Mendika koxkor

Astalarrosaren lorea (Rosa canina)
Astalarrosaren lorea (Rosa canina)

Fruitu koxkorren bila dabilena ezin kexatuko da aurtengo uzta dela eta. Mendika astalarrosa (Rosa canina) aitatu berria dut, baina bestelakoetatik ere ugari eta on dugu. Uda nolakoa izan denak, asko lagundu du. Hezetasuna da gure lur atlantikoetako landareen arazo latzena. Oro har, urzaleak dira, baina lurreko eta aireko urak bere tamainatik gora egiten duenean, landareak kaltetzen dituzten onddoak erruz ugaritu eta erasokorrago bihurtzen ditu. Aurtengo uda lehorrak beste aldekoa ekarri du. Ur eskasiak gaitzak atzendu ditu, eta landareek urritasun hori ere sufrituagatik gehienek iraun dute. Fruituak sekula baino ttattarragoak ikusi ditugu udan, baina sasoi horren amaierako ihintzek eta euri apurrek koxkor kaxkarrak koskortzea ekarri du. Gaitzik gabe garbiak eta ur gehiegirik gabe haziak, kalitate goreneko igaliak dira aurtengoak. Atzo bertan nioen sagardogile bati, bertako sagarrekin taxuz egindako sagardoak, sekulako onenak izango ditugu hurrengo udan. Taxuz diot, askok eta askok astakeria latza egiten baitu: sagarra arbolatik erortzeko heldutasunera iritsi gabe dagoenean, haga luzearekin jo eta moildu, eraitsi. Heldu gabeko sagarretik halako sagardoa.

Sagarra biltzen da, baina garai  batean neguan elikatzeko biltzen genituen makina bat fruitu utziak ditugu. Horrela mendikak, astalarrosa delakoa adibidez. Saparlarra, luisalea, otsolarra... Izen ugari duenez bere ekosistemakoak gara, gu gara bere lurretara bizitzera etorriak. Aspaldian negurako bildu, jaso eta zainduko zen fruitua dela zalantzarik ez izan. Europa iparraldera joanez gero, landu egiten dute, astalarrosadiak dituzte, gure sagardien tankera bertsuan. Baita jan ere. Bere koxkorrarekin egindako zopa ezaguna da, baita potoetako kontserba gozoak ere, erreximentak eta abar.

Lagun baten ama eibartarra, Dorita, astalarrosa eltzean dantzatzen iaioa da. Ahosabaia garunpetik zerura igotzen dute bere jeleek eta marmeladek. Azken hori egitea zaila da oso, aspergarria da banaka-banaka koxkorrak haziz eta iletxoz hustea. Jelea errazagoa da: eltzekada fruitu urez estali eta ordu eta erdiz egosi, iragazi, gozatu eta nahi izatera kamamila lore edo menda hosto gutxi batzuk erantsi. Ahogozoa zerura doa artean arnasketa goxatzen eta katarroa baretzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Besteak
2013-06-16 | Jakoba Errekondo
Kiwia eta psikologia

Kiwiak ere lorea du fruituaren ama. Eta aita. Dioikoa baita kiwia, espezie berean landare batzuk erabat arrak eta beste batzuk emeak dira. Biek zabaltzen dute lorea. Arrarenak polena zabaldu eta kitto lanak. Emearena ernalduko du polenak eta udazkenera arte fruitua hazi eta... [+]


Eguneraketa berriak daude