"Hustu dezagun gatazka hitza"

  • Donostia (1958). Euskaltzaina eta hizkuntzalaria da. EHUko irakaslea. Fonologia du gai kuttuna. Idazlea da, halaber. Intemperies (babes bila) nobela (Erein) argitaratu du udaberrian. Denbora arduraz bizi da. Bai bera bai Luzia, nobelako protagonista. Luzia ere hizkuntzalaria da eta fonologiaz arduratzen da. Victor eta Eva dira beste pertsonaia nagusiak nobelan: Evak mintzoa galdu zuen –eta gurasoak– atentatu batean. Afasia du. Luzia munduan barrena ibili ohi da, Lourdes ere bai. Viena aldean zebilela izan genuen lehen harremana Lourdes Oñederrarekin. Leidenera (Herbeherak) joan zen ondoren. Solstizio egunean egin genuen bat berarekin, Donostiako Tolare baserri zahar berrituan, Euskaltzaindiko egoitzan.

"Txikiak ginenean, helduek txotxolokeria asko esaten zuten, gure irudiz. Berrogeita hamar urte pasatakoan, arraioa, zure denboraren oharmena aldatzen zaizu. Denborak bizitzan uzten duen inpronta kuriosoa eta interesgarria iruditzen zait".Dani Blanco

Hamalau urte joan dira Eta emakumeari sugeak esan zion! lehen nobela argitaratu zuenetik. Euskadi eta Kritika sariak irabazi zituen harekin. Denbora da Lourdes Oñederraren funtsezko gaia. Bigarren nobelari buruzko kritika –eta harrera– digeritzen hasia baino ez dela iruditu zait. Areago, neronek digestioa egiten laguntzen baino, digresioaren bidean eraman ote dudan bukatu dugu solasaldia.

Luzia, protagonista, Intemperies (babes bila) liburuaren azalean antzeman dugu, Taka boxer leialarekin dabil. Lourdesen anaiaren txakurra zen. Gorazarre egin dio txakur lagunari. Maitasunezko nobela da berea, besteak beste. “Musuak” izan dugu aipagai. Emakumearen eta gizonaren arteko harremanetan ezarri den aldeaz mintzo abiatu dugu solasa, denboraren zirimolan: “Euskaltzaindian sartzean ohartu nintzen euskaltzainburuak emakumeari musu eman ohi diola, gizonari berriz eskua. Euskaltzainburuari [Andres Urrutia] esan nion Joan Mari Torrealdairi muxu ematen ez badiozu, niri ere ez. Zergatik genero ezberdintasun hori?”. Tira, adiskideen artean, norberak nahi duen bezala, baina protokoloetan zergatik desberdintasun hori?”.

Emakumeen eta gizonen arteko harremana da nobelaren gaia.

Pertsonen artekoa dela esango nuke, gizon-emakumeen desberdintasuna ageri da. Demagun, gizon-emakumeen harreman sareei buruzkoa dela nobelaren ardatzetako bat.

Emakumea babes bila dabil...  

Denok gabiltza Intemperiesetan edo babes bila; ez gabiltza ere une oro. Bestela esanda, aukera bila gabiltza, esnatuko gaituen aukera bila. Alegia, babes bila gabiltza baina disimuluan, ibiliko ez bagina bezala. Beste zerbaitetan hasi nahi dugu eta aldaera bakoitzak kolokan jartzen gaitu, egoera berri batean. Inertziaz ibiltzen gara eta zerbait berri gertatzen denean, pitzadurak agertzen dira nolabait.

“Denbora desberdin ari da igarotzen”. Horra liburuaren lehen esaldia. Lehen esaldiak seinalatzen omen du liburuaren nondik norakoa.

Bada, aspaldiko esaldia da, denbora luzea hartzen baitut idazteko. Hala ere, etxe aldaketa egin genuen, eta zein gelatan nengoen gogoratzen dut, esaldia zehazki gogoratzen dut. Arrazoi duzu. Dena den, ideia bat izaten duzu, baina ideia hitzez jantzita datorkizunean, horrek ematen dizu norakoa. Ideia hori etorri zitzaidanean, ez nekien norantz zihoan nobela. Lehen atala ez da beste guztia bezalakoa. Lehenengo eta azken atalak lotuz bururatu nuen liburua. Denboraren desberdintasunak asko liluratzen nau. Txikitatik gertatu zait hori, oso deigarria da. Helduek “gero eta azkarrago pasatzen da denbora” esaten zuten eta guk berriz “ez daude burutik ongi”. Helduek txotxolokeria asko esaten zuten, gure irudiz. Berrogeita hamar urte pasatakoan, arraioa, denboraren oharmena aldatzen zaizu. Denborak bizitzan uzten duen inpronta kuriosoa eta interesgarria iruditzen zait.

Eta emakumeari sugeak esan zion nobela aipatu egin duzu honen hasieran, nolabait.

Ba... ez nuen nahita egin. Ez daukat aurrekoan neukan inozentzia, egia esan: “Kritikoek hori harrapatu egingo dute”, pentsatu nuen. Orduan, haur gaiztoen antzera, jolas moduko bat egin nuen. Gehiegi analizatu gabe, ez nuen aldez aurretik Bibliako irudi hori ekartzea pentsatu. Idaztean, batzuetan, ametsetarako bidean jartzen zara, beste maila batean edo, eta hor gauza batzuk agertzen dira. Paradisua eta sugearena berriz ere... pentsatu nuen. Tira, ez duzu jakiten zehazki zergatik.

”Jainkoa bezalako izate hori bai zen desiragarri” pentsatzen du narratzaileak.

Kontu kilikagarria da, bai. Desira dezake batek ezagutzen ez duena? Ez. Baina, haiek, sinbolikoki lehenengoak, Adan eta Eva... Gizakiak ezin eramana duen kontua da desira eta inbidia. Besteak bezalakoa nahi izatea, besteen bizitza kontrolatu nahi edo behar izatea. Horrek askatasuna kentzen digu. Inbidia gure kateetako bat da. Baina bestalde motorra ere bada. Tira, tranpan erori naiz, ari naiz analizatzen liburua zurekin, horrela, etorri ahala.  

Mendebaldarrok denbora egokitzen arazo latza dugu. Guk dirua dugu, beste herrialdeetako bizilagunek denbora. Denboraren kudeaketa dugu zeregin behinena. Aburu hori iradoki dit nobelak.

Azken atalaren sarreran Fabrizio de André kantariaren aipu bat ipini dut. Bere ahotsa magikoa da niretzat, bere kantuen zenbait letra ere interesgarriak zaizkit. Berak dioenez, denbora aurrera doa, baina denborak berez ez dauka presarik. Hori da ene desioa, “ez zaitez saiatu presaka ibiltzen, ez atzean gelditu, baina ez aurrea hartu denborari”. Gero, guk denborarik ez eta dirua daukagun hori, topikoa da. Haiek ez daukate dirurik eta denborarik ere. Guatemalako eskola batean egon naiz lau aldiz azken urteotan. Haiek funtsean izorratuta daude alde guztietatik, eta guk horrekin gurea justifikatu nahi dugu.     

Luzia hizkuntzalaria da, ez da ama. Lourdes halakoa. Nor da Luzia Lourdesentzat?

Aspalditik bueltaka dudan pertsonaia, aurreneko nobela idatzi baino lehenagotik. Luziak nire ezaugarri asko ditu, baina azalekoak. Autobiografia kontu hauetan morbo handia dago. Aurreko nobelako pertsonaien inguruan telefono deiak izan nituen. “Badakit nortaz ari zaren, zigarroak erretzeko moduan antzeman dut”. “Bada, hara, aipatzen duzun horrek ez du erretzen”, neronek. “Ez esan!”. Oraingoan ere: “Istorio horren parte bat ezagutzen dut”, entzun izan dut. “Ah, bai...”. Bati esan diot: “Uste duzu amorante hori ezagutzen duzula? Bakarra izan dudala uste al duzu? Edo nire amorante guztiak ezagutzen dituzu?”. “Orduan, ez da hori?” erantzuna. Irakurlearekin topo egitea ongi da. Literatura jolasa ere bada, irakurlearen jolasa polita da. Baina literatur kritikoen gauza batzuek lotsarazten zaituzte.

Jolas nahigabetua ote batzuetan literatura...

Ez, ez... Inozentzia galtze horrek badu bere alde ona. Dena dela, Luziak nire lanbidea duenez, agian Lourdes edo Lou izena eman behar nion eta askatasun osoz idatzi. Hau da, pertsonaiarekin zera gertatzen zaizu, hasieran zuregandik urruti dagoela, asmatua da edo asmatuagoa. Gero hurbilarazten duzu, ematen diozu lanbidea, jaioterria, hori eta beste. Pertsonaia hurbildu eta urrutiratzen zaizu. Luziaz dudan sentsazioa da ezagutu dudan norbait dela, hamalau urtetan han-hemenka ibili dela. Tristura moduko bat ematen dit bere abenturetatik askatzeak.  

Iradokizunek ernegatzen zaituzte, hala ere.

Ernegatzen naute nondik datozen, bizitzako beste kontuetan bezala. Losintxak edo loreak botatzea bezala da. Nondik datozen, ezta? Botere puntu batetik datozenean, sasi-jakintsu horiengandik, maiseatzen ibiltzen diren horiengandik... Literaturan dabilen norbaitek jakin behar luke literatura bestela zehatzen. Irakurleak idaztearen alderdirik interesgarrienetakoa iruditzen zaizkit. Zuk literaturaren zati bat egiten duzu, eta bestea irakurleak. Irakurketa ugari dago, eta zuri burutik pasatzen ez zaizkizun gauzak pasatzen zaizkie irakurleei. Hori niri asko gauzatzen zait. Horregatik zaila zait adieraztea nik liburu honekin hau edo hori esan nahi dudala. Nik ez dakit istorioak –irakurlearengan– zabaltzen dituen perspektiben ondorenean zer geldi daitekeen. Niri ez zait gustatzen horiek azaltzea.  

Hizkuntzalari izateak nola eragiten du zure idazketan, idazle izate horretan?

Eragin ona eta txarra dauka. Niregan oso presente da, bokaziozko hizkuntzalaria naizelako. Badu eraginik, adibidez, kontziente naizelako hizkuntzen hainbat kontuez. Hizkuntzak interesatzen zaizkit, ez hizkuntza bakarra. Halaber, biriketatik sudurreraino eta ahorainoko hizkuntzaren gorabeherez aritzen naiz lanean. Gizakiok hizkuntzarekin gauza ezberdinak egiten ditugu, asko aztertzen ditut horiek. Halaber, euskararen momentu honekin kezka daukat: euskara soziologikoki sekula baino hobeto dago –leku batzuetan behintzat–, linguistikoki ordea, ez dakit horren sendo dagoen. Zein hizkuntza eta nola erabiltzen den, garrantzia duela iruditzen zait.

Horregatik edo, erabiltzen dituzu hizkuntzaren erregistro sinpleak?

Lehenengo nobela irakurleak hiztegi lana egin gabe beregana zezan idatzi nuen. Orain, ez daukat erantzun zehatzik. Beharbada, kontzientzia horren eragina badago nobelan. Horrek bultzatu nau horrela idaztera, baina ez dakit aukera zenbaterainokoa ote den libre. Euskarazko nobela batzuek ez didate literaturaren plazerik ematen, baina euskara asko ikasten dut. Nik euskara pobre samarra daukat, kalekumearena. Orduan, lehia hauxe izan dut: “Ahaztu behar duzu hizkuntzalaria, ez idatzi programatikoki”. Beraz, nabaritzen dut noiz idazten dudan libre, bai gaiaren aldetik bai hizkuntzaren aldetik. Hasierako esaldia aipatu duzu lehen: ideia baduzu, baina ez baduzu ongi harilkatzen, esaldiak ez du balio. Hori noiz lortzen duzun eta noiz ez, konturatzen zara. Batzuetan lortu dudala uste dut.

“Euskal gatazka”ri buruz ere idatzi duzu, era xumean baina estetika bereziaz.

Beharbada gai inportantenetakoa da nobelan, ez da asko aipatu. Nobelak biografiakoak  direla esan ohi da. Gero eta barrurago joan eta korapilatsuagoa izan, kontzientzia arrazionaletik urrutiago edo forma linguistikotik urrutiagoa izan, sakonagoa da kontua. Psikoterapeutek badakite zein garrantzizkoa den gauzak aipatzea, egon zaitezke hainbat urte aipatu gabe, baina aipatzen dituzunean... Nire burua herri honen historian ikustea da daukadan zirrarik latzena, nire buruarekin harreman gatazkatsua, nolabait. Hain zuzen ere, orain ETAren bukaerarekin bizi dugun egoera, hain luze joan dena, eta azpimarratzen dut: “Ni non egon naiz?”. Eta nik badakit gauza batzuetan non egon naizen. Ikasle presoak ikustera joan naiz, Josu Muguruza hil zutenean mobilizatu nintzen. ETArekin kritikoa izan naiz... Baina beste alderdia, ETAren biktimena ez dut ikusi...

Berandu ikusi duzula esan nahi duzu?

Beti da berandu. ETA nirekin jaioa da edo ni harekin. Hannah Arendt filma atera da orain. Alemanek nola egin zuten kontzientzia zulo hori? Nik egin dut hori. Formak eta neurriak aldatuta, noski. Nik horren oihartzuna aditzen dut orain, eta beldurra ematen dit herri honen geroak. Gauzak estaltzen badira... Korapilo horretan nago, oso harrapatua. Nire gai kuttunetako bat fonologia da: “Nola entzuten dugun entzun nahi duguna”. Nola ikusten dituzun gauza batzuk eta beste batzuk ez. Zuk ikusten zenuen horietako bat izan zara. Gazteagoak ginenekoa dut gogoan. Oihartzun kolektiboa jasotzeko zenbat lan daukagun ikusten dut orain. Ez dut gaia sakondu, ez da saiakera, iritzia egin gabe nagoelako. Eta, nolabait, hori horrela da nik horrela bizi dudalako. Zuk alderdi hori ondo harrapatu duzu.

Luzia hizkuntzalariak afasia daukan Evarekin lan egiten du. Ahanztura landu duzu, nolabait.

Lotura hori nik ez dut egin, ez nuen buruan. Beraz, hori ikusten eta ikasten dut. Afasia berez oso interesgarria egiten zait, beharbada buruan nuen lehenengo gaia da, ukitzeko nuen gaia. Jakingo bazenu zenbat ordu sartu dudan afasiari buruzko lanak irakurtzen. Gero, literaturak ematen dizun askatasuna zuk duzun kontatzeko era da. Afasia mota asko dago, baina nik afasiaz ia ezer ez esatea nahi nuen.

Nola idatzi behar da gatazkaren gaineko memoriaz, literaturan?

Fikzioa ahal denarekin egin dezakezu, baina  nik ezin dut modu programatikoan idatzi. Gatazka diozu, bada hasteko ken dezagun gatazka hitza paretik. Hilabete batzuetan jolas egin beharko genuke. Alegia, gatazkaz zerbait adierazteko saiakerara pasa beharko nuke. Gatazka badago, eta hasteko gure buruarekin dugu gatazka. Nobelan ezin dut horretaz sakonean jardun. Gatazka hitza ez zait egokia iruditzen, gatazkak berak hitza urtu egin duelako. Interesgarria iruditzen zait ideia hau, ez da nirea: Goazen gatazka hitza hustera. Hurrengo lezioan jarriko gaitu.


Azkenak
June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Jaurlaritzaren Parisko egoitzaren historia: Gestaporen atzaparretatik berriz EAJren eskuetara

Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]


2025-01-23 | Leire Ibar
Joseba eta Eñaut Alvarez
“Demokrazia eta adierazpen askatasuna daude, baldin eta dirua badaukazu”

Joseba Alvarez eta Eñaut Alvarez aita-semeei bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte geroago, urtarrilaren 29an... [+]


2025-01-23 | Leire Ibar
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garraio publikoaren deskontuak mantenduko dira, oraingoz

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek aurreratu dute helburua %50eko deskontuarekin jarraitzea dela, baina oraindik Espainiako Gobernuaren erabakiaren zain daudela finantzaketa ziurtatzeko.


Ipar Euskal Herriko laborantza
EHLGk hogei urte beteko dituela, egitura publikorik ez zerumugan

Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena–... [+]


Eguneraketa berriak daude