Emakumeak borrokan
Bilboko BAD jaialdia

Taula beltza


Myriam Garzia
2013ko urriaren 20a
Bilboko BAD jaialdiko irudia
Bilboko BAD jaialdiko irudia

Datorren urriaren 23an hasi eta azaroaren 3a bitarte egingo da Bilbao Antzerki Dantza garaikidearen jaialdia (BAD). XV. edizioa dugu aurtengoa, eta zenbaki honek erakusten du antzerki eta dantza garaikidea ez dela gutxiengoen kontua; hasi zenetik, 1998an, publikoaren erantzun ezinhobea jasotzen duelako jaialdiak, eta urtez urte egonkortzen joan da. Euskal Herriko eta nazioarteko 21 konpainia ikusiko ditugu aurtengo egitarauan, horietatik 12 erabateko estreinaldiak izango dira. Gainera, 3 ekoizpen propio bultzatu ditu jaialdiak.

Erakusketa espazioari dagokionez, Bilboko zenbait aretotan barreiatuko dira antzezlanak, batzuk jada ohikoak, beste batzuk berriak: La Fundicion, La Merced Ikastetxea, Bilbo Arte, Consonni arte garaikidearen ekoiztetxea, Arteria antzokiko Kupula aretoa, Arriaga antzokia, Barrainkua kultur etxea, Guggenheim museoa.

Baina badira bi antzezlan ohiko espazio eszenikotik harago doazenak. Kataluniako El Conde de Torrefiel antzerki taldeak “Observen como el cansancio derrota al pensamiento” lana aurkeztuko du Deustuko polikiroldegian, azaroaren 2an, arratsaldeko 19.00etan. Espazio eszenikoa saskibaloi kantxa izango da, eta saskibaloi jokalari berezi batzuk izango ditu protagonista.

Beste espazio berezi bat, Blanco Roto antzerki konpainiak erabiliko duena. Izan ere, Euskal Herriko eta Kataluniako antzezleak biltzen dituen antzerki taldeak Renault Dacia Gaursa autoaren barruan eskainiko du La Ruta antzezlana. Lan honen emanaldiak urriaren 25ean eta 26an izango dira, 18.00etatik aurrera, baina aldiko hiru ikusle besterik ezingo dira sartu autoan, Laia Ricarte eta Oskar Garcia antzezleekin batera, hirian barrena ibilbide berezia egiteko.

Eklektikoa eta anitza

Antolatzaileek aurtengo eklektikotasuna eta diziplina aniztasuna nabarmendu dituzte. Arte eszenikoetan azkenotan ematen ari diren joera berritzaileen ondorioz, zaila da askotan hitza (antzerkia) eta mugimedua (dantza) bereiztea. Askotan dantza taldeek hitza erabiltzen dutelako euren lanetan, eta antzerki taldeek beregatzen dituztelako dantza garaikidean ematen diren kontzeptuak eta joerak. Dena nahastea da arte eszenikoetako joera, azken finean espazio berean, taula beltzean gertatzen baitira biak. Performantzak ere izango du tokirik jaialdian.

Euskarazko antzerkiak presentzia eskasa du jaialdian, aurreko urteetan bezala. Halere, ez dira faltako bertako dantzariak eta antzezleak: Idoia Zabaleta, La Ortiga antzerki taldea, Khea Ziater, Gaitzerdi antzerki taldea –aurten 25. urteurrena du–,  Pablo Marte, Nuria Perez dantzaria edota Sleepwalk Kolektiboa.

Euskara hutsez izango diren antzezlanen artean Moon Produkzioen Giza ahotsa dugu aipagarri, urriaren 28an La Merced Ikastetxean, 21.30etan. Bestalde, Macarena Recuerda antzerki taldeak Norenak dira begi horiek? antzezlan elebiduna aurkeztuko du, ingelesez eta euskaraz. Mauma taldeak Elkarrekin Bakarrik taularatuko du euskaraz, working progress moduan. La Fundicion aretoan izango da, azaroaren 1ean, arratsaldeko 19.00etan.

Azkenik, Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Theatre du Pain antzerki taldeek elkarlanaren azken fruitua erakutsiko dute, Hamlet obra klasikoaren euskarazko egokitzapena, Arriagan, azaroaren 3an, 19.00etan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude