"Lurralde Elkargoaren eskaerari ez erantzutea gaitza litzateke"

  • 1953, Azkarate (Nafarroa Beherea). Laboraria. ABko eta ELBko kidea. 20 urte bete ditu Azkarateko auzapez karguan. Paueko Kontseilu Nagusiko kontseilaria izana. Garazi-Baigorriko Herri Elkargoaren presidentea da. Biziki ontsa ezagutzen ditu herri politikaren botere-guneak. Gune xumeak izanik ere, abertzaleen lehenbiziko xedea horiek hartzea izan behar dela esan digu.

"Batasuna desagertu da, baina lotura eskasa ikusten dut militanteen lanaren eta herriko engaiamendu politikoaren artean. Politika ez da soilik Euskal Herriaren osotasunean aritzea, edo eslogan batzuk erabiltzea".Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aro politiko berria heldu da Ipar Euskal Herrira ere. Hala ere, bertako eragile politikoen aldarrikapen nagusia (Euskal Departamendua iraganean) aspaldiko eskaera da, herri mobilizazioen eta borroken ondorioa: Euskal Lurralde Elkargoa. Herritarrak –eta hautetsien gehiengoa orobat– enegarren aldiz manifestatuko dira ekainaren 1ean, Baionako karriketan. Azkarateko auzapez abertzale Jean-Michel Galant-ekin mintzatu gara aro politiko berriaren karietara.

Apirilaren 27an, ehunka eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalek mintegia burutu zenuten Baionako Unibertsitatean. Euskal Lurralde Elkargoaren eskaera egin zenioten Frantziako Gobernuari. Zer gogoeta egin duzu mintegiaz?   

Guretzat, mintegia barnetik bizi izan dugunontzat, eguna oso inportantea izan da. Instituzio berri horren galdatzeko alderdi guztietako ordezkariak bildu baikinen. Nolabaiteko adostasuna badago, orain arte sekula erdietsi ez dena. Inportantea da azpimarratzea, diputatuak, senatariak, kontseilariak bildu izana, Euskal Herriko hautetsien gehiengoa. 500 pertsona biltzea asko da. Alabaina, Parisek eskaerari erantzun behar dio, eta maleruski, erantzunik ez dugu ukan.

Aldarrikapena egiteaz gain, ekainaren 1ean, berriz ere manifestatzera deitu duzue Baionako karriketan. Ba al du berezitasunik oraingo deiak?

Berezitasuna da Batera plataforman biltzen garen baino eragile gehiagok deitzea. Konparazione, Merkataritza eta Industria Ganberak deitzea, lantegietako nagusiek deitzea, berritasuna da. Indar berria da. Gainera, lehen Euskal Departamenduaren eskatzen ez zuten eragile batzuek Lurralde Elkargoa eskatzen dute, eta instituzio horrek eskumen gehiago erdietsi nahi du. Departamenduaren eskaera abertzaleek bultzatu zuten batez ere. Geroztik, Baterak eraman zuen iniziatiba. Egun hautetsien ekimena da bereziki. Ekainaren 1ean dugu hurrengo hitzordua eta segida.

UMPko Alain Lamassoure eurodiputatua egoteak zer adierazten du?

Hor joko politikoan sartzen gara. Jakina denez, politikan eleek ez dute arrunt gauza bera adierazten. Ez dut uste nehor tronpatzen denik horretan. Alain Lamassourek aspaldi erran zuen “Le Pays Basque doit être connu et reconnu”. (Euskal Herriak ezagutua eta errekonozitua izan behar du). Alta, porrot egin zuen. Oraingo eskaera honek ere ez du  Parisen oihartzunik ukan. Haatik, ez ditugu besoak apaldu behar.

Izanik ere, Frantziako Gobernuaren jarrera betikoa da.

Parisek ez badu entzuten –lurralde bat non herritarren ordezkari gehienak aho batez mintzo diren–, ez baldin badu erantzun tipi bat ematen gaitza izanen da. Nik biziki gaitza atzemanen nuke erantzun eza. Erabateko erantzunik izanen den ere, ez dugu amestu behar. Egia erraiteko, erantzunik gabe, eza aski argia emana dute. Lurralde Elkargoa ez da orain gauzatuko naski, baina gure ekarpena hor dago. Lurraldetasunaren egitura ari da aztertzen Frantzian. Beraiek galdatu dizkigute ideia berriak, eta guk, bederen, ideiak ekarri ditugu.

Frantziako Gobernua alderdi sozialistaren esku dago. Hemengo diputatuak –Alaux eta Capdeville– sozialistak dira, baita Espagnac senataria ere. Horien engaiamendua zintzoa al da, zure ustez?

Ez dakit zer pentsa. Beren bizkar dago eskaera aitzinatzea. Baina ez badute deus erdiesten, erantzunak eman behar dizkiote herriari. Hau da, alderdi sozialistarekin ez dagoela ezer egiterik erran, eta, beharbada, alderdia utzi behar lukete. Edo joko batean ari dira soilik? Alabaina, biziki urrun joan dira beren aitorpenetan, gauza biziki adierazgarriak erran dituzte, eta orain afera ez badute gorago eramaten, ez dut ikusten aterabide erraza dutenik.

Noraino joateko prest dauden galdetu behar zaie agian?  

Galdatzen ahal zaie, baina galdatzen ahal zaie ere beste alderdikoei. Jean-Jacques Lasserre [Hautetsien Kontseiluaren presidentea] azken hilabetetan inoiz baino aitzinago joan da. Agian, asma daiteke, Lurralde Elkargoa erdietsiko bagenu, egitura horren presidentea bilaka liteke. Menturaz, esperantza horrekin ari da. Paueko Kontseiluaren presidentetza galdu baitzuen.

Mintegian bake prozesua ere aipatu zen. Lurralde Elkargoa onartzea lagungarria litzatekeela bide horretan. Adierazgarria inolaz ere.

Hori bortizkeria gelditzearen ondorioa da. Ez dakit Parisen zer eragin  izan duen, baina hemen, bortizkeriaren gelditzeak herritarrek Lurralde Elkargoaren ideia bere egiten eta onarrarazten lagundu du. Adostasuna ere lortu da batzuek ez dutelako bortizkeriaren aitzakia Elkargoaren asmoa baztertzeko. Atzo erraten zuten eskabidea ez zela aitzinatzen horregatik, beraz, egun alde egon behar dute. Lasserrek goraki erran du horrek lagundu duela aitzinarazten. Egia edo joko politikoa ote den? Politika egiaren eta jokoren marra artean egiten da.  

Batasuna desegin da Iparraldean. Aro berria iritsi al da hemengo abertzaleen artera?

Aro berria, berria da oraindik. Ez dakit. Ikusi behar da hurrengo herri hauteskundeetan aro berriak zer emanen duen. Batasuna desagertu da, baina lotura eskasa ikusten dut militanteen lanaren eta herriko engaiamendu politikoaren artean. Politika ez da Euskal Herriaren osotasunean aritzea soilik, edo eslogan batzuk erabiltzea. Edo ez da horretan soilik ari behar. Ikusi behar da herri tipietan zer harreman dagoen. Uste dut haustura gisako zerbait  dagoela, hori lantzeko dago oraino.  

Anartean, urteetako lanaren poderioz, beste alderdiek abertzaleen helburuekin bat egin dute neurri batean.

Abertzaletasunaren normalizazioa eman da, luzaz apartekoa zen, gauza ona da beraz. Abertzaleen ideia batzuk hartu dituzte, baina haiek dira boterean. Eta politikan eragiteko boterean egon behar da. Biziki inportanteak dira heldu den urteko herriko bozak. Lan handia da egiteko, hots, herri tipietako beharrez arduratu behar da herriko etxeetan sartzeko, boterea hartzeko. Abertzaleok hirugarren indarra gara, baina gobernatzeko lehena izan behar da. Orduan burutu dezakezu egiazki zure politika. Bide onean ari gara, baiki. Gazte franko ideia abertzaleekin ari dira, baina besteek ere badituzte gazteak.

Nafarroa Beherea Herri Elkargoa eratzeko asmoa zabaldu da azkenaldian. Garazi-Baigorri, Iholdi-Oztibarre eta Amikuze elkargoak bateratzea xede delarik. Zein da zure iritzia?

Herri Elkargoa biharko herria da, herriek egindako egitura. Garazi-Baigorriko 30 herriek beren gain zuten zenbait zeregin Herri Elkargoari utzi dizkiote jada. Herriak beren indarrak Herri Elkargoari ematen ari zaizkie engoitik. Hemendik 10-15 urtetara herriek ez dute ia deus eginen, zereginak Herri Elkargoen esku izanen dira. Nik hurbiltasuna hobesten dut, boterearen hurbiltasuna, gauzak ongi egiteko eremua ongi ezagutu behar da: hondakinen bilketa dela, haur-eskolen beharra dela. Eguneroko zerbitzuak nola behar diren eraiki zehaztu behar da. Non egin daiteke hobekienik, 30  edo 70 herri artean? Amikuze eta Baigorri lurraldeen artean huts izugarria dago, biztanleen arteko harremanak urriak dira. Batzuek Baxenabarre biltzearen aitzakian, probintzia batuko delakoan, Herri Elkargo bakarra nahi dute. Ez da ene ikusmoldea ez nahia.

Eskuinaren nahia al da? Barthelemy Aguerre kontseilariarena tarteko.

Aguerrek eta abertzale hainbatek ere nahi dute. 89 herri elkartuko lirateke;  horietik lau Zuberokoak: Pagola, Domintxine, Etxarri... Alta, Baxenabarrreko beste bederatzi kanpo geratuko lirateke: Donamartiri, Donostiri, Isturitze, Aiherra, Heleta... Horiek Hazparneko Herri Elkargoari lotuta baitaude, eta beste batzuk Bidaxuneko Elkargoari, Bastida, adibidez. Gainera, ideia hori ez da herrietatik heldu, ezta prefetarengandik ere. Prefetak bi Herri Elkargo antolatzea proposatu zuen. Iholdi-Oztibarreko Irisarri eta Suhuskune herriak Garazi-Baigorri Elkargora pasatzea proposatzen zuen. Eguneroko bizitza hemengo elkargoan egiten baitute. Baxenabarre Elkargoaren ideia hiru hautetsiengandik heldu da. Baigorriko auzapeza eta kontseilari nagusia Jean-Baptiste Lambert-en, Armendaritzeko auzapeza eta Iholdi-Oztibarreko kontseilari nagusi Lucien Delgue-ren, eta Amikuzeko kontseilari nagusi Barthelemy Aguerreren nahia da. Beste batzuek ezetz erran dute, Frantxoa Maitia kontseilariak besteak beste. Prefetak herri horiei galdetu die zer pentsatzen duten, baina inolako azterketarik egin gabe, herri batzuetan alde bozkatzen hasi dira. Baina zeren alde? Zein da Elkargoaren proiektua? Zer ondorio ekarriko du horrek zergen aldetik? Galdera horiek erantzun gabe daude.

Abertzale batzuek ere hori nahi dutela erran duzu.

Baxenabarre batzearen ametsa Lurralde Elkargoaren asmoarekin lotzen dute zenbaitek. Nonbait, diote, hemen halako elkargo-egitura handia balitz errazagoa litekeela Lurralde Elkargoa erdiestea. Nik ez dakit hori nola asmatu ahal den, bi egitura maila ezberdinekoak baitira. Herri Elkargoak eguneroko gauzez arduratzen dira, eta Lurralde Elkargoak, egungo Kontseilu Nagusiaren eskumenak kudeatuko lituzke. Ez dut loturarik ikusten.

Laborariak, oro har, ez daude ados.

Nahiz eta Herri Elkargoek laborantzaz ardura apala duten, Aguerrek –Lurberri kooperatibaren nagusietarik bat–, ez du mendialdeko etxaldeen alde inoiz egin, Amikuzeko etxaldeen alde baizik. Artoaren alde egin du, ez du kabala-hazkuntza batere sostengatu anitz urtez. Garazi-Baigorrin oso berezia da etxaldea. Laboraria mendian bizi da gehien bat, kabalak hazten ditu, ardiak bereziki. Guretzat galtze handia liteke Amikuzeko laborantzak markatzea gure laborantzaren geroa. Lurberri nola garatu den ikusi besterik ez duzu.

Baxenabarre Herri Elkargoa eskuinaren faborean dela diote sozialistek.

Anitz gauza nahasten da hor. Eremu hori ez bada egituratzen, Amikuze eskualdea Bearnorekin joan daitekeela diote zenbaitek, Euskal Herriaren muga aldatu litekeela. Eta Zuberoa zer? Hari horretatik arrazoitzen bada, Zuberoa Bearnoarekin joanen da? Euskal Herriaren mugak Lurralde Elkargoak zaindu behar ditu, eta horretan hautetsi denak ados daude.  Herri Elkargo guztiak batzean dagoen arriskua hurbiltasuna galtzea da, eskuinak anitz urtetarako Herri Elkargo horretan boterea hartzea.

Abantaila gutxi zure ikuspuntutik, beraz.

Bai. Urepeletik Amikuzeko beste muturrera oren bat dago bidean. Zer motibazio ukanen du elkargoan arituko den ordezkariak? Egun, 50 kide biltzen dira Baigorri-Garaziko herri kontseiluan, elkar ezagutzen dugu, gizartea egina da, gurutzamendu naturalak horiek dira, eguneroko beharren araberakoak. Guk Donapaleutik haragoko herriekin ez dugu harremanik, egunerokoaz eta hango problematikaz gutxi dakigu. Denak bilduko bagina, 89 ginateke gutxienez kontseiluan. 50 hamar ordezkari sobera dira, beraz, ene beldurra da, motibazioa galtzea. Herriko Etxeetako bozen motibazioa galduko da, ez baitute ia deusen egiteko. Hemen ene beldurra da helbururik gabe aurrera egitea. Helburuak idazteko baitira.

Zein da zure proposamena?

Bi Herri Elkargo egitea. Iholdi-Oztibarre bitan zatitu, alde bat Garazi-Baigorrin eta bestea Amikuzen sartzea. Hartara, lau Herri Elkargo antzekoak lirateke barnealdean: Zuberoa, Amikuze, Hazparne eta Garazi-Baigorri. 14.000 biztanlekoak, kasik berdinak. Barnealdeko lurraldea orekatzeko molde egokiena.


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude