"Donostiak ez daki zein diren bere problemak"

  • Parisen bizi da Koldo Izagirre, Marrutxipi izeneko auzoan. Eta Parisetik –alegia, Donostiatik– Berlinerainoko –alegia, beste Donostiarainoko– poema bilduma argitaratu du: Parisen bizi naiz (Susa). Hiriaren mugatik idatzi duen liburuaz hizketan hasi gara eta bidean atera dira auzi politikoak, urbanistikoak eta pertsonalak.

Beste proiektu batetik sortu da Parisen bizi naiz. izagirrek bilduta zeuzkan ohar batzuk hirigintzak gure bizimoduan daukan eraginari buruz jardungo zuen saiakera baterako:
Beste proiektu batetik sortu da Parisen bizi naiz. izagirrek bilduta zeuzkan ohar batzuk hirigintzak gure bizimoduan daukan eraginari buruz jardungo zuen saiakera baterako: "Eta ustekabean apunte haiek poema forma hartzen hasi ziren". (Arg: Dani Blanco)

Parisen bizi naiz du izena liburuak, baina izen bereko poeman Donostiari buruz ari zara. Bellepoquekeriari kritika?

Belle Epoqueak gauza distiratsuak, interesgarriak eta dekadenteak ekarri zituen, baina Donostia ez da libratu horretatik. Erabat monarkikoa da bere estiloan, bere festetan eta bere beldurretan ere: gazteei eta auzoei dien izu horretan, adibidez. Ez du preseski esan nahi espainola eta Juan Carlos I erregearen zalea denik, estilo monarkikoa hedatua dagoela baizik, ez bakarrik urbanismoan, baita egiten dituen ekitaldi askotan ere.

Jon Sarasuak, bere azken liburuan, galde egiten du zer galduko lukeen Donostiak Zinemaldia kenduko balitzaio. Bere ustean, ez asko: sektore batzuek bai, baina hiriak hiri bezala ez. Alabaina, Juan Karlos Izagirrek azken Musika Hamabostaldia aurkeztu zuenean, zera esan zuen: “Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia dira Donostiako kulturaren oinarriak”. Beraz, [barre egin du] monarkikoa izaten jarraitzen du Donostiak, Bildurekin ere.

Estimatzen dut Juan Karlos Izagirre, baina ezin dute. Zer edo zer daukate, ezin etena. Beren historiaren irakurketa kritiko bat, Donostiaren historia soziala, oraindik egiteko eta asumitzeko dago. Eta hori egiten ez den bitartean ez du nortasunik edukiko, beti izango da monarkikoa.

Historia kritiko horretatik etor liteke beraz Donostia poeman aipatzen duzun nortasun adostua?

Gatazka behintzat bai. Benetako gatazka. Donostiak ez daki edo ez du jakin nahi zein diren bere problemak. Berrehun urte dira erre zutela, ahalegin batzuk egin dira historiografia berri bat muntatzeko… Langile eta popular arrastoa zeukan guztia suntsitu du bere udalerri osoan. Begiak ezin du memoria errekuperatu.

Bilbori eskainitako poeman apur bat barkaberago ez al zara izan?

Bai, seguru. Badago kopla gogor xamarren bat oraingo Bilbori buruzkoa, dena den. Ni familia langilekoa naiz eta langile munduan bizi izan naiz. Miresten dut jende hori, badaukat ikuspegi idealizatu bat, dudarik gabe. Bilbok hori bazeukan, Donostiak ez dauka, ez dauka ezer, jada ez dauka arrantzalerik ere ia.

Gainera, Jose Antonio Agirrek esan zuen bezala, “Bilbao no se rinde”. Erresistitu egin zuen hiria izan zen eta mitifikatuta daukat. Gustatu edo ez gustatu orain egin dutena, badakit nora noan Bilbora noanean; ez nau dezepzionatzen. Donostiak bai.

“Ez ulertuarena egiten didate euskaraz ariko banintz bezala”. Euskaldunen hiriburu izatetik urrun samar dago Gipuzkoako hiriburua.

Bai. Miresten ditut katalanak Bartzelona daukatelako. Han bizi ez diren idazle katalanek gorroto dute, esaten dute publikatu ahal izateko hara joan behar duzula. Baina ondo dago horrelako zentro bat edukitzea, bere ongaitz guztiekin.

Donostiarekin gertatzen da, askotan zer edo zer espero duzula eta ez dizula ematen. Oso erraz eskaintzen du bere burua edozertarako hiriburu eta gero ez da iristen, ez du jariatzen. Eta azpian badago gazteria inbolukratu handi bat, baina zerbait dago, kristalezko sabai bat, gorago pasatzen uzten ez duena.

1970eko hamarkadako gazte belaunaldiak lortu ez zuen eraldaketa sozialaren nostalgia sumatzen da poema batzuetan. Orduan irabazi ez zena galtzen ari al gara orain?

Esperantza handia zegoen 70eko hamarraldian. Galdera unibertsalak planteatzen genizkion gure buruari eta erantzun unibertsalak ematen saiatu ginen. Horregatik zegoen marxismoa hain eztabaidatua. Zatiketa politikoak ere horregatik izan ziren ezkerrean, gauza fundamentalengatik. Dena eman zuen belaunaldi horrek: kartzela, heriotza, borroka armatua, zikintzea... Baina hauteskundeak etorri ziren eta orduan iraultzailea politikari bihurtu zen, hor etorri zen galera. Akomodazioa, politikeria... Nahiz eta HB kanpoan geratu eta oso interesgarria izan borroka estraparlamentario bat nola eraman litekeen ikasteko, bere erratu guztiekin ere.

Gero kontsumismoa, nik eta nire koadrilak Marcuseren liburuetan ikasi genuen hura, benetan etorri da eta telebistak piztuta daude Herriko Tabernetan. Orain beste kontu bat dator [barrez] eta espaloitik ibili beharko dugu.

Barne errimak poeten sindikatuanen hitz egiten duzu horretaz, ezta?

Bai, anekdota batetik sortu nuen. Anekdota testuala izan zena espazial bihurtu nuen. Errenterian manifestazio batean batek “in-de-pen-dentzi-a!” egin zuen oihu. Korrika etorri zitzaion arduradunetako bat esanez hori ez zela leloa, ez zela gaia.

Zein zen ba manifestazioaren aldarrikapena?

Nazionala zen, ez zen udal mailakoa. Oso adierazgarria da: legea kritikatzetik eta estraparlamentarioki jardutetik ilegalizazioaren beldur izatera pasa gara. Ulertzekoa da? Bai. Politikoki eraginkorra da? Eztabaidatzekoa da.

Arteetan ere belaunaldi horren apustua gaur nagusi denaren oso bestelakoa izan zen.

Gauza bera gertatu da, atzera egin da. Guk abangoardian nahi genuen egon, gazte guztiek dauzkaten kezkak genituen eta gurea arte ofizialistarekin apurtzea zen; barandiarankeriak eta gauza etnoak... Horiek denak berriz itzuli dira. Arte autonomiko ofizial bat dago, bide-talo guztietan ikusten dena; taberna guztietan etnoa nagusitu da, dantzan, pinturan; antzerkian komedia erraza...

Lehenago argitaratutako artikulu batzuk berreskuratu dituzu liburu honetarako. Zergatik?

Hasieran saiakera labur batzuk egiteko asmoa neukan, baina ez zitzaizkidan gustatu, artikulu mailatik ez ziren pasatzen. Abandonatu egin nuen asmo hura, baina apunteak bilduta neuzkan, aspaldi samarretik jakin-mina neukalako hirigintzak zer eragin daukan gure bizimoduan, gure hizkuntzan... Eta ustekabean apunte haiek poema forma hartzen hasi ziren, eroso samar sentitzen hasi nintzen eta horrelaxe mantendu nituen artikuluak, harira zetozelakoan.

Jose Manuel Enea poeman etxe baten zaharberritzeaz idatzi duzu eta nola obra horretan zenbakiak hitza ordezkatzen duen. Eraikuntzetatik hasten al da hiria deshumanizatzen?

Azken finean hitzaren beldurra ere badago. Hitza ikustea, soberan dagoen zerbait bezala. Gogoratzen naiz orain dela hamar bat urte egon zela proposamen bat Pasaian kale izenak aldatzeko. Atzera bota zen, baina inkesta bat egin zuten aldizkari batean, Brankan, eta inkestatuetako batek, uste dut irakaslea zela, esan zuen eztabaidak saihesteko hoberena Ameriketan bezala kaleei numeroak jartzea zela. Horretan gaude: alde batetik pozgarria da, hitzak badu molestatzen duen zerbait... Egia izango ahal da!

Lagun batzuk ere agertzen dira Parisen bizi naizen: Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria...

Beno, Ramon bat ageri da Kursaal zubian... Keinu bat Apollinaireren Le pont Mirabeauri. Idazle bati buruz da, zubian barrena doa, beste zubi batzuk buruan dituela eta jendearekin topo egiten du, sudurra uretan, burua beste zer edo zertan. Omenaldia da gure lanbideari, idazleari. Eta idazle horrek Ramon du izena [barrez].

Aldiz Ibon Sarasolari “errua” bota diozu.

Omenaldi txikia da hori ere. Poeman aipatzen den irudi hori buruan geratu zitzaidan, “Gazte naiz: / iretargia harrika hautsi dut”. 16 urte nituen eta irudi potentea iruditu zitzaidan. Ahaztutako liburua da Sarasolaren Poemagintza, oso liburu ederra; merezi luke berrargitalpena sarreratxo batekin.

RH: umorez idatzi duzu “erre hatxe ezkorra”-ri buruz. Kontra egitea odolean daramagu?

Ni erre hatxe positiboa naiz [barrez]. Egia esan, jenialitate hutsa iruditu zitzaidan Xaka Kortaxarena'tar Txominen liburu batetik dator: traperia batean ikusi nuen, Euskaldunon RH ezezkorra. Euskal jatorriko biologo eta medikuen artikulu bilduma da, berak itzulia, latin erroko termino zientifiko bat bera gabe, dena euskal erroko hitzekin emana, sekulako meritua. Titulua jeniala iruditu zitzaidan eta poema bat probokatu zidan.

Txikiak gara, gutxi gara, gauden bezala gaude, sekulako porrot pila hartu dugu, baina hor gaude. Ezkortasun militante bat positiboa da beti. Baikortasunak erosotasunera eramaten gaitu. Poema ganberroa da, baina aldi berean sinetsi egiten dut gure nortasunaren zati interesgarri bat behintzat hori dela, “azen ontzeko, beste izurrite bat!”. Etorkizun liluragarri bat saltzen diguten guztiei adarra jotzeko da.

Azkeneko poeman Paris Berlin bihurtzen da.

Paris-Berlin ardatz ezinezkoa da eta iruditzen zitzaidan interesgarria zela talka hori era sinbolikoan agertzea. Eta agian, nahi nuen garbi gera zedila ez naizela Parisen bizi, Berlinen ere bizi naizela. Hiri ideala zein izango zen? Bien sinbiosia: Parisen dekadentzia eta elegantzia klasikoa eta Berlinen indar berritzaile, libre eta arrazionalagoa. Arrazionala onerako, kasu horretan. Berreraikitzen jakin izan duen hiria da, Donostia ez bezala.
 


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude