Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

  • “Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras ingurua. Burdinaren sukarraren sasoian izan zen. Harrezkero zuloa han eta putzua hemen; ez da besterik ingurune zabal hartan. Zuhaitz bakarrak, berriz, Zugaztietako elizaraino heltzen den zumardiko bananondoak.

Lakua, funikularraren geltokitik Zugaztietara bitarteko bidean.
Lakua, funikularraren geltokitik Zugaztietara bitarteko bidean.Marijo Deogracias

Zirrara eragiten du parajeak. Desolatio puntu bat ere badauka inguruak. Txiki sentiarazten zaitu berdegune eta haitzen handitasunak. Errepidearen ezkerretik ala eskubitik joan, berdin da; aldatzen den bakarra, behera begiratzean dagoen perspektiba da. Larreinetatik Zugaztietara errepidearen ezkerraldetik joanez gero, putzuaren berde kolore biziak harrapatuko zaitu; haitzetan zehar egin du bidea urak, geldirik dagoen arren laku artifizialean. Errepidearen eskuinaldetik jaitsita, amildegi amaigabea ikusten da, Trapagaran aldera jaisteko errepidea eta aurrerago, beste zulo amaigabe batean behera, Abantoko Gallarta auzora jaisteko errepidea. Hori, ordea, Zugaztieta ostetik doa.
Burdinaren urrezko urteek eragindako lur ebakidurarik handienera jaisteko errepide berria hartuta iritsiko gara Concha II meategira, 2003tik kultura ondasun izendapenaren zain dagoena. Haren sakontasunak itsasoaren maila ere irentsi du; 200 metro beherago iritsi ziren bere egunean meatzariak burdin bila, lur azaleko meatzaritza utzi eta lurrazpiko lanetan hasi zirenean.

Funiculí funiculá

Hori guztia ikusteko, ordea, Larreinetara igo beharra daukagu lehenik eta behin. Horretarako Trapagarango Escontrilla auzoan funikularra hartuko dugu (aukeran errepidez igo daiteke, BI-3755tik). Ez da Vesubio mendia igotzeko 1880an egindako funiculí-a bezain ezaguna, baina hari ere abestu dakioke Luigi Denzaren kantu ospetsua.
Ordu erdiro igo eta jaisten da bagoneta; horrela deitzeko lizentzia hartu dut, berez plano inklinatuan doan plataforma baita, eta haren gainean doa tren bagoia. 1926tik ari da 400 metroko desnibela gainditzen. Urte hartan egin zuen lehenengoz 1.179 metroko ibilbidea; eta orduan, gaur bezala, geldo, oso geldo. Erdibidean, beherako bidean datorren beste bagonetarekin gurutzatuko gara, horretarako erraila bikoiztuta baitago. Bitxiena, ordea, zera da: ez behetik ezta goitik ere, ez dela ibilbide osoa ikusten; izan ere, funikular honen berezitasuna ibilbidean duen bihurgunea da. “Barik” txartela erabilita egiten baduzue bidaia, gogoratu ez dela irteeran txartela pasa behar. Nik egin nuen, eta birritan ordaindu nuen bidaia bera.

Garai bateko borroken lekukotza

Larreineta auzora iritsita, Santa Barbara elizak hartuko gaitu. Meatzarien aterpetxeak harri-zulatzaileak irudikatzen dituen mural handia dauka sarreran, eta ondoko plakan Fidalgo eta Ajaren bertsoa irakur daiteke: “Traigo la camisa roja de sangre de un compañero; traigo la cabeza rota que me la rompió un barreno; Santa Bárbara bendita patrona de los mineros”. Meatzarien lehenengo greba orokorra gogoratzen du argazki zahar batek, inguruko parrokiek langile mugimenduarekin bat egin zutela gogoratzeko.
Historia hori guztia dago jasota Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan, Gallartan. Zugaztietan geratzen dena arrakalatutako parajea besterik ez da; tarteka, burdin gorriz egindako eskulturak ere ikusten dira: zilindro garai batean Mikel Laboak abestu zuen Arestiren poema irakur daiteke: Nire aitaren etxea defendatuko dut... Eta, han pareko lakuaren erdi-erdian geratu den haitzean ere, biribildutako burdin pieza erraldoi bat jarri dute, haitzetik atera zutena gogoratzeko edo. Hambre izeneko eskultura ere ikusiko dugu: sardexka erraldoia haitz baten gainean, harria zulatzen dabilen lau haginetako burdin gorria.
Horrek dira burdin-sukarraren arrastoak Larreinetatik Zugaztietarako kilometroan. Ez dago inguruan burdinbiderik, bai, ordea, plano inklinatuaren aztarnak Zugaztieta parean atondutako parkean. Aldiz, Peñas Negraseko interpretazio zentrotik ia hamar kilometroko ibilbidea egin daiteke –errepidez hamasei–, tarte batean antzinako trenbideari jarraitzen diona El Pobaleko burdinolaraino, Muskizen.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-17 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-05-04 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

2008-01-13 | Unai Cuevas
Larreineta eta Zugaztieta (Bizkaia)
Meatzarien ordez, txangozaleak
Zugaztieta, meatzaritzaren erdigune izandako eremuak, itxuraldaketa nabarmena jasan du azken hamarkadetan. XX. mendearen lehen erdialdean meatzarien pikotxek eta antzeko lanabesek lehentasuna bazuten ere, gaur egun mendizale eta ibiltarien amu bihurtu da.

Eguneraketa berriak daude