinguistikan askotan aipatzen da zein den haurrak entzuten duen hizkuntzaren iturria, behar-beharrezkoa baitu iturri hori, nahitaezkoa. Hizkuntza entzun ez duen haurrak ez du hizkuntza ikasiko. Jakin dudanez, euskaraz ikasten ari diren haurren kasuan ere bada hori: gurasoen bidez entzuten dutena kontuan hartzea ez da nahikoa, eskolara joan eta bestelako iturrietatik ere entzuten dutena hartu behar da kontuan. Bizitza bat da, etxetik kanpokoa, eta horrek ere asko erakusten die, haurrak sozializatzen ditu. Hitz egiteko bestelako moduak dira, mundua ikusteko bestelako erak. Horretan, hor da beti berdinen taldea, askoren artean eragile.

Askoren artean eragile? Usteko nuen hori baino garrantzi handiagoa zuela berdinen taldeak, zenbait adinetan batik bat.

Adinaren arabera, egia da, inguru horrek garrantzi handiagoa hartzen du. Bai, askotan, gurasoek uste dute beraiek bakarrik direla informazio iturriak, baina, haurrak hazi ahala, indar hartzen du eskolatik kanpoko giroak, eta berdinen taldeek. Horretan ari naiz lanean, berdinen taldeek bigarren hizkuntza baten sozializazioan jokatzen duten rola aztertzen. Etxean izan litezke tzotzil elebakarrak, edo elebidunak, ezkontza mistoak ere gertatzen baitira, eta nik aztertu nahi dut nola den haurren eta beren hizkuntzaren bizimodua. Eskuarki, ikerketak etxe barrura begira jarri ohi dira, etxean ikasitakoa dute helburu. Nik bestelako galdera egiten dut: “Zer gertatzen da neska-mutilak kanpoan dabiltzanean, berdinen artean, adin berekoekin elkarreraginean?”. Horrela, espainiera nola sartzen den haien barrura ikusten ari naiz. Badira familiak, tzotzil elebakarrak –hala ere, ez dira isolaturik bizi, hor dira hedabideak, hor etxetik lekora dagoen bizitza, espainolez–, eta kontua da jakitea nondik eta nola ateratzen duten gaztelania.

Eskolatik, diozu, eta hedabideetatik.

Bai. Eta horietan jasotako informazioa beren jolas eta jokoetara eramaten dute neska-mutikoek. Badira familia elebidunak –aita tzotzil mintzo, ama espainolez–, eta kontuan harturik espainierak duen prestigioa –hau da, espainola dela hizkuntza balioetsia–, aztertzen ari naiz berdinen taldeetan ere ez ote den espainola nagusituko, tzotzil hitz egiten duten neska-mutilak ez ote diren espainolez hitz egiten duten neska-mutikoen itzalera lerratuko. Oraingoz, elebitasun orekatua ikusi dut Chiapas hegoaldeko komunitate hauetan, ez espainolak tzotzila ordezkatzen duela.

Prestigioa espainolak duelarik, ez ote da, lehenago edo berantago, ordezkapena gertatuko?

Horixe da nik neure buruari egiten diodan galdera. Oraingoz, haurren eguneroko bizia dokumentatzen ari naiz besterik gabe, jolasean ari direnean, jokoan, borrokan, lanean. Eta komunikazioa antolatzeko moduaz jabetu naiz: tzotzil hitz egitea aukeratzen dute tzotzil hitz egiten duenen bat ondoan dutenean eta, aldiz, espainola, espainolez mintzo dena inguruan dutenean. Ez dago, hala ere, inposiziorik, nahiz eta haurrek beren joerak inposatzera egiten duten! Botere harreman handiak gertatzen dira berdinen taldeetan. Ni behatzen ari naizen taldea, tzotzil hitz egiten duten haur txikiak baino nagusiagoak dira. Uste izatekoa zen txikiek nagusien bidetik joko zutela, espainolera lerratuko zirela, baina frogaturik dut haur horiek, espainolez hitz egiteko gai izanagatik ere, tzotzil hitz egitea aukeratzen dutela, amamak tzotzil hitz egiten dielako, baita amak ere… eta, horrela, tzotzil irauten dute. Berdinen artean direnean, espainolera lerratzea esperoko genuen arren, tzotzil segitzen dute, hau da, neska-mutiko nagusiek espainoletik tzotzilera aldatzen dute hizkuntza, txikiokin hitz egin behar dutenean. Bizitza elebiduna egiten dute, beraz, etxeko eta familiako hizkuntza errespetatzen duena. Orain arte ikertu dudanez, bederen. Ageriko!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Mexiko  |  Hezkuntza

Mexiko kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude