"Kultura eguneroko bizitza da"

  • “Ikusten duzu goizian, eguna hasten denian...”.

Andoni Iturrioz 1945eko ekainean sortu zen Oiartzunen. 11 hilabeterekin amaren besoetan muga pasa eta 4 urterekin iritsi zen Parisera.
Andoni Iturrioz 1945eko ekainean sortu zen Oiartzunen. 11 hilabeterekin amaren besoetan muga pasa eta 4 urterekin iritsi zen Parisera.Dani Blanco
Sortu eta 11 hilabetera gurutzatu behar izan zenuten muga.

1946ko apirilean. Nik lurrez zeharkatu nuen, amaren besoetan. Anaiak itsasoz, osaba batekin. Urtebete eman genuen Donibane Lohizunen, baina lan faltan, Puy de Domera mugitu ginen. Aitak espartin tailer bat muntatu zuen bertan. Berak Frantzian lan hori burutzeko baimenik ez zuenez utzitako izen batekin moldatu zuen patentea, baina aferak haize-alde hasi bezain fite kendu zizkioten baimenak, gu Parisera mudatzera behartuz. 4 urte nituen hiriburuan lur hartu genuelarik. Zinezko euskal giroa genuen etxean, etxeko euskaraz mintzo ginen, eta 5 urterekin eskolan hastean ez nekien frantsesez. Frantsesa ikasi eta amak ere trebatu nahi zuenez, amarekin ere frantsesez hasi ginen, eta gure arreba txikiak, haurrek besteak bezalakoa izateko duten temarekin, ez zuen euskararik ikasi. 14 urterekin, nire euskara herdoiltzen hasia zela ohartu eta antidoto gisa Euzko Deia-ko euskarazko orrialdeak gogoz ikasten nituen. Beti izan dut argi nongoa naizen.

Eskolan argia izan arren, batxilergoa bukatzean lanean hasteko tratua egin zenuen aitarekin.

Ez ginen miserableak, baina bai pobreak. 14 urterekin estudiatzen jarraitzeko aholkatu zidan maisu batek, eta nire ezina agertzean, beka bat lortzen lagunduko zidala hitzeman. Ahaleginak eta bi egin genituen, baina naziotasun frantsesa ukatzearekin batera bukatu zen esperantza. Hala, batxilerra pasa eta mekanografian hasi nintzen lanean. Lau urtez egon nintzen Olivettin, eta han ikusi eta ikasitakoarekin nire enpresa sortu eta aurrera atera nuen beste lau urtez, Philippsek erosi arte.

Orduan, informatika lantegi bat plantan ezarri nahi zuen talde bat ezagutu nuen. Sosik ez genuen, baina CGE-rekin (Compagnie Générale d'Electricite) kontaktuak bai, eta horiei esker GSI enpresa sortu genuen. Gu gutxiengoan ginenez, CGEk izendatzen zigun buruzagia, eta Georges Besse eta Edouard Balladur ospetsuak izan genituen buru. Enpresa ongi ari zen, pixkanaka pixkana handitzen, eta 800 langilera iritsi ginenean, denon artean erosi genuen. Txitean pitean, 5.000 langilera arribatu ginen, eta azken zortzi urteetan ni izan nintzen buru. Langileak, alta, paperean aberatsak zirela ohartu ziren eta diru hori berreskuratu nahi izan zuten. Nik zain egoteko errepikatzen nien, laster sartuko ginela burtsan, eta dirua berreskuratzeaz gain, gure enpresaren jabe izaten segituko genuela. Baina ez, batzar orokor batean saltzeko erabakia hartu zen, eta pena handiz, baina etsi behar izan nuen.  

Nola bizi izan zenuen hura?

Biziki gaizki, desesperatuta. Ez genuen enpresa sosak irabazteko egin, askatasuna lortu, bezeroei zerbitzu ona eskaini eta gure artean duin bizi ahal izateko baizik. Gainera, 5.000 langile izan arren, oso deszentralizatuak geunden, eta bakoitza zen bere buruaren nagusi. Nik garbi neukan europarrei salduz gero, laster etorriko zela fusioa eta langile andana geldituko zela kanpoan. Hala, lehendik ezagutzen nituen New Yorkeko judu batzuekin hasi ginen tratuan, eta beraiek erosi zuten. Bost urtez buruzagitzan jarraitzeko eskaria egin zidaten, eta baietz erantzun nien gauzak nire modura egiten uzteko baldintzarekin. Kontratu bat sinarazi nahi zidaten, baina nik ezetz, ongi portatzen baziren ez zela arazorik egongo argudiatuz. Zortzi urtez segi nuen, aski ongi, baina ordurako enpresa ez zen gurea, eta ez zen gauza bera. Gainera,60 urte beterik, 42 lanean iragan ondoren, gogo handia nuen Euskal Herrira itzultzeko.

Ordurako buruan zenuen Larraldea bezalako kulturgune bizi baten proiektua?

Bai zera! Ene anaiaren emaztearen familia bizi zen Larraldean, eta karanbola batzuen ondorioz erosi nuen, zertarako baliatuko nuen jakin gabe. Ezer baino lehen, etxea lehengo eran berritzea pentsatu nuen, eta horretan ibili ginen buru belarri. Hori eginik, museo baten ideia otu zitzaidan, baita baserriko tresnak bildu ere, baina pare bat museo bisitatu eta “museoak geldi zaudek, hilda!” nioen nire baitan. Hala, batekin eta bestearekin hizketan hasi, eta Iparraldeko bertso elkartea egoitza bila zebilela jakin nuen, eta gogotik egin nien Larraldean lekua.

Gerora, Gorritik zur errearekin eginiko eskulturen erakusketa bat muntatu genuen, Basterretxeak bere hondar-alea jarri nahi izan zuen, Zumetak ere... eta inongo helbururik gabe hasi zenak bere famatxoa lortu du. Egun, Euskal Herrian Euskaraz, Seaskako Integrazio Batzordea eta Lapurdi 1609 elkarteek ere bertan dute egoitza, eta beti bada zerbait. Pentsa, batzuetan nik ere ez dakit zer baden!  

Ez duzu erakunde publikoek utzitako hutsuneak estaltzen ari zaren irudipenik?

Herriko etxeek kultur maila oso apala dute, ez bakarrik euskal kulturari dagokionez, oro har. Ikusten duzu Senpere sarreran ezarri duten txistera erraldoi hori eta... ufa! Sosa behar zuen hemengo artista biziki on batek egin du. Aldez eta moldez ikuspegi artistiko bat proposatzen saiatu zen, baina ez, Herriko Etxeak txistera bat bere horretan baizik ez zuen nahi. Artistari berari artea zenentz galdetu eta dekorazioa zela erantzun zidan. Niretzat Walt Disney da. Alabaina, nik egiten dudana ez dut Herriko Etxearentzat egiten, niretzat baizik, euskal kulturarentzat. Laguntzeko prest badaude, mintzatuko gara, baina nik ez dut sosik nahi, nahiago dut nire askatasuna atxiki, eta pentsatzen dudanaren partez pentsatzen duguna egin. Erakunde baten gibeletik fite heldu da politikaria, eta politikariak hauteskundeak irabazteko jendeak zer nahi duen baizik ez du kaskoan. Artistak, aldiz, aitzinetik joan behar du, formazio bat proposatu, bestela hemengo gazteen kultura beti izango da TF1, errugbia eta frantsesa.

Nola esplikatzen duzu frantsesez ez dakien auzoko artzainaren semeak euskaraz ez jakitea? Jendeak euskal kultura zer den jakin behar du, bere historia, izaera... Hemengoek ez dute Atxaga ezagutzen, bertsolariak oraintsu arte espainolak zirela zioten... Ikusi duzu nolako etxeak egiten dituzten hemen? Dena da copier coller! Euskal arkitektura hori dela sinetsita auzapezak arauak jartzen ditu, eta moldetik jalgitzen den oro dago debekatuta. Hori Walt Disney da! Hor ohartzen zara Senpereko auzapezaren euskal kulturaren ideia Pierre Loti, Le Basque Bondissant eta gisako txorakerietara mugatzen dela. Esaterako, artzainen historia ez du ezagutzen. Hemengo artzainek aldiz badakite euren kultura zein den, ez dakitena da eurena kultura dela. Lotsatu ere egiten dira, pentsa! Kultura eguneroko bizitza da, behin ere erabat ikasten ez duzuna, eta hori jakinda soilik ikasi dezakezuna. Horregatik diot Larraldea tresna bat dela, ontzi bat, baina kultura bertan aurrera eta atzera dabiltzanek egiten dutela.

Historian eta memorian barna aurrera eta atzera ere bazabiltza.

Euskal Herri ofizialik ez denez, gure historia besteen ahotik jaso dugu eta egiak gorde dizkigute. Senperen etengabe aipatzen zuten sorginen gaztelua, etengabe erakusten beltzez jantzitako emazte bat erratz baten gainean hegan. Hori bai, honetaz eta hartaz galdezka hasi eta denak behera begira! Hala, talde bat bildu eta 1609ko gertakariak lantzen hasi ginen. Unibertsitateko jendeari ikerketak agindu genizkion, mintzaldiak antolatu genituen, Iguzki-Lore antzerkia plantan eman... Gure egiak hedatzeaz gain, jendearekin egon eta mintzatzeko parada izan zen, gure historiaren jabe izatekoa. Handik gutxira ezagutu nuen Xabi Otero, eta hark ere gauza bera zioen, gure historia berreskuratu behar genuela. Argitaratuak zituen obra andanari esker arlo askotako adituak ezagutzen zituen, eta zinez gertatu zena ikerrarazi eta mintzaldi eta liburuetan zabaltzeko xedez sortu genuen Jauzarrea elkartea.

Historia ofiziala hautsi nahi dugu, jendea eskolan ikasitakoa zalantzan jartzera eraman, bestela sekulako astakeriak egiten dira. Adibidez, 200 urte beteko dira Urdazuriko gudua izan zela eta gudaren parodia antzeztekoak dira. Hori da gure historia? Ez dakigu soldadu frantsesak piztia ankerrak bezala portatu zirela hemengo jendearekin? Noiztik ospatzen dira galdutako gerrak? Hemengo jendeei zinez gertatu zena kontatu eta zur eta lur gelditzen dira, eta orduan soilik hasten dira dena dudan jarri eta hariak lotzen. Hortxe dago inurri lan xume horren balioa. Historia benetan gertatu zena baita, ez kontatu digutena.

Zure aita zenak idatziriko Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak liburua ere historia da, beraz.

80 urte zituela aita idazten ikusten nuen, eta zertan ari zen galdetzean, denbora-pasan zebilela ematen zidan arrapostu. Aitarekin harreman ona genuen baina errespetu handia ere bai, eta ez nuen galdezka segi. Aita zenduta lehengusu bat etorri zitzaidan aitak makinaz pasatzeko agindu zizkion bi koadernoak eskuan. Harrituta gelditu nintzen, baina barrenak ez zidan irakurtzen uzten. Nire emazteak gauero leitzen zuen zati bat interesgarria zela komentatuz, eta narrazioak gazteleraz baina elkarrizketak euskaraz zirenez, itzulpena galdegiten zidan.

Horrela irakurri nuen. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi, Comète sarearen historia idatzi zuena, laguna nuen, eta bere liburuan airean uzten zituen galderen erantzunak aitaren liburuan zeudela kontatu nionean, ikertzeko eskatu zidan. Lau urte pasa nituen, artxiboz artxibo, informazio eta datu oro kontrastatzen eta aitak denak zuzen zeuzkan. XX. mendeko historia kontatzen du, zer egiten zuen haur denboratik hasi eta hil arte, nondik eta nola pasatzen ziren mugalari lanetan, zenbat piloturekin, datak, izenak... Dena gogoz eta dena egoki. Bizi zela sekula kontatu ez zidana kontatzen du liburuan. Ni zerbait jakiten saiatzen nintzenean “kontu zaharrak dituk horiek!” hasten zitzaidan marmarka. Hernaniko lagunekin bazkaltzera lagundu nion batean, Melitón Manzanas garbitzeko gau oso bat egon zela Hernanin iradoki zidan eta hariari tiraka hasterako, “kontu zaharrak dituk horiek!”. Beste behin, Comète sarean sartuta zegoen izeba baten hiletan, nire harridurarako ingelesen dekorazio bat aipatu zuen apezak. Aitari galdezka joan eta... “kontu zaharrak direla, gizona!”. Pentsa, liburu hori eskuetan hartu arte, ez nekien gure aita Comète sareko konfiantzazko mugalaria zenik ere.

Presoak ere konfiantza behar du espetxetik jalgitzean, eta  Harrera elkarteko lehendakaria ere bazara

Euskal Herrian, Irlandan ez bezala, ez dugu oraingoz eztabaidarik izan presoen irteera negoziatzeko. Irlandarrek negoziaketa horren baitan sartu zituzten presoek aske gelditzean beharko zituzten laguntzak. Hemen ez da halakorik, mundu batetik kartzelara sartu zituzten eta kartzelatik beste mundu batera aterako dira. Lehen egunetan dena izaten da festa, ongi-etorria, aurreskua, lagunak, poza, baina gero ohartzen gara preso ohi asko zahartuta daudela, eri, familia eta inguruarekin harremanak bakandu zaizkiela... Arazo hori baztertzen duguno kosta behar zaigu herri honetan bakean bizitzen. Ez da alde baten problema bakarrik, denona da, jendarte osoarena, eta aurre egiteko denon laguntza behar dugu. Abenduan hasi ginenetik Euskal Herri osoko 1.300 bazkide lortu ditugu eta 3.000ra iritsi nahi genuke. Preso ohiaren arazoak bere herri jiran bideratu behar ditugulakoan gaude, ez egitura zentralizatu batetik, horregatik ari gara ahal bezain leku gehienetako bazkideen xerka. Preso ohi batzuei lana topatu diegu, auto-eskola sare bat ehundu dugu preso ohiak gidabaimena dohainik atera dezan, osasun arloko profesionalekin ere ari gara... Egoera ekonomikoa dena da, baina guri dagokigu diskretuki kasuak banan-banan jarraitu eta soluzionatzea. Ez dugu politikagintzan sartzeko bokaziorik, plano humano eta asistentziala da gurea. Aski ongi hasi gara, ea orain elur bola baten gisan handitzen jarraitzen dugun. Seinale ona litzateke.

Nortasun agiria

Andoni Iturrioz 1945eko ekainean sortu zen Oiartzunen. 11 hilabeterekin amaren besoetan muga pasa eta 4 urterekin iritsi zen Parisera. Oinarrizko ikasketak bertan egin, lan-munduan sartu, eta GSI enpresa informatikoaren sorreran parte hartu zuen; berantago horko buru izan zen. 60 urterekin erretiroa hartu, Euskal Herrira itzuli eta Senpereko Larraldea etxea zaharberritu eta kulturgune bihurtu zuen. Horretaz gain, memoria historikoa lantzen duten Lapurdi 1609 eta Jaurzarrea elkarteetako kide eta eragile sutsua da, eta preso ohiak laguntzeko bokazioa duen Harrera elkarteko lehendakaria. Bere aitaren heriotzean, aitak idatzitako bi koaderno jaso zituen, eta bertan ageri zirenak baieztatu ondoren Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak liburu harrigarrian argitaratu ziren. Senperen bizi da egun.

Azken hitza
Itzalekoa

Berari buruz baino bere pasioei eta partaide den elkarteei buruz hitz egin nahiko lukeela gaztigatu dit hasi aitzin. Berari buruz gehiegi aritu dela eta oreka neuk topatzeko ohartarazi dit bukaeran. Holakoa da Andoni. Ez dakiena da berari buruz ari denean pasio eta elkarte horiei buruz ari dela, eta elkarte eta pasio horiei buruz hastean berari buruz. Ekintzak ezaugarritzen du pertsona, eta pertsonak ekintza.


ASTEKARIA
2013ko irailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


2024-05-12 | Reyes Ilintxeta
Patricia López Arnaiz. Hamaika bizitza bakar batean
"Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke"

Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek... [+]


Babesten gaituen itsasoa

Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.

Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]


2024-05-12
Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude