Elikagai ekologikoak hobeak ez direla nork esan du?

  • 2012ko irailak 4. Milaka herritarrek goizeko kafearekin irentsi dituzte izenburuak. El País: “Ikerlan batek erakutsi du jaki ekologikoak besteak bezain osasuntsuak direla”. Ez gehiago. The New York Times: “Stanfordeko zientzialariek zalantzan jarri dituzte haragi eta produktu organikoen abantailak”. Deabrua letra xeheen artean ezkutatzen da.

Belgikako Bioguide gunetik hartutako argazkian, Koen Defrom baserritarra gazta zatia eskaintzen erosleari Watermael-Boitsforteko azoka biologikoan, Bruselas ondoan; Hof ten Broeke etxaldean eta auzoko beste batean ekoiztutako esnekiak eta haragia saltzen
Belgikako Bioguide gunetik hartutako argazkian, Koen Defrom baserritarra gazta zatia eskaintzen erosleari Watermael-Boitsforteko azoka biologikoan, Bruselas ondoan; Hof ten Broeke etxaldean eta auzoko beste batean ekoiztutako esnekiak eta haragia saltzen ditu. Elikagai ekologikoaren balioei buruzko eztabaida bio, eko edo organic labelek babestutakoetatik askoz harago heltzen da. Jakiak ahalik eta kimika eta pozoi gutxienekin ekoizten ahalegintzen diren guztiak harrapatzen ditu, "berdintsuak dira" horrek iradokitzen duelako gutxi axola diola zer kontsumitzen den. Ekoizleen eta kontsumitzaileen artean ardurak ahaztea pusatzen du. Bide batez, ezkutuko kostuak diren arriskuak barkatu nahi dizkio industria handiari, hondakinekin zein nuklearrekin egiten duten gisa berean. Azken finean, nork ditu nozitzen nekazaritzan usatutako pozoien kalteak?

Biologiko-ekologiko-organiko ekoizten duten baserritarrak (eta horretara ahal bezainbeste hurbiltzen saiatzen direnak, pestizida eta ongarri kimikoak saihestuz) ez ziren gehiegi harrituko. Stanfordeko ikerlariek ez dute hautsi joan den urtarrilean Jose Miguel Mulet ingeniariak Eroski katearen Consumer aldizkarian utzitako aterakaiaren marka: “Iruzur egitea da elikagai ekologikoak osasunarentzat eta ingurumenarentzat hobeak direla esatea”. Internetez euskaraz ere leitzeko moduan dago.

Baina Stanfordeko unibertsitatearenak bestelako oihartzuna lortu du, Annals of Internal Medicine aldizkari zientifikoan publikaturik, hedabide nagusi guztiek anplifikatu baitute haren uhina. Argiako irakurleak seguruenik entzuna du albistea: pestizida gutxiago edukitzea aitorturik, gainerakoan modu ekologiko edo biologikoan ekoiztutako jakiek ez dutela era industrialean hazitakoek baino balio nabarmenki handiagorik nutrizioaren ikuspegitik.

Stanfordekoei alde askotatik erantzun zaie, gurean ere erreakzioak izan dira. AEBetan bertan argitaratutako zenbait arrapostuk interes berezia dute, ulertzeko bai ikerlanaren xehetasunak, bai horiek komunikatzerakoan erabilitako zenbait teknika, atzean egon daitezkeen interesak eta gaiaren mamia bera zertan dagoen.

Gaiari buruz aurretik plazaratutako 298 ikerlanetan arakatu dute Stanfordeko ikerlariek, bi ondorio nagusitara iristeko. Bat: “Dagoen literatura zientifikoak ez du ebidentzia sendorik azaltzen esateko jaki organikoak nabarmenki elikagarriagoak direla ohikoak baino”. Eta bi: “Jaki organikoak kontsumitzeak gutxitu dezake pestiziden hondarrak eta antibiotikoentzako sendagaitzak diren bakterioak barneratzea”.

Chuck Benbrookek The devil in the details –hitzez hitz, “Deabrua xehetasunetan datza” edo baita “Xeheki azaltzen gaitz da” artikuluan– aztertu du afera. Benbrook AEBetako administrazioan goi kargua izana da nekazaritza gaietan, sistema barruko gizon entzutetsua da beraz.

Alta, Standfordekoek darabilten bibliografia berean aurkitzen ditu Benbrookek jaki eta nekazaritza ekologikoen hiru onura nagusi. Hasteko, pestizidarik ez erabiltzean, gutxitu egiten dira kimikoek fetuen eta haurren garapenean eragindako kalteak. Bigarrenik, haragi eta esneki biologikoetan omega-6 eta omega-3 koipeen arteko oreka nabarmenki hobea da. Eta azkenik, gutxitzen da antibiotikoekiko tratagaitzak diren bakterioen sorrera, nekazaritza industrialaren kalte handietako bat.

Bestalde, galdetu du beste askok bezala Benbrookek, zer da elikagai bat bestea baino significantly more noutritious (nabarmenki elikagarriagoak) izate hori? Ikerketa askok ekologikoei aitortu badie zenbat elikagaitan %10etik %30a arteko abantaila... hori ez da significantly more noutritious? C bitamina, antioxidante eta azido fenolikoetan %60-%80 aberatsagoak izatea ere ez?

%5etik %33ra dagoen tartea

“Jaki batek –dio Benbrookek– ez dauka zertan izanik osagai garrantzitsuenetan %50 aberatsagoa giza osasunari onura handiak ekartzeko.  Zenbait osagai berezitatik %10 gehiago edukitzeak jendearen osasunari onura nabarmenak ekarriko lizkioke”.

Bada Stanfordekoek aipatu baina aintzat hartu ez duten ikerlan bat, Kristen Brandt buru zuela Newcasttleko (Britainia Handia) unibertsitateko ekipo batek plazaratua 2011n, Agroecosystem Management and Nutritional Quality of Plants Foods: The Case of Organic Fruits and Vegetables. Hartan Brandten taldeak erakutsi du jaki ekologikoek zenbait osagaitan dauzkaten kopuru handiagoak lotuta daudela horiek ekoizteko nekazaritza sistemarekin; biologikoan hazitako landareek defentsa mekanismo sendoagoak edukitzeagatik gertatzen omen da.

Benbrookek salatu du, bestalde, Standfordeko ikerlanean estatistikak aurkezteko modua. Adibidez, kutsatzeko arriskuak azaltzen hasita organikoetan %5 (81 laginetatik 4) eta industrialetan %33 aurkitu badira (4.069tatik 1.354) esan daiteke haietan arriskua %28 txikiagoa dela? Ehunen gainean 28 puntu gutxiago, bai, baina alderatzen hasita ez zen zuzenagoa izango esatea “%81 txikiagoa”? Bestea, jendea nahasteko modu bat da.

Pestiziden eragina hain arinki gainetik kendu eta gutxietsi izana ere ez die barkatzen Benbrookek Standfordekoei. “AEBetako Pesticide Data Program delakoaren datuekin, nik kalkulatu dut marka konbentzionaletan pestizidak aurkitzeko arriskua 17,5 aldiz handiagoa dela marka organikoetan baino. Honek esan nahi du jaki biologikoetan pestizidengatiko osasun arriskuak %94 txikiagoak direla”.

Pestizidek jendeen osasunari dakarzkieten kalteez informazio asko bada munduan. Benbrookek AEBetan berrikitan plazaratutako bakan batzuk oroitarazi ditu bere argudioak sendotzeko. “Gaur demostratuta dago intsektizida organofosfatodunek handitzen dituztela jaiotzear dagoen fetuaren garapen neurologikoan arriskuak (...) eta baita astma, arreta galdu-hiperaktibitate asaldura (ADHD ingelesez) eta autismoa edukitzekoak. Eskolako umeetan egindako ikerlan gehiago badira zentzu berean.

Antibiotikoentzako tratagaitzak diren bakterioena da Beenbrookek nabarmendu duen beste afera. Hauen arriskua jaki industrialetan hiru halakoa da biologikoekin alderatuta. Herritarrei eten gabe gomendatzen zaie antibiotikoak gutxi eta zorrotz hartzeko, baina gutxiago aipatzen da horiei aurre egiten asmatu duten bakterio eraldatuak hein handi batean granja industrial erraldoietan sortu direla.

 Dena dela, Standfordeko ikerlarien lanak jasotako beste kritika batzuek haien lanaz gain independentzia jarri dute auzitan. AEBetako intelligentsia ezkertiarreko idazlanak plazaratzen dituen Common Dreams guneak gogorarazi du agribusiness eta elikadurako multinazionalek –Cargill, Bill and Melinda Gates Foundation, Monsanto...– donazio handiak egin dizkiotela ikerlana finantzatu duen Stanford-Freeman Spogli Institutuari. Nekazaritza organikoa sustatzen duen Cornucopia elkarteak salatu du ikerlarien artean dagoela Ingram Olkin irakasle zaharra, lehenago tabako korporazioen alde lanean aritua.

Earth Island Journaleko Jason Marcek, aldiz, pestiziden artean itotzen diren nekazariei eta hauen umeei erreparatu die. Beretzako onurak txikiak balira ere, ekologikoak jaten segiko luke, baserritarren osasunari sekulako mesedea egiten diolako.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude