Gaueko isiltasunean entzuteko musika lasaia

  • Gaua
    Mikel Azpiroz
    Mamusik, 2013

Ukaezina da Gaua diskoak duen konnotazio intimista. Pianoaren oihartzunak barnealdera garamatza, sentsazio eta pentsamendu artean kiribiltzera. Intentzio eta asmo horiek guztiak konposizioan ageri dira, batez ere: melodia goxoak aurkeztu dizkigu, tempoarekin jolastu du, notek duten erresonantziak luzatu ditu eta isiluneek duten presentzia azpimarratu.

Egilearen erraietatik irtendako melodiek gauaren bakardadea eta isiltasuna izan dute lagun eta interpretaziorako egin duen aukera minimalistak intimitate hori bera bilarazten dio entzuleari, egunaren bukaeran iluntasunean bildurik entzuteko gonbitea luzatzen baitigu.
Musika lasai honek momentua geldiarazteko deia egiten du, denboraren jarioak inoiz izan duen abiadurarik bortitzena moteltzeko oihu ozena. Erabilera anitzeko gailuei entxufatuta bizi garen garai hauetan, hasperen eginez erlaxazio fasean erori eta geure buruarekin konektatzen lagunduko diguten abestiak sortu dituela esango nuke.

Sei urte zituela hasi zen pianoa jotzen Mikel Azpiroz (Donostia, 1971). Hasieran musika klasikoa izan zuen oinarri, baina umetatik erreferentzia izan ditu jazza eta bluesa. Azken urteotan Elkano Browning Cream taldearekin ibili da buru-belarri, baita Jabier Muguruzarekin ere. Formatu hauetan tarterik ez duten kantu pertsonalagoak zituen sortuak ordea, eta hauek disko batean biltzea erabaki zuen.
Tarragonako El Vendrelleko Pau Casals auditorio ederrean grabatu zuen diskoa, gauez eta piano eder baten laguntzaz. Urteetan irentsitako estiloak eta jotzeko erak modu homogeneo batean agertu dira hamar kantuetan, modu naturalean azaleratu zaizkio. Orain arteko ekoizpenik pertsonalena dela esan du, beregan ukitu terapeutikoa izan duena.

Abestiak entzuten zoazela aura misteriotsua sumatzen da, bakartia, baketsua. Pianoa da protagonista bakarra. Ez dago beste elementurik, ez testurik ez eta bestelako instrumenturik ere. Abestiak esanguratsuagoak egiteko ezinbesteko baldintza iruditu zitzaion bakarrik agertzea eta hausnarketa honek interpretaziorako askatasuna eman dio. Hau guztiaren adierazgarri nagusienetakoa da abestiaren garapenean geldotasuna edo bizkortasuna gogoaren baitan moldatzen joan dela.

Lan fina egin du Mikel Azpirozek. Delikatua, leuna eta iradokitzailea. Dudarik gabe, gustuko izango dute musika klasikoa zein garaikidea atsegin dutenek. Musika estilo hau entzuteko zaletasunik ez duen orok ere erraz entzun dezake, pianoaren soinua eta melodia gozoak samur sartzen baitira.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude