Ametsezko munduak, komisario berriaren eskutik

  • Abuztuaren 29an hasi eta irailaren 29ra luzatuko da Getxophotoren 7. edizioa. Nazioarteko 15 argazkilari inguruk aurkeztu dituzte euren lanak Getxoko kaleetan, hori baita erakustaldi honen ezaugarri nagusietako bat, argazkiak publiko zabalari eskaintzea. Ametsak ditu ardatz edizio honek, datozen hiru urteetan landuko den Bestelako Munduak gaiaren barruan. Christian Caujolle kritikari eta komisarioa arduratuko da datozen edizioen programazioaz.

World, Ruud Van Empel.
World, Ruud Van Empel.

Jokin Azpuru zuzendariaren hitzetan, bide luzea egin du Getxoko nazioarteko argazki jaialdiak. Begihandi argazkizaleen elkarteak sortu zuen duela zazpi urte, eta Euskal Herrian beste jaialdirik ere baden arren –Andoaingo Argazkialdia eta Gasteizko Periskopio kasu–, hitzordu saihestezin bilakatu da zaleentzat. “Etengabeko bilaketan eta garapenean aritu gara urteotan. Gurea bezalakorik gutxi dago, espazio publikoaren edo euskarri berrien erabilpenari dagokionez. Gainera, minoriak alde batera utzi eta publiko zabalarengana jotzen dugu”. Hala ere, erakusketa publiko hauek ez dira nonahi jartzen, normalean herriko aisialdirako espazioak aukeratzen dituzte. Ereagako hondartza, oinezkoen Basagoiti kalea, San Nikolas plaza edota Algortako Portu Zaharra antzaldatu egiten dira argazki hauen erakustoki bilakatuta. “Espazio publiko horien bestelako erabilpena aldarrikatzen dugu”, diosku Azpuruk.

Christian Caujolle komisario berria aukeratu dute aurtengo edizioan, eta datozen hiruen programazioa ere haren esku dago. Berak aukeratu du, hain zuzen, datozen urteotako gaia, Bestelako Munduak. Ildo honetatik, ametsen munduan murgilduko dira aurtengo ekitaldian parte hartuko duten argazkilariak.

Caujolle, World Press Photoko epai-mahaiko kide da eta Kanbodiako PhotoPhnomPenh aretoa zuzentzen du, besteak beste.

Gazteen aldeko apustua

Argazkilari europarrak eta amerikarrak bilduko ditu nagusiki aurtengo Getxophoto jaialdiak, baina aipagarria da argazkilari asiarren aldeko apustua egin duela Caujolle komisarioak. Ondo ezagutzen du eremua, bestalde. Adinari dagokionez, “oreka bilatzen saiatzen gara” aipatu digu Jokin Azpuruk, “alde batetik, maila handiko argazkilariak erakartzen saiatzen gara baina hain ezagunak ez izan arren, etorkizun handikoak diren argazkilariak ere programatu ditu Caujollek”. Harit Srikhao 17 urteko argazkilari tailandiarraren kasua azaldu digu Azpuruk. Srikhao Bangoken bizi da eta 2009ko estatu kolpea zela eta, 10 km egin behar izan zituen bere etxerako bueltan, gau luze hartan. Ibilbide latz eta arriskutsu horren berri ematen digun Familiar Things seriea dakarkigu.

Argazki erakusketaz gain, Getxophotok hainbat jarduera antolatu ditu iraileko lehen astebururako. Aurtengo berritasun gisa, Itxialdia izeneko jarduera antolatu dute abuztuaren 30erako. Egun osoz, argazkilarien arteko topaketak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dira. Parte hartuko duten argazkilarien artean ditugu: Jordi Socias (El Pais Semanaleko editore grafiko ohia); Monica Allende (Sunday Times Magazineko editore grafikoa); Cristina de Middel argazkilaria; Blanca Berlin galerista; Aitor Ortiz euskal argazkilaririk ezagunetakoa; edota Iñaki Domingo eta Luis Diaz Diaz www.30y3.com argazkigintza garaikidea bultzatzen duen webgunearen arduradunak. Bestetik, aipatu beharra dago Jesus de Etxebarria XX. mende hasierako euskal argazkialariaren artxibo ineditoa ere erakutsiko dela.

Christian Caujolleri bereziki interesgarria iruditzen zaio Getxophotok espazio publikoa baliatzeko duen modua. Bestalde, “hiru urteko epeak gauzak hobeto lantzen laguntzen du”. Argazkilari frantziarrak nabarmentzen dira Caujollek egindako programazioan, baina mundu asiarra ondo ezagutzen du komisarioak, eta horregatik, Txina, Tailandia eta Burkina Fasoko argazkilari gazteen lanak ere ikusiko dira aurtengo edizioan. “Gazteen aldeko apustua ez da nolanahikoa, azken finean euren esku baitago argazkigintzaren alderik gaurkotuena. Irudien sorkuntzan norabide berriak bilatzen saiatu naiz”, azaldu digu Caujollek. “Irudi imaginario horiek sortzea bada errealitatea eraldatzeko modu bat. Argazkigintza errealitatearen lekukotza delako, baina, inolaz ere ez objektiboa”.

Edizio honetan programatutako egileen artean dauden antzekotasunak handiak dira, baina batez ere, “egungo mundu garaikideari buruz hitz egin eta hausnartzen duten egileak dira”, Caujolleren hitzetan.

“Gure egungo mundu hau kolokan edota zalantzan jartzen duten autoreak interesatzen zaizkit. Identitatea, hiriarekin edota ingurune urbanoarekin daukagun harremana, gorputza, kontsumoa edota trukaketa dira jorratzen dituzten gaiak”, esan digu komisarioak. Bestetik, Getxophoton parte hartzen duten aragzkilarien jakin-min estetikoa kolorearen erabilpenari lotuta dago. “Zuri-beltzez eginez gero, ez lirateke berdinak izango, ez lukete erreakzio edota hausnarketa bera eragingo. Egungo argazkilariak kolorea du baliabidea, kolorearekin konposatzea gustatzen zaie. Eta hori argi islatuta geratzen da aurtengo Getxophoto edizioan”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude