Abokatua ordaindu ezin dutenentzat

  • Administrazioaren doako laguntza juridikoa eskuratu ahal izateko irizpideek hutsune handiak dituzte Hego Euskal Herrian: diru-sarrerak baino ez dira kontuan hartzen, benetako egoera ekonomikoari erreparatu beharrean. Ondorioz, jende ugari geratzen da doako zerbitzurik gabe eta prozesuok duten gastu handiei aurre egin ezinik. Norberaren eskubideak defendatzeko aukera denok izan dezagun, APAJ elkartea sortu dute Zuzenbideko hainbat ikaslek.


2014ko urtarrilaren 16an
APAJeko kideak: ezker-eskuin, Asier Iglesias presidentea, Mari Grande diruzaina eta Ane Elorriaga idazkaria. Batez ere, epaitegira joatea eskatzen ez duen aholkularitza juridiko bila datorkie jendea, gizarte laguntzak eskatzeko izapideez edo bankuarekin p
APAJeko kideak: ezker-eskuin, Asier Iglesias presidentea, Mari Grande diruzaina eta Ane Elorriaga idazkaria. Batez ere, epaitegira joatea eskatzen ez duen aholkularitza juridiko bila datorkie jendea, gizarte laguntzak eskatzeko izapideez edo bankuarekin pilatutako zorrez galdetzera. (Arg: Dani Blanco)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Doako laguntza juridikoa eskatu du emakume dibortziatu batek, senar ohiak hilero ordaindu beharko lizkiokeen semearen pentsioa eta hipotekaren zatia ez dizkiola ordaintzen salatzeko. Senar ohiaren pentsioa eta hipoteka zatia –jasotzen ez dituenak– gehituta, ordea, administrazioak erabaki du diru nahikoa baduela eta ez dela doako zerbitzuak eskatzeko baremoetan sartzen. Kasu erreala da eta APAJ Laguntza Juridikorako Elkartera jo du emakume horrek, administrazioan agerikoak diren akatsak ikusita.
Batetik, epaitegitik igaroko diren auzietan baino ez da onartzen doako laguntza juridikoa jasotzeko aukera. Hala, istripu baten erreklamazioa egin nahi badiozu aseguruari, edo telefono konpainiarekin, bankuarekin, enpresarekin, maizterrarekin arazoren bat baldin baduzu eta epaitegira jo gabe abokatua behar baduzu, ezingo duzu doan eskatu. Krisi garaian asko ugaritu diren kasuotarako, ez dago laguntzarik.
 
Bestetik, doako zerbitzua lortzeko baldintzak ez dira egokiak, datu hutsetan oinarrituz diru-sarrerak baino ez dituztelako begiratzen, eta ez egoera erreala. Demagun Anak 1.300 euro kobratzen dituela hilean, baina senarra langabezian duela, alaba bat dutela eta hipoteka, argindarra, jatekoa… ordaindu beharra. Bada, ez lukete izango doako zerbitzurako aukerarik, soldata baino ez delako kontuan hartzen. Espainiako Estatuaren legea jarraitzen duen Hego Euskal Herriko araudiaren arabera, pertsona bakarrak 1.000 euro gordin inguru baino gehiagoko diru-sarrerak baldin baditu, ez du laguntza hori eskatzerik (900 bat euro garbi); hiru lagunek osatutako familian, denen artean 1.300 euro gordin kobratuz gero jada ez dute laguntza jasotzerik; eta lau lagun edo gehiagoko familian, 1.600 euro gordinekoa eurokoa da muga.
 
“Zerbitzu juridikorik lortu ezin duen jende asko dago, baliabide gutxi izanagatik ez delako doako laguntzaren baldintzetan sartzen, baina era berean ez duelako nahikoa dirurik zerbitzu horiek ordaintzeko –dio Asier Iglesias APAJ elkarteko presidenteak–. Edo oso txiroa edo oso aberatsa izan behar duzu justizia zerbitzuez baliatzeko, eta hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituen langile arrunta justiziatik at geratzen da. Azken finean, justizia ez da merkea, abokatua ordaindu behar duzu, epaitegira joz gero baita prokuradorea ere eta horri gehitu behar zaizkio Espainiako Gobernuak ezarri dituen tasak, prozesu gehienengatik zerga batzuk ordaindu behar baititu orain herritarrak”. Jende horri guztiari justiziara ailegatzen lagunduko zion ekimen sozialik ez zegoela ikusita jaio da APAJ.
 
Irizpide egokiagoak, aholkularitza eta abokatu sarea
Irabazi asmorik gabeko ekimena da APAJ, unibertsitatean eta unibertsitatearen bidez ezagututako jendeak bultzatua. Asier Iglesiasek karrera amaitu berri du eta Mari Grande elkarteko diruzainari eta Ane Elorriaga idazkariari hilabete batzuk baino ez zaizkie falta. Abuztuan erregistratu zuten elkartea eta abokatu eta prokuradore sarea osatzen dihardute.
 
Bi motatako kasuak dituzte. Alde batetik, epaitegira joatea eskatzen ez duen aholkularitza juridiko bila datorkie jendea. Hurbiltzen denak bere egoera ekonomikoa jakinarazten badie, ez dute azterketa sakonagorik egiten eta taldeko hiru kide bultzatzaileen esku geratzen da aholkularitza. “Kasu horiek ez dute kosturik, gure denbora baino ez dute eskatzen, eta guk ez dugu ezertxo ere kobratzen”, azaldu digu Iglesiasek. Gizarte laguntzak eskatzeko izapideak, banku eta erakunde finantzarioekin pilatutako zorrak… Epaitegirik behar ez duen aholkularitza da eskaera ohikoena. “Jendeak gai juridikoetan oro har duen kultura gabezia baliatzen dute zenbaitetan banku eta enpresek, bezeroak epeak ez betetzea edo zer egin ez jakitea, eta nomina enbargatuta bukatu dezake herritarrak, 2.000 euro baino gutxiagoko zor batengatik”, dio presidenteak.
 
Auziak epaitegietara jotzea eskatzen duenean, tartean gastuak daudenez, arreta handiagoa jartzen dute APAJeko kideek: doako laguntza juridikoak kasua atzera bota duela ziurtatzen dute lehenik eta egoera erreala baloratzen dute ondoren, sarrera eta gastu ekonomikoak. Horretan oinarrituta ikusten dute ea abokatu bat ordaintzeko aukerarik duen, eta ezezkoan, elkartearekin lan egiten duen abokatu bazkideetako batekin jartzen dute harremanetan, auzia doan eraman diezaion. Zerbitzua eskaintzeko prest dagoen abokatu eta prokuradore sare horri ordainsari sinbolikoa ematen dio elkarteak, gutxieneko gastuak kitatzeko (bidaiak, telefonoa eta abar). Hortaz, bigarren motako kasu hauei erantzun ahal izatea neurri batean elkartearen funtsen menpe dagoela adierazi digu Iglesiasek.
 
Hiru bazkide mota ditu APAJek. Bazkide boluntarioak ez du dirurik jartzen eta nahi duen moduan lagundu dezake, adibidez elkarteak antolatutako ekimenetan parte hartuz; bazkide arruntak 10 euro ordaintzen ditu hilean eta asanbladatan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko eskubidea dauka; eta bazkide abokatuak, elkarteak onarturiko kasuetan lan egiteaz gain, 20 euro ordaintzen ditu hilean eta asanbladetan parte hartu eta erabakiak har ditzake. Herritarren edozein dohaintza ekonomiko eta ekarpen ere ongietorria dela nabarmendu du Iglesiasek: asociacionapaj.org webgunean aurkituko duzu informazio osatua. Aurten, gainera, instituzioen diru-laguntzetara aurkezteko asmoa dute.
 
Legea aldatzea xede
Mugituak izaten ari dira hastapenak, laguntza eskaera ugari izaten ari dira eta hainbat elkarte hartzen dituen eraikin batean lokala izango dute laster, Donostian. “Abokatu gutxi batzuen aldetik kritikaren bat izan dugu –aitortu digu Iglesiasek–, bezeroak kentzen ari gintzaizkiela-eta, baina guk azaldu genien artatzen ditugunak inoiz ezingo lituzketela euren zerbitzuak ordaindu, ez garela lehia haientzat, eta gainera, eskubide batez ari garela hitz egiten, defendatzeko eskubideaz, eta hori halako kritiken gainetik dagoela”.
 
Eskubide hori, dena den, botere publikoak bermatu beharko lukeela garbi du APAJeko presidenteak: “Epe luzera gure helburuetako bat da mugimenduren bat sortzea arazoa ikusarazi eta salatzeaz gain, doako laguntza juridikoa lortu ahal izateko bide berriak aldarrikatzeko edo legearen irizpideak alda daitezen eskatzeko, gaur egun gertatzen dena gerta ez dadin”.

Azkenak
Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaituko dute lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an izango da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte.


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Gutxienez 23 hildako izan dira Errusiak Kieven egin duen aire erasoan

600 misil eta dronetik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuaren aurka. Gerra hasi zenetik egindako aire eraso handienetakoa da. Zelenskik nazioarteari eskatu dio erantzun dezala, Putin Trumpekin bildu eta bi aste eskasera.


2025-08-29 | Joan Mari Beloki
Trump bake bila?

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]


Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]


Nafarroako informazioaren arloko profesionalek Gazako kazetarien sarraskia salatu dute

Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.


Eguneraketa berriak daude