Atzera bueltarik ez duen prozesua

  • Duela zortzi bat urte elkarrizketa interesgarria egin nion –bere erantzunengatik, ez nire galderengatik– Xavier Rubert de Ventós filosofo katalanari eta ondorengo berriketaldian Katalunia independentearen aukera aipatu zidan, prozesu historikoak batzuetan aurreikusi ezinezkoak direla eta dinamika sozialak bat-batean aktibatu eta azkartzen direla. Nekez irudika nezakeen berba haien doinu profetikoa. Gaur egun, eztabaida independentista Espainia eta Kataluniako agenda politikoaren muinean dago, urte batzuk lehenago sinesgaitza litzatekeena.

Aurten irailaren 11n egindako Via Catalanaren irudi bat (El Pertus eskualdekoa); ekimenak sekulako arrakasta izan zuen.
Aurten irailaren 11n egindako Via Catalanaren irudi bat (El Pertus eskualdekoa); ekimenak sekulako arrakasta izan zuen. Jordi Ventura (Via Catalana)

Zalantzaz beteriko prozesuan murgilduak, ia ezinezkoa da nola bukatuko den aurreikustea. Baina, hori ziur, ezer ez da berdin izango. Espainiaren batasun apurtezinaren defendatzaile sutsu eta itxienek ere badakite orain artekoak ez duela balio. Katalunia-Espainia harremanak krisi sistemikoa bizi du gaur egun eta krisi garrantzitsu guztiak moduan, une zehatz batean eta aldi berean lerrokatu diren hainbat zioen ondorio da.

Nora hel gaitezkeen argitzeko, non gauden eta nondik gatozen zehaztea komeni da. Bizi dugun unean, Kataluniako jarduera politikoaren ohiko eskema hautsia dago. Trantsizioaz geroztik, katalanismo hegemonikoa Madrilgo gobernuekiko itunen ubidean abiatu zen. Bigarren Errepublikan azaleratutako katalanismo errepublikarra eta aurrerazalea erabat burugabetu zuen Franco jeneralaren altxamendu faxistak eta birrindua geratu zen ondorengo 40 urteko diktaduran. Trantsizioan zehar katalanismo posibilista agertu zen, frankismoak txikitutako herriaren arima berreraikitzeko lana eta pragmatismo itunzalearen artean kokatua. Bere baitan biltzen zuen XX. mendearen hasieran Prat de la Riba y Cambo Ligak biltzen zuen katalanismo kontserbadorearen tradizioa. Sintesia Jordi Pulen megalidergotik eguneratu zen, CiU koalizioaren eskutik. Berak moldatu zituen XX. mendeko azken laurdenean hegemonikoa izango zen ereduaren arkitektura eta doinua. Pujolismoaren “berreraikuntza nazionalaren” prozesua eta Espainiako Estatuaren modernizazioa eta birsorkuntza paraleloan eman ziren. “Quid pro quo” gisako moldean finkatutako harremana izan zen. Espainiako Estatuari falta zitzaizkion moderazio ekonomikoa eta modernitatea eskaintzen zizkion nazionalismo katalanak. Trukean, erreforma deszentralizatzaileak lortzen zituen eta hauen bidez Generalitateak eskumen berriak eskuratzen zituen apurka, hasieran lehendakariaren bulegoa baino askoz gehiago ez zirenak. Hobe bat eskuan, auzoan bi baino estrategiari jarraitu zitzaion.

Harreman honen itzalera sortu zen bipartidismoan oinarritutako alderdi sistema Katalunian: CiU Legebiltzarreko alderdi nagusia zen eta PSC oposizio buru eta udalerri handietan nagusi. Bisagra gisako alderdi batzuek osatzen zuten markoa: ERCko independentistak, ekosozialistak –PSUCeko eurokomunisten oinordekoak– eta PP.

Arkitektura honen ondorioz, botere autonomiko nagusiekin estuki lotutako finantza eta ekonomia sistema egikaritu zen. Eta horrela, Kataluniako egitura hauek, Espainiako Estatuaren goi mailako finantza eta funtzionaritza egiturekin elikatutako menpeko harreman politikoen bidez, interes partekatuen marko bat sortu zen. Sektore ekonomiko horien hautua garbia izan zen, negozio aukera eskaintza politikoen truke.

Formula krisian sartzen da

Sistema hori krisian sartu da eta hori da aldarrikatzen ari direna gaur egun estu eta larri ezer gutxi den hirugarren bidearekin –ez federala, ez konfederala, ez guztiz alderantzizkoa– eztabaida independentista geldiarazi gura dutenek. Askoren ustez, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren aurka emandako epai suntsitzailea izan zen inflexio puntua, baina hori sinplifikatzea dela uste dut. Seguru eragile garrantzitsua izan dela, baina ez dut uste azaltzen duenik katalan independentismoaren egungo hazkunde indartsua.

José María Aznarren bigarren agintaldian, PPk gehiengo osoa zuela, Espainiako Estatuaren egiturek guztiz galdu zuten frankismoaren oinordeko izatearen konplexua eta bukatutzat eman zuten beren modernizazio prozesua. Nazionalismo periferikoak jadanik ez ziren ezinbestean jasan beharreko gaitzak, enbarazu besterik ez ziren. Eta Estatuak tentsio birzentralizatzaileari ekin zion. Erdiguneak ez zuen jada periferiaren beharrik. Negoziazioa amaitu zen eta berarekin trukearen estrategia.

Katalunian 23 urtez agindu ondoren, pujolismoak ere higadura zantzuak ageri zituen, eta Kataluniako esparru politikoa irauli egin zen. Hiruko gobernuek –PSC, ERC eta ICV– oposiziora eraman zuten CiU eta hor elikatu zuen honek bere diskurtso soberanista, neurri esanguratsu batean ERCk sozialistekin zuen ituna kontraesanean jartzeko. Aldi berean, José Luis Rodriguez Zapateroren PSOEk garaipena lortu zuen bat-batean eta horrek ekarri zuen ameskeria, Kataluniak eta Espainiak harreman berri baterako formula adostu ahal izango zutela. Baina ez, bere agintaldian itxi zen estatutuaren atea. CiUren katalanismo kontserbadoreak Kataluniaren presentzia normaldu nahi izan zuen Espainian eta orain ikusten zuen nola Espainiak bere birsortze historikoa amaitu zuen helburu historiko hori lortu barik.

Porrot horri gehitu behar zaizkio finantza defizitaren arazo kronikoa eta Katalunian inbertsio publikoetarako Estatuak erakusten duen etengabeko uzkurtasuna. Defizit fiskala jasanezina da eta Kataluniako ekonomia odolusten du: Espainiak urtero biltzen duenetik 16.000 milioi euro ez dira Kataluniara itzultzen. Kataluniako BPGren %8 eta %11 artekoa da defizit fiskala.

Jazarpen ekonomiko hau, ahultasun politikoa eta Estatuak Kataluniarekiko duen etengabeko leialtasun eza dira independentismoaren elikagaiak. Prozesu historikoetan gertatzen den legez, hainbat zio dira. Erratuak dira, beraz, uste dutenak hazkunde hau faktore soilik ekonomikoek eragiten dutela. Eta are erratuagoa da Marianoren Rajoyren exekutiboak pentsatzen duena, denbora dilatatu eta Espainiako ekonomiaren hobekuntzaren zain egonda, sukar independentista desaktibatu egingo dela.

Mapa politikoaren mutazioa

Horrek guztiak hankaz gora jarri du Kataluniako mapa politikoa. Hegemonikoak izan diren CiUk eta PSCk etengabeko galera jasan dute hauteskundeetan. Federazio nazionalistak higadura handia izan du krisi garaian gobernatzearen ondorioz, nahiz eta oraindik lurralde hedapen ona izaten jarraitzen duen. Baina bi bazkideen arteko desberdintasuna da federazioaren higatzaile handiena, bereziki Unióko buruzagi Josep Antonio Duran i Lleidak prozesu independentistaren aurka etengabe erakutsi duen jarreragatik, eta federazioaren norabide aldaketari ere sinesgarritasuna kentzen diona. Eta sinesgarritasun eza horrek ERCko Oriol Junquerasi egin dio mesede, alderdi errepublikarrean indarrez sartu eta barne bakea ekarri duen buruzagia. Gaur egun, Mas lehendakaria eta Junquerasen arteko konexio maila handia da.

PSCk identitate krisi larria bizi du. Egungo bere idazkari Pere Navarroren zehaztugabetasunak eta erabaki eskubidea zehazteari buruzko zalantzek nebulosa moduko batera eraman dituzte sozialistak. Konstituzioan izaera federaleko erreforma defendatzen ari dira bakardade latzean, PSOEren beraren sostengu barik, eta horrek ere ez die laguntzen. Zehaztugabetasun horren ondorioz gero eta ugariagoak dira bere baitan katalanistenak izan diren sektoreen desertzioak, zeintzuen aburuz, alderdiak bira egin beharko luke tesi soberanistagoetara, gizarteko sektore zabalek egin duten moduan.

PP ere higadura sufritzen ari da eta ikusten du Albert Riberak gidatzen duen C`s (Ciutadans) alderdiak lasai asko eskura dezakeela PPn eta PSCn argi eta garbi unionista den esparruaren botoa. C’s-k jakin izan du bere diskurtsoa estetikoki birsortzen eta horrekin Katalunian konplexurik ez duen espainolismoaren diskurtsoa modernizatu du. Azkenik, ICV ekosozialista eta CUP independentista lehian ari dira “antisistema” deitu ohi den hautesleria erakartzearren. ICVk, alabaina, ez du oraindik bere rola ondo definitu. Bere hautesleriaren osaketagatik, oraindik zehazgabetasun maila bat erakusten du Katalunian ireki den prozesu politikoarekiko. Egia da alderdiak kontsulta eta erabaki eskubideak onartu dituela, baina oraindik kosta egiten zaio definitzea zer erabaki horri buruz. Bere baitan badira independentziaren aldekoak, baina baita ere federalismoaren aldekoak eta, beraz, horrek PSCren tesietara gerturatzen ditu. CUP aldiz, formazio independentista da, eta alde horretatik diskurtso argia eta zehatza du.

Eta orain zer?

Oso konplexua da Kataluniako bilakaera politikoa aurreikustea. Artur Masek jarraitzen du esaten kontsulta egin ahal izateko, urte bukaera aurretik kontsentsuz erabakitako data eta galdera iragarriko dituela. Orain galderan dago eztabaida. Gobernuan Masen bazkide den ERCren arabera, galderak eta erantzunak argiak izan behar dute, eta independentziari buruz galdetu behar du, Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) bultzatutako herritarren mobilizazio erraldoietan argi eskatu den moduan. CiUk ez ditu baztertu gura leunagoak diren formulak, “estatu subiranoa” edo “berezko estatua” erabiliz “estatu independentea” erabili beharrean, horrela kontsulta egitearen aldekoak bai, baina independentistak ez diren sektoreekin kontsentsu zabalagoak egituratuko dituelakoan.
Era batera edo bestera, Masek badaki atzerapauso batek bere sinesgarritasuna larriki zauri dezakeela bere hautesleria abertzaleenaren aurrean, eta horrek are eta gehiago erraztu dezakeela ERCren hazkundea alternatiba gisa. Lehia hor dagoen arren, errepublikarrak jakitun dira CiUren hondoratzea ez litzatekeela ona prozesu independentistarentzat, nazionalista kontserbadoreek prozesura erakartzen dituztelako sektore ekonomiko eta politiko kontserbadoreak, Junquerasen alderdiak nekez erakarriko lituzkeenak. Neurri batean, horrek azaltzen du bi alderdien artean duten akordio parlamentarioa.

Galdera edozein dela ere, azkenean plazaratzen bada, ikusi beharko da zein konbentzimendu mailarekin egin nahi duen kontsulta Masen exekutiboak. Zentzu horretan, Oriol Junquerasek eta bere alderdiak argi utzi dute prest direla koalizio gobernua osatzeko baldin eta honek kontsulta aurrera aterako badu. Norabide horretan, errepublikarrek Generalitateko 2014ko aurrekontuak sostengatu dituzte prozesuaren aurrean gobernu katalanari egonkortasuna eman asmoz.

Datorren urteko eszenatokia, beraz, erabat zabalik dago. Oso posible da 2013a kontsultarako galdera eta data formalarekin bukatzea. Baina Katalunian, denak dira jakitun, bereziki sektore independentistenen artean, Espainiaren erreakzioa ere berehalakoa eta tinkoa izan daitekeela, izan kontsulta bera inpugnatuz, edo are eta neurri bereziagoekin.

Une horretatik aurrera ikusiko da mugimendu independentistaren egiazko indarra, zeren eta batzuek trenen talka gisa definitu dutena –Katalunian beldurra eragitako asmo batekin ere erabilia– saihestezina izan liteke. Batetik, hor dago dekadentzian dagoen Estatu baten mugiezintasun esklerotikoa, aldaketa txikienari ere ateak ixten dizkiona. Duran i Lleidarena moduko sektore moderatuenak eta statu quoaren aldeko diren eskaeren aurrean amore emateko inongo asmorik ez duen Estatua da. Izan ere, Estatutuaren erreformarekin eskuratu ez zena lortzeko denboraz kanpo diren bertsio berriak besterik ez dira sektore hauen aldarrikapenak. Gizarte katalanaren sektore oso zabalarentzat jadanik ez dira nahikoak. Erreformen garaia iragan da. Eta gaur egun hirugarren bideak defendatzen dituztenak, funtsean, Estatutuaren erreformaren abiapuntura itzultzea eskaintzen ari dira.

Beraz, galdera argi batekin eta 2014rako kontsulta datarekin, posible da CiUren eta ERCren arteko koalizio gobernua osatzea, helburu gisa erreferendum independentista aurrera ateratzea izango lukeena. Espainiak seguruenik erakutsiko duen erabateko oposizioaren aurrean izan daitezkeen B planei buruz inork ez du txintik esaten. Baina bai Masek bai Oriol Junquerasek, argi utzi dute herritarrek erakutsitako borondatea hautetsontzietan bideratuko dela. Datozen Europako hauteskundeetara koalizio zabal batean joatea baztertua dago ia, CDC bakarrik da horren aldeko eta, batez ere, aurreikusitako danbatekoaren salbagarri gisa, baina UDC, ICVk, CUP ere ERCek ez dute garbi ikusten. Plebiszitu hauteskundeak deitzea, ez da geratzen beste aukera handirik. Eta horren aurrean, hainbeste dira jokoan sar daitezkeen aldagaiak, edozelako aurreikuspen egitea politika fikzio hutsa izan daitekeela. Galdera plazaratzeari buruzko akordioa nola iristen den itxarotea da uneon egin daitekeen bakarra. Eta hori, momentuz, soilik Kataluniako formazio politikoen esku dago. Hori izango da aldebakarreko lehen erabaki subiranoa, eta horren ondoren, ezer ez da berdin izango.

* Enric Rimbau kazetaria eta analista politikoa da.

(Itzulpena: Xabier Letona)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude