Arte biziak luxu bilakatuko dituen neurria

  • Irailarekin batera, BEZaren igoera heldu zen arte bizietara, hau da arte eszenikoetara, zuzeneko musika saioetara eta zinemara. %8tik %21erako igoera ezarrita, kulturaren gaineko euroguneko zergarik garestiena inposatu dio Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriari. Kulturan diharduten sektoreek –krisiak ondo gaztigatuta zituen dagoeneko– gogor kritikatu dute neurria. Mirariak besterik ez ditzake salba.


2012ko urriaren 07an

Abuztuan, Espainiako Gobernuak arte biziei aplikatzen zaien zergari 13 puntuko igoera ezarriko ziola iragarri zuenean, gogotik haserretu ziren kultur sektoreetako eragileak. Espainiako Kultur Industriako enpresen elkarteak (UAEICE) azterketa bat eman zuen argitara, neurri horren ondorioak agertzeko: 4.226 lanpostu zuzen galtzeko zorian, kultur enpresen %20 ixtear eta guztira 43 milioi ikusle gutxiago. Etorkizuna ilun ageri da, beraz, dagoeneko ahuleziak jota dagoen sektorean. Krisia eta laguntza publikoen etengabeko murrizketa jasan ditu lehenagotik.

Egun, sektore honek 500.000 langile zuzen ditu Espainiako estatuan, eta barne produktu gordinaren %3,2 da. Kultur ekimen hauei ezarri zaien BEZa, %8tik %21eko igoera sonatua, euroguneko kulturaren gaineko zergarik altuena da, eta ikusle kopuruari ez ezik, kultur kontsumoari ere eragingo dio. Kultur eragileek diotenez, neurria ez da uste bezain errentagarria izango, zergari esker egingo den diru-bilketa eta sektore honetan gertatuko diren galerak parekatzen badira behintzat.

Euskal Herrira etorrita, kultur arloko elkarte zenbaitek uztailaren amaieran egin zuen agerraldia medioen aurrean, BEZaren igoera iragarri bezain azkar. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuorde Antonio Riverak, “eraso” gisa definitu zuen Espainiako Gobernuak hartutako neurria, eta erantsi, datorren urtean arlo honetako enpresen fakturazioa %78 jaitsiko zela. Halaber, lanpostuen %66 kolokan jarriko zirela.

Arte eszenikoak, sokan

Luze eztabaidatu da BEZaren igoera honek eragingo duenaz. Kultur eragileek bilerak egin dituzte alderdi politikoekin, eta desadostasun handiak aurkitu dituzte, ordezkari politikoen artean ez ezik, baita bestela ere. Dirudienez, tunelaren amaiera ez da ikusten. Areago, tunela bera iluntzen ari da. Amaia Ibañez Eskenako kudeatzailea da –Euskadiko Ekoizpen Eszenikoen Enpresa Elkartuak–. Bere ustez, “oso kezkagarria da erabakia, eta eragin ezkorra izango du gure jarduera kulturalean, bestela ere nahiko ahula baitzen egoera”. Ibañezek azaldu digunez, “Sarreren prezio igoerak antzerkirako sarbide sozialari eragiten dio lehenik eta behin. Kontsumoak behera egingo du, eta ondorioz, sektore honetan lan egiten duten pertsonen kopurua murriztuko da”. Euroguneko tasa handiena aplikatu dela ikusirik, Eskenako kudeatzaileak garbi du Artearekiko eta Kulturarekiko erakutsi den jarrera: “igoera honek agerian uzten du Espainiako Gobernuak arlo honekiko sentitzen duen erdeinua. Portugalen eta Herbehereetan ere egundoko igoera aplikatu zitzaien jardun hauei, eta azkenean zerga murriztu egin behar izan zuten”. Ibañezen ustez, “neurri horrek oso ondorio larriak izan zituelako. Espero dugu Espainiako Gobernuak atzera egingo duela, erabakia bertan behera utziko duela, eta kulturari zerga murritza ezarriko diola, inguruko herrialdeetan egin bezala”.

Euskal antzerkigintzan oraindik eta larriagoa izango da pairamena, Ibañezen ustez, “kultura minorizatua den heinean”. Ezegonkortasuna, lanpostuen galera, berez nahiko larri dauden enpresen itxiera, eta, okerrena, kultura luxuzko ondasun bihurtzea, elitearen produktu bilakatzea, horiexek ditu arriskurik aipagarrienak. “Gogorarazi behar zaie politikariei klutura ez dela entretenimendurako edo aisialdirako kontua. Gizartea gara dadin beharrezko tresna dela, gizarte jasangarri eta librea eraikitzeko beharrezkoa”.

Bilboko Arriaga antzokiak, bidegurutzean jarri eta BEZaren igoeraren zati bat beregain hartzea erabaki du. Ignacio Malaina bertako zuzendari kudeatzaileak argitu duenez, “ez genuen nahi sarreran prezioagatik kontsumoak behera egitea. Funtsezkoa iruditzen zaigu kultura denontzat erakargarria eta eskuragarria izatea, ez izatea luxuzkoa”. Amaia Ibañezi bezala, Ignacio Malainari ere ez zaio iruditzen igoerak eraginkortasun fiskalik izango duenik, igoera horren lehen ondorioa, hain zuzen, hori izango baita, kontsumoaren jaitsiera. Horregatik, “erabakia okerra eta injustoa” iruditu zaio. Gauzak honela, Arriaga antzokiak zergaren zati bat bere gain hartuta, ez da horrenbestekoa publikoari ordainduaraziko zaiona. Batez beste, %5-6 garestituko dira Arriaga Antzokiko sarrerak. “Gure publikoaren alde pentsatu eta kultura molde eskuragarri baten alde egin nahi izan dugu, gure kultur kalitatea mantenduta gainera”.

Arte eszenikoak bazter utzi gabe, Bilboko 6 Pabilioira jo dugu. Ekimen pribatua baina izaera irekia du areto honek, arte eszenikoetako eragileek eurek bultzatzen dute bertako martxa. Irene Bau 6 Pabilioiko bazkide da, eta baita aktorea ere. “Akats tamalgarria iruditzen zait erabakia –dio aktoreak –. Atzera botako dutela espero dut. Ez da posible euroguneko zergarik garestiena izatea, eta igoera hori zuzen-zuzenean ikusleak ordaindu behar izatea”. Bestalde, kultur industriaren kalterako izango dela iruditzen zaio Bauri, “batzuek sokan bizi behar beti, kolokan”.

Arte biziak, hilik?

Arte biziei ezarri zaie zerga. Adibidez, antzerkiari eta zuzeneko musikari. Susmo guztien arabera, izugarrizko galera ekarriko du neurriak, lehenagotik ere krisi ekonomikoak eta diru-laguntza publikoen murrizketek –kalkulatzen da 2005eko kopurutan dabiltzala une honetan– ondo astinduta zeukatelako sektorea. Berriz ere sortzaileek musutruk lan egin beharko dutela dirudi.

Iker Arroniz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko arduraduna da, baita Kultura Live musika zuzenean eskaintzen duten Hego Euskal Herriko aretoen elkarteko kide ere. Arronizi ere erabat okerra iruditu zaio igoera, “oso altua baita, Europako beste estatuekin konparatzen bada, altuenetakoa. Kultura sustatu nahi bada ezin zaio horrelako zergarik ezarri”. Musika industriari arte eszenikoei gertatzen zaien bezalatsu gertatzen zaio eta neurri honek enpresari txikien eta sortzaileen egoera larria areagotu besterik ez du egingo. Arronizek dioenez, “zuzeneko emanaldi gutxiago eskainiko dira, sarreraren prezioaren %35etik gora zergak izango direlako. Beraz, bizi dugun egoera dela-eta sarreren prezioa ezin denez gehiago igo, eskaera eta eskaintza urrituko dira”. Antzerkian gertatuko den bezala, Jimmi Jazzeko arduradunaren ustez “zergak bertako musikari eragingo dio bereziki. Atzerriko taldeak ikusteko grina handiagoa izan ohi da beti eta haien zirkuitua ere txikiagoa izaten da. Baina bertako taldeak sustatzeko orain arte egin diren ahaleginak zailak baldin baziren, are zailagoak izango dira aurrerantzean, baldintzek okerrera joko dutelako eta aurrera emandako pausoei (kontratuak, segurtasun baldintzak, egile eskubideak...) atzeraldia helduko zaie”. Amaia Ibañezek bezain ilun ikusten du etorkizuna Arronizek. “Geroz eta lan-baldintza kaxkarragoak, soldaten jaitsiera, kontzertuak antolatzeko aukera eskasagoak, bai ikusle kopurua murriztuko delako, baita kontzertuak antolatzeko behar den mozkina gero eta txikiagoa izango delako. Horixe da datorkiguna”.

Pirateria nagusi

Carlos Juarez Euskal Zine Ekoizleen elkarteko presidentearen hitzetan “kulturak ezin du luxuzko zerbait izan”. Zinemagintzak egun ilunak bizi ditu, pirateriak eta telebista publikoek zein pribatuek kulturarekiko erakusten duten interes faltak hondora eraman zuen aspaldi. Carlos Juarezek uste duenez, “krisiak denok astindu gaitu, denona da. Zinea lehen mailako gaia ez denez, kontsumoak atzera egingo du dudarik gabe, eta ondorioz, Internet izango da kontsumorako bidea. Sektorearen krisia lehendik dator, baina neurri gabeko igoera honek elitista bihurtu nahi du zinema”.

Euskal Zine Ekoizleen elkarteko presidentearen aburuz, “konplikatua da etorkizuna. Alde batetik, sektoreari emandako diru-laguntzen murrizketa dago. Bestetik, telebista kateek kulturarekiko duten interes falta. Errentagarriagoa zaie Belen Esteban jartzea eta horrek ere areagotu egin du zine ekoizleen egoera. Pirateriari ere ez zaio irtenbiderik eman, eta gainera zergen igoera. Sektoreak lanpostu ugari galduko du, eta enpresak itxiko dira”.

Beste diziplinetan bezala, BEZaren igoera hau bertako zinemagintzaren kalterako dator. “Euskal zinemagintzarako bereziki izango da kaltegarria, bestela ere gehienetan inbertsio falta izaten duelako. Bestetik, merkatua erregulatzeko nahia aspalditik dator, baina gauzek horrela jarraitzen badute, esku gutxitan geratuko da merkatua, zinemagintza estatubatuarraren mesedetan, noski, eta honen ondorioz zine eskaintza murriztuko da”.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude