Energi eredu jasangarrira iristeko aztarna batzuk

  • Ondoko testua Ekologistak Mar-txanek 2012an argitaratutako Agrietando el futuro (Etorkizuna zartatuz) liburutik ateratakoa da. Hain zuen, Rodrigo Irurzun elkarte horretako kideak idatzitako La transición del modelo energético como alternativa a la fractura hidráulica kapituluaren zati bat da. Liburuaren helburu nagusia frackingaren arriskuak azaleratzea bada ere, interesgarria iruditu zaigu ondoko pasarteak zuei helaraztea, energi eredu berri bateranzko hainbat gako agertzen baitituzte.


2013ko irailaren 26an
Rodrigo Irurzunek dio aurrezte eta efizientzia neurriak abiaraziz, gure bizimodua aldatu gabe, 2020rako energia nuklearra
Rodrigo Irurzunek dio aurrezte eta efizientzia neurriak abiaraziz, gure bizimodua aldatu gabe, 2020rako energia nuklearra "“hala hola fuela eta ikatza"“ ez litzatekeela beharrezkoa izango Espainiako Estatuko sistema elektrikoan.

Lehenago adierazi dugunez, arbel-gasarentzat alternatibak bilatzeko gas naturalaren erabilerarentzat alternatibak bilatu behar dira; baita ere material eta energia erauzketaren etengabeko hazkundean oinarritutako eredu sozioekonomikoarentzat. Energia kontsumoaren eskari gero eta handiagoak behartzen du hobi ez konbentzionaletara jotzera; gas naturalaren kasuan, ikatz zainetara (coalbed methane), tight gas delakora eta arbel gasera.

Beroketa globalaren aurkako borrokak eskatzen du gasaren alternatiba ez daitezela izan beste erregai fosil batzuk. Izan ere, gas naturalak haiek baino NEG (negutegi efektuko gas) gutxiago igortzen du. Eta klima aldaketarentzako irtenbide ustelek, karbonoa atzematea eta pilatzea edo energia nuklearra esaterako, ez dute balio arazoa konpontzeko. Batetik, karbonoa atzematea eta pilatzearen oinarria CO2-a zentral termikoen tximinian bertan harrapatzen duten iragazki batzuk dira. Ondoren, CO2 hori lurperatu egin behar da. Teknikaren aldekoek diote aukera emango lukeela karbonoa modu garbian erre eta elektrizitatea sortzeko, baina teknologia garatu gabe dago. Urteak igaroko dira alternatiba komertziala bideragarriak izan aurretik, inoiz halakorik lortuko bada, eta negutegi efektuko gasen igorpena murriztea premia handiko kontua da.

Ikuspuntu sozial eta ekologikotik energia nuklearra ere ez da bideragarria. Gaur kontsumitzen den energiaren zati txiki bat besterik ez dator atomoaren fisiotik (%5,85 Europar Batasunean, %2,3 munduan). Oztopo gaindiezinak daude energia nuklearra klima aldaketaren konponbidea izateko. Ez dago uranio erreserba nahikorik behar adinako hornidura bermatzeko, eta egongo balitz ere, zentral nuklearrak eraikitzeko behar den denbora luzeegia da. Oztopo ekonomiko eta teknikoez gain, nuklearra oso energia iturri arriskutsua da, istripu larriek dituzten ondorio dramatikoengatik; hondakin erradiaktiboen arazo du, oraingoz konponbiderik ez duena; eta oso garestia da jendarteak bere gain hartzen dituen kostuekin alderatuz gero. Bestetik, uranioaren bizi-ziklo osoari lotutako gas igorpenak edozein teknologia berriztagarrirenak baino handiagoak dira. Eta gainera, eskariari egokitzeko daukan malgutasunik ezaren ondorioz, energia nuklearrak ezin dio haren zati handi bati erantzun. Zentralek etengabe egon behar dute lanean, etetea eta piztea garesti eta zaila baita.

Gas naturalaren alternatibak iturri berriztagarrietan bilatu behar dira: ura, eguzkia, haizea, lurraren beroa… Iturri berriztagarriek baliabide ia mugagabeak dituzte, erregai fosilak eta energia nuklearrak ez bezala; azken horiek, bihar edo etzi, agortuz eta, ondorioz, garestituz joango dira. Baina ez da nahikoa energia berriztagarrien aldeko apustua egitea. Munduko biztanle guztiek –are gehiago aurreikusitako hazkundea kontuan hartuta– gaur egun herrialde industrializatuek kontsumitzen duten adinako energia kopurua eskatuko balute eurentzat, oso litekeena da ingurunean inpaktu negatiboak gertatzea, gero eta materia urriagoen eskaria handitzeaz batera. Inbertsio ekonomikoak eskergak lirateke eta proiektuak ez lirateke garaiz iritsiko klima aldaketa geldiaraztera.

Irtenbidearen zati bat, hortaz, energia kontsumoaren beherakada da. Horretarako aurrezte eta efizientzia neurri sakonak behar dira herrialde industrializatuetan. Ez gara ari kontsumoa mantenduz eraginkorragoak izateaz, gizarte egitura osoari eragingo dioten estrategiak abiarazteaz baizik. Adibidez, lurralde antolaketa eta lan mundua birpentsatzea, energia beharrizanak portzentaje esanguratsuan jaitsiz behar bezalako giza garapena erdiesteko. Herrialde industrializatuetan sakoneko eztabaida behar da, giza beharrizanak zeintzuk diren ezartze aldera, eta beharrizan horiek asetzeko zein bitarteko erabiliko den erabakitzeko, biosferaren muga fisiko eta ekologikoak aintzat hartuta.

Elektrizitate sorrera

Gas naturalaren zati handi bat elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Europan zein munduan, gutxi gorabehera, heren bat. Alabaina, gasak bere barruan duen energia guztia (lehen mailako energia) ez da elektrizitate bihurtzen, zati eder bat transformazio prozesuetan galtzen da. Zentral termiko konbentzional batek %20-30 bitarteko errendimendua dauka bihurketa prozesuan, eta ziklo konbinatuko bat, aldiz, %60raino iritsi daiteke. Edozein kasutan, gasak barruan duen energiaren %40 galtzen da. Argi eta garbi, inefikaza.  
Gas kontsumoa murrizteko edozein estrategiak eskatzen du energia iturri horrek hornidura elektrikoan duen pisua gutxitzea. Eta ordezkapenerako zer aukera dagoen aztertzeko, gasaren abantailak ezagutu behar ditugu lehenengo. Hauek dira nagusiak:

Malgutasuna: gas bidezko zentral termikoek erraz erregulatzen dute beren potentzia, eta hala, oso ondo egokitzen dira momentu bakoitzeko beharretara. Hori garrantzitsua da, energia elektrikoa metatzea zaila delako, une oro kontsumitzen den kopuru zehatza eratu behar da.

CO2 eta beste gas kutsatzaile batzuen igorpen txikiak: energia unitateko CO2 gutxiago igortzen du petrolioak eta ikatzak baino, bereziki zentrala ziklo konbinatukoa bada. Gainera, gasak ez du igortzen sufre dioxidorik, nitrogeno dioxidorik ez eta bestelako gas kutsatzailerik, edo askoz neurri txikiagoan igortzen ditu.

Inbertsioa ez da handiegia. Ziklo konbinatuko zentralen hasierako inbertsioa nahiko txikia denez, kostu finkoa beste teknologiena baino txikiagoa da.

Gasa ordezkatzea ez da erraza berriztagarrien aldeko apustu politiko garbirik gabe. Energia nuklearrarekin ordezkatzea ezin da kontuan hartu, lehen esan dugunez. Eta beste erregai fosilek kutsadura handiagoa eragiten dute, CO2 igorpen handiagoak dituzte eta efizientzia txikiagoa daukate. Izatekotan, gasak ordezkatu beharko lituzke ikatza eta petrolioa elektrizitate sorreran, ez alderantziz. Eta horixe da haren erabilera hainbeste handitu izanaren arrazoia, hain zuzen.

Beraz, gasaren lekua hartzeko kontuan hartu beharko liratekeen iturri bakarrak berriztagarriak dira. Eta gasaren antzeko abantailak dituzten berriztagarriak izan behar dira, gainera. Garatuta dauden berriztagarrien teknologien artean, biomasa, biogasa, bioerregaiak eta, hein txikiagoan, eguzkitiko bero-energia dira eskarira egokitzeko malgutasun nahikoa daukaten bakarrak. Biomasa, biogasa eta bioerregaiak biltegi batean gorde daitezke, behar denean erabiltzeko. Eguzkitiko bero-energia, berriz, jaso eta lehen zazpi-zortzi orduetan dago erabilgarri.

Energia berriztagarrietan oinarritutako sistema elektrikoa ez da utopia. Eredu bideragarria litzateke, sistema jasangarriagoa lortzeko borondate politikorik balego. Aurrezte eta efizientzia neurriak abiaraziaz, gure bizimodua aldatu gabe, 2020rako energia nuklearra, ikatza eta fuela ezabatu litezke sistema elektrikotik [Espainiako Estatuaz ari da Irurzun]. Erregai fosilen parte hartzea gas naturalera muga liteke, eta gaur egungoa baino askoz portzentaje txikiagoan. Parte hartze hori kogenerazioko eta ziklo konbinatuko zentralen bidez eman liteke, eskaria asetzeko beharrezkoa litzakeenena bakarrik piztuko liratekeenak. Sistema horretan, berriztagarriak elektrizitate generazioaren %72 izango lirateke, eta ziklo konbinatuetako zentraletan erretako gasa 2009koaren herenera jaitsiko litzateke. Erdibideko urrats bat litzateke, erabat berriztagarrietan oinarritutako sistema baterantz. Sistema horretan, bestalde, kontsumoa asko murriztuko litzateke, bizimoduaren aldaketa sakonak medio.

Energi ereduaren alde politiko eta sozialak

Aurreztean, efizientzian eta energi berriztagarrietan oinarritutako eredu jasangarriranzko trantsizioa gauzatzeko, paradigma aldaketa eman behar da baliabideen kontrol demokratikoari dagokionez.  Energiaren munduko ezaugarri nagusietako bat da baliabideen ustiaketa oligopolio handi baten kontrolpean dagoela. Espainiako Estatuan bost enpresak partekatzen dute elektrizitate sorreraren %80, eta ia banaketa osoa.

Aurrezte eta efizientzia politikak enpresa handi horien interesen aurkakoak dira. Zenbat eta kontsumo gehiago, irabazi handiagoak. Berriztagarriak sustatzeko politikak ere euren helburuen aurkakoak dira, inbertsiogile txikiei energiaren merkatuan sartzeko aukera ematen dietenez gero. Energia berriztagarrien instalazio handitzat jo ditzakegunak ere megawatt gutxi batzuetako potentzia dute, eta aldiz, zentral termiko eta nuklearretan ohikoak dira 1.000 megawattak.

Sektorean dagoen kontzentrazio handiak ahalbidetzen du enpresa horiek presio itzela egitea agintariei, sistemaren kontrola atxikitzeko. Presio horiek gobernuak bultzatzen dituzte sektore jakinentzako laguntzak mantentzera, kontsumo planifikazioa goraka egitera eta energia berriztagarrien ezarpena mugatzera. Beste faktore garrantzitsu bat da energiaren jatorriaren eta kontsumo-guneen artean distantzia handia dagoela. Urruntasun horren erruz ez gara jabetzen energia kontsumitzeak dakartzan inpaktuez, eta horrek ez du aurreztea sustatzen.

Beharrezkoa da herrialde industrializatuetan energia kontsumoa asko murriztea, eta goraka doazenetan mugatzea. Eredu berriak, klima aldaketaren aurkako borrokak bezala (bi arazoen arteko lotura oso estua da), kooperazio globala eskatzen du, gaur egungo lehiakortasun ereduan ezinezkoa dena. Aurreztean, efikazian eta berriztagarrietan ardaztutako ereduranzko trantsizioa, posiblea ez ezik, beharrezkoa da. Eta gobernuek ez badute sistema berria bultzatzen, aldaketak herritarren eskutik etorri beharko dira, bide batez energiaren kudeaketan demokratizazioa sustatuz. Erregai fosil ez konbentzionalak  erauztea, edo ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko apustua ez dira beharrezkoak, ez baita energia kontsumo handirik behar bizi maila duina erdiesteko.
 


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude